2022(e)ko uztailakren 2(a), larunbata

PEÑA MONTAÑESA * Peña Agujereada - Una cervesa més / Punta Jabali - Martin cuida tu jardin

 


Beste bat naizela ez dut zalantzarik, Peter Parkerrek armiarma gizon mozorroa janzten duenean bezala, edo agian Stanley Lpkiss lotsatia, aurpegia zurezko maskaraz estaltzen duenean neurrigabekerian sartzen dena. Horrela sentitzen naiz mendian.



 
 
 Niri eskaladak eraman ohi dudan maskara kentzen dit, edo agian jarri, ez dago alderik, esan nahi dut haitzetan gora noanean beste bat sentitzen naizela, jokabide antagoniko bat antzezten dudala. Amildegiaren ertzean egoteak adorez betetzen nau, indartu egiten naiz, egozentriko bihurtuz.



Mendia ez da lotsagabearen mozorroa janzten dudan leku bakarra, bidaiatzean euforia egoera horretara ere irits naiteke. Nire gelako armairua zabaldu besterik ez dut kontatzen ari natzaizuena baieztatzeko: arropa koloretsu eta argitsua daukat apal batean gordeta, galtzak dira gehienak, urteetan zehar bidaia desberdinetatik ekarri ditudanak, eta inoiz janzteko adorerik izan ez dudanak.
Armairua garbitzean, ez ditut inoiz bota arropa desinhibitu horiek, zeren eta, konturatu bainintzen erosi nituenean helburu batekin egin nuela, lotsagabearen mozorroa neramala jantzita, eta pentsatzen nuen agian egunen batean konplexurik gabeko pertsonaia hori ager zitekeela.



Laspuñan nago, La Colladako pistarako tiketak saltzen dituen makinaren aurrean. Hiru euro balio du pista amaigabe horretan ibiltzeko baimenak. Urdailak ziztada bat ematen dit, baina hiru txanponak makinaren zirrikitutik botatzen ditut, pertsona arduratsua naiz. Makina itsusiak baliorik ez balute bezala botatzen ditu txanponak. Dirua bildu eta bigarren aldiz saiatzen naiz, ziztadak nabarmenagoak dira oraingoan. Makina madarikatuak txanponak berriz botatzen dituenean metamorfosia osatuta dago: pertsonaia antisozialak dirua jaso eta mendira ihes egiten du.



“Una cervesa més” horrela du izena El Cabezon de la Peña Agujereadan eskalatu dudan bideak. Eskalada bide eder honen izena maskara kentzeko apologia da; izan ere, gizarteak edari alkoholdunak erabiltzen ditu nortasuna eraldatzeko, eta hori errotuta eta onartuta dago, usadio bat da.




Eguna okertua zetorren, eta ez nengoen mozkor. Asko kostatu zitzaidan Una cervesa més bidearen hasiera bilatzea, hain sakona zen nire nahasmena Bruna bidearen lehen luzea igo nuela.
Akatsa zuzendu nuenerako, goiza aurreratuta zegoen, eguerdiko hamabiak inguru izango ziren garagardoaren bidearen azpira iritsi nintzenean. Garaiz jaitsi nahi nuen Ainsara, familia zain nuen kanpinera, baina eraldaketa gauzatua zegoen eta oraingo pertsonaia berekoi hutsa zen, gorantz jo zuen.



Asko gustatu zait “una cervesa més” bidea, naiz eta bakarka eskalatzeko egokiena ez izan, zeharkaldi luzeak ditu, mozorrotutako pertsonaia distiratsu ibili zen. Azken aurreko tirada, 7akoa, ikaragarri ona da, pitzadura bertikal garbi batetik gora doa, ondo berotzen dizkizu besoak.



Beherakoan, azken errapela muntatzean, eztarri lehorretik atera zitzaidan herstura garrasiak izutu egin ninduen, eguna zeharo okertuta zegoen, azken aurreko bileran telefono mugikorra eta zapatilak utzi nituen, bi eskalada luze gorago.




Ez dakit ulertzeko gai izango zareten, edo maskaratuarekiko enpatia izatera iritsiko zareten, baina hiru aldiz soka luze berak eskalatu behar izateak ez du parekorik. Gainera, hau ez zen gertatu zitzaidan azken arazoa izan, gehiago eta zirraragarriak daude, baina zuek ez aspertzeko beste istorioa kontatzera pasatuko naiz.


Oporraldi lasai hauek pasatu ahal izateko bigarren eskalada irteerak Oncinsera eraman ninduen, punta Jabali hormara. “Martin cuida tu jardin” bidea eskalatu nuen. Bide honek, aurrekoa bezala, Alberten sinadura darama, kalitatearen zigilua beraz.



Ohikoagoa da niretzat Montañesaren alde hau, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Natxo Fernandezekin batera Sobarbeko ertza eskalatu nuenetik, askotan egon naiz hemen, gehienetan Chemari nekaezinarekin.



Eskaladarako bide laburrak aukeratu izana, pentsa dezakezuen bezala, bi arrazoirengatik da: ez dut egun osoa horman eman nahi, familiaz ere gozatu nahi dut. Eguraldiaren iragarpenek ekaitzak iragarri dituzte, eta badirudi goizak eutsiko diola. Ziur nago sokadan etorriko banintz, edo arrazoi zehatz batengatik ez bada, ez nituzkeela eskalada bide horiek aukeratuko. Baina oso onak dira, nahiz eta txikiak izan asko betetzen dute.




Ainsa inguruan paseatzen ari nintzela aurkitu nuen artzainak arrazoi du, oso lehorra dago dena. Maiatzean eta ekainean ia ez omen du euririk egin, kezkatua zegoen. Artadi ederrean gora nindoan bitartean, Punta Jabaliko hormaren bila, Sobarbeko airearen zaporea aurpegian tatuatuta zeukan gizon hura gogoratzen dut. -penagarri dago dena, pentsatu nuen, - deskuidu batengatik basoa pospolo kaxa bat bezala erre daiteke.



Horma azpira iritsi bezain laster konturatzen naiz bere edertasunaz; horma tentea da, forma berezikoa: diedroak, sabaiak, desplome handien azpian txorrotada nabariak ere baditu, txikia baina borrokalaria.



Bide honek, kontatu dizuedan aurrekoak bezala, zeharkaldi handiak ditu bere ibilbidean zehar, eskalatzaile bakarti batentzako lan gogorra, - Ea nola moldatzen den maskaratua.



Martin cuida tu jardin oso eskalada bide ona iruditu zait, arroka perfektua du eta eskalada mugimendu ikaragarriak. Krokisa begi aurrean eramatea gomendatzen dut, bidea alde batetik bestera doa harkaitzezko oihal ezin hobean zehar. Hau ez da mozorrotuaren kasua, sortzaileen logika arakatzea nahiago du honek. Azken luzea eskuinetik igo nuen, txalogarria iruditu zitzaidan, mundiala.


Eguna egundokoa zen, harik eta hondamendia gertatu zen arte. Soka osagarria trabatu egin zen eta ezin nuen berreskuratu. Bakarrik eskalatzen dudanean, eta bide beretik errapelatu behar dudanean, soka fin bat eramaten dut errapelak berreskuratzeko. Soka osagarria eskalada sokaren atzeko muturrera lotzen dut, eta igo ahala nirekin dator. Bide honetan, bere oztopo ikusgarriekin, eta, batez ere, gailurrera iristean soka ez berreskuratzeko izan nuen akatsagatik, ziur aski errapelatzen hasi nintzenean izan zen, nahiz eta oraindik ez nagoen ziur zer gertatu zen, trabatu egin zen, eta ezinezkoa nuen askatzera joatea. Beraz, soka osagarria paretan utzi nuen. Soka bakarrarekin jaitsi behar izan nuen horma amilduan behera, errapel laburrak eginez. Odisea bat izan zela nik eta maskaradunak dakigu soilik, garrantzitsuena izan zen oinak hormaren oinarrian jartzea lortu nuela, eta garaiz iritxi nintzela nire alabaren alaitasun oihuak entzuteko igerilekuan bainua hartzerakoan. Soka han izango da.


Egunsentia dator, lo goxoan gaude. Urrunean eztanda egiten duen trumoiak isiltasuna geldiarazten du. Euri tanta lodiak erortzen hasten dira, lurraren betiko egarria asetzera datoz. Agian soka laguntzailea paretan utzi beharko dut, baina ekaitz hau musika zerutiarra da.
Euria ari du eguardira arte. Zer eginik ez izatearen erritmoa, euri tanten kadentziaren arabera, atsegingarria da. Hodei ilun trinkoek saretutako zerua pixka bat argitzean, tenperatura altua da eta zoru bustia azkar lehortzen du honek, Oncins aldera ateratzen naiz soka berreskuratzeko itxaropenaz.



Peña Jabaliko horma, oso tentea denez, ongi eutsi dio euriari, behealdean baino ez dago bustia, hain juxtu “Miguelin el de la roja” bidearen hasieran. Patuaren kapritxoak, horixe zen eskalatu nahi nuen bidea, “Martin…” eta “Miguelin…” azken zatian elkartzen baitira, eta, hori aprobetxatuz, bide berri batetik igo nahi nuen soka osagarria berreskuratzeko. “Miguelin…” bidearen hasiera plaka tekniko leun batetik da, jakinda, gainera, zein den luze honen sortzailea, baldintza ezin hobeetan, neketsua ere izango da.


Beste amarru bat bilatu behar dut soka berreskuratzeko. Gainera, azkar egin nahi dut, trumoiek ekaitza badatorrela adierazten didate.
Peña Jabaliren ezkerraldean erlaitz zabal bat agertzen da, hain zuzen ere faja Toro jaitsieraren azken zatia, eta hortik tiratzen dut Peña Jabaliko horma hartzeko. Pareta eder honen goialdean, ezkerrean, arte handi bat dago, Martin bidea egin nuenean ikusi nuen, handik jaitsi nahi dut.
Errazagoa da esatea egitea baino, lan handia izan zen paretatik jaistea, soka jaso ondoren ere gora tira egitea, baina lortu izanak asebete ninduen.



Eguraldi lehorrak eutsi egin zion, ekaitza Peña Montañesa aldamenetik igaro zen, hurrengo trumoi erasorako denbora pixka bat geratzen zen, zerbait azkar egiteko irrikaz nengoen. “Tranquila… que yo te aviso” bidearen lehen eta bigarren luzeak batean egin nituen, ikaragarri onak iruditu zitzaizkidan, gozagarriak.


Hauek izan al dira maskaradunaren abenturak, edo nireak? Kezkatua nago, egunen batean izaera desberdineko bi pertsonaia hauek elkartzen badira gatazka egon daiteke. 










 







 

















 






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina