sábado, 8 de febrero de 2020

RALLA DE ALANO-Canal central- Suspiro de invierno

Ralla de Alano iazko argazki batetan, gorriz gure igoera.


   Egun argiaren zahi egotea adostu genuen Iván Urzelai eta biok erabakia hartu aurretik. Gau ilunean iritsi giñan Techeras parkinera, Ralla de Alano urrunean sumatzen zen forma beltz bat besterik ez zen.
   Lo zakuaren goxotasuna uzteko gogo handirik gabe, besoa luzatu nuen furgonetaren atea zabaltzeko. Tristea iruditu zitzaidan lehen irudia, kolore ilun goibelez eginiko margo lan baten tankera hartu nion Ralla de Alano mendiari. Margolariak, elurra, zuri kolore ilun itzali batez marraztua zuen. Haitza, koadroaren espazio gehiena hatzen zuela, kolore gris beltz eze bat zen. Elur kanal bakanak, mendiaren zainak balira bezala, odoletan zeuden, likidotze jarioak haitza orbantzen zuen. Freskotasuna falta zitzaion irudiari.
   Guri ere, egoerak, etsi egin gintuen, eskalada tresna prestaketa konbentzimendu handirik gabe burutzen aritu giñan, gauzatzera gindoazen igoerak zentzutasuna galdu balu bezala . - Bertaratuko gaituk eta erabakiko diagu -.



   Motxila bizkarrean jarri eta martxan hasteak on egin gintuen, animotsu gindoazen maldan gora, edozein gaiez mintzatzen, Ivanekin ez da solasaldi konturik falta izaten.
   Elurretara iritsi giñenean, eta krampoiak jantzi, - Ez dago hain gaizki -, esanez kontsolatu giñan. Erabakia hartua genuen, gora gindoazen.


   Ralla de Alanos ipar kanala mendiren ipar pareta erdi erdian dagoen pitzadura nabarmena da, oso bistakoa. Lehen neguko igoera Alberto Urtasun Iruñako eskalatzailearen eskutik etorri zen, Suspiro de invierno izenez ezagutzera eman zuen, eta IV/4+ zailtasunak gainditu behar izan zituen. Baldintza lehorragoetan egiña homen dago bidea, M5 zailtasunak eman zizkioten errepikatzaileek. Guk ere oso lehor topatu dugu pareta, baina ez ditugu zailtasun horiek gainditu behar izan eskalada burutzeko. Aukera eta bariante dexente ditu bide eder honek.


   Bidearen lehen zatiko; erresalte lehor, zeharkaldi trakets eta kanal zabal batzuk gainditu ondoren paretaren azpian geunden, horma bitan banatzen duen kanal handiaren hondoan. Senak eskuinetik tiratzeko agindu zidan, lehor zegoen harriz eta lurrezko malkar batetik, goran, zeharkaldi motz bat eginez, kanal handia hartzeko aukera begiztatzen zen.


   Kanal handiak eman zion burutzen ari giñan igoerari zergatia, elurra bi hormen artean estutzen zen, giro alpinoa handituz, sentipenak sortu zigun baikortasunak azkartu zuen gure igoera erritmoa.
   - Hemendik Picazo pasatu da -, esan nion Ivani estugune batetik ateratzen ari zenean. Bere gainean nengoen ni, harri handi baten aldamenean, bat batean azaldu zitzaidan paraboltean muntatutako bileran.


   Bitan banatzen zen kanala puntu honetan, eskuinera jotzen bagenuen, elur malda luze bat segituz, gainean ikusten zen mendi puntara errez iritsiko giñan. Ezkerretik tiratzen bagenuen berriz, arroila eder batetik, zailagoa, mendi puntara iristea ez zen ain nabarmena. Bigarren aukera hautatu genuen, lirainagoa zelako, erakargarriagoa.
   Tirada luzea izan zen, soka oso bat, lepo batera iritsi arte, parabolta zegoen kokatua. Hemendik aurrera tontorrera zuzen tiratu genuen, haitz erresalte bat gainditu ondoren kanal batzuk hartzera. Arazorik gabe bi luzetan mendi puntan giñan.


   Soka, eskularruak bustiak zeuden, hezetasun itzela izan genuen kanalean, eguzki goxotan jarri genituen gauza guztiak lehortzen.
   Gustora geunden burututako igoeraz, nahiz eta baldintza honetan ez bilatu kanala atsegingarria izan zen eskalada, baldintza hobeagoetan oso gomendagarria da neguko eskalada hau.
  Denbora dezente zen Ivan eta biok elkar ez genuela eskalada egiten, asteburu bikaina pasatu dugu batera.  









No hay comentarios:

Publicar un comentario