Egoerak kezkatzen nau, eta ez bakarrik eskalatzaileen bizitza arriskuan jartzeraino irits daitekeen jarrera prepotenteagatik, baizik eta badakidalako indefentsio-egoera honetan ezin dugula ezertxorik egin, zeren, kexatzen hasten bagara kalte egin baitiezaiguke: eskalatzean bezala, harri bloke ezegonkorrari indarrez heltzeak, eta hari trakzioa egiteak, muturrekoa ekar diezaguke. Bi hitzetan, salaketa egitea, eskalada debekatzea ekarri dezake.
Urrian 29ra arte, Nafarroako gobernuko ingurumen departamentuko arduradunek, ez dute eguneratu Kirol jarduerak aldi baterako mugatzen dituzten eskalada hormen zerrenda. Hau da, ohikoa baino 44 egun geroago. Etsipenez, hamarkadetan zehar Balerdiko haitzetan eskalatzen daramakigun eskalatzaileak, aldi baterako debekua kendu arte itxarotea beste aukerarik ez dugu izan. Eta hori ez da okerrena, eskalada-bide paregabe horietako asko oihuka eskatzen ari dira ekipamendu finkoa berritzea, duela urte asko bide hauek sortu zituztenean instalatu zuten material finkoa oso hondatuta baitago. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak horrelako lanak debekatzeak, beraien on-iritzia beharrezkoa da, arriskuan jartzen ditu bide hauek eskalatzen saiatzen diren eskalatzaileak. Susmo txarra daukat hautsak harrotzeak eskalada debekatzearen zaplaztekoa ekar dezakeela. Beraz, ezintasun handiz, dagoenarekin eutsi beharko dugu, ez da gutxi eta.
Azaroko itzal malenkoniatsuek goierriko ibar sakonak hartu dituzte, egunak grina handirik gabe erortzen doaz. Udazkena erdira iritsita, Balerdira joateko aukera dut, Iñaki Mendizabalek nire eskalada proposamenari baietz esan dio.
Hego haizeak harro jotzen duen arren airea hotz dator Aralar mendilerroa zeharkatu ondoren, Malloen harresi itzela laino kapela batekin estalita dago. Estalki iluna, indarrez taupaka, ezkutu ikusezin batek oztopatu egiten du, mendi mazelan behera jendea bizi den haranerantz joatea saihestuz. Elementuen talka horrek gailur malkartsu horiei itxura helezinagoa ematen die.
Aldi berean, Azkarateko zeru makalean, tarteka eguzki ahul bat agertzen da. Hori ez da desmotibagarria zeru goibela menderatzen duten ehunka putreentzat. Aho zabalik begiratzen diegu irudimenezko zirkuluek marrazten dituzten moduari. Argi dago hegazti nekrofago hauei on egiten diela hain babes zorrotzak, laster elizako kanpandorrean egin beharko dute habia.
Motxilak arinak dira, ohikoak baino txikiagoak Balerdin eskalatzean. Soilik zinta espresak eta soka sinplea daramagu. Ez friend eta fisurerorik. Ez eramateagatik ez daramagu ezta krokisik. Duela hamahiru urte irekitako eta erreseinatu gabeko Mikeltxoren bide batera goaz. Oiartzuarrak buruz esan dizkit luzeen zailtasunak, material finkoz hornituta dagoela adieraziz. Eskuan izan ditut friend eta fisurero jokoa, eta motxilan gehitzeko tentazioa, furgonetako maletategian sartu ditut bueltan.
Malda handia izan arren, atsegina egiten zait. Bidezidorra zelai berdean gora doa, inguru maiestatetsua, eta, solasaldi alaia, analgesia bat dira nekerako. Horma azpiko baso itxiak ere ba du zerbait berezia, iluntasun horretara sartzen naizen bakoitzeko, harri bloke handi horiek zeharkatzen ditudanean, indar berezia sumatzen dut.
Zuhaitz hetereogenoen azpitik doan bidezidor lasaia galdu egiten da hartxingadian, guk ez dugu jarraitzen, basoaren ertzetik igotzen gara hormaren azpiraino. Ahuntzen apatxek eskalatzaileen bota astunek baino gehiago zapaldu duten bidexka nabarmen batetik jarraitzen dugu.
Arazorik gabe bide azpira iristen gara, lehenago ere izan naiz hemen. Behin, bakarrik eskalatzeko asmoz hurbildu nintzen, baina azkenean ez nintzen sartu. Bai ordea Ramontxoren bidean, ondoan dago, baina ezin izan nuen amaitu, asko borrokatu ondoren, behera egin nuen luze baten faltan.
Horma marroi oso bertikaleko helduleku txikiak hauts fin batez estalita daude. Ez naiz kexatzen, baina bai Iñakiri komentatzen diodala, ukimen natural, birjina honek, erakartzen nau. Erretxinak leundutako harriarena baino atseginagoa zait. Soka lehenengo txapatik pasatzean, lasaitu ederra hartzeaz gain, helburu bat bete dut, orain bigarrenaren bila noa, sekzioetan pentsatzeak asko laguntzen du horrelako eskaladetan. Bosgarren sekzioak ezustekoa ematen dit. Soka arrakala txiki batean zanpatutako fisurero batetik eta iltze batean igaro ondoren, zazpi bat metroko harri zati garbi bat datorkit hurrengo txaparaino. Esposizio hori onargarria izango litzateke neure burua babesteko aukerarik ez balego. Ez da horrela, purgatoriorako bidea bezain luzea iruditzen zaidan zati honetan, hiru lekuetan behintzat, neure burua babesteko aukerak ikusten ditut. Mikeltxoren belarriak gorrituko lituzkeen oihu batek kemena ematen dit eromen horretan zehar jarraitzeko. Trantze horretatik airoso aterata, eskalada tekniko zaileko zati bat besterik ez zait geratzen, ondo babestuta hau, bileraren segurtasuneraino. Bilera erlaitz luze batean dago. Bi bilerak, hobeto esanda. Leku honetan bi bidek egiten dute topo. Nik lehenengoan, hamabiko paraboltak dauzkanean, antolatzen dut bilera, erosoagoa iruditzen zait. Ez dakit zein bide den hau, ez dago erreseinatua, Balerdi kaosa da.
Iñakiren soka eusteko egokiagoa iruditzen zait nagoen leku hau. Jatorrizko bilera bidearen azpian dago, Iñaki eroriko balitz, nire gainera eroriko litzateke. Bilera irteerako eskalada pausoa gogorra da, eta, gainera, arrisku handia du erlaitzaren gainera jausteko. Luzera honen lehen asegurua metro batzuk gorago dago, aipatu dudan mugimendu konprometitua gainditu ondoren txapatzen da. Tarte delikatu honetan, ordea, friend on bat sartzeko aukera dago, eta jarriz gero, asko murrizten da erlaitzaren gainera erortzeko arriskua. Iñakik asko arriskatu zuen baldintza horietan aurrera egitean.
Dagoeneko abisatuak geunden, ez gintuen ezustean harrapatuko, goruntz jarraitu zuen Iñakik jakitun akatsik egin gabe eskalatu beharko zuela.
Friendak edukiz gero oso gustura jarriko zituzkeen gune batetik igaro ondoren, eskalada zaila eta teknikoa iristen da. Sekzio hau babesteko iltze pare bat daude, eta, non, aipatu ditudan zailtasun horiez gain, pasabideak ikustearen konplexutasuna gehituko nioke.
Sabai handi batek bidea mozten digu. Ganga honetan galtzen diren bi txapek hasierako bidea erakutsi didate. Bigarren txapatik zintzilik nago. Gainean dudan horma eroria ikaratzekoa da. Ahal dudan moduan gainditzen saiatzen naiz, ezinezkoa zait, liliputiarra sentitzen naiz erraldoiaren aurrean. Sabai honek izugarrizko zailtasuna dauka, baina Mikeltxo hortik gora igotzeko gai ikusten dut, dardarka nago. Eskuinean, oztopo hori gainditzeko leku nabarmenago bat agertzen zait, diedro pitzatu bat, sortzailea banintz hortik joango nintzatekeena, baina zintzilikatzen ari naizen bigarren txapa honek ez dit hori adierazten, krokisik gabe joatea da daukana, zalantzak.
Txorizoa bezala sukaldeko sabaian zintzilik, gorputza ahal dudan guztia atzerantz botatzen dut. Han, urrunean, aipatu dudan diedroaren amaieran, sabaiaren ertzean, txapa bat izan daitekeena sumatzen dut. Pozik nago, nahiz eta zortzi metroko trabesia egin behar dudan inolako segurtasunik gabe.
Plazer handiz txapatzen dut soka. Baita bigarrenean ere. A0n eman dut pausoa zalantzan jarri gabe. Hortik aurrera, ordea, panorama aldatzen da. Harri grisezko plaka trinkoa da, forma apetatsuekin, librean saiatzea eskatzen duena.
Txapa bat eta iltze batek osatzen dute bilera. Bi seguru hauek kordino batez triangulatuak daude, mosketoia dago puntu amankomunean.
Hamar metro besterik ez dira geratzen gailurrera iristeko. Fisurero batek erakusten dio iñakiri bidea, eskuinera joan beharra dauka. Haitz zubi batean kokatua dagoen kordinoa eta gorago dagoen iltze bat ere badago luze honetan. Ez ordea bilerarik, eta hau letra handiaz jartzen dut; AZKEN LUZEAK EZ DU BILERARIK. Beraz bide berdinetik jaitsi nahi izan ezkero azken aurreko bileratik rapelatu beharko dugu.
Gu oinez jaitsten gara. Nik, zorionez, eta hori ez dut maiz egiten, zapatila batzuk sartu nituen soka osagarrian gora igo dugun petatean, bileretan erosoago egoteko. Iñakik, ordea, katu-oinetan jaitsi beharko ditu Balerdiko zelai malkartsuak.
Pozik nago bide hau igo izanarekin, eta horrela adierazten diot iñakiri furgoneta Azkaraten behera gidatzen dudan bitartean, Balerdiren unibertsoari bide bat berreskuratu eta gehitu diogu. Aldi berean sentimendu kontrajarria dut, arriskatu egin dugu. Oztopoa gainditu, bidea eskalatu, gailurrera iritsi, zentzuzkoena litzatekeenaren gainetik egon dira: atzera egitea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina