2022(e)ko maiatzakren 10(a), asteartea

PICO DEL INFIERNO CENTRAL - Infernura bidea, MALLOS DE RIGLOS - Bihotzetik

 


Aurrera egiten nuen urrats bakoitzean, igotzen nuen metro bakoitzeko, irrikatzen nuen udaberritik urrutiago nengoen.
Behe ibarretako kolore eta soinuen eklosioa utzi eta, paisaia monokromatiko hotz batera igaro ginen, harriaren beltza gogorra eta elurraren letargia zuria.


Astiro gindoazen elur gogorraren gainetik. Ipar haize indartsu eta jelatuak bakarrik galarazten zigun konpasa ibiltzean. Une horretan, txingor gogorrak kolpatzen gintuenean, gure aurrerapena geldiarazi nahian, burua jaitsi eta begiak itxi beharrean ginen.



Gailur urrunak estaltzen zituzten hodeiak amets egitea eragozten ziguten, eskalada posibleak imajinatzea, monotonian murgilduta geunden. Era berean, ez generaman asmo handiko eskalada helbururik, infernuko tontorren ipar kanala, nire bihotzaren bihotz-erritmoa ez zuen asko aldatzen igoera honek.



Bitxia egin zait, Infernu tontorren ipar kanalaz ari natzaizue, ez aurkitu izana nor, edo, nortzuk izan ziren lehenak arrakala nabarmen hori eskalatzen. Saiatu naiz, baina, neguko eskalada bide eder honen igoera egin duenetako inork ez du aipatzen nortzuk izan ziren aitzindari, ezta Pirinioei buruz ditudan liburuetan ez dut aurkitu datu hori. Pena da, beti iruditu zait garrantzitsua, eta aberasgarria, lehen igoera burutu zutenen izenak aipatzea.


Diodan bezala, nire pultsazioak ezerk ez zituen aldatzen. Eskalada materiala egiterakoan bihotzaren taupadak kardiografo batek marraztuko balu, erabat laua izango litzateke. Erosotasunetik tiratu genuen, arintasuna, gauza gutxi hartuz: 25 metrotako soka zatia, Totem joko erdia, fisu batzuk. Nire ustez, nahikoa Infernuetako ipar kanala igotzeko.


Infiernoko glaziarra zenaren inguruan geundela, ipar kanala bista genuela, erdiko Infernu tontorraren azpian, hasi zitzaidan odola mugitzen. Pultsazioak azkartu zitzaizkidan, bihotz-erritmoa handitu, anbizioak aldarazi zidan gogo-aldartea. Haize bolada batek horma estaltzen zuen laino sarea arindu zuen, antzoki bateko teloia bezala, eta nire begi aurrean izotz linea txundigarria agertu zen, erdiko Infernu tontorrera zuzen zihoan marra zuria, Infernuetara igotzeko bidea.


Xabier Artolari abiadura aldaketaren arrazoia komentatu nion, zerk berotu zidan odola. Nire lankide Tolosarrak ongi ezagutzen nau, eta nigan du konfiantza: - beti eskertuko dizut ulertu izana.


Gure begi aurrean genuena naturaren apeta iragankorra zen, bide izoztu bat, naturako indar ezberdinen batasunaren emaitza. Orainarekin, gerorik gabe.


Zer plazer sentitzen dudan pioletak izotzetan iltzatzean behin baino gehiagotan komentatu dut blog honetan, oraingoan ez zen gutxiago izan, munduaren gainetik sentitzen nintzen.



Motzak ziren egin genituen soka tiradak, 25 metro gehienez, nahikoa generaman material gutxirako. Eroso gindoazen jelazko bidetik gora, izotza kalitate handikoa ez izan arren konfiantza ematen zigun. Azken luzean gauzak aldatu ziren. Paretak inklinazio gehiago hartzen du zati horretan, eta izotzak aldiz kontsistentzia galdu zuen, hutsik zegoen, desegiten zen. Eskalada mistoan gainditu behar izan genuen zati hori, arrokatik, irteera logikoena utzi eta ezkerrera ateratzea izan zen, izotzezko kanal esekia batera, zentzuzko erabakia. Hortik aurrera hormak inklinazioa galtzen du eta tramite hutsa izan zen erdiko Infernu tontorrera iristea.



Jaitsiera hego kanaletik egin genuen, ondoren cuello de Pondiellos leporaino zeharkatzeko, eta handik zuzen Panticosako bainuetxera.


Eskalada aipatzera ausartu naiz, izen batekin bereiztea, bada, ez dut aipurik aurkitu eskalada honi buruz, baina logikoena litzateke dagoeneko igota egotea. Honekin ez dut nirea egin nahi, ezta gutxiago ere, eskalada honek sortu didan asebetetzea transmititu nahi dut, besterik ez.


Bideari buruzko datu gisa: gure bigarren luzean, lehena ohiko sokak eraman bagenituen, fisurero abandonatu bat aurkitu genuen. Fisurero honek kordinoa zuen altzairuzko kableari lotua. Honek pentsarazten dit norbait hortik jaitsi zela, errapelatu zuela. Fisurero hau, gehi, beste bat goiko zatian nahaste baten erruz guk utzi genuena, dira bide osoan aurkitu daitezken material finko bakarrak.


Eguzki gosea genuen Xabier eta biok, horma batean txigortzeko gogoa. Zer leku hobea gorputzeko hotza kentzeko Rigloseko malloak baino?


Xabierrek ez zituen buztinezko dorre basati hauek ezagutzen, eta enbidia pixka bat ematen dit, dena da berria berarentzat. Ni, aitona batek ipuinak kontatzen dituen bezala, egun urrun haietako eskalada istorioak kontatzen nizkion, begiradaz lerro ausart horien bila nenbilela.


Eskalada bide bat aukeratu behar genuen, eta Riglosen ez da lan erraza, ehundaka bidek zeharkatzen dituzte jadanik putreen erreinua zen hau. Bihotzetik bidea eskalatzea erabaki genuen.


Esaten dute errazago itsasten direla ohitura txarrak onak baino, eta gure kasuan horrela izan zen ere, Xabierrek, nire eredu txarra jarraitzen telefonoa furgonetan utzi zuen, eta noski, krokis gabe gindoazen.


Uraren mailoaren azpian, memoria ariketa bat eginez, gure lagun Donostiarren bidea aurkitzen saiatu ginen. Gogoan genuen hasieran Bihotzetik bideak bi aukera zituela, 6C eta 6b zailtasunak nahieran. Aurrean genuenak antz handia zuen, hamar metroko horma zatian lau bide posible, paraboltak gasolina baino merkeago daude. Linea horietako bat hautatu genuen, ezkerrekoa, ustez zailena zelako. Hiru luze gora egin ondoren, argi eta garbi, gutxi ibilitako lekutik, irteerarik gabeko amaiera batera iritsi ginen, mosketoidun txapa kaosaren erdian.



Denbora behar izan genuen egoera argitzeko, zurtuta geratu ginen, ondoan genituen linea bakar batek ere ez zuen irteerarik, “limite” ez dutenen tranpan erori nintzen berriro. Ihes egin genuen.
Amorratuta, horma azpiko zuhaixken artean, berrogei ta hamar metro ezkerrerago aurkitu genuen guk igo nahi genuen eskalada bidea.


Gustatu zaigu Bihotzetik bidea, lan itzela egin dute Club Vasco de Campingeko kideak, bai ekipamenduan, bai garbiketan. Nabaria da bidean zehar, eta hori Xabier eta nire artean komentatu genuen, luzeen ekipamendua pertsona desberdinek egin dutela, tiradaren batean, konpromisoa, alde handiagatik, handiagoa dela.
Pozik jaitsi ginen Visera tontorretik, adiskidetasunak hobeak egiten gaituela sinetsita.














































 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina