2024(e)ko urriaren 17(a), osteguna

ORDESA - La Via del Sexto

 

Oihu ozenak lozorrotik esnatu ninduen. Gertakari desatsegin horrek nire lo egiteko orduak urritu zituen. Hainbat ziren gauaren lasaitasuna hartu zuten ahots euforikoak, ulu etilikoak, Torlako zaindariaren jaien ospakizunak bultzatutako oldarte kolektiboa.
<< Hemen ere, esan nion nire buruari, hurrengo egunean zerbait interesgarria egiteko dugunok ez dugu atsedenik. Lozakuaren barruan buelta batzuk emanez jarraitu nuen nire hausnarketarekin; << eta zer dugu ospatzeko? Dena dago hain kakaztua, munduak kiratsa penagarria dario.


Goizeko bostetan iratzargailu desegokiaren txirrin zitalak jo zuenean, atsedenaldi laburraren arrastoak nabariak ziren, eta bi automata baino elokuentzia gutxiagorekin hasi ginen prestatzen Xabier Artola eta biok Ordesako belardira eramango gintuen goizeko seiretako autobuserako.




Gidari berritsuak autobuseko ateak itxi eta patxadatsu martxan jarri zuenean, bi pertsona besterik ez ginen kabina ilunean. Niri, ain bidaiari gutxi izateak, neuronak martxan jartzeko oso goiz zenez, bi arrazoi baino ez zitzaizkidan bururatu; udako zurrunbiloa pasatua zen, edo, bart, jendeak Torlako jaiak ospatu zituen. Aitortu behar dut harritu egin ninduela Xabierri hau komentatzeak, zeren, funtsean, poztu egiten baininduen.


Iluntasun osoan dardarka aurrera mugitzen ziren bi argiak hain ziran txikiak non uzkurrarazten zintuen. Baso sinestezin hau hain itxia denez, argi izpiak gogor borrokatu behar dira hosto eta adarren sare trinkoan barrena sartzeko. Leku liluragarria, beti hezea dagoena, are urtsuagoa iruditu zitzaidan udazkeneko gau horretan, ur putzu ugarietatik igarotzean oinek sortzen zuten zaratek kontzientzia harrarazi zidaten. Nik bakarrik ostiralerako iragarpen meteorologikoa begiratu nuen eta ez nintzen ohartu aurreko egunetan egin zenuen denborarekin. Dudarik gabe euri asko egina zen.



Bidetik oso gora, izei erraldoien itzalpetik irten ginenean, Gallineroko horma beldurgarria gainera eroriko zitzaigula sentitu genuen; << urtetik urtera gehiago kikiltzen naute horma kaotiko hauek. Egunaren argi berrian, pitzadurak eta sabaiak, itxuraz igo ezinak, tonu ilun eta itzalian zeuden; argi zegoen dena blai zegoela.



Malkarretik zehar jarraitu genuen bidea. Xabier isilik zetorren nire atzetik, bistan zen txundituta zegoela ikusten ari zenarekin. Hau zen Tolosarraren bataioa parekorik ez duten horma hauetan. Cotatuero pilarearen azpian geratu nintzen Xabierri, Alberto Rabada eta Ernesto Navarro ausartak nondik igo ziren adierazteko. Gure ondoan erortzen ziren ur tanta lodiek are izugarriagoa egiten zuten horma. Zaratrustra bidearen sabai erraldoiak aho zabalik utzi zuen Xabier.


Aurrera jarraitu genuen bakoitza bere pentsamenduetan. Nireak, pareten baldintzekin zuen zerikusia, pena handia ematen zidan gailurraren poza Xabierrekin ezin ospatzeak.

Libro abierto hormaren azpira iritsi ginenean, trigrea kaiola batean bezala, alde batetik bestera mugitzen ibili nintzen, hormaren baldintzak hain ziren eskasak gailurraren festa ospatzeko edozein bide izan zezakeela balizko.
Erabaki bat hartu behar genuen. Momentu horretan jokoan zegoena ez zen soilik goiz galdu izana, aspaldian burutzeko genuen asmo bat baizik. Aukera berria noiz izango genuen zalantzak bultzatu ninduen sokak lotu eta ezetasunez zipriztinduriko harri ilunean gora abiatzea.



Ez zen bakarrik eskalada mugimenduetarako gorputza hotza nuela, inkontzientziaren muga zeharkatzen ari ginela jakitun izateak ez zidan aurrera egiten uzten konfiantza osoz. Lehen luzearen bileraren erlaitz erosora iristean, eta bi iltzeak osatzen duten instalazioa rrapelatzeko prestatua dagoela ikusteak, zihurgarritasun handiagoa eman zidan.
<< Bigarren bileratik agian errapelatu dezakegu ere.



Bigarren tirada honek azalpenak merezi ditu. Offwich zati bat markatzen du krokisak, eta lauko zenbakiko frienda gure burua babesteko. Guk, Chemariren aholkuak segiz, bi garraiatu genituen, eta erabili ere. Baina nire iritziz, egokiagoa litzateke, bi friend handi eraman ezkero, laukoa eta bostekoa eramatea, pitzadura zabal horren azken zatian egokiagoa izango dugu handikotea.



Axolagabe utziko ez digun zati hau igaro ondoren, bigarren bilera markatzen du krokisak eskuinera dagoen erlaitz batean, iltzea eta haitz-zubia omen daude. Ez nituen bilatu. Bai, ordea, krokisean ageri ez den iltzea ikuskatu nuen, gainean zabaltzen den diedro eder batean jarria eta bertatik jarraitu nuen. Honek erlaitz luze batera eramaten du, bilera erosoa muntatu nuen tokira. Arrakala bat garbitzean ondo kokatu nituen bi friend eta fisuarekin egin nuen instalazioa. Ondoren, horma zati handia zeharkatzen duen erlaitz luzea aztertzean, metro batzuk nire ezkerretara Sistritrato bidearen bilera bat dago, eta eskuinera, erreskate batean erabilitako aingura handiak.


Pausoz pauso gerturatzen ari ginen harresi gaindiezina bezala ikuskatzen genuen zati bustira.
Erritmoa hartzea bezalakorik ez dago eskalada mugimenduak arin egiteko, horrekin segurtasun sentsazioa handitzen da.


Xabier hirugarren bilerara iritsi zenean ea euria hasia zegoen galdetu zuen. Ez zen horrela; gainean genituen sabai handietatik erortzen ziren ur tanta lodiek eguraldiak okerrera egin zuela ematen zuen. 
Bostgarren luzean hasi ginen serio haitz bustiarekin borrokatzen, arroka gris iluneko zati bereizgarria beltz distiratsu zegoen. Tirada honen bileran hartu genuen erabakia; erlaitza ur-putzu bat zen eta gainean zabaltzen zen sabai-hesia ur-jauzi bat. Aurrera egiteko kemena sabaiaren hasieran dagoen paraboltak eman zidan, hori eta erorketa batean airean geratuko nintzen ziurtasuna. Une batez neguko eskalada egiten ari nintzela sentitu nuen, arimaraino bustitzen zaituen izotzezko ur-jauzi batetik igo nahian.


Horma handiko eskaladetan beti dago puntu bat non garbi ikusten duzun igoera egina duzula, edo gure kasuan, egin genezakeela. Via del Sexto bidean seigarren luzearen bilerara iritsi nintzenean izan zen, kalitate ezin hobeko arroka marroi baten gainean muntatua dago errelebo hau. Hormaren behe partetik argi ikusten zen zati hau lehor zegoela.


Adierazi nahi dut, nire iritziz, zazpigarren eta zortzigarren luzeak oso ondo irekiak daudela. Parabolt bana dute, eta leku egokian jarriak biak, eskalada pauso zailak ondo babestuz, eta hortik aurrera, hor konpon.


Gustura iritsi ginen bidearen bukaera, horma azpian geundela ez nuen zentimorik ematen eskaladaren bideragarritasunagaitik. Eskalada-bide oso ona eta gomendagarria iruditu zitzaigun. Lortu genuen eta ospatzeko arrazoiak genituen, gure jaia antolatu ahalko genuen.
Furgonetaren babesean, gazta eta txorizoa dastatzean ari ginela, bigarren zerbeza zabaltzearekin bat, begiak ixten zitzaizkidan. Gaur ere nekatuegia festarako, agian beste batean ospatuko dugu.



















































iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina