2026(e)ko abuztuaren 22(a), larunbata

PICO RIGUELO - 3 Chaussons pour 2 Riguelos / Divine Surprise

 

Zorioneko ni. Ez nuke inolaz galdu nahi mendien gailur airosoei begiratzeak sortzen didan ilusioa. Urte luzez honelako lekuetan egoteko egindako ahaleginek balio izan dutelako ziurtasuna. Bizitzeak benetan pena merezi duenaren uste osoa.
Aurrean dut Lecherines, bere geometria zuzenaz harro. Harrizko dorre laukia, gailur ordeka misteriotsuaren zaindari. Aspeko hegoaldeko horma gorria ere hor dago, punta famatura iristeko, modu zailagoan bada ere, bide alternatiboak hartzea ez dela bizitza zailtzea xuxurlatzen, edertasuna bilatzea baizik.



Duela urte batzuk unibertso natural hau guztia kontenplatu nuen lekuaren frente nago, eta badakit egun horretan gaur ditudan sentimendu berberak izan nituela. Xabierrekin nintzen orduan, oraingoan Ikerrekin nago, abizen berdina izan arren ahaidetasunik ez duten bi Artola. Rigueloko pareta gris leuna zatitzen duen pitzadurak bide bat erakutsi zidan Tolosarrarekin nintzen horretan, zirrara eragin zidan harrizko mendi argitsu horrekin bat egiteko ildoa, paisaiarekin galdatzeko modua. Gero jakin nuen eskalatua zela. Ez nion garrantziarik eman, balio bera zuen. Gauza bakarra eskatzen nuen, bidearen funtsa, bere arima, eskalada hartan suntsitu ez izana.


Gaurko egunez, interneten, informazio ugari dago bide honi buruz, Divine Surprise. Ez dudana aurkitu, idatzitako hitz mordo horren artean, bat bera ere euskaraz izan da.
Agian, erabiltzen dudan datu-zerbitzariak zakuaren hondoan gordetzen dituelako gure hizkuntza gutxituan idatzitakoak. Egunen batean lortuko dugu parekotasuna. Hor euskaraz idatzitako kronika xume bat, pirineo guztian zehar oztoporik gabe hitz egin den hizkuntzaren edukiak gehituz joateko.


Ikerrekin ditudan hizketaldiak aberatsak eta sendoak iruditzen zaizkit. Elkartzen garen unetik, bueltan banatzen garen momenturarte, mila gaiez aritzen gara. Hiru hitzetan esanda, ez gara isiltzen. Riguelo ipar-ekialde hormaren azpira iritsi ginenean, magal harritsu pikoa igotzearen erruz arnasestuka, baina, jorratzen ari ginen gaiari eutsiz, bidean sokada bat sartua zela jabetu ginen. Konszientuki, buruan reset txiki bat eginez, hizkuntzaz aldatu genuen, eta nongoak ziren galdetu genion bileratik zintzilik zegoen neska irribartsuari. Bera Huescakoa zela esan zigun, eta pitzadura zabaletik gora zihoan mutila Errioxarra. Huescarrak, dedukzio ona erabiliz, - y vosotros no sois de Cadiz, bota zigun. Umore ona izan zen nagusi bide ederrean zehar partekatzea tokatu zitzaizkigun bileretan.


Asko gustatu zait bidea, JP. Rio eta F. Six zoriondu nahiko nituzke, maisuki jakin dute haitzean zintzelatutako bideari bere nortasuna mantentzen. Eskalada bide ederra sortu dute. 
Ez ditut bideak dituen lau luzeak banan banan zehaztuko, ez da nire estiloa. Bakarrik gustatuko litzaidake kronika honen irakurleari, bide hau eskalatzeko hautagaia izan daitekeen horri, mendi eskalada baten aurrean gaudela ohartaraztea. Bere harri aldakorrarekin, batzuetan delikatua. Intuizioa eskatzen duen trabesia luzearekin, zuzen gora segitzeko bihozkada eutsi beharra. Gailur batera iristen den ertz zorrotzarekin, gailurra ote den hain argi ez dagoena. Jaitsieraren zalantzarekin, rapelatu edo destrepatu, hor dilema.



 Eskalatzaileak ere jakin gainean izan beharko du Rigueloko horma txorien gatik erregulazio baten azpian dagoela, abuztuak batetik abenduaren batera ahal dela bakarrik eskalatu.
Gauza negatiboak esaten hasita, bi edo hiru eskalada luze gehiago egiteko gogoz geratzen dela bat aipatuko nuke. 


Azkar egiten den igoera izanik, denbora dago Aisako herriko plazako tabernan tragoa hartzeko. Hori egin genuen Iker eta biok, eta gu bezala txirrinduan pirinioak zeharkatzen ari diren bi txekiar. Europa ekialdeko bi gizon puska hauek egarri zirela bistakoa zen, tragoz edan zituzten zerbeza pitxar parea. Euskaldunak ginela esan genienean jakin-mina sortu zitzaien. Hondarribian hasi ziren pedalei astintzen, baina, sobrare, ez zuten aukerarik izan zituzten galderei erantzuna bilatzeko.
Zaila bada eguneroko gauzez zurea ez den hizkuntza batean hitz egitea, zer esanik ez gaia Euskal Herriko egoera soziopolitikora eramaten baduzu, hor amaitzen zaizkizu edozer gauzatarako dituzun hitz zerrenda, eta konturatzen zara hitz serioen falta duzula. Txekoslovakia estatu sobietarra izan zen. 1993an bi estatu independentetan banatu zen arte, Eslovakia eta Txekia. Europako bi herritar horiei frankismoaz hitz egitea ulergarria zitzaien, tiraniak ez du kolorerik, guztion aldarria duintasunez bizi ahal izatea da. Bi txirrindularien galderak gure, batez ere, historia odoltsuari buruzkoak ziren. Gure erantzunak, ordea, kezka adierazten zuten, beldurra etorkizun gertu batean ez ote diren berriro indarkeria lehertzeko baldintza berdinak ematen, faxismoa ate ondoan dugu. Bosteko bero batez agurtu genitun bi txekiarrak, gu etxera bueltatzen ginen, beraiek erantzun gehiagoren bila partitzen ziren.


