2025(e)ko urriaren 24(a), ostirala

Aralarri bira eskalatzen

 

Ate arrunta da nire etxekoa, eraikinera sartu eta ateratzen uzten zaituen ohiko irekidura, milaka aldiz gurutzatu dudan muga. Gaur ordea, pasabidea ixten duen zurezko orria ireki dudanean, aurrean agertu zaidana ez ziren ilara zuzenean behera doazen eskilara disdiratsuak. Ez eta igogailuaren ate metaliko zaratatsua. Nire etxeko atea zabaldu dudanean paisaia ireki bat agertu zait aurrean, mendiak, basoak, haitzak, bakea trasmititzen duen inguru ederra. Ez nahiz larritu, kontrakoa, irrifartsu gurutzatu dut baoa, motxila astuna sorbaldan zintzilik nuela, eta murgildu naiz egiazkoa den mundu batean.

Horrela gogoratzen dut urri epel eta lehor honetako ostiral goiz hura, Aralarri bira eskalatzen erronkari ekin geniona, ipuin bat bezala, non ate magiko bat gurutzatu eta txundigarria den inguru natural bizi batean murgildu ginen; pluralean idazten dut nire lagun Izarrekin egin dudalako bidai hau.


Zaldibiari oraindik nabari zitzaion herriko jaien ondorengo ajea, egunsentiko argi lokartuan kalea isil-isilik zeharkatu eta Lazkaomendira igotzen den aldaparantz abiatu ginenean.
Eguna argitua zen San Joan ermitaren atarian dagoen iturrian egarria ase genuenerako. Gogoratzen dut penatuta nengoela, behatoki honetan Txindokiren ikuspegi aparta dago, bidaia hau hasi aurretik idealizatuta neukan une zen hau, erronkaren hasiera betikotu nahi nuen itzuliaren azken etapa izango zenaren argazkia ateraz, ezinezkoa izan zitzaidan mendi ederra hodeiez estalita bai zegoen. 
Bidaiaren lehen tarte honetan, inguruko baserrietan bizi den auzokideren bat edo beste agurtu nituen, leku miresgarri honetan paseatzeko ohitura dut, eta honek kezka txiki bat sortu zidan, hain motxila astunarekin bizkarrean ikustean, eta Izar txakurrak bere zakutoa dinbili-danbala daramala, zer pentsatuko dute nitaz?


Amundarain baserriaren aurretik igarotzean, Amundarain ibaiaren arroa eta Zaldibia herria atzean utzi eta Agauntza ibaiaren haranean eta Ataunen sartu ginen. Bi arro, bi herri eta bi izateko modu.


Topaketa atsegina izan zen, patuaren berezkoa, Mitxel eta Jon Lasa mendizale lagunekin topo egitea, Troskaeta tabernaren kanpoaldean hizketan zeuden. Nire asmoak azaldu nizkienean, ez zen ustekabea izan haien aurpegiek erakutsi zutena, aspalditik ezagutzen dugu elkar, baizik eta horrelako abentura batek bere herria hartzeko aukera. Izar-txakurraren ezinegonak hitzaldia zapuztu zigun, gero bidaian zehar nerbioa asko baretu zitzaion nire lagunari, eta gainera, Ariztz Azkue zain genuen Jentilbaratzan eskalatzeko. Zorte on opaz agurtu ziguten.


Atzerapenarekin nindoan errefereentziarik ez nuen erronka honetan. Besarkada batekin itxaronaldiagatik barkamena eskatu nion Aritzi, eta eskerrik asko abentura honetan eman behar zidan aideagatik. Jarraian, Magnesiorik ez bidea eskalatzeari ekin genion. 
Laurogeiko hamarkadan behetik irekitako bidea da hau, izenean arazo baten iragarpena zekarrena, orban zuriaren gaia. Eskaladako hiru luze ezin hobeek Jentilbaratzako gailurrean jartzen zaituzte.


Duela ez asko, aldi askotan egon naizen leku zoragarri honen irudi bat bidali zidaten, non argazki batean duela zortziehun urte hemen eraikita egon zen gaztelua birsortua agertzen zen, bikaina iruditu zitzaidan, oraingoan beste begi batzuekin begiratu nien Jentilbaratzako gazteluaren hondakinei. Gure egonaldia ez zen asko luzatu garai batean leku estrategikoa izan zen hontan, argazki batzuk egin genituen eta hormaren basera itzuli ginen kanaletik behera, Izar han zegoen gure zain.


Errepidean jarri nuen berriro bizkarrean motxila astuna. Gehiago kostatu zitzaidan Izarri bere zakutoa gainean jartzea, ez du sekula gustuko izan. Irribarre batekin Aritzi agur esan eta Agauntz mendirantz abiatu ginen Erremedio iturritik barrena.
Nostalgia eta misterioa dario izei basoaren itzalean ezkuturik geratu den bainu-etxe izandako Erremediori. Zaila egiten zait irudikatzea landareak inbaditu duten leku hau bainu etxe famatua bezala. Gaur egun pertsona gutxi batzuk etortzen dira eta hori Ataungo Udalak espazioa pixka bat txukundu eta ibilbide bikaina balizatu duela. Guk ez genuen hemen geldialdirik egin, gorago dagoen Aldabarrena aterpea aukera hobea iruditu zitzaidan atsedena hartzeko.
Laiotza da ingurua, hezetasuna dastatu daiteke, Agauntz mendiaren ipar magalean beti bustiko zaizkizu oinak. 
Zalantza sortu zitzaidan aterpeko ataka itxi eta bi norabidetan ateratzen diren bi bideren aurrean aurkitu nintzenean. Egina nuen igoera hau, eta gailurra baso hesiaren atzean kokatu nezaken, baina nahasi nintzen, eta azken zatian, mendi-hegal malkartsuan, sastraka gainean pasatuz, bidea egin behar izan nuen Agauntz mendiko belardi argitsura iritsi ahal izateko. Zein ederra den leku hau, ze behatoki aparta, Ausa-Gaztelutik Gañeta puntara doan bizkar guztia itzela da. Eta Lizarrustiko basoa, Gipuzkoako birikak, udazkeneko kolore lehorra jazten ari dela arrapatu nuen.


Lizarrustiko haitzak ziren nire hurrengo helburua, Gorokarastako horma, hor eskalatu nahi nuen Jendetza guztiaren gainetik bidea. Bakarrik egin beharko nuen igoera hau, eskalada lagun batzuei egin nien telefono deiak ez zuten fruitua eman; erronka hau nola gauzatu buruan bueltaka nuela erabaki nuen lagunei partekatuko niela, era horretara esperientzia aberatsagoa izango zela pentsatuz. Baina noski, jendea bilatzen estresatu gabe, bakarkako eskalada oso gustukoa dut.
Ez zitzaidan kostatu ehun mila proba arrakastatsua nire oinen azpian korritzen ari zirela sortu nuen Jendetza guztiaren gainetik bidea eskalatzea, ondo ezagutzen dut.


Arratseko zazpirak inguru izango ziren motxila astuna bizkarrean; Izarrek oraingoan planto egin zidan eta ez zuen inondik inora bere zakutua onartzen, nik kargatu behar izan nuen berak gainean zeraman bere jana. Margotu berria duten Lizarrustiko aterpea utzi nuen, Nafarroan nengoen jada.
Ordua ikusita, ilunabarrerako tarte gutxi zegoela, errepidetik joatea erabaki nuen, eta horrela izan zen ia ilunpetan Lizarragabengoa zubia aurreko ezkerreko pista hartu genuela, errepide bukaezinetik jeitsi ginen. Oso nekatua nengoen baina lehen eguneko helburua betea zegoenez pozik, pistatik metro batzuk aurrera egin eta bazter batean agertu zen orube batean denda muntatu nuen.
Niri baino zakurrari egin zitzaion egoera arrotz, belarriak tente zituela alde batetik bestera zebilen urduri, seguruena galdetzen zer demontre egiten genuen gaua ilunean paraje desolatu hartan. Denda muntatu nuenean barrura sartu eta zokoan kiribildu zen, ez zuen Izarrek asko afaldu gau horretan.


Goiza grisa esnatu zen, laino itxi batek dena estaltzen zuela, ohiko goiz petrala Sakanako haran zabalean. Egun luzea izan behar zen horri lur pistatik aurrera eginez ekin genion. Listoia altu jarria nuen, Sakana osoa zeharkatu behar genuen, tartean, Aiztondo eskalatu eta arratseko hiruretarako Irurtzunen egon, Xabier Artola eta Aitzol Jauregirekin bi aizpetan eskalatzeko geratua bai nengoen. Azkar ibiltzea beste aukerarik ez genuen.

Goizeko bederatzietarako Uharte Arakilen ginen. Ez zitzaidan zaila egin pentsatua nuen ordutegiaren barruan ibiltzea, bidea laua da, pista egokia hartzean dago zailtasuna.

San Migelera igotzen den errepide hasieran utzi nuen motxila bide bazterreko sasi batzuetan ezkutatua, eta soilik eskalada materiala hartuta urbildu nintzen Aiztondora. Ez dakit eskalatu nuen bidearen izena, horma erdian gora doan marra batetik egin nuen aurrera. Behe lainoak ez zidan pareta bere osotasunean ikusten uzten, nagikeria sortu zidan honek, ez zegoen kontenplaziorako betarik.


Eguzkitan bukatu nuen eskalada ia berrehun metro gorago, gozagarria egin zitzaidan nire iritziz hainbeste eskalatzearen erruz labaindua, pasiboa, hila, dagoen haitzean gora egitea.

Sokada gehienak rapel bitartez jaisten direla ikusi nuen ere, oinezko bidea apenas dago markatua, lehen zatian behintzat, beherago errazago bilatzen da errepideraino eramaten zaituen senda. Eskalada materiala berriro alperrik ez igotzearren errepidean utzi nuen eta Izarren bila joan nintzen hormaren basera. Beti egiten duen moduan isatsa mugituz agur beroa egin zidan.


Eguzkia gogoz berotzen hasia zela jarri ginen berriro martxan, Irañeta herria helburu genuen. Ihabar etorri zen ondoren, eta Hiriberri geroago, Sakanako azken herria Irurtzunera iritsi aurretik Egiarreta izan zen. Herri koxkor honetan ermita bat dago, Itxasperriko Santiago du izena, hemendik deitu nituen Xabi eta Aitzol nire bila etortzeko. Herri txiki honetatik GR 20 den Aralarreko bira pasatzen da eta nik bide hori hartzeko asmoa nuen biharamunean.


Bi egun besterik ez generaman ibiltari, baina Xabi eta Aitzol ikusi nituenean denbora gehiago igaro balitz bezala agurtu nituen. Ni baino gusturago Izar sartu zen Aitzolen kotxean, aizpa txikian Txemi bidea zain genuen.

Xabierrek ekarri zidan bokata oraindik dastatzen ari nintzela iritsi ginen aizpa txikiaren basera. Hainbeste ibilgailu utzita ikustea harritu ninduen, ez nago oituta hainbeste arrakastara.

Orain errepide ondoan hasi daiteke Txemi bidea eskalatzen, Joseba Arlegik zabaldu zuen lehen luze bat erabili behar da horretarako, baina prezioa du pribilegio horrek, fin eskalatzea eskatzen du.


Zein ederki pasa nuen Xabi eta Aitzolekin batera eskalatzen, zein giro onean igo genituen apartak iruditzen zaizkidan Txemi bidearen luzeak, konturatzerako gailurrean ginen arratsaldearen amaiera iragartzen zuen argi mehea zaporeatzen.
Irurtzunen bokata bat jan ondoren, gaua itxia zela, bueltan utzi gintuzten Itxasperriko Santiago ermitaren ondoan. Eman zidaten laguntza bihotzez eskertuz agurtu nituen nire lagunak eta berriro bakarrik geratu ginen Izar eta biok.


Igandeak, abentura honetako hirugarren egunak, beste egunekiko berezitasunak zituen. Egun horretarako ez nituen eskaladak planifikatuak, dena ibiltzea zen. Bi elkartze garrantzitsu nituen aurretik, Betelun nire emazte eta alabarekin geratua nengoen, eta egunaren azken orduan Azkaraten Iker Urangarekin, beraz mugitu beharko ginen.
Goizeko bostetan sukalde txikia martxan jarri nuen gosaria prestatzeko, olo katilukada on bat eta kafesnea gaileta parearekin. Trasto denak motxila barrenean jasotzeak denbora gehiago eraman zidan. Goizeko seirak baino lehen, ilargi dizdiratxua lagun genuela, oinez hasi ginen Madoz herrira eramango gintuen malda igotzen.


Oso berezia izan zen igande goiz epel horretako hasiera, egia esanda, egun osoa izan zen aparta. Gau beltzean gordeta, lokartuak zeuden Larraun bailarako herri sendoetatik pasatzea amets polita izan zen, Astiztzera iristen ari ginela argitu zen eguna. Argi berriarekin, hurrunean, Malloak mendien ertzean, Balerdi mendia ikuskatu nuen, izugarrizko poza izan zen, nire zitetara garaiz iritsiko nintzela jakiteak lasaitasuna ekarri zidan. Baraibar herrian egin nuen atsedenaldi luzea, jan eta edan egiteko aprobetxatu nuena. 
Ez nuen inaginatzen hain altu geundenik, Araiz bailara nire oinetan zegoen, Errazkin herrira iristeko jaitsi eta jaitsi ginela oroitzen dut, nekearen eragina izan zezaken ere.
Betelura zita baino dexente lehenago iritsi ginen, Dama iturrian ura edan, gorputza eta oinak garbitu eta kuluxka goxoa egiteko aprobetxatu genuen denbora.


Ez ziren Isa eta Libe Betelura esku hutsik etorri. Izarri ontzi bete makarroi eta haragia ekarri zioten, eta niri galtzontzilo garbiak. Beteluko ostatuan bazkaldu genuen zerbitzuan luze bezain ahoan gozagarri izan zen otordua.
Etxera bueltatzeko kotxeko atea zabaldu zutenean Izar salto batez atzeko eserlekura jaurti zen. Ni partitzeko prets, iada motxila bizkarrean nuela, begira geratu natzaion, gure begiak gurutzatu ziran, jokoan zuen etxeko sofan hankaz gora etzana egon eta sukaldean pentsu katilua bete-betea, edo, nekea eta egarria gainetik kendu ezinda mendeetako oinak zapaldu dituzten mendi bideetan galtzea. Kotxean sartu zena baino gogo gutxigorekin berriro nire ondora salto egin zuen eta abiatu ginen Azkarate herriruntz Ikerrekin genuen zita kunplitzera.
Biori nabaritzen zitzaigun nekea pausoan. Gure ganoraren erru asko otordu oparoak zuen, baina nork esan diezioke ezetz bakailu eta gula entsaladari? edo entrekota patatak eta piparrak, beteluko yoghurt krematsuari, digestio pisuaren prezioa arina da hain plazer handiaren aurrean.


Iker besoak zabalik eta irrifar pikaroa ahoan duela ongietorri beroa egin zigun Azkarate elizaren ondoan. Berehala erantsi zidan txantxarako gogoa eta gai batetik bestera, beti humorea aurretik doala, hasi ginen hizketan atsedenik gabe.

Elizaren atariko babesa hartu genuen eta Ikerrek sukaldatzeko tresnak atera zituen, baliabide gutxiekin afari ederra sukaldatu zuen, asko eskertzen diodan egintza.

Lo egiteko prestaketak egiterakoan ez ginen asko mugitu afaldu genuen tokitik, mahai tresnak kendu eta esterilak bota genituen.


Gaua epela zen, hego haize xuabe batek aldiro zeharkatzen zuen Azkarate elizako arkupe barrena. Goizeko ordubatak ziren, gogoratzen dut zeren ordua begiratu nuen, eliza barruan zarata batuz entzuten hasi nintzela. 
Ez zen hots naturala, esate baterako, zura kolpatzen dugunean bezala, beste gauza bat zen. Pentsamendu irrazionalaren eta arrazionalaren arteko burrukan, korrika atera edo zer gertatzen den aztertu, bigarrena gailendu zen, lo zakutik atera eta elizako atera gerturatu nintzen. Belarrira etortzen zitzaidan zarata txinparta elektrikoak ateratzen dutenarekin parekatu nuen. Ez zegoen erre usainik, eta arkupe kanpo aldetik ez zen elizako teilatuan kea ikusten. Honetan ere beste dilema bat sortu zitzaidan, zuzenean emergentzia zenbakira deitu edo ze bilakaera egiten duen hobeto aztertu. Ate ondoan berriro, oraingoan megafonia akoplatzen denean egiten duen hotsa iruditu zitzaidan. Erdi zurrunkan zegoen Iker esnatu eta kanpora nindoala lo egitera esan nion, asuntoa goizera arte itxaron zezaken. Lo-zakua eta esterilla hartuta bikario etxearen atarian etzan nintzen geratzen zen gau apurra bertan pasatzeko asmoz.
Goiz hasten dira Araiz bailaran kotxeak gora eta behera. Horietako auto bat Azkarateko umeak ikastolara eramateko taxia da. Haurra iturri ondoko aparkalekura ekarri zuen lehen amari kontatu nion gauean bizi nuena. Nola konta diezaioke elizako atarian gaua pasatu duen pertsona batek ezagutzen ez duen beste bati gauean eliza barruan zaratak entzun dituela?, eta, burua nahastuta ez duela itxura eman?, zaila da. Azkarateko bizilagunari aurpegiko harridura arindu zitzaionean abisua pasatuko zuela erantzun zidan. Lasaitu nintzen.


Gosariaren errituala ondoren, eta presa askorik nabaritzen ez zitzaigula, Balerdiko horma itzelera gerturatu ginen, Shot the sheriff bidea eskalatzeko asmotan gindoazen. Bakarka zabaldutako bidea dut hau, eta izena jartzearen inspirazioa Bob Marley abeslari Jamaikarraren letra sakon eta erritmo dantzagarria duen abesti borobiletik hasiz, George Bush estatu batuar presidenteari izketaldi bat ematen ari zela Muntazer al Zaidi periodista Irakiarrak bota zizkion bi zapatatan datza; Arabiar munduan zapata jaurtitzea irain handia da. Gerra gizonak arbuiatu behar ditugu, dugun arma bakarra da.


Gozatu nuen eskalatzen, baina are gustagarriagoa egin zitzaidan Iker eskalatzen ari zen bitartean bideari botatzen zizkion laudorioak entzutea. Ez da erraza Balerdiko eskaladaz gozatzea, oso basatia da, hitz beldurgarri horrek adierazten duen ein guztietan.


Ez zen Iker asetu, gehiago nahi zuen, Balerdiko eskalada bukatuta, Larraona igotzen den Ondarreko pistan geratu ginen gaua pasa eta hurrengo egunean Txindokin eskalatzeko.

Urdilleko lepotik pasa ginen Izar eta biok, Nafarroa utzita, Gipuzkoara, eta Bedaio auzo gainetik egin genuen aurrera Larrondo zelaieta. Kuriosoa da leku hau, ikusten da mende luzeetan zehar gizakiak ustiatutako parajea dela, jende askori jaten eman diona, Aralar osoa bezala, bistakoak dira hemen dauden borda eta kortak.
Larrondoko belazea, bat batean, labanaz ebakia balitz bezala, Arritzagako trokara jaisi egiten den punturaino segi genuen. Hemen ezkutuan dagoen bide bat hasten da Artubi mendiaren magal malkartsua zeharkatzen duena, Amezketatik minetara igotzen den bidearte. Harrian landutako eta aire sentzazio handia duen bidea da aipatu dudan hau, ikusgarria, paisaia guztia bezala.


Minetako orubea irabazita, eta Ariñateko bidetik gora, leku honek oraindik artzaintzan duen garrantziaz jabetzen da mendizalea, hemen goian dauden animalien eta pertsonen mugimendua ez dut ikusi Aralarko leku askotan. Iluntzear zegoela iritsi nintzen Ondareko pistatik Muitzera ateratzen den bidearen hasiera, hariztian zegoen Iker nire zain, aurreko egunean bezala, irrifar pikaroa aurpegian marrazten zitzaiola.
Sukaldatzen topatu nuen Donostiarra, kozinako trasto guztiak kotxearen atzeko kapotan zituela, bera kanpoan zen kanpineko nebera gainean eserita.
Hamburgesak frijitzen ari zen zartagi handi batean, Alegiko harakinak eskuz eginak. Sutegiaren emaitza partekatzeko tratoa egin zuten. Gozamen gastronomiko horri hozkada bat ematen ari natzaion unearen argazkia kalitatezko produktu baten zigilua izan zen, begiek plazerrez dir-dir egiten zidaten. Bertan pasatu genuen gaua, hariztian, Izar eta ni denda barruan eta Iker kotxean koltxoia botata.


Gogotsu ekin nion bostgarren eta azken etapa zen horri. Erronka bukatzeak poztasun handia ematen zidan. Zalantza askorekin hasi nuen bidaia, baina, aldi berean, helmugara iristea pena ematen zidan, oso ondo pasatzen ari nintzen, aske sentiarazten nauten lekuak dira hauek.
Muitzeko arroilera daraman Ondarreko bideak ez du parekorik, mendi magal malkartsuari zizelkatutako bidea da, harri losaz ondo eraikia, garai batean oso erabilgarria izan zena, gaur egun Muitzeko belazetara bazkatzera doazen ardiak eta mendizale bakan batzuek soilik ibilia.


Egurraleko lepora doan bidexkaren hasieran dagoen iturrian bete genituen ur botilak. Ur ziri mininoa isuritzen zuen kañu zaharrak, zorte ginen, gutxi gaitik ia urik gabe ekin beharko geniokelako eskaladari.
Egurraleko lepo ederrean, harri bloke batzuen babesean, utzi nuen motxila eta eskalada materiala hartuta abiatu nintzen Ikerren atzetik Tximista pilarraren bila.


Orain urte batzuk bakarka zabaldu nuen bidea da Tximista pilarra, izen berdina duen magal pikoaren gainean airoso altxatzen den zutabea.
Erosoa dauka basea, Txindokiko gailurra zeharkatzen duen erlaitz diagonalaren hasiera. Bideak bi luzetan igotzen du Txindokiko gailur horma, baina hauetako lehenak dauka eskaladako interesa, bigarrenak gailurra zapaltzea du helburu.
Egurralen banandu genituen bideak berriro Iker eta biok, etxera zioan Donostiarra. Nik ere etxerako bidea hartu nuen, hori bai, lehenik Ausa-Gaztelutik pasatuta, Aritz zain nuen ertza eskalatzeko prest.


Txindoki eta Ausa-Gaztelu bi anai dira, besarkatuta dauden bi lagun, elkartzen dituen beso luzean zehar gurutzatu nuen anai nagusitik txikienera. Ausoko gainetik beheran nindoala ikusi nuen Aritz Ausa-Gazteluko magalean eserita, bi besoak altxatuta bere izena oihukatu nuen, pozez gainezka nengoen.


Azkar prestatu genituen eskaladarako materialak eta ekin genion itzalaren babesean ertza eskalatzeari. Guk igo genuen línea Ausa Gazteluko eki ertz originalaren paralelo doa. Zailtasunak samurragoak ditu, ertzaren azken zatiarekin bat egiteko logika gehiago dauka.


Eta bat-batean, Olakosaiko atsedenlekuan Aritzeri bere laguntzagatik eskerrak eman eta agurtu ondoren, Izarrekin batera ikusi nuen neure burua Zaldibiara ehundaka aldiz jaitsi naizen errepidean behera, eta zalantzak sortu zitzaizkidan bizitako guztia nire irudimenaren kontua izan ote zen. Abiadura geldoak eta oin minak adierazten zidaten ez zela egun arrunta izan, zeozer handia zegoela atzean. Horrela itxi nuen bost egun lehenago marrazten hasi nintzen zirkulua, etxeko atean, zurezko orria zabaldu eta nire atsedenlekura eramango nauen pasabidea zeharkatzeko gogoz.































































































iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina