Barre egiten dut nire azken ateraldiarekin, irribarrea ezpainetan dudala
idazten ari naiz: friend festa bidea eskalatu
berri gara, baina gure arnesean generaman materiala ikusirik tótem festa deitu
al geniokeela bururatzen zait, edo hobeto oraindik; totemek jatorri euskalduna
kontuan harturik, friend hitza ordezkatuz, lagun festa deitzea aldarrikatu
beharko genuke.
Ray Jardine ipar-amerikar eskalatzaileari zor diogu arrakaletan
aseguratzeko erabiltzen ditugun gailu mekanikoen sorkuntza, bere asmakizuna
izan omen zen, friend hitzaz ezagutzen ditugun aparatuak dira hauek. Hau 1975.
urtean izan zen. Gailu astun hauek, itxuraz, gutxi dute gaur egun ditugun
friendekin, printzipio mekanikoarena soilik.
Nik laurogeigarren hamarkadan ezagutu eta erabili nituen friendak lehen
aldiz, marka espainola batenak ziran, Calma etxekoak, "amigos del galayar" izenez
saltzen zituzten. Ipar- Amerikarren lehen friend harren antz handia zuten,
prezioz berriz merkeagoak ziran.
Gogoratzen dut Mikel Apezetxeak deitu zidan egun hori, Santa Bárbaran zitatu ginen, friend prototipo bat nahi zidan erakutsi.
Lehertua nago, dena emanda, atzo friend festa bideak nire hobenak atera
zituen, eta orain biharamuneko ajea pagatzen ari naiz.
Igande goizean genuen zita Íñigo Andolak eta biok, zazpietan geratuak ginen
Atxarten.
Epela zen goiza, hego haize leun batek goxatzen zituen bazterrak, eguna
bero zetorrela ez zegoen dudarik.
Friend festa bideak Alluitz mendiaren mendebal aurpegia igotzen du.
Harri zuria, gogorra, eta kalitate handikoa duen mendi eder honek, Atxarte
bailara aldean, ertz, orratz eta paretaz josia dago, kaosa sentsazioa
azaleratzen duela. Ez dira horma hauek altuak, gehienez ehun metro izango dituzte
handienek, baina hauetako orratz batzuk segidan eskalatzen badituzu metro dezente
ateratzen dira.
Sekula bukatzen ez den bidea da friend festa. Kontzeptua sinplea dauka; orratzak banaka kateatzen joatea, azkenean eskalada maratoi batetan, ia bostehun
metro eskalada garbi sartzen dituzu gorputzean.
Laurehun eta berrogeita hamar metroetan, friend festak soilik bi parabolt
txapatzen ditu. Honek, guztiok dakigun bezala, zailagoa eta mantsoagoa egiten
du igoera, egun osoa behar izango dugu eskaladarako; guk zortzi ordu luze behar
izan genituen burutzeko.
"Lagun" festa bideak, gora, bera eta zeharkaldi asko ditu, ez da
erraza trazatua segitzea, are gehiago, "Atxarteroa" ez bazara.
Krokisa nahiko ongi egina dago, eta lagungarri izango dugu puzle piezak
muntatzeko.
Sekretu bat kontatu zidan Íñigok azken luzea egina genuenean, III. graduko ertzan: Lepo txiki batean geunden sokak biltzen, puntu honetatik, oinez,
hartzen genuen Alluitzeko mendebal bizkarra. Gure aurrean horma dotore bat
zegoen, berrogei eta hamar metro izango zituen. - Pareta hau ez da festan
sartzen, baina eginiko dinamika horretan sartu al genezaken.
Pertsonalki aukera horretan pentsatzea bakarrik, luze bat gehiago geratzen
zela, hotzikarak ematen zizkidan.
Friend festa bukatu genuen, arnesean generaman Totemi txispeak ateraz. Zin degizuet
parranda ezin hobea dela, aje handia uzten duela.
Iñigok, lagun desberdinekin batera diseinatutako kateatzea da hau, baina
berak dioen bezala, - hobetu daiteke -, !!!aupa gazteak!!!