2010(e)ko abenduaren 21(a), asteartea

Pic du Sarradest- Txiki Park bidea

 


  Asmo eta gogo haundiak genituen Kepa Escribano eta biok, eskalada trasto guztiak hartuta abiatu ginen Gavarniko hirugarren solairuan marra berri bat zabaltzeko asmotan. Bigarren aldia zen aste berean Serradestsen geundela, eta bietan zortea ez zen gure alde izan.
   Aurreko saiakeran behetik, zirkotik, hasi ginen eskalatzen. Lehen solairuko bideak formatu gabe zeudenez, tenperatura epelak ziren, zirkoko eskuin aldetik Serradesera doan bide tentea hartu genuen. Gau itxian gindoazen metroak irazbazten elur pala gelatuei. Eguna argitzearekin batera konturatu ginen erratuta genbiltzala, oso eskuinean geundela, bigarren solairuko izotz jauzietara iristeko zeharkaldi handia genuela egiteko oraindik. Egoera aztertu ondoren, zuzen goruntz jotzea erabaki genuen, gainean ageri zitzaigun ertz batera. Hanka sartzeagatik sortutako haserrea inguruneak konpentsatzen zuen, bistak eta giroa apartak ziren. Arista zorrotz eta eroso batetatik gindoazen gora, neguko mendiko plazerrak. Konturatzerako Serradeseko aterpea gure oinen azpian agertu zitzaigun, eta jabetu ginen izen bereko mendiaren puntan geundela, Pic du Serradest. Aterpera iritsi nahian kanal zabal batetik behera hasi ginen jaisten beheruntz eskalatzen. Ordurako argi genuen gure handinahiak zapuztuak geratu zirela. Deskansu txiki bat hartu eta, izotzean zerbait eskalatzeko asmoz, ondoko izotz jauzietan eskalatzen jardun ginen. 
    Bigarren aldi honetan ere modu berezi samarrean iritxi ginen aterpera: Ostiraleko azken orduan atera ginen Euskal herritik. Etxean euria zena, Lurdesen elur malutak ziren. Luz Ardiden arte errepidea nahiko ondo zegoela esan dezaket, baina, hortik aurrera komeriak hasi zitzaizkigun, larri iritsi ginen Prañeseseko herrixkara. Prañeresen pasatu genuen gaua, Kepak eta beste lagun batzuek negu osorako alokatutako etxe batea. Goizean, eguna argitzearekin batera, martxan ginen. Elurrez errepidea garbitu arte itxaron gabe, eta gainera furgonetan elur-katerik ez genuenez, furgoneta han utzi eta Gavarni eski-estaziora igotzea erabaki genuen, auto-stop bidez. Gainean bi motxila erraldoi generamatzan gurekin, eta, aurreko asteko hirugarren solairuko izotz marra begi puntuan.
  Elgetako tipo batek nahiko azkar hartu gintuen bere autoan, 4x4 Audi elegante batean, Gavarnieko eski estaziora zioan pistetan eskiatzera. Elurretako gurpilak zituenez, eta 4x4 trakzioa sartuta, autoa primeran heltzen zen errepide jelatuan gora. Goizeko hamarrak ziren oinez aterperuntz abiatu ginenean. Hiru ordu luze kostatu zitzaigun aterpera iristea. Egun horretan nabarmentzekoa, elurretik aparte, haizearen indarra zen, oso harro jotzen zuen hego-mendebaletik. 
 Aterpean behar ez genituen trastoak utzita, eta, soilik eskaladarako materialea hartuta, abiatu ginen gure ilusio gelatuaren bila. Baina gure atsekaberako oso arriskutsu aurkitu genituen Marbore dorrearen azpiko elur maldak, elur plaka traidoreak zeuden, abalantxa arriskua handia zen. Susto handi baten ondoren, elur plaka bat moztu genuen, buelta hartzea erabaki genuen, zuhurrena hori zen.
  Berriro aterpean geunden, ezinaren frustazioaz jota. Berandu zenez gaua aterpean pasatzea adostu genuen. Arratseko azken orduan, argitasuna lotarako prestatzen hasten denean, gure frente genuen Serradest mendiko hego paretan izotz bide posible bat ikuskatu genuen. 
  Gauean, aterpe barruan, hotza izugarria zen, -8º markatu zion Kepari motxilan zeraman termometroak. Ez zen gaua erosoa izan. hotzgailua da Serradestseko aterpea. Goizean goiz ibili ginen, lehen orduko itzala aprobetxatu nahian, eguzkiak nahiko azkar jotzen du horma. Izotzaz juxtua topatu genuen aukeratutako marra, baina nahikoa aurrera era seguruan egiteko. Gozatu nuela esatea gutxi esatea izango zen, bidea erraza izanagaitik sentsazio honak helarazi zizkidan. Eguzkiak paretaren hasieran arrapatu gintuenean giro bitxia sortu zen, ez da ohikoena eguzkiaren argitasunean izotzean eskalatzea, eta, berriro, aurreko egunean bezala, plazerra izan zen Serradest mendiko gailurrera iristea, gauza txikiei bere lekua eman behar zaie.
  Oraingoan, errapel bidez jaitsi ginen paretatik, eta arratseko bostetarako Gavarniko eski estazioan ginen berriro, Prañeresa auto-stopa eginez jaisteko prest.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina