Egun osoan buruan eraman dut atzo Garan irakurri nuen artikulua. Ez nuen Unairen azken zabalkuntzaren berri. Izugarrizko maila erakutsi du Nafarrak Bizcochito lehen igoera honetan ere. Ez bakarrik fisikoki, Tekniko eta psikiko aldetik paregabe dabil. Nik konpromisoa nabarmenduko nuke, honelako eskalada filosofiak eskatzen duen konpromisoa hain zuzen ere. Paretara taladrorik gabe sartu eta, Ordesako haitzari duen guztia atera, nahi handia da. Josunek eta Rikarrek berdina egin zuten beraien "El ojo critico" bidean. Kepak dioen bezala; batzuk Galaktikoak dira.
Ni berriz beti bezala saltzeatzen nabil. Gaurkoan Errioxa aldean ibili naiz, Biasteri ondoan dagoen Berberanako orratzean. Harritua geratu naiz eskalatzaileen arrasto dezente ikusi ditudalako, seinale jendea eskalatzen ibiltzen dela pareta hauetan. Furgoneta berberanako ermita pasatu eta berehala utzi dut, bertatik zuzen ateratzen den pista hartzeko. Pista hau metro batzuk igo ondoren bidea egiten da eta, bidetxurra azken zatian. Nahiko eroso da, 30 minututan paretan jartzen zara.
Susana bidearen lehen luzea ezkerretik hartu dut, espit batzuetatik. Azken egunetako euri jasak bustiak utzi ditu arrakalak, horrek edertasun pixka bat kendu dio eskaladari. Zer egin behar dugu, dagoenarekin konformatu behar da, mendizaleon egunerokoa. Bidea 2002 urtean zabaldua izan zen Simon Elias eta Raul Paskualen eskutik. Orokorrean gustatu zait bidea.
Lehen luzea
Bigarren tirada
Laugarren luzea
2024/06/11
Agian baldintzak oso antzekoak zirelako, bi egunak hezeak eta lainotsuak ziren, pentsa zitekeen ez zela inolako aldaerarik gertatu, baina, nahi ez badugu ere, bi egun berdin horien arteko hogei urteko tarteak aldaketa askotarako ematen du. Gaur, harreman sozialen une nahasi honetan, maila globalean ari naiz, mundu mailako gatazka eta gerrei buruz, duela bi hamarkadako egun horri dagokionez, hura ere gizarte-arloan seguru trajikoa, inpresioa izan dut Susana bidea helduagoa dela. Ekipamendu berriak seriotasun puntu bat eman dio, bidean zehar eta bileretan parabolt herdoilgaitzak jarri dituzte. Pitzadura ederretako esku-sartzeak leunagoak iruditu zaizkit. Heldulekuak ere sendoagoak. Zentzutasunak baretasuna ekarri dio bideari. Ziur nago sosegu hori Xabier Artolarekin batera bidea errepikatu dudalako ere izan dela. Orain hogei urte Susana bakarrik eskalatu nuen eta horrek sentsazioetan ezberdintasunak sortzen ditu.
Oso ondo pasatu dugu Susana bide osoan zehar, diedro pitzatuaren eskalada luzeak psikomotrizitate zentzuan plazer bat dira. Niri tokatu zaizkidanak behintzat, bakoitiak eskalatu ditut aurretik, ezin hobeak dira. Orratzaren punta zorotzetik bide berbera rapelatu eta berriro orratzaren oinarrira itzultzean, bagenuen beste luzeren bat eskalatzeko astia, baina nahiago izan dugu Biasterira jaitsi zerbait hartzera. Harresitutako herrian jende asko zegoen, gehienak turista atzerritarrak, baina sartzen saiatu garen taberna guztiak itxita zeuden. Ozta-ozta aurkitu dugu taberna bat, erakusmahaian ikusgai zeuden eguerdiko pintxoekin, eta pare bat janez, gure elikagai beharra lasaitu dugu. Ziur nago orain bi hamarkada aipatu dudan egun horretan ere Guardiara jaitsi nintzela zerbait hartzera. Beti iruditu izan zait joko honen plazeraren parte dela eskaladaren ondorengo trago hau, baina ez dut gogoratzen hainbeste jende kaleetan eta halako gogogabetasuna ostalaritzan. Etengabeko aldaketa bizitzaren tragedia da, edertasun galdua bilatzea exixtentziaren arrazoi bat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina