2016(e)ko maiatzaren 6(a), ostirala

TXINDOKI - FRONTON - Purple rain



  Gustuetarako daude eginak koloreak, eta, nahigabean bada ere, koloreztatzen dugu gure bizitza; alaitasunez, tristuraz, itxaropenez.
  Koloreak ez dira gizakiaren asmakizun bat, era naturalean jaso ditugu. Izadia kolorez beteta dago, animaliek eta landareek erabiltzen dituzte. Beraien bizitzak, azken finean, kolore premia du; ehizatzeko, ezkutatzeko, erakartzeko.
  Guk, gizakiok, beste erabilera bat eman diegu koloreei, emozionala eta komertziala: gure arropa koloreak egun horren gogo-aldartea adieraz dezake. Enpresa munduan, produktu guztiek koloreak erabiltzen dituzte erosleak erakartzeko, gehiago saltzeko. Koloreen mezua sakona da, baita politikan ere, eta horiek garrantzi handia hartu dute. Alderdi politikoek kolore batekin identifikatzen dituzte beren taldeak, balizko hautesleei mezua helarazteko edo hobeto engainatzeko.
 - Urdinak; estabilitatea adierazten du, konfiantza.
 - Gorriak; indarra, determinazioa.
 - Laranjak; gorriaren determinazioa eta horiaren fideltasuna.
 - Moratuak; urdinaren estabilitatea eta gorriaren indarra hartzen ditu.
 - Orlegiak; armonia eta aurrera egiteko nahia.
 - Kolore anitzak; guztiekin prest dago ituntzeko bere interesak lehenetsiz.
  Edonork ikusi dezake zein talde politikori buruz hitz egiten duten koloreek eta zein trukatzen dituzten beren mezuak.
   Baina dena ez da arrosa-kolorea mosaiko bariatu honetan; gizarteak koloreei buruz egin duen erabilerarik krudelena hitz zital batekin ezagutzen da: arrazakeria. Pertsonen larruazalaren tonuan dagoen aldearen arrazoi hutsagatik, talde batek beste bat zapaldu du eta nahi eta behar erabili du. Horrek gizakiaren historiako unerik lotsagarrienak ekarri ditu, eta tamalez gaur egun oraindik gertatzen dira.
  Luze hitz egin nezake gai honi buruz, baina ez da orri sinple honen helburua, eskalada da blogga hau betetzen duena.

   


   Txindokin zabaldu berri dudan bideari "Purple Rain" izena jartzea bitxia gerta dakieke batzuei. Duela gutxi utzi gaituen Prince artistari omenaldi txiki bat egiteko izan da. Ez dut asko entzun Minneapolisko abeslaria, sekula ez dut bere diska bat izan, irratian eta tabernetan aditu dudan. Nire musika-gustuak ez dira Punkaren kolore zikinetatik eta Psikodeliaren argitasunetik haratago joan. Baina, bihotzarekin kantatzen denean, eta emozioa entzulearen arimara iristen bada, hori eta gehiago merezi du artista batek.




  Txindokiko frontoia, nire ustez, mendi honek dituen horma guztien artean ikusgarriena da eskaladarako. Betidanik erakarri izan ditu eskalatzaile saiatuenak; "Frontón" bidea eta "fisura-diedro" 60ko hamarkadakoak dira. Ondoren, 80ko hamarkadan, "Directa a Ganímedes" ireki zuten. Hurrengo hamarkadan "Hoddkins" eta "Escarlata O´Lara" hedatu ziren, artifizialean azken hau. Escarlata nire lana denez, eskaladarako bidea libre jartzeko edo dagoen bezala uzteko barne eztabaida daukat.




   Ireki den azken bidea "Purple Rain" da. Bidearen hasieran, lehenengo bi txapak "Directa Ganimedes"-ekin partekatzen ditu, eta, ondoren, "Purple Rain"-k zuzen jarraitzen du, pitzadura nabarmen batetik. Hirugarren luzea, bide hau irekitzeko zentzua eman diona, frontoiaren hormaren eskuinaldetik doa.




  . Hirugarren bileratik irten ondoren, eskuinera eta pixka bat jaitsita, kanal zabalera iritsiko gara. Gorantz egingo dugu, ezkerreko paretako harkaitz sendoa hartuta. Kanalean metro batzuk egin ondoren hau utzi eta lehenengo paraboltean zailtasunak hasiko dira, plaka teknikoa erregleten gainean.



   Orokorrean plaka eskalada da hirugarren luze hau. Hasierako kanala uzten dugunean pareta tentera sartzen gara, helduleku txiki eta eskalada pauso teknikoei egin beharko diegu aurre zati honetan. Ondoren, azken paraboletik gora, beste zati batez, arrakala fin bat segitzen du bideak. Sabaia bat gaindituz iritsiko gara bilerara.




   Bilera hau, laugarrena, ez da oso erosoa. Diedrotxo batetan egiten da, parabolt baten laguntzaz. Ia zintzilik da, oinak airean ditugula.
   Laugarren tirada ere oso ederra da. Arrakala segitzen du ezkerrerantz. Azkenengo metroak p
laka zoragarri batetik doaz, Txindoki zigiluko eskalada berezi horrekin.



   Bilera hau, bosgarrena, Fronton bidearekin batera egiten da. Azkenengo luzea oso motza da, hamar metro ditu bakarrik. Plaka eder batetik hasten da, eta arista zorrotzean bukatu. Hemen ez dago bilerarik. 



  Jaisteko; azken bilera honetan rapelik ez dagoenez, Txindokiko ertzaren azken bilera arte jarraituko dugu, eta hemendik, buelta txiki bat emanez, Frontoi bideko azken bilerara iritsi ahal izango gara.
  Bosgarren bilera honetatik aurrera, Frontoiko bileretara rapelatuko dugu. Edo, bidea Txindokiren ertzean amaitzen denez, bide ikusgarri honek dituen jaisteko aukera guztiak erabil ditzakegu.




    Idazki hau ilustratzen duten argazkiak Javier Mirallesek ateratakoak dira. Ordiziarrak, behe laino itxia zen egun batean, bide honetara egin nuen eskalada bakartiari argazkiak ateratzeko adeitasuna izan zuen. Asko eskertzen diot.
   Txuma Murugarren abeslariaren Borisena kanta, "Purpura" kolorezkoa sumatzen dut nik. Abesti hau aukeratu dut "Purple Rain" bidea apaintzeko, !!! gozatu ¡¡¡


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina