2015(e)ko maiatzaren 1(a), ostirala

ANSO - Venin de Jardin

Ur dorrea altxatzen da elegante nire aurrean






   ¡¡¡ Joderrrr !!!  Mala letxean nago. Azken bi urte hauetan hiru soka moztu behar izan ditut eskalatzen ari nintzela. Bi, errapeletan erantsita gertatu ziran, eta hirugarrena, harriak jota akabatu zen. Gaur ere moztu behar izan dut. Venin de jardin bidearen lehen errapelean gertatu zait. 
   Hirurogei metroko rappela da hau, eta oso juxtu iristen zara bilerara, zuhaitz bat. Laurogei metroko soka sinplea eta hogeita hamar metroko soka fina neramatzan nirekin.
   Errapela soka errekuperatzekoan izan da ezbeharra. Bileratik ongi atera da soka, baina erortzen hari zela zuhaitz batean trabatu da, berrogeita hamar metro gorago. Indarrez tiraka ibili naiz baina alperrik izan da. Sokatik ezin nintzan igo, ez bai nekien non eta nola trabatua zegoen. Eskalatzen igotzea ere ezinezkoa nuen, atzera botatzen duen leku bat da, helduleku eta babeslekurik gabea.
   Soka mozteko beste aukerarik ez dut izan. Gauzak oraindik gehiago zailtzeko, labana ez nuen, eta kordino batekin moztu dut soka. Kontu handiz jaitsi behar izan dut geratzen zitzaidan sokaz, berrogehi metrotara ez zen iristen. Zortez, inongo ezbeharrik gabe lortu dut hormatik jaistea.
   Orain ulertzen dut bidearen izena, lorategietan pozoia egon daiteke. Norbaitek bide hau eskalatzen badu, eta errapelatzekoan soka kendu eta jaitsiko balu, pare bat kaña nire kontu.
   Gustatu zait bidea, naiz eta hasieran pittin bat galdua egon naizen bidea non hasten zen bilatzen. Iruditu zait, krokisa une batzuetan ez datorrela bidearekin. Bigarren luzean izan da hau, dudak izan ditut nondik tiratzeko garaian. Bide berri bat ari dira zabaltzen eskuinerago eta horrek pittin bat despistatu nau. Lehen luzean dagoen parabola ere ez dut txapatu, ikusi ez bai dut egin, zuzen joan naiz delikatua den terreno batetik gora.
   Ravierrek eta bere lagunek ez dute oparirik egiten. Mutil hauek egiten dutena ekologismo hutsa da. Errespetu gehiagorekin ezingo litzateke plaka horietatik igo eta, aldi berean, eskalada bide bat sortu. Asko gustatu zait bidea. Azken bi luzeak mundialak dira.

Lehen luzea
 
Laugarren tirada






Anso herria


Verdungo soroak, gariaren



   Ez dut kronika hau bukatu nahi, Nepaleko lurrikarari hitz batzuk eskaini gabe. Paraje paregabe horiek ezagutzeko aukera izan dugunok, lurrikara ikaragarri honek barruak astindu dizkigu. Zerbait galdu dugu denok hondakin guzti horien azpian. Drama sozialetik aparte, Kathmandu paregabea birrinduta geratu da, bidaiari ororentzat esanahi handia zuten bazter asko. Mendi zurietara salto egin aurretik eta bueltatzean, Kathmanduko kale zahar eta jendetsuetan murgiltzea gizatasun bainu bat hartzea da. Bidaiariaren lehen ikasgaiak jasotzeko leku aparta da hau; Ikusi, entzun, eta galdetu, beti errespetuz, beraien ohituretan eta kulturan kalterik egin gabe. 
   Globalizazioak hasi zuena, lurrikara batek bukatu du. Ondare arkitektonikoa, Nepalgo kulturaren sustraia, suntxitu da. Ni zorretan nago Nepalekin. Zor espirituala da. Katmanduko kale eta mendi magal bidexketan jasotako esperientziak, nire bizitzari beste zentzu bat eman zioten. Nepalera joan nintzan lehen aldi horren ondoren gauzak beste era batetara neurtzen hasi nintzen.


¡¡¡ DHANYABAD NEPAL !!!





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina