Kosta egin zaio Ipizteri orrialde hauetan bere lekua hartzea. Duela aste pare “Txikizioa Gelditu” bidea egin nuenean, sarrera osoa izatearen meritu guztiak bazituen ere, ez zitzaidan iruditu nahikoa eduki zuenik horretarako, eta informazioa galdu ez zedin, Andastoko horman eginak nituen beste bide batzuekin batera sartu nuen. Ez nintzan gustura gelditu. Informazioa horrela partekatzean, gero ezinezkoa zitzaidan web sarean bilatzea. Adibidez, "Ipizte eskalada" bilatzailean idazten banuen, ez zidan espero nuen emaitza ematen. Orain, “Mutiko Guatorrak” bidea, Hiruaitzeta bekoa orratzean, Aritz eta Aparekin batera eskalatu ondoren, eskalada honen berri ematera bultzatzen nauten material grafiko eta narratibo batekin egin dut topo, eta zuekin modu sakonagoan partekatzea pentsatu dut. Era horretara orri propioa izango du Ipiztek eta errazagoa izango da informazio horretara iristea.
Atzetik aurrera hasiko naiz narrazio honekin, azkena izan den eskaladarekin, Apa eta Aritzekin batera igo dudan “Mutiko Guatorrak” bidearekin.
Gutxi dira kontatu nahi dizuedan hau bezalako egunak, hain arraroak egiten zaizkigunak, non Apa, Aritz eta hirurok goiz lainotu horretan Beasaingo Bernedoko aparkalekuan geratu ginenean, nora joan behar genuen erabakitzerakoan, hutsune mentaleko une batean sartzera eraman gintuen. Hego haizeak tragediaz bustitako hodei beltzak ekartzen zituen gureraino, suntsipenaren eta zaurgarritasunaren oihartzun hezeaz beteak zetozen lainoak ziran, eta iparraldera begiratzera behartu gintuen, mantu ilun eta trinko horretatik ihes egiteko.
Esan dizuedan guztia okerra irudituko zaizue Arabara joan ginela esaten badizuet. Baina Arabako lurraldeak eremu atlantikoa du, iparraldera begira dagoena, Aramaio. Beraz, Gipuzkoako bihotzean barrena, Arrasate industrializatua zeharkatuz, Aramaio izena duen ibaia jarraitu genuen Ibarra auzoraino. Arro estutik doan errepide nagusia utzi eta herri eder honetan sartu ginen, Ibarra auzoan hain juxtu ere. Hemen daude, euskal autonomia erkidegoko herririk handiena denaren udala, dendak eta tabernak, baina guk udalerri hau osatzen duten auzo ugarietako baterantz jarraitu nahi genuen, Etxaguen auzorantz.
Etxe ondoan leku miresgarriak aurkitzeak, mitifikatuta ditugun lekuetara urrutira bidaiatzen dugunean bezala, bizi sentsazio berberak sentiarazi ditzakigukete, eta horrek harritu egiten gaitu, aurrean izan ditugulako eta ordura arte ikusten jakin ez ditugulako.
Errepide estuaren bihurgune itxi batetik irtetean nire begi antsiatsuen aurrean agertzen den panoramikak liluratu egiten nau; atzean, mendi harritsuak berde biziz blai, eta irudiaren erdian, argazkiari sakontasun handiagoa ematen, Etxaguengo eliza txiki eta sendoa, inguru zoragarri honetan bizi diren jendearen baserriaz inguraturik.
Errekatso saltarinaren gainean dagoen iturri emankorraren alboan utzi genuen furgoneta, eta motxilak prestatu ondoren Orixol mendira doan bidea hartu genuen. Seinale eta marka zuri-horiz pintatua dago ibilbide hau.
Hizketaldi alaiean galtzada zabalean gora gindoazela, beste ikuskizun baten lekuko izan ginen, milaka usok zerua hartu zuten gure buruen gainean espektakulu akrobatikoak eginez. Urte asko atzera egin behar dut hainbeste uso elkarrekin ikusi nituen azken aldia gogoratzeko, nire txikitako garaietara. Baina hori ez zen izan gehien harritu gintuena, ez genuen tiro bakar bat ere entzun, usoak libre ari ziran pasatzen Ipizte gainetik, eta lasai jarraitzen zuten migrazio luzean.
Leziagako lepoa edertasun handiko gunea izateaz gain, gure eskaladan erabaki estrategiko bat hartzeko lekua ere izan zen, nondik hurbilduko gara Hiruaitzetako orratzetara?
Egun batzuk lehenago mendi-lepo paregabe honetan egona nintzenez ideia orokor bat nuen inguruan orientatzeko. Oraingoan iparraldetik doan bidezidorra hartu behar genuela egokiagoa iruditu zitzaidan, pagadian barrena, hegoaldeko isurialdeko zelai malkartsuak sahisteko, aurrekoan hortik “Txikizioa Gelditu” bidearen oinarrira iritsi nintzen. Bide ezezagun bat hartzeko erabaki horrek konpromezuan jartzen ninduen nire lagunen aurrean, nire orientazio-gaitasunaren mende baitzegoen alderdi horretatik orratz lirainera iristea. Arazorik gabe iritsi ginen, baina, beti gertatzen den bezala, bide egokiagoa jeisterakoan aurkitu genuen, eta hau da azalduko dizuedana.
Iparraldetik doan bideak Ipizte mendiaren tontor zabala zeharkatzen du. Bide honek beheranzko joera du eta, gainera, noizean behin bide berrietan banatzen da. Beraz, guk, goiko bidezidorrari jarraitu genion. Mendi magal ireki bat zeharkatu ondoren, pagadi-basoan sartzen da berriro bidea. Harrizko dorre handi bat dagoen lautada batean, jarraitzen ari garen bidexka hau utzi behar dugu hegoaldeko norantzkoan igotzen hasteko. Hartu behar dugun bide berri hau gezi gorriekin markatuta dago. Mendi-hegaletik gora egin ondoren, ertzetik hurbil, arrasto gorriak utzi eta mendi-lepo nabarmen batera joango gara. Mendi-lepo hori irabazita, mendi-mazelaren beste aldean, edertasun ikaragarriko paisaia batean, igo nahi dugun orratzaren bizkarra agertuko zaigu. Basoko lautada bateraino jaitsiko gara, eta hemen, orratzaren eskuinaldean dagoen belar-kanal nabarmen batetik kontu handiz jaitsiko gara bidearen hasieraraino, ez dago galerarik.
Hegoaldeko isurialdetik ere irits daiteke orratz hauetara, eta ez da zaila ikusten, bakoitzak erabaki dezala nondik jo. Nik, guk egindako hurbiltzea deskribatu dut.
Aritzek arnesean kokatu zituen bi sorta on friend eta bidea eskalatzeari ekin zion. Lehen luzea polita ikusten da, eskalatzera animatzen zaituzten horietakoa, diedro pitzatu nabarmena da.
Gure etxe inguruko eskaladek berezitasun bat dute, eta horrek desberdin egiten ditu, askok giro basotsuan gertatzen dira. Hiruaitzetako pago basoan aurkituko dugun hezetasunaz gain, argitasun gutxiago dagoenez, giro itxiagoa sortzen du, ia klaustrofobikoa, eta horrek gehiago areagotzen du gure antsietate puntua.
Aritz ez zen zuhaitz erraldoien eraginetik atera ia diedroaren gaineko erlaitzaren bileran egon zen arte, eta una lasaiago horretan Aritzen ahotsa entzun zen, etengabeko hego haizeak astindutako udazkeneko azken hostoen xuxurlak baino ozenago, < < joder con los 6a.
Itxuran bigarren luzeak ez du zerikusirik lehenarekin, antagonikoak dira, beste horma batetara mugitu garela ematen du. Marroi argia duen murro tentea da, forma kapritxosoek helduleku eroriak ematen dituena. Harresia gainditzeko erronka are handiagoa izan dadin, erliebe gisa harria markatzen duten koralak liken fin batez estalita daude, irrist egingo duzunaren sentzazioa areagotuz. Ez da erraza bigarren luze hau, kateatzeko fin ibiltzeaz gain kemena erakutsi beharko dugu.
Hirugarrenean, abiapuntura itzuliko bagina bezala, harkaitz grisa aurkituko dugu berriro. Tirada hau ere ederra da, zoragarria, ezin hobea orratz puntara iristeko, behatoki pribilegiatura: Orixol eta Ipizte mendiek atzean daukadana ezkutatzen didaten arren, begien aurrean dudan bistak konpentsatzen duela ziurta diezazueket, paisaiaren edertasunak hunkitu egiten nau. Gipuzkoa aurrez aurre daukat, Udailaitzetik Aiako Harrietara. Perspektiba honetatik Txindoki mendia Orkatzategi mendia baino txikiagoa ikusten da. Aizkorriko katea bi mendi hauen artean dago. Elgea mendilerroaren puntak azken horren luzapenak dira, eta Arabako lautada ezkutatzen dit gailur eztanda horrek. Ez ditut ikusten ere ibai-arroen sakonean iltzatutako herriak, baina sumatzen ditut, haien taupada sentitzen dut, jendearen joan-etorria, haien eguneroko zeregina.
Apa da punta zorrotzera iristen lehena, bosteko zintzoa ematen dit harri bloke batean eseritzen delarik. Aritz dator gero, irribarretsu, zoriontsu, zer gehiago behar dut zoriontasunera iristeko?
Rapel motz batean orratzaren atzeko urkilaraino jaisten gara eta ibilitakoa desegitea besterik ez zaigu geratzen.
2024/10/14 Txikizioa Gelditu
Laburra da Ipizteko horman eskalatzeko aukera, erregulatua dago haitz eder hauetan jarduera, soilik urtean hiru hilabetez gozatu dezakegu gure kirolaz harri zuri horren taktoaz, irailak 15tik abendua 31arte.
Aurten ez nuen Txikizioa gelditu bide eskalatu gabe utzi nahi, aurreko urteetan konturatzerako debekua gainera etortzen zitzaidan eta ezinean geratzen nintzen.
Planik gabeko egun arraro horietako batean, nire inguruan inork ez zuen eskalatu behar, aprobetxatu dut Ipiztera joateko.
Iñigok pasatu zidan krokisa eta oso ona zela adierazi. Azkoitiarraren iritzian konfiantza osoa dudanez egin beharrekoen zerrendan sartua nuen bide hau.
Aramaio herrira joan beharko gara horma honetara modu erosoenean iristeko, eta, Etxaguen auzora igo. Bertan kotxea utziz, PR moduan balizatua dagoen bide erosoa segituko dugu Leziago leporaino. Hemendik, txundigarria den paisai batean, ekialde norabidean, hormaren azpira segituko dugu ahuntzen joan etorriek markatua duten bidexka bat.
Nahiz eta Ipizte horma puska bat den, 200 metro altuera dauzka eta beste hainbeste zabaleran, ez da kontinuitatea erakusten duen pareta, haitz zati onak bilatu beharra daude. Txikizioa gelditu bideak maisuki egiten du hau, era bikainean kalitate handiko haitz plakak elkartzen ditu eskalada bide ona sortuz. Eta ez hori bakarrik, eskalada garbiaren bilakaeran txapela kentzeko ahalegina bistakoa da, honetan ere eskalatzaile handiak direla erakusten dute. Konklusioa, bide honek ez duela eskalatzera doan inori axolagabe utziko.
Bakarka igo dut Txikizioa gelditu, eta krokisean bistakoa denez normalean baino lan gehiago izan dut burutzeko. Aipatu dudan haitz plaka sendoen bilatze horretan zeharkaldiak egiten ditu bideak, hirugarren luzean nabarmenduz. Honek, soka askatzera jaitsi behar duzunean; maniobra hau derrigorrezkoa da bakarkako eskaladan, puntu zehatz batzuetan soka frakzionatzea eskatzen du.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina