2026(e)ko irailaren 4(a), ostirala

IZAS - Hi, hau horrela izatek

 


Puntua whatsappez iritsi zitzaidan, ezustean. Gaia, eskalada, beste kontzeptu bat arraro egingo zitzaidan. Doinua, zortzikoa, handia, Iñigok txikitik gutxi erabiltzen du.
Erronka horri nola erantzun pentsatzen ari nintzela, Iker Urangaren deia jaso nuen. Opor ondorengo normalitatea hartu nahian eskalada irteera bat proposatzen zidan. Nik, whatsappez iritsi zitzaidan puntua luzatu nion, elkar, Iñigo eta Ikerri erantzutea errezagoa izango genuen. Donostiarrak, airean hartu zuen erronka. “Hi, hau horrela izatek” puntuak jarraikortasuna izango zuen.
 

 
Irurtzunen auto bat utzi, Iñigok bidalitako puntuari erantzuna emateko behar genuen materiala guztia nire ibilgailuan sartu, eta bidean jarri ginen, Canfranc tren geltokia zen gure helmuga.
Zortea izan genuen, horrela esan dezaket, gure atzetik etorri ziren guztiei lekurik ez zegoela esaten bai zieten, afaltzeko libre zegoen azken mahaia guri eman ziguten. Abuztua azkenetan dagoen arren, turista asko daude oraindik bailara honetan.
 

Eskalada bidea motza eta itzalean egoteak ba du abantaila nabarmen bat, goizean ez duzu presa izan behar. Eta, gure kasuan, ez gehiago lo egitearren, nahiko goiz esnatu bai ginen, gosaltzeko unea luzatzea plazer txikia izan zen. Ondo kargatutako bi kafeontzi hustu ondoren, gure lanarekin hasteko ordua zela erabaki genuen.


Duela urte asko izan nintzen azkenekoz Izas bailaran. Hainbeste denbora, kosta egiten zaidala data bat jartzea. Ziurtatu dezakedan gauza bakarra negua zela da. Garai hotzago batean, izotza eskalatzeko leku oso ona zen hau. Gaur egun ozta-ozta lortzen du neguak izotz linea finak marraztea, eta ipar haize tematiak ura gorputz solido bihurtzea lortzen duenean, izotz jauzi hauek ez dute bi egun irauten.La Colgada izenez ezagutzen den izotz jauzia da erreferentzia Iñigok eta Ikerrek zabaldu duten bidea kokatzeko. Bitan eskalatzeko zortea izan dut muki zuri luzea den izotz jauzi hau. Bakarka egin nuen azken ura ez dut sekula ahaztuko, gustura geratu nintzen.
Txikia, eskaxa ikusten da gure horma Izaseko pareta erraldoien artean, ez da erraza bilatzea. Mendi eskaladan aditua den baten begietara egingo da bakarrik ageriko. Ondo begiratuta, haitz plaka gorrixka tente batean, kalitatezko harria dagoen horma kaotiko bat azalduko zaigu. Murru azpian jartzen zarenean, konfirmatu besterik ez duzu egiten idatzi ditudan hitzak, alegia, eskalatzen hasteko gogoa pizten zaizula.
 

 
Katu-oinak jantzi aurretik ezker hanka masaiatzeari ekin nion. Iker serio begira geratu zitzaidan, - zer duzu buruan?, galdetu zidan erantzuna jasoko zuen itsaropen gutxirekin. Ez naiz nire miseriak kontatzekoa, - ez dakit ondo ari naizen, zalantzak ditut pasatu ez naizen, besterik ez. - Honarte iritsi naiz, hemendik gorakoa ez da okerragoa izango, banoa; bi egun lehenago, erle batek hankan zizta egin zidan. Hurrengo egunean, bat batean, futbol pilota bat bezala hazi zitzaidan, eta eskalada burutu behar genuen egun horretan horrela segitzen zuen, zirku batean erakusteko. Dena ez da arrosa kolorekoa.


Erosoa den, baina, poliki eskalatzea eskatzen duen hasierako zatiak, atzeraka botatzen duen diedro gorri baten azpian jartzen zaitu. Hemen bukatzen da berotze ariketa, puntu honetatik aurrera duzuna eman beharko duzu. Ondo irakurri bidearen krokisa, kasu egin Iñigok eta Ikerrek eskuzabaltasunez idatzi dutena, pareta guztia kleka horban zuriaz betetzea baino laguntza estimatuagoa izango duzue datu hori.
Bigarren eta hirugarren luzeak, zailtasunez baxuagoak diren arren, ondo saiatu behar dira. Bi diedro sistema nabarmen jarraitzen dute, sortzaileek asko garbitu dituztenak, harri ziurgabeak botaz, baina, oraindik, gurea lehen errepikapena izan da, geratzen da bat edo beste beheko harrikarian hobeto egongo liratekenak. Jakin ondo batesten dela. 
Aholku bat bidea errepikatzeko asmotan dabilen eskalatzaileari, eraman eskuzko zerratxo bat. Sortzaileek ez zuten hartu eta hirugarren luzeko zati batean zuhaixkakin borrokan ibili ziren. Adar parea kimutzeak ondo egingo dio bideari.
 

 

Hi, hau horrela izatek puntuari, Unai Kortaren laguntzaz, egindako erantzuna:


Zuzentzen du gaztea

zorrotz irakaslek,

aho zabalik begira

kezkati ikaslek

beldurturik galdera:

merezi dik honek?

Nahi edo ez, badakik,

hala izaten dek.

 

 



Etxerako bidean gentozela, Esako urtegia zeharkatzen, Leireko monolitoa agertu zitzaigun parez-pare. Momentu horretan oroitu nintzen banuela Ikerri galdera bat egiteko. Gartxot musikariak utzi berri digu, Ikerrek asko estimatzen zuen musikari errenderiarra. Ustekabean, ahots minduzko kantu batek bete zuen autoaren barrua, dardarka jarri gintuen oihu mingotsa, orratzak baino egia zorrotzagoak jaurtitzen zituen sakon-sakonetik zetorren xuxurlak, halako bidegabekeriaren parte izatearen lotsa sentiarazi ziguna.  
Malkoak botatzeraino unkiturik, azken bardoaren musika bere izena daraman eskalada bidearen buru jarri behar nuela erabaki nuen, hori baita bere lekua.
https://non-stopeskaladabloga.blogspot.com/2015/11/monolito-de-leire-gartxot.html
 
 

 
 

 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina