viernes, 26 de abril de 2019

VERCORS Oleos bidea

Elur hautsa zen dena

   Saiatu gara, ez da posible izan, Eiger ipar hormak gure tokian jarri gaitu, umiltasunez atzera egin beharrean izan gara, harrokeria garesti atera zitzaigukeen. Gehienetan, mendiaren gailurra zapaltzea nahi izatea ez da aski izaten, zeruaren eta infernuaren arteko muga oso estua da pareta ilun hauetan, denok entzunak ditugu gertaera beltz asko Eiger ipar horman.
   Arratsean hartu genuen Kleine Scheidegg-ko trena, aurreko egunean elurrak bazterrak ongi zuritu zituen, apurka eguraldia hobetzen ari zen, Meteo iragarpenak hurrengo egunetarako giro aparta azaltzen zuen. Ez zen ori ordea Eiger ipar hormaren partea, Grindelwald sport dendako mendi gidariak Eiger ipar paretaren egoeraz galdetu genionean harriduraz begiratu gintuen,- Nor ausartzen da Eiger hormaz galdetzea? - Eroak ala ziurrak dira eskalatzaile hauek? Horma ez zegoela baldintza onean erantzun zigun, eskalada ezinezkoa izango genuela, guk aldiz gure begiez ikusi nahi genuen horma, bertara joatea erabaki genuen.
   Hotza izugarria zen, elur hautsetan gindoazen arrasto sakona  zabaltzen, egunaren azken argiak ziren. Eiger ipar paretari sarrera ematen dion elur malda igotzeari ekin genion orduan, asmoa, edozein momentuan eta edozein tokian bibaka antolatzea, estrategia sinplea zen gurea.
   Elur malda konikoak jarri zigun gure tokian, gerriraino sartzen ginen elur bigunean, ezin genuen pauso seguru bat eman, elur maldak bere sakonera eraman behar gintuen sentsazioa nuen.


   Ez zen erabaki erraza izan, sekula ez da erraza izaten, frakasoaren zama astuna da, faktore asko genituen kontra, hauek irakurtzen jakin beharrean geunden, gaua gure gainean genuela ekin genion atzerako bideari.
   Hiru lagunen arteko irteera bat zen gurea, Chemari, Xabier Artola, eta idazten duen honen artekoa. Xabik, gu Eigerren geunden bitartean, elur hauts hotzetan eskiatzen gozatu ederra hartua zen, oso baldintza onak zeuden horretarako. Guk ordea haitz eskalada nahiago genuen, arroka seko eta epelean hobeto, Frantziara bueltatzea izan zen gure erabakia.

Udaberria iritsia zen Vercorsera

   Vercors mendi ingurua ezagutzeko interesa aspaldikoa dut, gauza onak soilik entzunak nituen, Alpeen itzalean, bigarren lerroan izan da beti, bere garaia iritsi zitzaionaren determinazioa nuen.


   Dakienari galdetu behar zaio beti, Unai Mendiak bidai batzuk eginak ditu Okzitaniako pareta hauetara, Iruñarrak telefonoz gauza asko argitu zizkigun. Unai, Philip Moussato eskalatzaile Frantziarraren jarraitzaile amorratua dugu, azken honek horma hauetan bide oso on batzuk zabalduak ditu, Unairen gustuko bideak izanik hortzak estu hartu beharreko marrak beharko dira izan, Frantziarrak bere ibilerak eskalada gida batean idatziak ditu, bide propioen selekzio bat da eskalada gida hau.








   Bi horma gomendatu zizkigun Unaiek, Archiena eta Glandasse, lehenengo paretatik hastea erabaki genuen.
   Sorpresa atsegina izan zen Archiane zirkoa, ingurua benetan ederra da, horma oso erakargarria du, eta aterpean egiñiko egonaldiaz ere oroitzapen onak ditugu. Jean Luc, Archiane aterpeko zaintzaileak, doanik utzi zizkigun sukaldeko erabilpena eta dutxa, erreforma batzuk egiten ari zen eta itxia zuen aterpea, lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiot.
   Bi bide eskala genitun Archianen, lehena Quarantaine rougissante eta Equation bideen arteko konbinazio bat, bigarrena Oleos bidea, biak a la biak oso onak, nik azken honetaz hitz egin nahi dut, benetan txunditu bai ninduen.





Quarantaine lehen luzeak







Equation luze klabean, zoragarria!!!









   Philip Moussatok sortu zuen Oleos bidea, bakarka, 2009 urtean, mendi istripuan hildako Luc Avogrado lagunaren oroimenez. Horma handiko kirol eskalada bide bat dugu Oleos, ekipatutako bide bat, hau horrela izan harren guk friend gutxi batzuk eraman genituen, baita erabili ere.
   Hitzez zaila egiten zait Oleos deskribatzea, betiko kalitate kalifikazioetatik kanpo deskribatu nahiko nuke, Oleos bideak ba dauka beste esentzia bat, eskalatzen ari zaren bitartean jasotzen duzun emozio bat, arrokak, mugimenduaren bitartez blaitzen zaituen ilusioa ukigarria.




   Kostatu zitzaigun Oleos eskalatzea, bukatu ere ez genuen egin, lau luzetara utzi behar izan genuen gauak harrapa gintuelako. Gauza on gehienak ez dira errez lortzen, ahalegintzea eskatzen dute, emaitzaren zaporea gozoagoa da beti, eskalada honetan ere horrela izan da.
    Naiz eta bidea begi aurrean izan ez genuen ikusten, Mussatoren eskalada gidak leku batean kokatzen du, eta Vercors eskalada gidak beste desberdin batean, azken honek du arrazoi. Egun bat galdu genuen bidearen bila. Martxoa ez da garairik onena bide hau eskalatzeko, itzalean pasatzen ditu egunaren ordu gehienak, goizeko lehen orduetan eguzkiak jotzen du soilik. Kanal handiaren ondoan doa, honek haize korronte bat sortzen du, hotza urte sasoi honetarako. Uda garaiko aproposa dela deritzot, guk hotz handia pasa genuen, arropa asko soinean genuela eskalatu beharrean izan ginan. Martxoan egunak udan baino motzagoak dira, guk pare bat ordu gehiago behar izango genituen eskalada bukatzeko.


Oleos bigarren luzea















Beste luze bat gehiago egin genuen, hamabigarrena

   Bideak du garrantzia, helmuga bukaera izan daiteke, gailurra, eta nik ez dut mendi tontorrera iristeko presarik.






No hay comentarios:

Publicar un comentario