2010(e)ko azaroaren 13(a), larunbata

LARRASA - Espolon Alberto (falso palomares)

  Hau da Blogga honetan idazten dudan lehen sarrera, internetek eskeintzen duen atearen irekiera. Beti gustatu zait nire mendiko esperientziaz idaztea, kuaderno eta orri soltetan egiten nuen, baina, informazio hori ezinezkoa zen jakingura zuen edonorengana iristea. Orain, teknologiari esker, edonork irakurri ditzazke kronika hauek.
   Abentura bat da niretzat hasi berri dudan eginkizun hau, eta ez naiz batere iaioa informatika gaietan. Pauso honekin, uste dut, mendiarekiko motibazio berri bat sortuko dudala, eta hau positiboa da, mendizaletasunaren sugarra ahalik eta luzaroen piztuta eduki nahi bai dut.


   Azaroak 4ean Larrasa mendiko hego pareta zurian eskalatzen ibili nintzen. Pareta ezaguna nuen, lehendik Sarasa bidea egina nuen, bloggak existitzen ez ziren garai ahaztuetan izan zen. Oroitzapenetan atzera eginez, neguko egun eguzkitxu eta dotore bat zela gogoratzen dut, eta sarrera zuzenetik sartu nintzela, jatorrizko bideak gorago dagoen erlaitz batetik egiten du. Luze kuriosoa suertatu zen sarrera zuzen hau, 6c inguruan nire iritziz. Egun hartan ikusi nuen Espolon Alberto bidea., eta hau igotzeko gogoa piztu zitzaidan. 
   Harriaren kalidadeak, eta lehen sarraldi hartan ikusi nuen trazatuaren itxurak, animatu ninduen Larrasa mendiko hego hormara berriro bueltatzera.  Espolon Albetok bost luze ditu. Hasierako biak arrakala batetik doaz. Nahiz eta ekipatua dagoela esanten duten, friend ertainen bat edo beste eramatea ondo etortzen da, ederki sartzen dira, eta, lasaiago igo ahal izango dugu. Nik ez nituen eraman eta faltan bota nituen, horregatik abisua.
   Hurrengo bi luzeetan haitz plakan zehar hormaren alderik alde ibili beharra dago. Azken luzean arrakala zabal bat hartzen da berriro, pixka bat desplomatua dago. Nahiz eta espit lodiekin ekipatua egon zati hau ere, oso komenigarria da friend joku bat eramatea. Laua ondo etorriko da azken luze honetarako.
   Graduen kontua argitzearren, nire iritziz, lehenengo bi luzeak 6c dira. Hirugarrena 6b izango da. Laugarrena 6a, eta, azkena 6c.
   Ni Lagran herritik gerturatu naiz paretara. Herri bertatik pista asfaltatu bat ateratzen da, marka txuriz eta gorriz markatua dago. Nekazaritza lurrrak zeharkatu ondoren bidea baso zoragarri batean sartzen da. Galtzada elegantea da hemen bidea, igoera suabean  gora egiten duena, eta gure gozamenerako txondar guneak topatzen ditugu. Puerto del Toro irabazten dugunean, Biasterira doan GR-a utzi eta Cruz del Castillo mendirako bidea hartuko dugu. Artea baso itxi batetik segitzen dugu igotzen. Basoko ilunantza uztean Cruz del Castillo eta Larrasa mendien orratzak ikusiko ditugu gure buru gainean. Puntu honetan, zelai malkartsu bat izango dugu gure oinetan, beherajoko dugu, hegoaldera jaisten hasiko gara, Larrasa hormaren behe partea hartzera. Guztira ordu eta erdi izango dira. 
   Espolon Alberto eskalatu ondoren, jaisteko, Larrasa mendiko punta irabaziko dugu trepada bat eginez, Cruz de Castillo aldera joango gara oinezko bidea hartzera. Puntara iritsi gabe bat egingo dugu bide honekin, eta jarraituko dugu beheruntz. Bereala egingo zaigu  berriro ezaguna ingurua, igoeran erabili dugun bidearekin bat egitean.
   Orokorrean bidea ona iruditu zait, pixka bat estua bere gradurako. Egin beharrekoa.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina