2026(e)ko azaroaren 18(a), asteazkena

JUGAL 2 - Ro-Ni, Himalayan partner

 

Goizetik sumatu zitekeen egunaren berezitasuna, erronka gaur hasten zen, honutza ekarri gintuen arrazoiaren askaera, abentura bat era gordinean bizitzeko aukera.
Eguzkiaren izpi herabeek zelai nagusia leuntzea lortu zutenean, hiru adiskideok Jugal 2aren ekialde aurpegi azpira abiatu ginen, lehen kanpamendua deitzen genuen elur-eremura.
Motxilak ez ziren pisuak, “Kapla”, sukalde laguntzaile eta porteatzaileak, nire zakua eskuetan hartu zuenean, barre egin zuen. Gauza asko goran genituen zain, jan pixkat eta arropak hartu genituen soilik.
 

Jugal glaziarreko bidea ezaguna zen guretzat, konfidantza hartua genion ere, lotu gabe gindoazen aukera honetan. Hori bai, bada ez bada kranpoiak oinetan eta piolet bat eskuan genituen. Arnesa ere jantzia geneukan, erreskate materialaz hornituta, gutako bat izotz pitzadura batean erori ezkero besteak azkar lagundu ahal izateko.
Ezustekoa izan zen, bikote esloveniar-italiarrak markatutako bidearekin bat egin genuenean, Romano ikustea, abiadura bizian zetorren himalaysta handia. Hemen hautsi zen gure martxa lasaia, esloveniarraren atzetik jarri ginenean. Mikelek bakarrik jasan ahal izan zuen Romanok jarritako erritmo azkarra. Nives, atzeragotik zetorrenak, Ino harrapatu eta pasatu zuenean, hau gurpilean jarri zitzaion, eta horrela jarraitu zuten kanpamentu txikira iritsi ziren arte. Nik, aldiz, bihotz saiatuak markatzen zizkidan taupadei kasu eginez, erakusleihoak ikusten ari den domingero baten erritmoan, glaziar noblearen bideari jarraitu nion bakardadeaz gozatzen. 
 
Hau izan zen abenturaren lehen egunak eman zuen onena. Hurrengo ekintza nainolezko denda txikiaren barrenera sartzea izan zen, txoko estuan ahal moduan postura hartzea, dagoeneko ikasita genuen bezala.
Bost mila eta berrehun metrora kokatua zegoen lehen kanpamentuan ere, eguzkiari iluntasun jelatua uxatu zezan utzi genion. Argi izpi ahulak hotza apur bat bultzatu zutenean, banan-banan zulotik irteteko prest jarri ginen. Gosalduak ginen, kafea eta zereal nahasiak hartu genituen, janari energetikoa, dena beharko genuen.
 
 
Eslovenia-Italia bikotearekin batera hasi ginen elur pala zurian gora, serak handien azpiko errimaia zabalaren bila gindoazen. Tropelaren posizioak ez ditut errepikatuko, ez dauka garrantzirik, selekzio naturala da. Gainera, hemendik gutxira soka berari lotu behar ginen; metalezko kate baten erresistentzia kate-maila ahulenean dago, elkarri bizkarra zaintzea arrakastarako urratsa da. Gainean, zelati, genituen serak mehatxagarriak alde batera utzirik, elur sakona zuen elur pala malkartsu bat igotzen hasi ginen. Egun batzuk lehenago Romano igo egin zen hona masa zuriarekin borroka latz batean. Jarria utzi zuen soka finkoa gure igoera laguntzeko zegoen orain. Kanal zabalera sartzea lortu genuenean, begietatik ihes egiten zitzaigun izotz bide bihurria agertu zen, mirestuak ginen. Hemen, bi sokadatan banatu ginen. Gu hirurok, alde batetik, eta Romano-Nives osatzen zuen bikotea, bestetik. Historiaren puntu honetan, geldialdia egitea merezi du, eskaladaren lau egunetan bizitu genituenak hobeto ulertzeko. 
 
 
Zein modu desberdinean eskalatu daitekeen. Jatorriaren arabera. Adinaren pisuagaitik. Sokada bakoitzak bere izaerari eutsi zion. Guk, etxeko edozein alpinistak egingo lukeen bezala, segurtasunari eman genion garrantzia, batit bat, berme osoa izateko balizko erretiratze baten aurrean. Errapelak muntatzeko material dexente genuen gurekin. Esloveniar-italiar sokadak, berriz, konpromiso handiagoa hartu zuen. Bi eskalatzaileen artean bikoitzean lotzen zuten 5 mm eta 60 metroko soka besterik ez zeramaten. Segurtasun-materiala ere eskas zuten. Iltze batzuk zituzten, izotz-torloju gutxi, eta elur hesola bakanen bat. Bide gehiena ensanble teknikan eskalatu zuten, eta behera jaistean horrela egitea ere pentsatua zuten.
Gero, eskaladaren ondoren, Romanorekin hitz eginez, kontatu zidan hau esloveniar alpinismotik jasotako erentzia bat zela, horrela eskalatzen dela Alpeetako azken muga den herri miresgarrian. 
 

 Segi dezagun aurrera. Jarraitutasunik galtzen ez duen kanal bihurrian gora, 5.800 metroko altueran, elur kazkabar txikiaren eta arratseko lainoaren bisitaren azpian, eguneroko kontua zena, gaua pasatzeko leku bat bilatu behar genuen. Harri beltzaren parean geunden, behetik bibak egiteko leku posible gisa begiratu genuena. Horma tente hauetan, denda bat sartzeko elurrezko erlaitz bat eraikitzea arazo bat da. Gure kasuan, gainera, hiruko denda bat kokatzeko prestatu behar genuen, eta hori ia ezinezkoa da. Oso zaila da elur-malda piko batean 1,35 metroko zabalerako erlaitz bat egitea, hau bai da hirurok sartu behar ginen dendaren zabalera. Eraikuntza horretan Inok ekarritako olana gorriak lagundu zigun, errusiarren hamaka deitzen denak. Sortu genuen hasierako erlaitz estuari, hiru elur-hesolen laguntzaz, olanaren behealdea lotu genion. Kontrako aldeari dagokionez, goiko harrizko hormara lotu genuen, bi puntuen artean olana lasa utziz. Eratzen den gona hori, elurrez bete genuen erlaitza osatu arte. Elur asko sartzen da, astun geratzen da. Hori egin ondoren, denda olanaren barruan sartu genuen. Horma malkartsu batean, ahula dirudien arren, denda bere osotasunean muntatzeko modu hori besterik ez dago, eta horri esker, gau luze eta hotza etzanda igaro genuen, dendarik gabeko gau bat, soilik gainean generaman lo-zaku arinen babesean, arriskutxu jo behar baita, denda segurtasun-elementutzat hartu beharra dago.
Eslovenia-Italiarrek gure azpian eraiki zuten elurrezko erlaitza errusiar hamakarik gabe, nahikoa zuten metro bateko zabalerako erlaitz bat, lan handiz eta kontu handiz ia lortu zutena.
Hala ere, luzea eta ezerosoa egin zitzaidan gaua, dendaren zein txokoan kokatzen zaren zerikusia du, zorte kontua.
 

Lo-zaku hezeen barruan iraun genuen eguzkiak dendako olana izoztua laztandu zuen arte; mendi garaietan orientazioak berebiziko garrantzia du, mendiaren zein aurpegi ari zaren igotzen. Hotzari buruz ari naiz. Gu egon garen garaian, montzoi ondorengo Himalaian, asko egiten du. Hego aurpegi eguzkitsuan aritu, edo, iparraldeko itzalean, ez du zerikusirik. Antzeko zerbait gertatzen da igo nahi duzun magala ekialdekoa edo mendebaldekoa bada. Asko laguntzen du egunsentiko eguzki bizigarriak, garrantzitsua da eskalatzen gogoz hastea.
Elurraren kalitateaz ere zabal hitz egin genezake, haren gogortasunaz. Gu egon ginen garaian, montzoiaren ondoren, egiten zuen hotzagatik, itzaleko elurra aske zegoen, koesiorik gabe, arriskutsu. Aldiz, ekialdeko eta hegoaldeko aurpegi eguzkitsuenetan elurra gogortu egin zen, mantu zuriaren gainean aurrera egitea zentzuzkoa bihurtuz. 
 
 
Kanalak sigi-saga jarraitzen zuen gorantz, metroak irabazi ahala zutituz. Orain esan dezaket, Jugal 2ren goiko aldea ezagututa, gainditu genituen zailtasunak kontuan hartuta, bigarren eguneko bibaka lehenengoa baino hirurehun metro gorago egitea erabaki egokia izan zela. Ez bakarrik gure aklimatazio eskasagatik, baita hormaren funtsezko zatiaren eskaladari arrakasta-aukera gehiagorekin ekin geniolako ere. Eta gero itzulera geratzen zen, menditik jaistea, baina hori aurrerago ikusiko dugu.
Beraz, lehenengo bibaketik irten eta izotz urdinean erantsi ginen. Hirurehun metro igo genituen kanalean gora, arroka tente eta pitzatuzko horma batek bidea itxi zigun arte, eta izkina batean, kanal txiki baten hasieran irekitako zulo batean, gure bigarren kanpamendua kokatu genuen.
Aurrekoan bezala, hamaka errusiarraren teknika erabili genuen erlaitza eraikitzeko eta denda kokatzeko. 
 

 
Arraro dirudi arren, erosoa egin zitzaidan bigarren gaua, atsedena hartu ahal izan nuen, zetorkigun egun luzerako derrigorrezko izan nuen deskantsua.
Goizean, ni joango nintzela soka buru adierazi nien nire lagunei, gogotsu eta indartsu sentitzen nintzen. Lehen aldiz, igoera osoan, bi sokak lotu nituen; kanal guztia potentzia deitzen den teknikan eskalatu genuen, hirurak soka batean lotuta eta simplean. Haitz horma tentea gainditzea nuen helburu. Harri eskaseko hiru soka-luzetan lortu nuen zeharkaldi luzearen hasierako elurpean bilera egitea. Berezia izan zen zati hau, kanal bihurriko izotzak utzi eta harkaitz hauskorrezko horma batekin borrokatzea. Nire lagunei harririk ez botatzea bihurtu zen garrantzizko. Ondo babestu ahal izan nintzen, seguru sentitu nintzen. 
 

Hemen izan zen, harresi honetan, Romano eta Neves ikusi nituen azken puntua. Gero, kontatu zidatenez, kontuak ez zitzaizkien ateratzen, eta horman utzia aurkitu zuten fisurero bat atzera egiteko erabili zutela. Esan nien espreski beraientzat utzi genuela. 
 

 Mikelek soka-burua hartu zuen zeharkaldi luzeko elurretan. Soka bakar batez lotuta, berriz ere potentzian eta ensanble teknikan, amildegia zeharkatu genuen tirada luze batean.
Gailurrerako bidean jartzen zaituen kanal zabalean, Ino jarri zen sokaren buruan, eta Mikelek eta biok elurretan uzten zituen arrasto sakonak zapaltzen jarraitu genion. Bi tiraldi luzetan lortu zuen errioxarrak kanalaren ertzera iristea, gailurreko elur zuria hasten den puntura, gure helburua gertu genuela susmatzen genuen. 
 

Mikel jarri zen berriro soka buru azken txanpa honetan, gailurra zapaltzeko gogotsu zegoen naparra. Laino mehe batean murgildurik, elur maluta hotzak jaurtitzen zizkigun hego haize bihurri bat jasaten, erdi itsu gindoazen, indar ikusezin batek, trakzio batek bultzaturik.
 

 Disko hori bat agertu zen gure gainean, kolore anitzezko eraztunez zeharkatua zegoen. Begiratzen gintuela sentitu nuen, elur aratzean arrastaka nola ibiltzen ginen behatuz. Bake urlo batek estali ninduen. Ez nuen garbitasun hau zikindu nahi, nire hilkortasunaz gozatu besterik ez. Mugimendu batek arreta erakarri zuen, irudi bat altxatu zen. Bi beso agertu zitzaizkion, airean mantendu zituenak. Garrasia ez nuen entzun, aireak sakabanatu zuen. Imintzioa bai ikusi niola, hortz zuriak ezpain urratuen artean, irribarrez ari zen. Orduan jakin nuen, iritsiak ginen, Jugal 2ko gailurrean geunden.
Lehenengoa pozazko eztanda indibiduala izan zen, norberarena, intimoa. Gerturatzen joan ginen, elkar ukitu nahi genuen. Besarkatu ginenean gertatu zen, zirkuloa osatu genuenean, zorion oiua irten zen gorputz jelatuak osatzen zuten masa barrenetik. Haizeak adiskidetasun zintzoaren beroa eraman zuen, elur-maluta gogorren ondoan barreiatu zen estimu-gorespena.
Hustu ginenean askatu ginen, berriro banako bihurtuz. Jabetu ginen hau ez dela denbora luzez egoteko leku bat, hezurrak eta haragia besterik ez garela, desegin egingo ginateke elurretan uzten ditugun urratsak desagertzen diren modu berean. Espazioari bere berezko handitasuna itzuli genion. Isilik, umiltasunez beterik, etorritako bidetik jaisten hasi ginen.
 

 Lehen zatiko elurrak beheruntz eskalatzen jaitsi ondoren, errapelatzen segitu genuen gure ihesean kanal zabalean behera. Hiru soka luzetan gailur buruko kanalaren azpian geunden, zeharkaldi luzea hasteko prest. Hemen, dagoeneko, buruko argien beharrean ginen.
Ezin nituen Romano eta Nives burutik kendu, hain egoera zihurgabean ikusi izanak susmo txarrenei ateak zabaltzen zizkien. Zer zen gure lagunetaz?
 
 
Harkaitzezko horma tentearen rapelekin hastean, argi zuri bat ikusi nuen behealdean, glaziarreko malda desiragarrietan, kanpamendu garaia kokatua behar zuen lekuan. Romano eta Nives ziren, salbu, horrek asko lasaitu ninduen.
Nola jaitsi ziren zuten material urriarekin? Ziurrenik atzerantz eskalatzen, gure segurtasun-parametroetatik kanpo dagoen ekintza bat.
Bigarren bibakara iristean ez genuen zalantzarik izan, gaua bertan igaro beharko genuen. Akatsa izan zen goizean hamakaren muntaketa desmuntatzea, baina eskaladarekin jarraitzeko materiala behar genuen, gaua luzea izango zela ziur geunden. Eta horrela suertatu zen, gau deseroso eta amaigabe bat.
Goizeko eguzkiak zulotik mugiarazi gintuen, eta bi zangoen gainean jartzeko gogoak, gaur kanpaleku nagusira iritsi nahi genuen. Dena jaso eta oraindik urrun zegoen haranera jaisten segitu genuen. Abalakof teknikarekin, izotzezko torlojuaz izotzezko zubiak eraikiz, kanal bihurri gehiena jaitsi genuen. Iltze edo fisurero isolaturen bat ere utzi behar izan genituen, Romano eta Nivesen jaitsierako arrasto gutxi.
Pozik zeharkatu genuen serak erraldoien azpiko errimaia, grabitatearen bultzadan abandonatu ginen, kanpamendu altuko denda txikira eramango gintuen, bizitako guztia sinesten hasteko unea iristear zen. 


Dippu

Dippu herrian babesturik, Chianaren etxe soilean, porteatzaile gaztea, Wangi sherpa aita dagoeneko aitona egin duena, kanpoan ari duen euri jasaren zarata etengabea entzuten dugu.
Herrixka bat da Dippu, gehiago izateko asmoak ageri zaizkiona, ez du ordea erraza izango, natura kontran izango du beti.
Pista zartatu bat iristen da Dippuraino, bailaran behera gehienetan itxi egiten dena, Balephi Khola ibaia zeharkatzen saiatzen denean. Harro jaisten dira ur hauek. Etorkizun desiratu horretarako autobus geltokia egiten duen estalpea eraikia dute, ia erabili gabe hondatzen ari dena.
Militarrak ordea bai iritsi direla, kuartela dute alambrezko itxitura baten barruan. Hutsik dagoela dirudi, baina ez, norantzkorik gabeko paseoan nindoala soldadua ikusi dut garita barruan, gu baino aurpegi aspertuagoa zuen.
Beharginentzako barrakoiak eraikiak daude ere, kamioiak eta herramientak gordetzeko hangarrekin batera. Berriak ikusten dira, mugimendu gutxi ordea. Passanek esan dit parke nazionalekoak eta garraio ministeriokoak ez direla ados jartzen, liskarretan dabiltzala, itxura guztiaren arabera Dippu herrixka bat izaten jarraituko du puska batean.
Korrika atera behar izan dugu zelai nagusitik, gauzak jaso eta lona baten babesean uzteko denbora besterik ez dugu izan, porteatzaileak noiz igo zain geratu dira.
Nepaleko gobernuak alerta egoera bidali du elurte bortitza arriskuen gaitik. Gure eskalada eginda genuenez, han goran ez genuen ezer egiten, arriskutsu gerta zitekeen ere.
 

Zurezko gela ilunaren erdian eraikitako zuloan sua pizpirin mugitzen da, gure begirada galduaren begiradapean. Keak estaltzen du gela, begiak eta eztarria urratuak ditugu. Pentsakor gaude mendian bizitakoa dela eta, ikusi eta sentitu duguna itzela izan da.
Egurrezko etxola ilunaren babesean eztabaida txikia dugu. Zein izen jarri zabaldu berri dugun bideari. Detaile txikia da adostasuna falta dugun horretan, “partner” edo “couple” hitza erabiltzearena. Ados gaude bidea Romano eta Niveseri eskeini behar diegula. Ez da sutsua eztabaida, bigarren kaferako erabaki dugu. “Ro-Ni, Himalayan partner” da azkenean gure erabakia.
Romano Benet eta Nives Meroi Alpe Juliano eremuan, Italia, Eslovenia eta Austria artean, bizi den bikotea da. Beteranoak dira mendizaletasunean, 65 urte pasa dute. 92an Perura egin zuten lehen bidai horretatik aurrera ez dira gelditu. Hamalau zortzimilakoak igoak dituzte. Hau ez da ordea eskalada beraiei eskeintzeko arrazoia, beraiekin batera Jugal 2 horman bizitakoak txunditu gintuen.
Romano, Esloveniar alpinismo eskolaren eskalada estilo bultzatzailea, goi mendian jarduteko estilo ausartaren partaidea, konpromezua bere osotasunean onartzean du gakoa, eta beraien ahalmenean sinestean, gai dira esloveeniarrak eskalada material urriarekin igoera ikusgarriak egiteko. Naturaltasun handiz sartu zen bikotea Jugal 2 eki horma pikoan, bien artean 5 mm soka, eta 30 metro tartea zutela. Doblean zioazen. Aldiro iltze edo torlojua kokatzen zuen Romanok, bilera bat muntatzeko gelditu gabe.
Honek baino, jeitsierak txunditu gintuen, buelta hartzea erabaki zutenean, horma guztia atzeraka eskalatzen jaitsi zuten, errapel motz batzuk bakarrik eginez. Horrexegatik, eta hain atseginak direlako, hemen gure omenaldia.
 
 Nives Meroi, Romano Benet eta Tine Cuner zelai nagusian.
 
Passan
 
Bere etxeko goxotasunean, Kathmanduko zarata eta kutsaduratik salbu, emazte eta seme alabekin batera, egin zigun patata tortila dastatzeko aukera izan nuenean jakin nuen benetan zein eskertua zegoen Passan eman zitzaion aukera gatik. Gauza hauek sentitu egiten dira, dastatu.
Polita da, hunkigarria, orain 31 urte Luklan jaio zen gazte honen historia; hamar urte zituela, ume koskor bat zela, Passan turistentzat porteatzaile ibiltzen zen. Zorteak, Koldo Aldaz napar mendi gidariarekin topo egitea ekarri zion. Koldo, eskuzabaltasun handiz, gazteaz errukirik, etxera ekarri zuen abegi moduan. Bederatzi urte egin zituen Passanek Iruñan, ikasi eta trebatu ahal izan zen denbora. Nepalera itzuli zen emeretzi urte beteak zituela. Turismoan hasi zen lanean, Dream Carrier bere enpresa sortu zuen, eta egun izen bat egin du treking eta espedizioak eskeintzen dituzten agentzien artean.
Bere aita, Passan Sherpa, berarentzat lan egiten du, eta zortea izan dugu espedizioan gurekin etorri delako, oso atsegina eta langile prestoa da. Ikusiko dugu berriro elkar, Passan Sherpa.

Passan eskuinean. Billi Bierling, Elizabeth Hawleyren lanari segida eman dion kazetaria, erdian.

Jugal Himal

Jugal Himal Himalaiako mendikate bat da, Nepalgo Sindhupalchok barrutian kokatua, Tibeteko mugatik oso gertu eta Katmanduko haranaren ondoan.
Langtang eta Gauri-Shankar eskualdeen artean, Katmandutik gertu, Himalaien oinarrizko gunerik irisgarrienetakoa da hiriburutik errepidez.
Gailur aipagarriak: Dorje Lakpa (6.966 m), Gyanzen Peak (6.151 m), Phurbi Chhyachu, Langpogang (7.083 m) eta Jugal I, II eta III. 
 

 Kontatu dudan eskalada hau, eta zerbait ulertu ahal izatea espero dut, ez zen izan Jugal kanpamentuan egin genuen hilabetean igoera bakarra. Aklimatazio-fasean, bi eskalada gehiago egin genituen, gure ustez, tontor birjin banatan. Lehenengo igoera Jugal Midi 5.380 metro deitzen diogun tontorrera izan zen, Pirinioetako midi d 'ossoe mendi ederrarekin duen antzekotasunagatik. Overbookingek, horrela deitzen diogu bideari, bost luzetan zeharkatzen du mendiaren hego-mendebaldeko horma.
Bigarren bidea Jugal IVren hegoaldeko ertz amaigabearen gailur batera da, Jugal Tic-Tac 5.560 metroko, eta Farindra izena du bideak. 
 

Mikel Zabalzak eta Ruben Perezek (Ino) bidaia hau proposatu zidatenean, bi arrazoirengatik, zalantzarik gabe, baietz esan nuen. Hau guztia Mikel Zabalzarekin batera egiteko aukera, ez da mendizalerik egongo inguru hau berak baino hobeto ezagutzen duenik, lehenengoa zen. Ezin nuen aukera pasatzen utzi. Eta Nepalekin berriz elkartzearena, urteetan bisitatu gabe nuen herri ederra, bere mendiak, herrixkak, jendearen humiltasuna beste behin sentitu, izan zen bigarren arrazoia. Gozamena izan da. Eskerrik asko Mikel eta Ino bidaia hau ahaztezina egiteagatik. 
 



 
 
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina