2024(e)ko abenduaren 4(a), asteazkena

BARRANCO DE LA HOZ - Caballo Loco, Pañoleta Blanca, Todo es de Color

 

Interneteko alde zintzoan nabigatzen nabilela, eskaladarako informazioa bilatuz, jakina, blog sinple batekin egiten dut topo, non, deliturenbat leporatzekotan, egilearen egoa puztea izan zitekeen, edo, agian, eskalada eskola sekretu bateko informazioa guztiokin partekatzea. Diodan moduan, informazio xumeko blog horretan irakurri dut, Barranco de la Hoz-eko eskalada basatiaren aitzindaria, Jesus Galvez handia, horma beldurgarri hauetan eskalatzen hasi zela prestaketa gisa, ondoren, Ordesan eskalatu ahal izateko. Grazia egin dit, niri kontrakoa pasatu zait, Ordesan prestatu naiz Barranco de la Hozen eskalatzeko.


Pirinio, Picos edo Gredosetik kanpo ez dago eskalada tradizionala praktikatzeko leku askorik. Hain inbaditzailea ez den teknika honekin zeharkatutako horma asko egokitu egin dira kirol-eskalada egiteko. Barranco de la Hoz berezia da orduan, altxorra, bertako eskalatzaileek ondo asko jakin dute horri eusten. Hemen, Guadalajarako txoko eder honetan, eskalada tradizionalak ingurune naturalean kirol-eskaladaren aurrean dituen onuren lekuko izan naiz.



Ebro ibaiaren arroa amai gabea laino lodi batean murgilduta zeharkatu dut. Iruñean sartu naiz mantu hotzean, eta Calatayudera iritsi arte ez dut gainetik kendu. Eguzkiaren argi bizigarriak lasaitu egin nau lautada zabalaz jabetu denean, nondik noan ikusteak nire baikortasuna areagotu du. Ohiko bidetik kanpo noa, Tajo gaineko lurrak berriak dira niretzat, mapan kokatzeko asmoa daukat.


Harri zurizko harresi luze batek ongi etorria ematen dit. Horma sendo hau Molina de Aragon babesteko eraiki zuten garai gogorragoak zirenean. Haranaren hondoan, horma banatzailea zeharkatuz, giza liskarretatik at, Gallo ibaia igarotzen da, eta haren bideari jarraituz jaitsi behar dut barranco de la Hoz-era iristeko.


Ibar zabala zeharkatzen duen errepide estu batetik noa, ibaia ondoan daukat, hori ibaiertzetako zuhaixkek adierazten didate, ez baita ubidea ikusten. Mendixka luze eta arbolatsu batek bidea ixten dit. Erreka txiki honek zeharkatuko al du oztopo hori?
Harri gorrizko dorre batzuk ikusten ditut barrera horren magalean, ur gardenak beren itzaletan galtzen dira, hau izango da Barranco de la Hoz, Gallo ibaiak milioika urteko pazientziaz landutako trokartea.

7 paredes 7 jamadas hartutako krokisa

Azkar identifikatzen dut eskalatu nahi dudan horma, pared del buitre, eta azpian dagoen aparkaleku erosoan uzten dut furgoneta. Kotxe bat dago, bi lagun eskalada materiala prestatzen ari dira. Agurtzen ditut galdera mordoa egiten dieten bitartean. Beraiek ere jakin mina dute, bakarrik eskalatu behar duzu?
“Todo es de color” bidera doaz, nik “Caballo loco” eskalatu nahi dut. Ondoan daude, baina ez gara ikusiko, bi pitzadura itzelak pareta bertikal batek bereizten ditu.


Ez dut gustuko bidearen hasieran eskalada materiala gastatzea. Friendez bilera muntatu beharrean naiz, ez dago soka lotzeko beste aukerarik. Aparkalekuan aurkitu ditudan eskalatzaileak bidearen hasiera krudela jarri didate; horma kurioso hauen hasiera harri koskorrak eta lurrez eginiko konglomeratua da, eta errespetu handia ematen du. Zihurtatzen dut “Caballo locoren” hasiera ez dela txantxetakoa. Hondartzan nagoen sentsazioa daukat, harri koskor labainkor asko hareaz josita daude, gorago dagoen hareharriaren ondorio, heldulekuak hatzekin garbitu beharrean naiz.


Bi luzeetan eskalatzen dut “Caballo loco”, laurogei metroko soka eraman dut. Gustuz iritsi naiz bidearen bukaera, egin berri ditudan bi lagunekin batera. Fisikoa da oso eskalada, Galvezek zioen bezala Ordesakoaren antzekoa.


Bi eskalatzaileekin solasaldi bizian jaisten joatea ez da oztopo nire inguruan gertatzen ari dena hautemateko; ilunabarrak hareharriaren laranja kolorea bizitu du. Enborrak okertuta dituzten pinuen itzalak luzatu dira. Sakanaren hondotik igotzen den airea epela da. Zer hobeto gaueko iluntasun hotzari ongi etorria emateko?


Ez dut eguna asteko presarik, eguzkiari bere lana egiten utzi behar diot; behelainoa uxatu eta bazterrak epeldu. Molina de Aragón ezagutzeko aprobetxatuko dut. Norabiderik gabe, argazki kamera eskuan, kale laberintikoetan galtzen naiz.
Juduteria deitzen dioten auzoa eta Gallo ibaiaren gainetik igarotzen den zubia dira garai bikainetik geratzen zaizkionak, harresi handietsuen ondoan, noski. Azken hauek dira Gaztela-Mantxako herri honi nortasuna ematen diotenak. Arabiarrek sortutako herria, errekonkistaren ondoren, Aragoiko erresumaren erasoetatik babesteko, harresi sendoak eraiki zituzten. Gero, bake eta prospreritate garai batean, pixkanaka-pixkanaka herria harresitik kanpo altxatzen joan zen, Gallo ibaiaren ertzean.


Ez zait gustatzen hankak uretan sartu behar izatea. Hotz egiten du errekan. Ez dago beste aukerarik "Pañoleta blanca" bidearen oinarrira iristeko. Beno, bada beste forma bat, erreka zeharkatzen duen zuhaitz-enbor bat, bi ertzak lotzen dituena. Nahiago dut hankak bakarrik busti gorputz osoa baino.


Ikusgarria da "Pañoleta blanca" bidea, behetik ikusita, pitzatutako diedro bertikal eta zuzena, ez da erlaitzik ikusten.


“Caballo loco” bidearen hasierako hondarraz kexu banintz, “Pañoleta blanca”-ren hasiera Kontxako hondartza da, eskerrak ez den ain bertikala.
Bide honetan, lehen luzeetan behintzat, bileratan zeozer dago. Lehen luzeko bilera haitz zubi batean egiten dut, friendez lagundu beharra dago.




Bigarren luzaren sabai pitzatua zaila izango dela oinarritik ere sumatu dut, baina beti duzu oparitxoak egongo diren itxaropena, oinak batik bat. Ez da horrela luze krudel honetan, garbantzuaren tamaina duen harritxoa kenduta, non katu-oinen punta kokatzen duzun, oinak arrastaka eramanez joaten zara. Beraz eskuak pitzaduran ondo sartuak izatea da giltza.
Sabaia pasa eta hiru iltzeak osatzen duten bileraino tartea dago oraindik, gainditu berri dudan zailtasuna onik pasatzeak ilusioa berpizten dit.


Hirugarren luzeko bilerara ere gustura iristen naiz, erlaitz zabala eta erosoa da. Zutik egon ahal izateak arnasa hartzeko eta igo berri ditudan hiru luzeen balantzea egiteko aukera ematen dit, izugarria izan da diedro honen eskalada.


Festa ez da bukatu. Ezkerretara egiten den zailtasunik gabeko zeharkaldi batek arrakala zuzen eta bertikal batera eramaten nau, ederra da ere zati honen eskalada. 

Ez dut laugarren bilera muntatzen, aurrera jarraitzen dut, sabelean korapiloa dudala tximinia maltzurrean sartzen naiz.


Pared del agua gailur txatoa izugarri ederra egiten zait. Pitzaduratik irtetean, hareharrizko begiratoki batean nago, forma bereziekin. Paisaia, basati ikusten bada ere, atsegina da, kontenplaziorako aukera ematen du.
Pozik biltzen ditut eskaladan erabilitako materialak, eta irribarrea aurpegian dudala, jauzi egiten hasten naiz hareharrizko blokeen artean, pinu sufrituei itzuri eginez, beheranzko bidean, errekarekin bat egiteko. Oraingoan bai sartzen ditut plazerrez handiz oinak ur hotzetan, ez zait kosta ibaia zeharkatzea. Egia esan, ez dakit zergatik nagoen hain pozik; aspaldi galdu nuen harrokeria, inoiz izan badut.


Gaua Corduente herrian pasatzen dut. Ez du ezer berezirik; eliza xume bat herriko kaskoaren gainean, kale estuak. Ezagutu nituen bi eskalatzaileek gaua begiratokian pasatzeko esan zidaten, leku aparta baita. Kiroldegiaren ondotik igaro nintzenean, han geratu nintzen, giza epeltasun handiagoa nabaritu nuen.
Goiz itzalian lainoak trabak jartzen dizkio eguzkiari. Denbora ematen diot astro argitsuari gortina hotza xurga dezan. Ehiztari koadrila bat dago zakur pilo batekin basora ateratzeko zain. Haiek ere, ni bezala, hotz justuarekin hobeto.


Lehen eguneko aparkaleku berdinean uzten dut furgoneta. Bi eskalatzaileak egin zuten bidea igo nahi dut, “Todo es de color”.
Hasierako erlaitz estua baino metro batzuk beherago zuhaitz bat dago. Hori ondo hastea da, soka bertan lotu eta haitzean gora eskalatzen dut. Hareaz zipriztindutako harri koskorrak leku honen ezaugarrietako bat dira, harri pitzatuarekin batera, biek leku paregabe hau sortu dute.


Asko gustatu zait "Todo es de color" bidea, gozatu dut, sekulakoak iruditu zaizkidan eskaladako mugimendu atletikoz beteta dago, gorputzeko edozein atalek parte hartzen du grabitatearen aurkako borrokan. Bi luzetan eskalatu dut bide eder hau ere.


Baso harritsuan behera nindoala, misterio baten jakin-minak hartu dit. Hiru egun hauetan, hormetako gailurretatik jaistean, lurrezko ontzi zatiak ikusi ditut basoan sakabanaturik. Ez bat edo bi, asko, eta errekaren bi ertzetan. Zer dira? Zergatik daude hor?

Ermita ondoko ostatua itxita zegoen, eta ezin izan diot inori galdetu, agian hurrengo bidaian lortuko dut enigma hori argitzea.


Etxerako bidaia beste bide batetik egiten dut. Soriako lurretan sartzen naiz, Moncayoren azpian Nafarroako erriberako laino iraunkorrekin bat egin arte. Xirimiri gipuzkoarra gogaikarria da, baina hau ez da hobea.





































































3 iruzkin:

  1. Los " tiestos" sin agujero se usaban para recoger resina de los pinos.
    bikerska@hotmail.com

    ErantzunEzabatu
  2. Motociclista NOO! bikerska@hotmail.com

    ErantzunEzabatu