2022(e)ko apirilaren 20(a), asteazkena

PICO ALMANZOR - Canal Norte

 


Bidai batean aurkitu dezakegun zailtasunik handiena oraindik etxetik atera ez garenean da, ilusioa besterik ez denean.



Gogoan dut, orain urte asko, Ser irratitik deitu zidatela, Ser aventura saiotik, K2 mendira egin behar genuen espedizioari buruz jakin nahi zuten. Idatzi honi hasiera eman diodan gogoeta azaldu nuen bidaietan oinarritutako programa horretan, espedizioan izan behar genituen zailtasun handienak prestakuntzan izan behar zirela; finantzaketa bilatzea, etxekoak uztea. Ondoren, bidaian murgilduta, K2 piramide perfektuaren azpian geundela, gauzak beste zentzua hartuko zutela, arriskutsuagoak seguru, baina, ez zailagoak.



Tradizioz ilun eta serioak diren opor egun hauek disfrutatzen ari naizela; Salamancan hitz hauek idazten ari naiz, Aste Santutako prozesio jendetsuez inguraturik, burura etorri zait Ser irratiko kazetariari harridura sortu zizkion hitzak. Agian gehiegizkoa da familian burutu behar ditugun oporraldi hauek Karakorumeko erraldoiarekin konparatzea, bainan bere neurrian zailtasunak berak dira; etxeetara kateatzen gaituzten korapiloak arindu, eta kasuan, guraso izatearen ituna zalantzan jarri. 



Opor hauetaz gozatu ahal izateko erabaki lakarra hartu behar izan dugu: Gu zahartzen goazen eran ondoko txikiak azi egin dira. Onartu behar dugu gure gustuetara ezi ditugun umeak denbora gutxian aldatu direla eta, gure ametsetako oporrak diren hauek, agian, beraientzat ez dutela garai batean zuten lilura. Gu, ongiaren eta gaizkiaren arteko eztabaida sakonean, atseden egun batzuez disfrutatzeko, banandu behar izan gara, seme helduenak ez gaitu lagundu horma sendoz inguratuta dagoen Gaztela serio eta zaharrean zehar egin dugun bidaian.



Aitortzen dut, eta erruduna naiz, El Almanzor, Gredos mendietan dagoen punta altuena eskalatzea zela nire irteeraren arrazoi garrantzitsuena. Pioletak ipar korridorearen izotz ustelean iltzatu ditudan arte ez nengoela lasai. Mendiaren handitasunarekin komulgatu ditut nire pekatu guztiak.



Goizeko zazpiretan jaso nau Conchik, Taxi Gredoseko gidariak, Hoyos del Espino herriko Camping Gredos izeneko kanpalekuan nengoen bere zain, Plataformara eraman dit. Lagunas de Gredos eta Pico Almanzorrera joateko parkinari Plataforma deitzen diote, hamar kilometrotara dago Hoyos del Espino herritik. Gradu bateko tenperatura markatzen zuen taxiak zeraman termometroak, juxtu elurra gogortzeko. 



Bide luzea da Plataformatik Almanzor gailurrera eramaten gaituena, 15 km. Desnibela berriz ez da handia, 800m. Gora eta berak gehituta gehiago ateratzen da.



Erritmo bizian hasi naiz ibiltzen, gogotsu, motxila pisutxoa neraman bizkarrean. Ipar kanalak ez du zailtasun handirik, erresalte motz bat da teknikoena, bidea baldintza onetan dagoenean izotzean eskalatzen dena, ez da oraingo kasua izan. Imajinatzen nuen aukera hau eta eskalada babesteko materiala neraman; soka mutur bat, mosketoi batzuk, friend parea eta fisu jokua.



Behatokira iritsi naizenean ikuskizunak txunditu egin nau, aparta iruditu zait lekua. Aipatu beharra daukat ordu horretan bakarrik nengoela inguruan, bueltakoan berriz gauzak beste era batetara Ikusi ditut, masifikazioa berriro ere. Behatokitik Laguna Grandera jaitsi beharra dago, bueltakoa gogorra izan behar zela ez dut zalantzan jarri.



Pico el Almanzorreko malda astunak igotzen hasi naizenean, aterpea pasatu orduko, eguzkiak harrapatu nau, eta testigu izan naiz elurraren egoera fisikoa nola aldatu daiteken segundo eskas batean. Nire pisua eustetik belaunetaraino ondoratzera pasatu da itzala eta argiaren muga zorrotzean. Eskerrak arrastoa zegoenik.



Ekialdeko igoera, edo bide arrunta utzi dudanean, trabeska Almanzor mendiaren iparra hartzeko, izerdiz blai nengoen, hor jantzi dituk kranpoiak. Zeharkaldi honetan elurraren kalitatea hobetu da, eta, ipar kanaletik gora hasi naizenean izotza topatu dut ere.



Azkar iritsi naiz bidearen oztopo nagusira, lehenago aipatu dudan erresaltera. Egin dudan lehen gauza paretaren hasieran dagoen iltzera ziurtatzea izan da. Ondoren, pioletak haitzean erantsita igo dut tarte tente hau, segurtasuna eman dit honek, kranpoiak aldiz pasarte batzuetan izotz narriatuan jarri behar izan ditut. Friend parea eta fisu batekin aski izan dut oztopoa gainditzeko.



Irteeran, paretak zutitasuna galtzen duenean, eskuinera jo dut, harri bloke arrakalatu batetara, bertan bilera muntatzeko asmotan. Materialez juxtu nenbilen. Nire zortez, norbaitek friend bat utzita zuen arrakala nabarmenaren barrenean, oso sakonean zegoenez jabeak ezin izan zuen atera. Friend galdu honi fisurero bat gehituz, triangelatu eta, bilera muntatu dut. Iltzeraino jaitsi naiz bueltan utzitako materiala berreskuratzea. 



Elurretan zizelkatuta zeuden oin arrastoak segituz jarraitu dut gainean sumatzen nuen gailurrerantz. Kanalaren itzalean, eguzki izpi indartsuen babesean, elurraren kalitatea ona zen, izotza ageri zen ere harriari erantsita. Motz egin zait igoera, konturatzerako gailurrean nengoen.



Lau haizetara argazkiak atera ditut, Gaztelako lautada amaigabea nire oinen azpian nuen. Ur tragoa egin, barrita jan, eta, berriro prest nengoen jaitsiera luzeari ekiteko, Castillako harresi menderaezinek ezkutatzen dituzten kale ilunen artean paseatzeko, apaingarri zaharkituz betetako ostatu batean oparo jateko.




Eguerdiko ordu bietan Conchik berriro Plataforman hartu nau kanpinera bueltan eramateko, etxekoak bazkaltzeko zain nituen.

 


 












  























2022(e)ko apirilaren 6(a), asteazkena

TXINDOKI - Kaixo Printzesa, Eskola Pioletorum

 



Nire oinatzak elur orbangabea lohitu duten unean izan da, zentzua hartu du egiten ari nintzen ahalegina. Kutsatu gabeko mantu zuria zabaltzen zen nire aurrean. Ni izango nintzan lehena, amestutako gailurrera bidean, elur fresko hori zapaltzen.


Ongi pentsatuta normala da ere; nork demontre igoko du Txindoki mendiko aristara doan bidea eguraldi petral honekin?


Eguraldi iragarpenak asmatu du, elurra eta hotza aurreikusten zuten eta ez du hutsik egin, gogoz bota du. Ipar haize indartsu batekin sartu da ustekabe etorri den fronte hotz hau, alde batetik bestera mugitu ditu elur malutak berdintasun gabeko pilaketak sortuz. Fronte indartsu honek iraun duen denbora laburrean elurra kalitate handikoa izan da.



   Nik ezin dut aukera hau besterik gabe pasatzen utzi, arrazoi gehiagoz, igaro dugun neguaren ondoren, hain ezohizkoa izaki, gaur arte ez dut aukerarik izan Txindokin neguko eskalada egiteko.


Ekaitzak gogoz astintzen zuen Amitziko hormaren azpian, eskaladarako materiala prestatzen nuen bitartean. Zailak dira une hauek, naiz eta arropaz ongi babestua egon, elur malutak perdigoiak bezala kolpatu eta barruraino sartzen dira zirriztuetatik. Baina hauek dira baldintza onak Txindokin neguko eskalada egiteko, Kaixo Printzesa bidea bere gordintasun osoan aurkitzeko.


Orain urte dezente zabaldu nuen bide hau. Negu hotz hartan, gaur eskalatu dudan era berdinean burutu nuen igoera, bakarka. Nire alaba Liberen omenez darama izen eder hau, Kaixo Printzesa.


Maiz izan da eskalatua bidea. Iaz, nik dakidanez, lau igoera izan zituen. Bere estiloan, Euskal eskalada mistoa, aparta da, kalitate handia dauka.


Gaur ez dut argazkirik atera eskalatzen ari nintzen bitartean, eguraldia ez zegoen txantxetarako, beraz, idatzi hau irudiztatzen duten argazkiak sinbolikoak dira, beste urte eta bideetakoak.


   Ez da erraza izan Kaixo Printzesaren igoera, elur dezente egin du eskalada osoan, izoztutako elur malutak ziran, askotan begiak ixtera behartzen ninduten. Eskalatzen ari nintzan bitartean gertatu zaidan ezustekoa kontatu behar dizuet: Gaurkoan lehen aldia da, eskalatzen daramadan hogeita hamar urte baino gehiago hauetan, harri batek bere erorketan soka mozten didala. Azken luzean izan da, hirugarrengoan, hankarekin bota dut harri blokea eta amiltzean soka harrapatu du. Momentu horretan sokak tentsio dezente zuen, ni goraka ari nintzan, eta Grigriak sokari tira egiten zion, frikzioa dago. Labana balitz bezala harriak soka moztu du, garbi. Bileran lotua nuen soka muturra behera erori da, ni Grigritik ateratzen zen zatiarekin geratu naiz soilik. Lasaiki, aurrean nuen pareta zatian bilera muntatu dut, bi friend on izan dira, eta bertara lotu dut soka, beheko bilera errapelatu dut. Bi soka muturrak korapiloz lotu ditut, eta berriro goreneko puntura igota, eskaladarekin jarraitu dut.


Amitziko hormaren tontorrera iritsi naizenean eta, idatziaren hasieran aipatu dudan zergatia bultzatua, mantu zuri kutsatu gabea berriro ikustean, eskalada materiala bildu eta nire bidaldiarekin segitu dut.



Ikaragarri ederra zegoen dena; arista marra zuri fin batek nabarmentzen zuen, jelatutako zuhaitzak soineko zuriz jantzitako Lamiak ziruditen, nire oinatzak elur birjinan markatzen ziren. Ekaitzaren erdian nengoen oraindik.



Eskola Pioletorum bidearen azpian geratu naiz, ongi formatua zegoen, marra zuri bat zen haitz ilunetik gora.



Bi bide hauek, Kaixo Printzesa eta Eskola Pioletorum, desberdinak dira. Azken honek izotz gehiago hartzen du, bidean zehar segitzen duen belar kanala jelatu egiten da, eskalada mugimenduak erraztuz.


Hiru luze ditu bide honek ere. Aukera dago azken luzetik trabeska bat eginez Diaspora sektorera iristeko, eta hortik paretaren azpira. Nik aristara segitu dut eta, nekatzen ez nauen handitasun horrek liluraturik, aurrera jarraitu dut Arrastrakulos kanala hartzera.


Kontuz egin beharreko jaitsiera da Arrastrakulos. Udan, kanala lehorra dagoenean, erraz ikusten da nondik den seguruen. Neguan, zeharkaldia elurrez estalia dagoenean, nahiko delikatua da.


Beherako bidea hartu dudanean nabaria zen tenperatura igoa zela, denbora gutxi lehenago haitzean erantsia zegoen elurra urtzen ari zen. Amitziko horma tenteak soinean izan zuen elur zuri garbia dagoeneko joana zen. Nik, igoeran, elurretan utzitako arrastoak desagertuta zeuden ere, haizeak eta denborak ezabatuak zituen; ezer ez da betiko.












 




 













2022(e)ko martxoaren 8(a), asteartea

MONTREBEI - Indignats, RIGLOS - Fisura Gallego-Carrillo

 

Behingoagatik eskerrak eman behar dizkiot Euskal herriko eguraldi petralari, bi eskalada handi burutzeko gakoa izan bai dut eta.



Euri etengabea, ohikoa txoko maitagarri hauetan, Iñaki Mendizabalen telefono deia behartu zuen, zetorkion asteburuan izan behar zuen eskalatzeko gogo itogarria asetzen saiatzen ari zen. Oñatiarraren ahots gozoak konponbidea zekarkion zoritxarrari, Montrebein aurkitua zuen horma handiak eskalatzeko aukera txikia.


Montrebei izena soilik entzunda, eztarrian korapiloa sortzen zait, hatzak izerditan hasi, eta, hankak dardarizoan jartzen zaizkit, nola esan ezezkoa hain proposamen erakargarriari?




Cremades de dia pel sol i per la frescor de la nit que les amara amb la rosada dels estels, acaronades pel pas les aures i sumides en el profund silenci, les parets del congost de Mont-rebei contemplen alegrement el pas de les aigües amb llur fugisser espetec i admiren furtives les lleis de la vida a l´estil del mon que les envolta i el coneixement del qual nosaltres els humans ignorem. Nosaltres continuem essent, des dels nostres mateixos orígens, els fidels companys d’aquest congost, les parets del qual, sortosament, fins fa ben poc han astat oblidades.

                                                                                                                  Antonio G. Picazo

                                                                              ESCALADES AL MONTSEC MONT-REBEI 1989

Radicale Lliure bidearen lehen luzea

Urte asko pasatu dira Antonio G. Picazok hitz hauek idatzi zituenetik. Eskalatzaile Kataluniarra garai horietan harriaren magiaz era bat sorginduta zegoen. Ni, aldiz, eskaladako materialaren txin-txin hots alaiaz dagoeneko jabetzen hasia nintzen.

Radicale bigarrena

Alperrik pasatu ez diren urte luze hauetan, gizarteak aldaketa handiak jasan ditu, eta, ingurugiroan nabariak dira eraldaketa horien ondorioak. Montrebeiko congosta ez da salbuespena izan, are gehiago, nabarmenago azaltzen dira leku paregabe honetan gizarteak hartu duen aisialdirako joera.

Akatsa zuzentzen

Turismoa eta xenda zaletasuna alde batera utzita, deigarria egiten da, eskalada bideak izan duten hazkundea amildegi basati hauetan. Antonio G. picazok idatzi zuen eskalada gida hunkigarritik, 1989, Luichik idatzi berri duenera, 2016, 225 eskalada bideen diferentzia dago. Hau da, lehen gidan, 39 eskalada bide azaltzen dira, eta, azken honetan 264 bide, beraz, bi edizioen artean pasatu diren 27 urteetan 225 eskalada bide zabaldu dira paradisu honetan. Ikaragarria iruditzen zait, gehien bat, ez delako txantxarako lekua.

Indignats laugarren tirada

Aipatu ditudan bide kopuru horien artean, asteburu ahaztu ezin honetan eskalatu dugun bat dago, Indignats. Baina, Llulu eta Willowren bideak, beste guztiekin konparatuta, desberdintasun nabarmena dauka; horma tentean zehar luzatzen den 380 metroetan ez dauka paraboltik.


Hau, nire iritzi apalean, arrazoi askoren gaitik, txalotzekoa da; sortzaileak zailtasunak gainditzeko asko estutu behar izan zuten, eta, jasangarritasun aldetik eredu bat delako, ezin ditugu eskalada bideak sortu, teknologiak ematen digun aukeraz baliatuta soilik. Agian, hainbeste goraipatzen dugun naturaren handitasunarekin berriro bat egiteko unea iritsi zaigu.


Eguna aldrebes xamar hasi genuen Iñaki eta biok, gauza bat ongi egiteko bigarren edo hirugarren aukera behar izaten duen horietakoa zen. Indignats bidearen hasiera ezin zuen beste era batera izan; “ Radical Lluire” bidetik paretari metrok irabazten hasi bai ginen. Larria da, zeren, nik hasiera hori egina nuen. Urte dezente lehenago, Arkaitz Yurrita eta Santi Graciarekin batera sartua nengoen bide estu honetan. Tamalez, Arkaitzek hankarekin nahigabe botatako harri batek Santiri oina ebaki zion, zauri odoltsua sortuz, hormatik jaitsi behar izan ginen.


Gure akatsaz konturatu ginenerako Audobert bidearen bigarren bileran geunden. Tximinia sakonetik luze bat gehiago igotzea erabaki genuen, ondoren, trabeska luze batez, Indignats hirugarren bilera irabazteko. Beraz, laugarren luzetik aurrera hasi ginen bide mitiko hau eskalatzen, tomate guztia hasten den lekuan.


Luze guztien artean, bere konplexutasuna gaitik, bat aipatuko nuke, seigarrena; trabeska luzea egiten duen tirada. Oso bitxia egin zitzaidan luze hau, Ksurulaina bideak duen beste baten antzekoa. Plaka gogor bat gainditu ondoren, aldamenera ateratzen den arrakala bat hartu beharra dago, eskalada pauso finak ditu, burutzea luze egiten da, 30 metrotako trabeska da.


Azkenengo luzea ere ikaragarri gogorra iruditu zitzaidan, nire hatz lodiek ez zuten lekua bilatzen helduleku minimo horietan. Ilunabarreko argi gozotan gailurra zapaltzea lortu genuen.


Ikaragarri gustatu zitzaigun bidea, naiz eta gogorra iruditu, eta hotzak akabatzen egon bileretan, gustura atera ginen erronka honetatik.


Etxerako bide luzea arintzeko asmoz, zeozer eskalatzeko aitzakiarekin, erdi bidean geratzea erabaki genuen. Riglos izan zen gure aukera. Delibero atsegina izan zen gurea, lagun zaharrez beterik bai zegoen Riglos, eta momentu labur batez izan ba zen ere, gehienak agurtzeko aukera izan genuen.


Ez geneukan garbi zein bide hautatu biharamuneko nekea apaltzeko, zeozer lasaia nahi genuen, baina azkenean, beti bezala, gauzak nahasten zaizkigu, dirudi ez dagoela atsedenik guretzako.


Asteburu ekintzailearekin jarraiki, Riglosen burutu genuen eskalada jasangarritasunaren aldetik begiratu genezaken ere, birziklapenetik hain zuzen, berraukera bat eman bai genien orain berrogei ta hamar urte sartu zituzten buril eta iltze zaharkitu eta herdoilduei. Hori bai, guratsu begiratzen genien bi alboetara zihoazen bideen parabolt dirdiratsuei.

 



Fisura Gallego-Carrillo 1976 udaberrian zabaldua izan zen, bideari izena ematen dion Murtziako sokada ezagunaren esku, hamahiru egun behar izan zituzten balentria burutzeko.


Eskalada delikatua da Fisura Gallego-Carrillo. Harri hauskorra dauka zati askoetan, lehen partean bati bat, eta, kokatuak dauden seguru finkoak egoera eskasean daude gainera. Fire orratzaren ekialde horma ikusgarrian dagoen arrakala erraldoira iristea da erronka nagusia, hortik aurrera, fisura honetan sartuak gaudela, egoerak beste kolore bat hartzen du.


Beheko zatiko gakoa, plaka kaotikotik zehar doitasunez mugitzea da. Begi aurrean agertzen den panoramak ez dio baikortasunari laguntzen. Ez dago garbi nondik jo beharra dagoen, zein den bidea, ez bai da ia seguru finkorik ikusten.




Guk material gutxi eraman genuen, eta horretan huts egin ere, soilik fiend eta mikrofiend joko bana hartu genituen, fisurero bakan batzuekin batera. Nire aholkua da, norbaitek eskalada delikatu hau egiteko asmoa balu, eta ez naiz bera eskalatzeko animatzen ari, denetik doblea hartzea. Hau da; bi joko mikrofriend, bi joko friend, bi lau barne, eta, bi joku fisu. Iltzeak guk ez genituen hartu, eta ez ditut beharrezko ikusten.







Aintzinetik dakart bide korapilatsu hau eskalatzeko gogoa, laurogei garren hamarkadan mailo txundigarri hauetara etortzen hasi nintzenetik. Berrogei urte geroago, nire gorputza Fisura Gallego-Carrillo bideko burilak bezain herdoilduta dagoela, eskalatzea lortu dut. Dena Iñakiri zor diot, eskalatzeko duen grinari. ¡¡¡ Mila esker lagun !!!