2022(e)ko apirilaren 6(a), asteazkena

TXINDOKI - Kaixo Printzesa, Eskola Pioletorum

 



Nire oinatzak elur orbangabea lohitu duten unean izan da, zentzua hartu du egiten ari nintzen ahalegina. Kutsatu gabeko mantu zuria zabaltzen zen nire aurrean. Ni izango nintzan lehena, amestutako gailurrera bidean, elur fresko hori zapaltzen.


Ongi pentsatuta normala da ere; nork demontre igoko du Txindoki mendiko aristara doan bidea eguraldi petral honekin?


Eguraldi iragarpenak asmatu du, elurra eta hotza aurreikusten zuten eta ez du hutsik egin, gogoz bota du. Ipar haize indartsu batekin sartu da ustekabe etorri den fronte hotz hau, alde batetik bestera mugitu ditu elur malutak berdintasun gabeko pilaketak sortuz. Fronte indartsu honek iraun duen denbora laburrean elurra kalitate handikoa izan da.



   Nik ezin dut aukera hau besterik gabe pasatzen utzi, arrazoi gehiagoz, igaro dugun neguaren ondoren, hain ezohizkoa izaki, gaur arte ez dut aukerarik izan Txindokin neguko eskalada egiteko.


Ekaitzak gogoz astintzen zuen Amitziko hormaren azpian, eskaladarako materiala prestatzen nuen bitartean. Zailak dira une hauek, naiz eta arropaz ongi babestua egon, elur malutak perdigoiak bezala kolpatu eta barruraino sartzen dira zirriztuetatik. Baina hauek dira baldintza onak Txindokin neguko eskalada egiteko, Kaixo Printzesa bidea bere gordintasun osoan aurkitzeko.


Orain urte dezente zabaldu nuen bide hau. Negu hotz hartan, gaur eskalatu dudan era berdinean burutu nuen igoera, bakarka. Nire alaba Liberen omenez darama izen eder hau, Kaixo Printzesa.


Maiz izan da eskalatua bidea. Iaz, nik dakidanez, lau igoera izan zituen. Bere estiloan, Euskal eskalada mistoa, aparta da, kalitate handia dauka.


Gaur ez dut argazkirik atera eskalatzen ari nintzen bitartean, eguraldia ez zegoen txantxetarako, beraz, idatzi hau irudiztatzen duten argazkiak sinbolikoak dira, beste urte eta bideetakoak.


   Ez da erraza izan Kaixo Printzesaren igoera, elur dezente egin du eskalada osoan, izoztutako elur malutak ziran, askotan begiak ixtera behartzen ninduten. Eskalatzen ari nintzan bitartean gertatu zaidan ezustekoa kontatu behar dizuet: Gaurkoan lehen aldia da, eskalatzen daramadan hogeita hamar urte baino gehiago hauetan, harri batek bere erorketan soka mozten didala. Azken luzean izan da, hirugarrengoan, hankarekin bota dut harri blokea eta amiltzean soka harrapatu du. Momentu horretan sokak tentsio dezente zuen, ni goraka ari nintzan, eta Grigriak sokari tira egiten zion, frikzioa dago. Labana balitz bezala harriak soka moztu du, garbi. Bileran lotua nuen soka muturra behera erori da, ni Grigritik ateratzen zen zatiarekin geratu naiz soilik. Lasaiki, aurrean nuen pareta zatian bilera muntatu dut, bi friend on izan dira, eta bertara lotu dut soka, beheko bilera errapelatu dut. Bi soka muturrak korapiloz lotu ditut, eta berriro goreneko puntura igota, eskaladarekin jarraitu dut.


Amitziko hormaren tontorrera iritsi naizenean eta, idatziaren hasieran aipatu dudan zergatia bultzatua, mantu zuri kutsatu gabea berriro ikustean, eskalada materiala bildu eta nire bidaldiarekin segitu dut.



Ikaragarri ederra zegoen dena; arista marra zuri fin batek nabarmentzen zuen, jelatutako zuhaitzak soineko zuriz jantzitako Lamiak ziruditen, nire oinatzak elur birjinan markatzen ziren. Ekaitzaren erdian nengoen oraindik.



Eskola Pioletorum bidearen azpian geratu naiz, ongi formatua zegoen, marra zuri bat zen haitz ilunetik gora.



Bi bide hauek, Kaixo Printzesa eta Eskola Pioletorum, desberdinak dira. Azken honek izotz gehiago hartzen du, bidean zehar segitzen duen belar kanala jelatu egiten da, eskalada mugimenduak erraztuz.


Hiru luze ditu bide honek ere. Aukera dago azken luzetik trabeska bat eginez Diaspora sektorera iristeko, eta hortik paretaren azpira. Nik aristara segitu dut eta, nekatzen ez nauen handitasun horrek liluraturik, aurrera jarraitu dut Arrastrakulos kanala hartzera.


Kontuz egin beharreko jaitsiera da Arrastrakulos. Udan, kanala lehorra dagoenean, erraz ikusten da nondik den seguruen. Neguan, zeharkaldia elurrez estalia dagoenean, nahiko delikatua da.


Beherako bidea hartu dudanean nabaria zen tenperatura igoa zela, denbora gutxi lehenago haitzean erantsia zegoen elurra urtzen ari zen. Amitziko horma tenteak soinean izan zuen elur zuri garbia dagoeneko joana zen. Nik, igoeran, elurretan utzitako arrastoak desagertuta zeuden ere, haizeak eta denborak ezabatuak zituen; ezer ez da betiko.












 




 













iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina