2023(e)ko martxoaren 26(a), igandea

PEÑA MONTAÑESA - Leyendas de Patones, La del Centro

 



Sarrera hau irakurtzeko pazientzia baduzue, aldaketa batez ohartuko zarete, akats bat zuzentzeko hartu dudan erabakiaz. Ez da izan azkar gertatu den gauza bat, une batean, bere denbora behar izan du sendotzeko eta gauzatzeko. Izan ere, zer dago barkamena eskatzea baino ausartagorik? Eskalada, behintzat, ez.
Ez dena aldatu historia ematen den lekua da, horma bera da, Buerda Orratzen dorre ikusgarria, eta bere gailurrera igotzeko nire gogoak. Baina ikus dezagun pausoz pauso.



Euritan iritsi ginen Oncisera, gaua itxia eta desatsegina zen. Furgonetaren fokuen argia ahula bazen ere gai izan nintzen herrixkan aldaketa batzuk ikuskatzeko; lehen aurrerabidearen arrastorik ez zegoen tokian orain kotxentzako aparkalekua eta bide zidor seinaleak zeuden. Horrek zer pentsatua eman zidan; eskalatzaileak hamarkadak daramazkigu inguru paregabe hauetan endredatzen, gora eta behera mugitzen gure trasteekin, eta ez ditugu infraestruktura guzti hauen beharrik izan. Hodei beltzak iragarri nituen, garai txarrak naturaren alde basatiaren maitaleentzat, beste behin ere eskalatzaileak izango gara filmeko gaiztoak.



Aurreko gaueko ekaitzaren ondoren, sinestezina zirudien egunsentia argia eta atsegina izateak, lozakuen babesean jarri ginenean zerua gure gainera erortzen zen, hurrengo egunerako eguraldi onaren iragarpena okerra izango zela apustu egin genezakeen. Gosaria luzatu egin zen; Chemarik eta biok denbora asko generaman elkar ikusi gabe, gauza asko genituen kontatzeko. Eta zer hobe, Peña Montañesako kareharrizko horma erraldoiak lehen eguzki izpiek laztantzen hasten diren une labur horretan, furgonetaren erosotasunean kafe mingots on bat hartzen dugun bitartean solasaldi alai bat baino?
Ez genuen presarik, bide berriak irekitzeko asmorik gabe gindoazen, eta eskalatu nahi genituen bideak ez ziren luzeak, horrek ematen zigun denbora erritmo lausengari bat hartzeko.


Bi bide generamatzan buruan; Leyendas de Patones eta La del centro, azken honetatik hastea erabaki genuen, lehorragoa egongo zela pentsatuz. Oso pareta tentea da Canal Mayorreko horma, sabaiz betea; gogoan dut Kepa Escribanorekin Ordesa en Montañesa bidea eskalatu nuenean euria ari zuela eta modu duinean egitea lortu genuela. Asko gustatu zitzaidan aipatu dudan bide hau, eta oso ona iruditu zait La del centro; bigarren eta hirugarren luzeak espektakularrak dira, baina batez ere hirugarrena nabarmentzen da.






Irteera honen helburu handinahia ez zen deskribatu dudan bidea; ilusioa beste linea batean jarrita neukan, Leyendas de patones bidean, agujas de la Buerda erakargarrian.

Idazten ari naizen honetan, sarrera hau nola konposatu buruhaustean nahastuta nagoela, Buerdak oroitzapenak ekarri dizkit, eta orratzera itzultzeko gogoa beste arrazoi batengatik izan dela pentsatzera iritsi naiz; eskalada honek kapitulu bat ixteko edo berriro hartzeko aukera eman didalako izan dela ausnartu dut. Izan ere, hainbeste esan nezakeen eta ezer esan ez nuen eskalada bat zama handia izan da niretzat urte luze hauetan: La prima bidearen kronika ahulean irudi batek protagonismoa hartu zuen, izenburuaren balizko komikotasunari umorea kenduz. Beraz, Buerda orratzera bueltatzeak krokisa berrikusteko aukera eman dit eta erabaki bat hartu dut; argazkia ezabatzea. Hemen duzue sarrera horren esteka:


Honekin Que riesgo tiene la primari buruz idatzirik gabe utzi nuen azalpena gehitzen diot Leyendas de Patones bidearen kronikari:

Gogoan dut Peña Montañesarako bidaian irrati guztietako albistegietan ekonomiari buruzko albisteak baino ez zirela entzuten, eta hitz bat zela, niri gaztelaniaz aditzean, grazia handia egiten zidana: arrisku-saria edo prima de riesgo.

Modu horretan elkartu nintzen Chemarirekin Oncinsen, egoera ekonomikoak grazia handiagoa ematen zidala kezkatzeak baino. Izugarri dibertitu ginen elkarrekin egon ginen bi egunetan; Madrildar eskalatzaile handiarekin izan ditudan topaketa guztiak alaiak eta umoretsuak izan dira eta dira gaur egun ere.

   Agujas de la Buerdan txunditu ninduen bide zaila eta konpromezu handikoa zabaldu genuen. Eskalada honi izen bat jartzerakoan, duen edertasuna eta konpromezua goraipatu nahian, Montañesako bidaian irratian ekonomiari buruzko albisteetan entzun nuenari hitz joko barregarria egin nion, "Que riesgo tiene la prima", izenburu bezala bururatu zitzaidan eta horrela proposatu nion nire lagunari. Honek berehala baietz erantzun zidan. Beraz, Buerdako orratzean bizi genuenaren krokisak, gure abentura pertsonala islatzen, sexu-desiraren balizko arriskuak eskaladakoekin parekatzen saiatzen da; bulkadaz bakarrik jokatzen badugu, segurtasun-neurririk hartzen ez baditugu, kolpe ederra har dezakegu.

Baina akats bat egin nuen: Behin etxeratu nintzenean, Chemarik eta biok ireki genuen bide itzelaren krokisa marrazten ari nintzela, paper gainean espazio zuri bat geratzen zen, bibujoaren trebetasuna banu neure eskuez marrazki batekin beteko nukeena. Bibujoaren dohaina ez dudanez, niri erakargarria egin zitzaidan argazki bat aurkitu nuen interneten, eta krokis polemikoan itsatsi nuen gero. Eta hortik ondorioak; krokis xumeak zeharkatu behar ez zituen zelaiak zeharkatu zituen, eta horma handitik kanpoko giroetan epaitu zuten, eta ez nago batere harro horretaz, eskalada baten berri emateko sortu baitzen.

Ausnarketa egin diot guzti honi, eta iritsi naiz gaizki ulertu honen arrazoia argazkiko imagenak estereotipo bat islatzen duelako izan dela, ez delako irudi orokor bat, egokiagoa litzateke argazkiak emakume guztien edertasun sexuala islatuko balu; aurkitu ez dudanez, krokisean fede onez jarri nuen argazkia erretiratzen dut. Eta zin dagizuet argazkia ezabatu dudanean lasaitasuna sentitu dudala, eta, aldi berean, bide eder honen krokisak gehiago erakarri nauela; gauzak nola aldatzen diren.



Guzti hau esanda heldu diezagun sarrera honen protagonistari, Leyendas de Patones eskalada bide ikaragarriari:

Madrileko lagun talde batek lagunduta, eta ziur nago umore bikainez, 2014an sortu zuen Chemarik Leyendas de Patones bidea. La Prima bidearen ondoan, pitzadura sistema nabarmen batean, hasten da Leyendas de Patones. Eta paraleloan doaz bi bide eder hauek, harik eta laugarren luzean, trabesia luze batez, arrokazko plaka trinko bat ezkerretik eskuinera gurutzatzen duen. Hasierako luze hauek zailtasun-maila ertaina badute ere, eskalada garbikoak dira, eta Chemariren zigilua dute; beraz, lasai eta tentuz igo behar dira. Ikaragarri gustatu zaizkit.





Laugarren luzearen ondoren, Leyendas bideak beste bide on batekin egiten du topo, Devorando la vida. Bosgarren luzean, une batez, elkar ukitzen dute, baina azken bide honek eskuinetara dagoen arrail zabal batetik jarraitzen du eta Leyendasek ezkerretara dagoen haitz plaka zorrotz batetik. Luze hau, bosgarrena, zen gure erronka. Ireki zutenean, ezin izan zuten behetik kateatu, eta ordutik galdera ikur bat darama krokisak. Nire masailak harrotasunez gorritzen dira galdera ikurra hau kendu ahal izan diodalako: Lehen begiratuan argi ikusten da arrokazko plaka leunak zailtasun handia duela. Oin finak erabiliz eta helduleku txikiak hartuz, pausoz pauso, aurrera egin behar da. Hiru parabolt daude harkaitzezko plaka zorrotz honetan jarrita, eta esan behar dut, azken paraboltaren txapajea ez dela eskura geratzen, bidetik kanpora ateratzen zaituela, soka pasatu ondoren hasierako posiziora itzuli behar izateko. Hemen mugimendu zail batzuk egin behar dira harkaitzezko belarri on batera iritsi arte, friend bat jartzen da, eta oinik gabe, regleta bertikal fin txiki batzuk hartuz, irten egin behar da konpromiso egoera horretatik, adrenalinarekiko mendekotasuna dutenentzat gozamena. Hor ez da festa amaitu, nahiz eta zailtasun-maila jaitsi, oraindik 25 metro geratzen dira bileraren segurtasunera iritsi arte.
Azken luzea, seigarrena, blokeen arteko paseotxo bat da, eta arretaz heldu beharko zaie, helburua Devorando la vida bideko rappeletara joatea da, hortik jaitsiko baikara.


Irteera honetan bi eskalada bide txiki eskalatu ditudan arren, aurrera pauso handia eman dudanaren sentsazioa daukat. Mendiak, natura, ez dira aldatzen, edo gu ez gara gai eraldaketa horiek hautemateko. Aldiz, pertsonak, ikasteko jaio gara, eta horrekin eboluzionatzeko.





























3 iruzkin:

  1. Si no fuera por que es un hecho, diría que tu frase "los escaladores serán los villanos",es profética. Malos tiempos para los que elegimos el otro lado. Un abrazo, Mikel. Agus.

    ErantzunEzabatu
  2. Salir al monte, ir a escalar, y sentirme un delincuente, es algo que nunca hubiera imaginado. Un beso, Agus.
    Mikel

    ErantzunEzabatu
  3. Askatasuna edozein guneetan eta edozein modutan aldarrikatzen duten garai hauetan, askatasunaren gainbeheran guztiz sartuta gaudela konfirmatzen du.
    Askatasuna lortzeko borrokatu egin zutenen arrastoez beteta dago Montañesa. Jakin nahiko nuke bertan egon zirenen iritsia, naiz eta gaurko "eboluzioaren" edo "inboluzioaren" ildotik ez joatea.
    Garbi daukadana da, autozentsuraren hitzaren barnean askatasunaren kontrako hitz polotoa dagoela. Inorri min egin nahi gabe eta askatasunaren alde gaudenon ausnarketa sakona egiteko textu hau idazten dizut/diet/diot, benetan zertan gabiltzan gure buruari galdetzeko.
    Besterik gabe, besarkada bat, Iker Artola.

    ErantzunEzabatu