2017(e)ko martxoaren 17(a), ostirala

WADI RUM Beduinoen altxorra




   Mohamedi irribarre borobil bat marraztu zitzaion aurpegian hatz lodiarekin ongi keinua egin nionean. Beduino lodiak nire izena zeraman karteltxo bat zeukan eskuetan, Ammango aireportuan gure zain zegoen. 
  Mohamed nekez mugitzen zen, arnasa hartzeko ere ahalegindu behar zuen. Gizon sendoa zen Beduinoa. Bere txilaba marroi zimurtuarekin, eta sandalia arruntekin, pertsona abandonatu baten itxura zuen. Zioenez hogei urte zeramatzan taxilari lanetan, lehenago soldadu izan omen zen. Bere autoa hondarraz betea zegoen, inguratzen gintuen basamortuko hondarra, dastatu ere egin genezakeena.



   Goizeko ordu bietan iritsi ginen Rum herrira, hiru ordu eta erdiko bidaia Aman hiriburutik egin ostean. Mohamedek Atayeken etxean utzi gintuen, honek gela bat utzi zuen prestatua guretzat. 
   Atayek Beduinoa da, eta beraien moduan janzten da ere, txilaba eta buruko zapiaz. Gaztea, argala eta garaia da. Ilea, begiak eta azala ilunak ditu. Mendiko eta basamortuko gidaria da. Turismotik bizi da, eta horrekin familia aurrera ateratzen du, emaztea eta hiru alabak.
   Nahiz eta oso nekaturik oheratu, ezin izan genuen ongi lo egin. Lokartu eta handik gutxira, megafoniaz otoitzak ozenki zabaltzen hasi zen imama. Handik lasterrera argia sartzen hasi zen hautsez betetako leihoetatik, hemen goizeko seietan argitzen du. Eta gure atsedenaldirako kaltez, Janila, Atayek-en alaba gazteena, gu ezagutzeko irriki zegoenez, gure gelako ate ondoan jolasean zebilen lehen ordutik mota guztietako hotsak ateraz.
   Gelako atea irekitzean, zirrara eragin zigun inguratzen gintuen neurrigabekeriak, basamortuko hareak mendi eta hareharrizko dorre erraldoiak osatuz altxatu zirela zirudien. Paisai gogor honen kolore nagusia marroi iluna zen, eguzkiak erretako harearen tonua, hemen ez zegoen landaredi izpirik.

 


   Horma tente hauek hareharrizko motakoak dira. Harri garratza da, inguru guztia bezala, lixa dirudi. Harria hatzekin ukitzean hondar partikulak sentitzen dira larruazala urratzen. Aitzitik, harri mota hau biguna da, zizelkatzeko erraza, lur gutiziatu hauetan bizi izan diren kultura ezberdinek mendeetan zehar egin duten bezala.
   Horma guztiak ez dira onak eskaladarako, gehiena haitz hauskorra da, azukrea moduan eskuetan desegiten dena. Tarteka, naturaren kapritxoz, haitz sendoa dago, arrakala eta helduleku egokiaz beteta, eta hau eskalatzaileentzat gozamena da. Oso baliagarria izan dakiguke egon den norbaiten aholkuei jarraitzea, eskalada-bide onenen zerrenda izateak leku zoragarri honetako egonaldia salba diezaguke.



Aquario bidea


Aquario bidea

   Atayek gosari ugaria ekarri zigun, jaki goxoz betetako erretilu bat, etxean ekoitzitako produktuekin; oliba txiki eta mingotsak, tomatea odola baino gorriagoa, arrautza-tortilla; kolore horiak bere kalitatea eta freskotasuna salatzen zituen. Aitaren atzetik bi alaba gazteenak sartu ziran sabai altuko gelan, begi argiko bi atzerritarrek ikusmin handia sortu diete, eta izkina batean eserita, adi ikusten zuten nola jaten dugun gosaria, tarteka inozentzia barre txikiak eginez.
  Bidaia luzearen ondorioz nekatuta bageunden ere, eguna aprobetxatu nahi genuen, ez genuen egunik soberan, eta eskalada zerrenda luzea zen.
  Rumeko kale itsugarrietara eskalada-materialez betetako motxilak bizkarrean genituela atera ginenean, beste planeta batean geundela zirudien: hareazko kalean gora gindoazen astiro, bidegurutze batean gamelu-karabana bati pasatzen utzi behar izan genionean. Animali eder horietako baten gainean zihoan gameluzain harroak adeitasunez agurtu gintuen urrutiko lurralde idorrean desagertu aurretik. Ametsa zen hau, mila eta bat gauetako ipuin bat.
  Jebel-rumen ekialde horma handia zen lehen eskalada egunerako helburua, herriaren gainean tente hilarri erraldoi bat bezala altxatzen den pareta. Aquario eta mano Negra bideen konbinazio bat eginez hareharri mingots honekin kontaktuan jarriko ginen. Bide hauek materialez nahiko hornituta daude, bizkorrak dira eta bide beraietik rappela daiteke. Asko gustatu zitzaizkigun, oso atsegina izan zen eskalada.


Raid mit the Camel bidea

Raid mit the Camel bidea

 Raid mit the Camel bidea

Raid mit the Camel bidea

  Bigarren egunean, gau luzearen ondoren, indarberrituta esnatu ginen. Atayek-en etxean egotea, eta eskalatzea beste ezertan pentsatu beharrik ez izatea lagungarria da horretarako, bizitza perfektuaren antzekoena da.
  Gosari atsegina dastatzen genuen bitartean eskalada aukera ezberdinak aztertzen aritu ginen. Chemari eta biok ados geunden zerbait gogorragoa probatu genezakeela; Raid mit the camel bidea aukeratu genuen.
  Bide ezin hobe hau ere Jabel-Rum bikainean dago. Luze ikusgarriak ditu, konbinatuz; pitzadurak, plaka eskalada eta sabaiak. Pareta handiko giroa lehen luzetik azkenera arte senti daiteke.








   

Abu Adina Towers

Lyonheart bidea

Lionheart bidea

Lionheart bidea

  Hirugarren egunean basamortu amaigabean barneratzea erabaki genuen, eta oinez irten ginen herriaren babesetik hondar kiskalgarria zapalduz. Abu Adina Towerrera gindoazen, Lionhearth bide ospetsua genuen helburu.
  Ikaragarri ona iruditu zitzaidan bide hau, ikusgarria, eta ez bakarrik eskalada gaitik, lekuak ere ez du parekorik. Ordura arte, egin zizkiguten eskalada-bideen zerrendak eta eman zizkiguten aholkuek ez ziguten hutsik egin. 
  Bide paregabe hau eskalatu, horma tente honen punta kamutsa zapaldu eta rappelatuz jaitsi ondoren, naturak ikuskizun aparta eskaini zigun; ekaitz giroa sortzen ari zen, eta gure basamortu zeharkaldi guztia, paretatik herrira gauez eta tximista eta trumoi artean egin genuen, euri pixka bat ere egin zuen, ezohikoa paraje lehor hauetan, sekulako esperientzia izan zen.


N. Nassrani ekialde aurpegia

Guerra Santa bidea



Guerra Santa bidea

N. Nassrani gailurrean

   Laugarren eskalada burutzeko Atayek-en laguntza behar izan genuen, bere 4x4 ibilgailuarekin N. Nassrani paretara eraman gintuen, eta haue ere esperientzia izan zen, Ibilgailuek basamortuan zehar joan-etorrian uzten dituzten gurpilen arrastoari ziztu bizian jarraitzen genion bitartean, pentsatu nuen posible izango zela neurrigabekeria hori guztia ikustea eta ezagutzea, eta gustura jarraituko nuela urrunean sumatzen zen orizonterantz.
  Arnaud Petit eskalatzaile frantsesaren Gerra Santa bidea jarri genuen helburu. Bide ikusgarri hau egin genituen eskalada bideetatik zailena izango litzateke, baina ez da konpromiso handiena duena. Ekipatuta dago Guerra Santa bidea, zinta express hutsez eskalatu daiteke. Asko gustatu zitzaidan marra ikusgarri hau, eskalada pausu ederrak ditu plakan.
  Eguna haizetsua zen, eta hori traba izan zen egun osoan zehar, batez ere hormaren tontorreko ikusmiraz gozatu ondoren rappelatzen hasi ginenean, haizeak eskalada-sokak mugitzen zituen alde batetik bestera horma lakarrean, eta haietako bat katigatzera iritsi zen, zorionez eta ahalegin handiz askatzea lortu genuena.



Jebel um Ejil pareta

The Beauty bidea


The Beauty bidea

The Beauty bidea

  Azken eskalada bideak, bidaia zoragarri honetako bosgarrenak, haran ikusgarri honetako beste horma handira eraman gintuen, Jabel um Ejil hormara. Nekatuta geneuzkan gorputza eta behatzak odol bizian. Eskalada-sokek ere ez zuten guk baino itxura hoberik, soken kanpoko zorroa arrokarekin igurtziz suntsituta baitzuten. Leku paregabe honi agur esateko aukeratutako bideak The Beauty du izena. Eskalada zaila ez bada ere, bidearen izenak adierazten duen bezala, benetan ederra da.
  Horma honetara iristeko Jabel-Run dotorea atzean utzi behar duzu, bata bestearen aurrean baitago. Hurbilketa ere asko gustatu zitzaidan oraingo honetan, urrats bakoitzean mota, forma eta kolore desberdinetako animaliak, landareak eta arrokak aurkituz joaten zara, ibilaldiaren bi orduak laburrak egiten dira.
  Eskalada bide lirain honek arrakala sistema garbi eta perfektua jarraitzen du kalitatezko harkaitz batean, non fisureroak eta friendak modu erraz eta egokian jartzen diren. Ez da luzea, sei luze ditu, igo eta errapelatzen jaitsi azkar egiten da.
  Herriko buelta Kharazen Canyon arroilatik egin genuen. Arroka zizelkatzen duen pitzadura sakon horrek Jabel um Ejil mendia alderik alde banatzen du, eta N. Nassrani hormako haranetik, aurreko egunean egon ginen lekutik, Rum herriraino gurutzatzeko aukera dago. Azken zatia baino ez genuen jaitsi eta paisaiaz txunditu ginen, pena hartu nuen osorik ez egiteagatik.



Rumeko kaleak




Nabateoen tenplua

  Rum herria ez da polita, nire mendebaldar ikuspegitik begiratua utzia dago, zikina. Aldi baterako egina dagoela dirudi, Beduino kanpamentu bat moduan, edozein egunetan dena bildu eta hanka egiteko prestatua. Eta, betiere, hondarrak basamortuari nekez irabazi zaizkion espazioak berriro erreklamatzeko arriskupean.
  Hormetan aurkitu dituzten Petroglifoen arabera, jakintsuek badakite Tamudiako kultura leku honetan zaharrena zela. Nabatearrek ere bazituzten beren herrixkak hemen, Petrako biztanleak Nabateokoak ziren. Allat jainkosaren tenplua, Jebel Rum azpian dagoena, Nabateoe kulturaren froga bat da. Adituek diote Nabateotarrak Beduinoen arbasoak zirela.

Burutu genituen bideen zerrenda:

JEBEL RUM East dome
 *Aquarius + Mano negra. Lau luze egin genituen lehen egunean.
 *Raid mit the Camel. Denbora falta, azken lau luzeak ez genituen igo. Logistika arazoak.
JEBEL RUM South
 *Lau luze igotzen ditugu,horietako bat berria, nahastu garela konturatzen garen arte. Logistika arazoak.
ABU ADINA TOWERS
 *Lionheart
N. NASSRANI
*Guerra santa
JEBEL UM EJIL
 *The Beauty

  
  Ez da zaila Wadi Rum-era bidaiatzea, oso turistikoa da Jordania, eta ondo hornitua dago hotel eta garraio publikoz. Gu denbora justuaz ibili behar genuenez Ayatek-en zerbitzuak kontratatu genituen. Norbait interesatua balego hemen du bere email helbidea. Eta baliagarri izango zaizue jakitea ordaintzen genituen prezioak honako hauek direla:


Atayek Hamad Al-Zalabea

 *Taxia Ammango aireportua - Wadi Rum 90JD
 *Gosaldu + Afaldu + Lo egin 20JD egun
 *4x4 autoa N. Nassrani 30JD
 Euro bat 0,75JD aldatu genuen guk. Aqaban Amman-go aireportuan baino aldaketa hobea dago.

Bidai hau nire lagun Chemari-rekin egin dut.



2017(e)ko urtarrilaren 19(a), osteguna

AIZKORRI- AKETEGI Hego punta Kanal zuzena





 
   

   Orain lau urte igo nuen lehen aldiz izotz bide hau. Jarduera horri buruz egin nuen sarreran, ikusi blogga honetan http://non-stopeskaladabloga.blogspot.com/2012/12/aizkorri-kanala.html sarrera, berau ongi azaltzeko materialik gabe egokitu nintzen. Ez nuen argazki kamararik eraman, soilik telefonoak duen kamara erabiliz atera nuen argazki bat, pareta orokorrean agertzen zena, krokisa egiteko erabili nuen. Gaur ere argazki hau erabiltzeko beharretan izan naiz berriro, lainoak hartua zuten pareta eta, ez didate utzi argazki orokor berri bat ateratzen.
   Ongi elurtuta dago Aizkorri, kanalak elegante ikusten dira. Eguraldi aldaketa handiak izan dira azken egunetan. Elurra mara mara egin zuen aurreko larunbatean. Ondoren tenperaturak gora egin zuten eta euria hasi zen. Orain Euskal Herrian izugarrizko hotz frente baten eraginpean gaude. Nire kalkuluen arabera eskaladarako baldintza onak behar ziren egon Aizkorriko kanaletan, momentu ona zen Aketegiko hego puntako kanala igotzeko.
   Harritu naiz Buenabistan zenbat kotxe aparkatuak zeuden ikustean, sei edo zazpi izango ginan. Ni goizeko hamarretan iritsi naiz. Dena laino jelatu batek estaltzen zuen, izoztutako zuhaitzak zeuden zuri zuri non nahi, azkar tiratu dut gorantz.


Ez zen ezer ikusten kanal handi azpian.

   Elurra hasten den tokira iritsi naizenean, nire kalkuloak okerrak ez zirela egieztatu dut, mantu zuri jelatua ez zen nire pisuarekin hausten. Kanal handiko kanal azpitik zeharkatu dut, eta oraindik eskumago tiratu dut  nire bidearen sarrera hartzeko intentzioarekin. 



Bidearen hasierako erresaltea

   Hasiera erresalte bat da kanal estu batetatik. Elur mobimentua egona zegoenez, abalantxak, baldintza oso onak utziak zituen pioletekin ibiltzeko. Mugimentuetan oso kontzentratua eta kontu handiz, sokarik gabe, igo dut lehen zati hau. 



Lehen paretaren irteeran. Bigarren paretaren azpian.

   Bi paretaren arteko elur maldetan nengoen jadanik. Elur zona hau delikatua da, edo sentsazio hori ematen dit niri. Azkar igo dut, ipurdia estutuz, flotatzen. Azken paretaren azpian, kanaltxo baten hasieran, neguko bide honen giltza dago. Hemen puntu batetan trabesa bat egin beharra dago “bira” batetatik. Trabesa hau ekipatua dago hiru espitekin.

Bigarren paretan kanalaren hasiera.



Bira trabesa
    Hau gainditu eta erresalte izoztu bat igo beharra dago. Azken partean gaude jartzen digu honek, gailurraren azpian. Zuzen doa bidea, pareta izoztutik gora. Hau ere sokarik gabe egin dut, pioleten eta kranpoien zahaztasunean fidatuz.


Azken parteko hormak

   Eguzki goxo batek ongi etorria eman dit gailurrean. Nire azpian Goierri osoa lainopean dago, neguko lozorrotik esnatu gabe. Sentipen atsegina eta indartsua da, aldare batean bezala sentitzen naiz Denbora galdu gabe beherantz tiratu dut kanal handi hartzera. Beti bezala egin beharrak zain nituen, korrika ibili beharrean nintzen.   





Goierri eskualdea lainopean.

Aizkorri Aketegi hego puntatik.



2017(e)ko urtarrilaren 8(a), igandea

PICO MULHACEN - Guejar Sierratik

 

   Elurretan oinatz arrasto batzuk aurkitzea, negu gordinean lau orduz ibili ondoren, mendiaren handitasunaren barruan aurkitzen zaren posizio ez oso argiarekin, haraino eraman zaituen arrazoia zalantzan jartzen hasita zaudenean, zorte bat baino gehiago da, mendiaren gailurrera iristeko behar den energia ekarpena izan daiteke.
   Oinatz hauek arrasto sinple batzuk baino gehiago dira, bide bat markatzen dute, handik norbait pasatu da. Momentu horretan ia ez zaude hain bakarrik, oinatz batzuk aurkitu dituzu elurretan, honek itxaropena ematen dizu.


Nik segitutako planoa.

   Neguan eta egunean Mulhacen mendia ipar haranetik igotzea ez da lan makala. Zazpi ordu behar izan nituen Iberiar penintsulako gailurrik altuena zapaltzeko, eta beste lau ordu luze furgonetara itzultzeko.
  Bi mila laurehun metro desnibel positibo gainditu behar izan nituen bide amaiera gabeko batetan, hemezortzi kilometroko distantzia dago joanean, eta beste horrenbeste itzulean. Gainera, honi neguko baldintzetan zela gehitzen badiogu, eta eskiak bizkarrean eraman nituela aspertuta bide bazterrean utzi nituen arte; gero, aurrerago, elur sakona aurkitu nuen, eta damutu ere egin nintzen haiek utzi izanaz, basakeria izan daiteke.
  Bi piolet ere neramatzan nirekin; hasierako ideia Mulhaceneko ipar korridorea igotzea zen. Eskiatzeko botei jartzeko kranpoi pare bat nituen ere, janaria eta arropa. Gauza horien guztien pisua zenbatzean, bizkar-zorroaren pisua hamar kilotik gorakoa zen.


Pico Juego de Bolos.

   Guejar Sierra herrian dagoen Barranco de San Juan parajean hasiera eman nion erronka honi. Goizeko bederatziak ziren. Vereda de la estrella bidea hartu nuen. Bidea ona da, gozatzekoa beste egoera batetan; adibidez, eskiatzeko boten ordez zapatila pare bat janziten adibidez, oso desnibel gutxi gainditzen du kilometro luzeetan. Bide eder honek Genil erreka jarraitzen du arroila estu batzuetatik. 


Pico Juego de Bolos arista.

   Elurra ukitu nuenerako hiru orduko martxa neraman egina, eta komentatu dudan moduan, jadanik eskiak utziak nituen bide bazterrean. Elurra biguna zegoen hasiera honetan, tarteka ia belauneraino sartzen nintzen, honek izugarrizko nekea eta frustazioa sortu zuen nire asmoetan, damutu nintzen ordu erdi lehenago eskiak utzi izanaz. Kostata lortu nuen zati horiek gainditzea eta ipar hormako maldak igotzeari ekitea.  
   Alcazaba mendia nire ezkerrera azaltzen zen airoso. Gainean pareta izugarri bat nuen, Mulhacen mendiarekin erratu nuena. Orain, etxean, interneten laguntzarekin, Pico Juego de Bolos 3018m dela dakit. Elur malda tenteak hasi zirenean eskuinerantz jo nuen kanal nabarmen bat hartzera. Han topatu nituen idatzi honen hasieran aipatu ditudan arrastoak, Pico Juego de Bolos ipar arista zorrotzean. Une horretan konturatu nintzen hanka sartu nuela, baina arrasto salbatzaile horiek aurkitu izanak poztu egin ninduen eta bertako edertasunak hunkitu. Oinatzei jarraitu nien, irteera batetara eramango nindutelakoan.



Arista goitik.


   Ez zen xamurra izan aristatik igotzea, haitz bloke erresalteak gainditu beharra zeuden kohesio gutxi zuen elurretan. Arista hau 1962ko Olmedo-Guardia bidea omen da. Juego de Bolos gailurrera iritsi nintzenean ikusi nuen nire aurrean Mulhacen ipar korridorea, ni tentatu nahian zegoen. Berandu zen jadanik eta oso nekatua nengoen, Mulhacén iparraldeko korridorerantz joateak haranean beherako zeharbide luzea ekarriko lidake. Iman indartsu baten indarrak erakarrita bezala, arrasto salbatzaileei Collado del Ciervoraino jarraitu nien. 
   Arratseko hirurak ziren lepo zabal honetara iritsi nintzenerako. Nire ezkerretara, elur malda luze baten bukaeran, Mulhacengo gailurra zegoen.


Mulhacen gailurra Collado del Ciervo-tik


   Collado del ciervo lepoan sobran ziren gauzak utzi nituen; pioletak, termoa, arropa batzuk, arinago behar nuen ibili. Gogorra egin zitzaidan gailurrerako azken zatia, maiz deskantsuak hartu beharrean izan nintzen. Objektiboak jartzen nituen, -harri artaraino iritsi eta deskantsua hartuko dut- . Himalaiako igoera baten zentzua hartzen hari zen erronka. Arratseko lauetan gailur preziatuan nintzen. Kataluniako bikote bat zegoen Mulhacengo puntan, eskiekin egina zuten igoera, hego aldetik, Poquieira haranetik. Piku lehor eta gozo batzuk eskaini zizkidaten, nik gustura hartu nituen. Hizketa saio labur bat egin ondoren jaitsierari ekin nion. Buelta gogorra izan behar zela jakitun nintzen.



Ibereriar peninsulako gailur altuenean.

   Azkar iritsi nintzen berriro collado del Ciervo lepora eta utzitako gauzak bildu nituen motxilan. Ez nuen igoerako bide berdina erabili jaisterakoan, zuzen bota nintzen maldan behera Valdeinfierno harana hartzeko asmotan. Une batzuetan elur sakona zegoen, or hasi ziren benetako arazoak, kalanbreak bi izterretan. Izterretako giharrak gortu egiten zitzaizkidan eta minez nindoan. Beldur nintzen, ez zen lekua eta momentua ligamendu haustura bat izateko. Elur zati sakon horiek pasatzean, elur sendora iristen nintzenean, lortzen nuen pausoa egokia mantentzea.  Asko sufrituta Valdeinfierno errekatxo bazterrera iritsi nintzen, hemen elurra ez zen hain sakona, hobeto mugitzen nintzen. Eskiak zeuden lekura ailegatu nintzenerako iluntzen ari zuen. Azkar, eskiak motxilan kokatu eta frontala atera nuen. Eroso nindoan bidexkatik behera, erritmo onean, oinak erantzuten ari zitzaizkidan. Bide zidorra zabaldu zenerako, Vereda de las Estrellas bidea, gaua egina zegoen jadanik, frontala pizteko alegiña egin nuen, ez zebilen. -Erabili nuen azken aldian ongi zihoan eta!!! Ez zegoen errukitzeko astirik, furgonetara ailegatzeko geratzen ziren hamar kilometroak ilunpetan egin beharko nituen. Iluntzeko zortzietan furgonetaren babesean nintzan berriro.



    Nahi izan ezkero xamurrago egin ahal izago nuen Mulhacen mendia eta bere ipar kanala igotzeko ahalegin hau. Penintsulako puntarik altuena igotzeko erarik komodoena Poqueirako haranetik da, Alpujarratik igota, Sierra Nevadako hego aldetik. Urrutitik ikusitako irudi hark erakarri ninduen ni, Mulhacen tontorreko ipar horma ilunak, tente-tente, amets bertikalez betetzen nauten zain zuriz markaturik, horrek erakusten zidan zer bide jarraitu behar nuen. Nolabait, pioneroen garaietan bezala, esplorazioa eta alpinismoa bat zenean.




   Granadan egin dudan egonaldi honetan, haitzean eskalatzeko aukera izan dut ere. Oso leku onak ditu Andaluziako probintzia honek kirol eskalada egin ahal izateko; Cahorros, Moclim, Vados, Cogollos… Bakarka edo lagunekin eskalatu ditut kalitatezko bide asko. Adierazi behar dut bakarka aritzen nintzenean bertako jendea segituan prestatzen zen ni aseguratzen laguntzeko. Baita nire lagun Chemari eta Olatz animatu ziran eskola hauetan zehar beraien oporrak disfrutatzeko ere, pare bat alditan kointziditu dugu, eta honek gustura estutzeko aukera eman dit.
   Leku aparta da Granada, ez dut uste ez dakizuenik.