2017(e)ko urriaren 16(a), astelehena

Pico Bisaurin - Punta Fetas - Minoria Absoluta bidea






   Minoria hitz handia da, lodia, ausardiaz betea. Gutxiengo talde bateko partaide izatea deserosoa gertatu izan da beti, frustantea, arriskutsua. Errazago da bizitza gehiengo baten barruan egonez gero. Minoriak beti baztertuak izan direlako, zapalduak. Adore handia behar da egoera hauei aurre egiteko.   
   Gizartea hobetzeko helburua badugu, gutxiengoak onartu beharko ditugu, errespetoa beste interbiderik ez dago.
   Absolutua, ordea, indarra ematen dio minoria hitzari, jarrera bat erakusten du; harro nago gutxiengoan egoteaz, ez dut fartsa honetan parte hartu nahi, nirekin ez kontatu. Eta hori, daukagun egoera sozio-politikoa ikusita, oso ulergarria da.
   


    

   Bakarka zabaldu nuen Minoria Absoluta bidea. Punta Fetaseko pareta hau ikuskatu nuen egunetik txunditu ninduen, harrapatua sortatu nintzen. Hau 2009an izan zen, eskalada artifizial teknika erabili nuen horma eder honetatik igo al izateko. Asko bete ninduen igoera honek, baina hobetzea zegoen eta, egin beharra zegoen.
  Ez zen oharkabean pasatu eskalada hau, eskalatzaile askok galdetu zidaten bide honi buruz, ea posible zen librean igotzea zuten zalantza. Hauetako bat Arkaitz Yurrita izan zen.

lehen luzea
bigarren luzea




  Gustura eskalatzen dut Arkaitzekin, gehiago esango dut, bere beharrean naiz. Ormaiztegiarrak eskaladarekiko agertzen duen zaletasuna eta ilusioa kutsagarriak dira, eta nik, jadanik, hori behar dut.
  Minoria Absoluta kateatzea lortu genuen egunean, ez zen Arkaitzek eta biok pareta eder honetara egindako lehen bidaia izan, eguraldi eskasagatik buelta hartuak ere ba giñan. Beste behin ere, ala nola igo genuen hirugarren luzea, eta soka goitik jarriaz askean kateatzea lortu genuen.

   

   Aurrekoan eguraldia alde genuen, lehen luzean hotzak ez zigun gehiegi egurtu, eta bigarren luzerako eguzkiak goxatzen gintuen. Arkaitzek igo zuen hirugarrena katxarroak sartzen eta, heldulekuak magnesioz pittin bat markatzen. Zailtasuna bukatzen den puntutik, arrakala zabaldu egiten da eta paretak ez du hainbeste atzeraka tiratzen, bilera bat muntatu eta errapelatu zuen. Nire txanda iritsi zen.  
   Konbentzimendu gutxirekin atera nintzen bileraren segurtasunetik, baina, berehala arin sentitu nintzen, gainean materialik ez eramateak eta seguroak jadanik kokatuak egon izanak asko aldatzen du pelikula, kateatzea lortu nuen. Pozez zoratzen nengoen, amets bat bete zitzaidan.
   Hurrena Arkaitzen txanda izan zen, eta honek ere eguna borobiltzea lortu zuen, kateatu zuen.
     

      
   Blogga kaxkar honek ematen didan aukera aprobetxatuz, nire iritzi apala adierazi nahi dut Minoria Absoluta bideari buruz, altuera txikia izan arren, garaiera gehiago duten beste eskalada bideen inbidia ez duen bideaz:
   Naturak magina bat haitz pareta sortu ditu eskalatuak izateko. Baina, hauetariko gutxi batzuk nondik eskalatu behar diren argi marraztuak agertzen zaizkigu, bidea garbi erakusten digute. Horrelako horma bat bilatzea zaila da, eta jarraikitasunari esker honelako bat bilatzen dugunean eskaladan besterik ez dugu pentsatzen, era garbian noski. Eskalada bide perfektuaren bilaketa honi beste baldintza bat gehitzen badiogu: hormaren edertasuna, Punta Fetas kasua, emaitza maisulana da. Pirinioetako oinarrizko eskalada ibilbideen zerrendan Minoria Absolutaren izena ematera ausartzen naiz.




   


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina