2010(e)ko abenduaren 21(a), asteartea

Pic du Sarradest- Txiki Park bidea

 


  Asmo eta gogo haundiak genituen Kepa Escribano eta biok, Gavarniko hirugarren solairuan marra berri bat zabaltzea ez da helburu makala. Bigarren aldia zen gainera kontatu behar dudan hau aste berean Serradestsen geundela, eta bietan zortea ez zen gure alde izan.
   Aurreko saiakeran behetik, zirkotik, hasi ginen eskalatzen. Lehen solairuko bideak formatu gabe zeudenez, tenperatura epelak ziren, zirkoko eskuin aldetik Serradesera doan bide tentea hartu genuen. Gau itxian gindoazen metroak irazbazten elur pala gelatuei. Eguna argitzearekin batera konturatu ginen erratuta genbiltzala, oso eskuinean geundela, bigarren solairuko izotz jauzietara iristeko zeharkaldi handia genuela egiteko oraindik. Egoera aztertu ondoren, zuzen goruntz jotzea erabaki genuen, gainean ageri zitzaigun ertz batera. Hanka sartzeagatik sortutako haserrea inguruneak konpentsatzen zuen, bistak eta giroa apartak ziren. Elur arista zorrotz eta eroso batetatik gindoazen gora, neguko mendiko plazerrak dira hauek. Konturatzerako Serradeseko aterpea gure oinen azpian agertu zitzaigun, eta jabetu ginen izen bereko mendiaren puntan geundela, Pic du Serradest. Aterpera iritsi nahian kanal zabal batetik behera hasi ginen jaisten beheruntz eskalatzen. Ordurako argi genuen gure handinahiak zapuztuak geratu zirela. Deskansu txiki bat hartu eta, izotzean zerbait eskalatzeko asmoz, ondoko izotz jauzietan eskalatzen jardun ginen. 
    Bigarren aldi honetan ere modu berezian iritxi ginen aterpera: Ostiraleko azken orduan atera ginen Euskal herritik. Etxean euria zena, Lurdesen elur malutak ziren. Luz Ardiden arte errepidea nahiko ondo zegoela esan dezaket, baina, hortik aurrera komeriak hasi zitzaizkigun, larri iritsi ginen Prañereseko herrixkara. Prañeresen pasatu genuen gaua, Kepak eta beste lagun batzuek negu osorako alokatutako etxe batean. Goizean, eguna argitzearekin batera, martxan ginen. Furgonetan elur-katerik ez genuenez Prañeres bertan uztea erabaki genuen eta gu auto-stop bidez, Gavarni eski-estaziora igotzea erabaki genuen. Gainean bi motxila erraldoi generamatzan gurekin, eta, aurreko asteko hirugarren solairuko izotz marra begi puntuan.
 Zorte handia izan genuen, errepidea oraindik elurrez garbitu gabea zegoela, Elgetako tipo batek hartu gintuen bere autoan, 4x4 Audi elegante batean, Gavarnieko eski estaziora zioan pistetan eskiatzera. Elurretako gurpilak zituenez, eta 4x4 trakzioa sartuta, autoa primeran heltzen zen errepide jelatuan gora. Goizeko hamarrak ziren oinez aterperuntz abiatu ginenean. Hiru ordu luze kostatu zitzaigun aterpera iristea. Egun horretan nabarmentzekoa, elurretik aparte, haizearen indarra zen, oso harro jotzen zuen hego-mendebaletik. 
 Aterpean behar ez genituen trastoak utzi eta, soilik eskaladarako materialea hartuta, abiatu ginen gure ilusio gelatuaren bila. Baina gure atsekaberako oso arriskutsu aurkitu genituen Marbore dorrearen azpiko elur maldak, elur plaka traidoreak zeuden, abalantxa arriskua handia zen. Susto potolo baten ondoren, elur plaka bat moztu genuen, buelta hartzea erabaki genuen, zuhurrena hori zen.
  Berriro aterpean geunden, ezinaren frustazioaz jota. Berandu zenez gaua aterpean pasatzea adostu genuen. Arratseko azken orduan, argitasuna lotarako prestatzen hasten denean, gure frente genuen Serradest mendiko hego paretan izotz bide posible bat ikuskatu genuen. 
  Gauean, aterpe barruan, hotza izugarria zen, -8º markatu zion Kepari motxilan zeraman termometroak. Ez zen gaua erosoa izan. hotzgailua da Serradestseko aterpea. Goizean goiz ibili ginen, lehen orduko itzala aprobetxatu nahian, eguzkiak nahiko azkar jotzen du horma. Izotzaz juxtua topatu genuen aukeratutako marra, baina nahikoa aurrera era seguruan egiteko. Gozatu nuela esatea gutxi esatea izango zen, bidea erraza izanagaitik sentsazio onak helarazi zizkidan. Eguzkiak paretaren hasieran arrapatu gintuenean giro bitxia sortu zen, ez da ohikoena eguzkiaren argitasunean izotzean eskalatzea. Lehen saiakerako pasartean kontatu dudan moduan, plazerra izan zen Serradest mendiko gailurrera berriro iristea, gauza txikiei bere lekua eman behar zaie.
  Oraingoan, errapel bidez jaitsi ginen paretatik, eta arratseko bostetarako Gavarniko eski estazioan ginen berriro, Prañeresa auto-stopa eginez jaisteko prest.





2010(e)ko abenduaren 1(a), asteazkena

JENTILBARATZA Zaldibiatik-Atauna bizikletaz eskalatzera

   


   Askotan egin ditut honelako txangoak; etxetik bizikletaz atera eta txindokin eskalatu, edo, pedalei emanez Igaratzaino iritsi eta Hirumugarrieta mendia igo. Gaur baina bidaitxoa bideoan grabatzea bururatu zait. Beraz, bizikleta eskalada materialeaz bete dut eta martxan jarri naiz. Diferentzia bat zegoen beste aldiekin alderatuta, noizean behin gelditu beharko nintzan bideo toma batzuk hartzeko, eta hau ez zait erraza egiten.
  Argazki kamara konpaktuaren bideoa erabili dut grabatzeko, ez dut besterik, ideia proban jartzea zen helburua. Kaskoari kamara gehitu diot egin diodan egokitzapen baten bidez. Soka eta bestelako ekipoa motxila txiki batetan sartu dut eta biziketaren parrillara lotu. Egin dudan ibilbidea;  Zaldibia - Lazkao mendi - Amundarain baserria,- Ataun San Martin - Arrateta - Jentilbaratza. Eta eskalatzeko aukeratu dadan bidea berriz; "Plastikolaris zuzena" izan da, 6b+ 100m. Ea gustuko duzuen.


2010(e)ko azaroaren 14(a), igandea

ORDESA - BUDITA FELIZ BIDEA

  

   Aurten bukatu dugu, 2010 urria, iaz hasi genuen bide hau. Chemarik eta biok libro abiertoko paretan zabaldu dugun bigarren bidea da marra. Iaz Mononeuronas sortu eta beste hau hasia utzi genuen. Bi bideek tirada bat dute komuna, bots garrena. Konparaketa bat eginez gero, budita zailagoa dela esan genezake. Azken hau sortzeko haitz plaka konpaktuetatik gora egin behar izan genuen, eta tamalez paraboltak beharrezko bihurtu zitzaizkigun gure burua babesteko. Giro haundiko bidea dugu Budita, Ordesaren marka ondo jarria dauka. Hemen duzue krokisa, baliagarria izan dakizuke bidea eskalatzera animatzen bazarete.














BALERDI - TXAPELATXA BIDEA

  

Atzo Txapelatxa bidea berriro eskalatzeko plazerra izan nuen. Aspaldian neraman buruan bide paregabe hau errepikatzeko asmoa. Igo nuen azkenengo aldia orain bi urte izango zen. Nik dakidanez beste errepikapen bat dago bakarrik, Gorka Karapeto eta bere soka lagunarena. Zabaldu nuenetik, orain sei urte, hirutan igo dut nik, eta denak bakarka izan dira. Atzoko igoerak berriro konfirmatu dit oso eskalada zorrotza dela, abentura terreno gordinetan ondo mugitzen den jendearentzat aproposa. Hirugarren eta laugarren luzeetako plaka garbiak burua argi eramatea eskatzen du. Harro nago bide honetaz. Jende gehiagok eskalatzen saiatzea gustatuko litzaidake, baina, badakit, horrelako bideek hautagaiak mugatzen dituztela. Hor krokisa nahi duenarentzat.





   




2010(e)ko azaroaren 13(a), larunbata

LARRASA - Espolon Alberto (falso palomares)

  Hau da Blogga honetan idazten dudan lehen sarrera, internetek eskeintzen duen atearen irekiera. Beti gustatu zait nire mendiko esperientziaz idaztea, kuaderno eta orri soltetan egiten nuen, baina, informazio hori ezinezkoa zen jakingura zuen edonorengana iristea. Orain, teknologiari esker, edonork irakurri ditzazke kronika hauek.
   Abentura bat da niretzat hasi berri dudan eginkizun hau, eta ez naiz batere iaioa informatika gaietan. Pauso honekin, uste dut, mendiarekiko motibazio berri bat sortuko dudala, eta hau positiboa da, mendizaletasunaren sugarra ahalik eta luzaroen piztuta eduki nahi bai dut.


   Azaroak 4ean Larrasa mendiko hego pareta zurian eskalatzen ibili nintzen. Pareta ezaguna nuen, lehendik Sarasa bidea egina nuen, bloggak existitzen ez ziren garai ahaztuetan izan zen. Oroitzapenetan atzera eginez, neguko egun eguzkitxu eta dotore bat zela gogoratzen dut, eta sarrera zuzenetik sartu nintzela, jatorrizko bideak gorago dagoen erlaitz batetik egiten du. Luze kuriosoa suertatu zen sarrera zuzen hau, 6c inguruan nire iritziz. Egun hartan ikusi nuen Espolon Alberto bidea., eta hau igotzeko gogoa piztu zitzaidan. 
   Harriaren kalidadeak, eta lehen sarraldi hartan ikusi nuen trazatuaren itxurak, animatu ninduen Larrasa mendiko hego hormara berriro bueltatzera.  Espolon Albetok bost luze ditu. Hasierako biak arrakala batetik doaz. Nahiz eta ekipatua dagoela esanten duten, friend ertainen bat edo beste eramatea ondo etortzen da, ederki sartzen dira, eta, lasaiago igo ahal izango dugu. Nik ez nituen eraman eta faltan bota nituen, horregatik abisua.
   Hurrengo bi luzeetan haitz plakan zehar hormaren alderik alde ibili beharra dago. Azken luzean arrakala zabal bat hartzen da berriro, pixka bat desplomatua dago. Nahiz eta espit lodiekin ekipatua egon zati hau ere, oso komenigarria da friend joku bat eramatea. Laua ondo etorriko da azken luze honetarako.
   Graduen kontua argitzearren, nire iritziz, lehenengo bi luzeak 6c dira. Hirugarrena 6b izango da. Laugarrena 6a, eta, azkena 6c.
   Ni Lagran herritik gerturatu naiz paretara. Herri bertatik pista asfaltatu bat ateratzen da, marka txuriz eta gorriz markatua dago. Nekazaritza lurrrak zeharkatu ondoren bidea baso zoragarri batean sartzen da. Galtzada elegantea da hemen bidea, igoera suabean  gora egiten duena, eta gure gozamenerako txondar guneak topatzen ditugu. Puerto del Toro irabazten dugunean, Biasterira doan GR-a utzi eta Cruz del Castillo mendirako bidea hartuko dugu. Artea baso itxi batetik segitzen dugu igotzen. Basoko ilunantza uztean Cruz del Castillo eta Larrasa mendien orratzak ikusiko ditugu gure buru gainean. Puntu honetan, zelai malkartsu bat izango dugu gure oinetan, beherajoko dugu, hegoaldera jaisten hasiko gara, Larrasa hormaren behe partea hartzera. Guztira ordu eta erdi izango dira. 
   Espolon Alberto eskalatu ondoren, jaisteko, Larrasa mendiko punta irabaziko dugu trepada bat eginez, Cruz de Castillo aldera joango gara oinezko bidea hartzera. Puntara iritsi gabe bat egingo dugu bide honekin, eta jarraituko dugu beheruntz. Bereala egingo zaigu  berriro ezaguna ingurua, igoeran erabili dugun bidearekin bat egitean.
   Orokorrean bidea ona iruditu zait, pixka bat estua bere gradurako. Egin beharrekoa.