Ezer ez da berdin. Astebetean bi aldiz etorri naiz Riguelora eta azken eskalada hau desberdina izan da. Aurrekoa paseoa izan zen, gaurkoan estutu dut. 3 Chaussons pour 2 Riguelos bidea eskalatu dut. Divine surprise bidearen sortzaile berdinak dira, Six eta Rio asezinak. 


Ni gehiago saiatu beharraren arrazoia ez da zailtasun tekniko izan, graduz eramangarriak ditut bide honen zenbakiak, hormak dituen zati auskorretan tentu handiz mugitu behar izan dudalako izan da nire estutasuna. Sortzaileek ez dute harri solte bat ere bota, eta hau deigarria egin zait. Lehen luzean izan dut ziurgabetasun sentsazio nabarmenena, bi murru tente pasatzeko garaian. Harri solte asko dagoen lekuak dira, helduleku fidagarri bat bilatu aurretik zalantzazko hamar ikuitu behar dituzun horietakoa. Ez da kostatzen, eta hau kexa bat da, sokan bigarren doan eskalatzaileak minutu batean egin dezake, zatia pixkabat garbitu, eta horrekin, sen onekoa iruditzen zaidan, bloke handi zalantzagarriak botatzea. Krokisa baten bitartez bidea eskalatzeko gonbidapena jasotzen dugunok eskertzen dugu. Edo idatziz jarri, abisua krokisean markatuz, hau ere egiten da.


Lehen bilera kokatua dagoen erlaitzera eskalada askean, eta zortez, luzea kateatuz iritsi naizenean, aurrera jarraitu edo eskalada bertan behera utzi pasatu zait burutik. Hasitakoa bukatzea gustoko dudanez, aurrera jarraitzea erabaki dut. Deliberamendu egokia, jarraian datozen bi luzeak onak bai dira.


Bigarren luzearen hasieran harrizko maila batzuk hartzen dira, eskuin aldera. Ondoren, haitz trinkoko zati bat gainditu beharra dago ezkerretara eginez. Bihurgune honekin bideak jarraitzen duen pitzadura sisteman zaude berriro. Eta hemen, deskribatu dudan zati honetan, sortzaileak zoriontzeko gogoa sartu zait. Zalantzaz blai eginda, horma konpaktuan heldulekuak bilatzen, espero ez dituzun lekuetan seguru onak sartzen, eskalada mugimendu ederrak egiten, zati ziurgabea pasatu dut. Eskarrikasko parabolta ez sartzeagaitik, boleto asko zituen leku aldrebes honek zulatua izateko.


Eskalada luze bat badago besteengandik nabarmentzen dena, hirugarrena da. Diedro erraldoi bat. Ziur nago bide hau zabaltzeko arrazoia hona iristea izan zela. Ederra da, gustagarria. Sortzaileak, bere abileziarekin, eskalada zuzentzeko gaitasuna du, nondik gainditu aurrean dituen zailtasunak, horrela utzi dute trazatua frantsesek, chapeu.


Azken luzeak, laugarrenak, bi orratzen arteko urkilla eder batean jartzen zaitu. Gustura nago, pixkabat harro, zergaitik ez esan, nik ere ez badiot garrantzirik ematen egin dudanari hobe dut uztea.
Terreno errazean, urkillatik metro batzuk jaisten zara ipar aristaren irteerako kanala hartzeko, zailtasun gutxiko eskaladan Rigueloko gailurrera iritsiko zara.
Denboraz nago Aisa herriko taberna bisitatzeko. Egun osoa daramat bakarrizketa egiten, nire gauzei buruan bueltak ematen, konbertsazio baten bitartez norbaitekin interaktuatzeko gogoa daukat.


Berandu ez den arren, sukaldea itxia dute. Nahi izan ezkero kroketak eskugarri ditudala esaten dit zerbitzari gazteak. Bakailua eta urdaiazpiko parea gustuz jango nituzkela erantzuten diot nik. Bitartean edaria ateratzen dit itxaronaldia eramangarriagoa egiteko. Bezero bakarra dago taberna koxkorrean. Nire ondoan dago mostradore aurreko ahulki luzean hesierita. Herrikoa dela bistakoa da, tabernako bezero fixoa. Ez zait kostatzen zein adina duen esatea ausartzen ez naizen gizonarekin hitz egiten hastea, gustuko duela nabarmentzen zaio. Nola ez, Oroel mendiko sutea jartzen dugu hizketa gaia. Larri ikusi duela Jaca esaten dit, aurreko egunean Oroel mendiko ipar magaletik sugarrak jaisten ikusi zituenean herriraino iritsiko zirela ez zuen zalantzarik izan. Herritarren artean kezka handia zen. Arratsean, ekaitza lehertu zenean, eta su frentea ia itzaltzeraino ahuldu, bera bezala bizilagun askok lasaitu ederra hartu zutela. Tabernaren babesean, iritzi bat emateko titulazio teknikorik behar ez den lekuan, Aisako bizilagunarekin bat egin nuen klimaren menpe gaudela ondorioztatuz, Oroeleko sua euriak itzali zuela, gizakiak ez duela modurik horrelako suteak amatatzeko, prebentzioa dela giltza. Hau hasi besterik ez da egin, Lurra gara, naiz eta batzuk burua Marten izan. 
























































iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina