2015(e)ko urriaren 22(a), osteguna

HIGH SIERRA - Mount Whitney east buttress - The incredible Hulk Red dihedral



   Sentitu al duzue inoiz, klaustrofobia? Nik motel batetan sartua nengoela pairatu nuen, Reno hirian
   Bakarrik nengoen, horrela bidaiatzea erabaki nuelako. Nire planak okertu egin ziren eta lo egiten ez duen hiri horretan egonaldia luzatu behar izan nuen. Eta amets gaiztoaren gauean; bihotza azeleratu egin zitzaidan, ezin nuen ezertan kontzentratu, gelako paretak kartzela bihurtu ziren. Leihora joaten nintzen argitasun bila eta ikusten nuen panoramak ez zidan batere laguntzen; Sands kasinoko parkina zegoen ostatu hartu nuen motelaren parean, barrutia zabala polizia autoen argi urdinak argiztatzen zuten, miaketak egiten ari ziren. Kale ilunean, ordu txikietan, noraezean zebiltzan jende apurrak, espektroak bailiran, bizitzak berak pisatu eta aurrera egitea eragozten ziela zirudien. Gela triste horretan sartuta, bertan bizi izan ziren ehundaka apopiloen usainez blai, arimaraino zurrupatzen zaituzten kasino erraldoien itzaletan, nirekin ahal izan zuen, gaua benetan luzea izan zen.




   Nevadako hiriburuan gertatu zitzaidan, Bishopera eraman behar zidan autobusak botata utzi ninduelako, bi egun pasa behar izan nituen jokoaren hiriburuan.




   Reno kasinoz beteta dago, izugarrizko eraikinak dira; Circus, Sands... bereganatu dute hiriaren ezaugarria. Inoiz lo egiten ez den hiria da, egunez edo gauez gauza bera da. Baina, nik uste aurreratu egin naizela, hasieratik hastea hobea izango da.




   Kalifornia iparrera egin dudan bidai honek bi funtzio bete nahi zituen; alpinistikoa, eskalada zoragarriak daude High Sierra mendilerroan, eta bidaiari sentitzeko desioa, nire erritmo eta beharretara libre, garraio publikoa erabiliz. Lortu nuen.
   Sierra Nevada mendi zerraren ekialdeari, High Sierra deitzen diote, eta gailur garaiena Mount Whitney 4421m da. Mendi dotore honek, inguruan dituen besteekin batera, ipar aldera erakusten duen itxura txundigarria da. Granitozko mendi eta dorre ilunak dira zeru urdin argitsuarekiko kontraluzean, bat batean, basamortu zabalera amiltzen direnak. Lur lehor horietan, Bishop, Lone Pine, Big Pine, Bridgeport daude. Herri hauek dira mendi eta pareta zoragarri hauetara gerturatzeko puntuak.

  


   Ehundaka western filmetan azaldu diren paiasaiak dira hauek. Nire haurtzaro garaian, larunbat arratsaldero hutsik egin gabe, ikuskatzen nituen pelikulen lekuak. Sukaldean genuen zuri-beltzeko telebistan botatzen zituzten filmen grabazioak hemen eginak dira. Heroi gogor eta garratzak ziran denak, John wayne modukoak, gerrian pistolak lotuta zeramatzatenak eta errukirik gabe elkar akatzen zirenak.



   Sierra Nevadako ekialdea US 395 errepideak zeharkatzen du. Estatu batuetan errepideen izenak garrantzi handia dute, batzuk mito ere egin dira. Errepide hau ikaragarri luzea da, bi mila kilometro pasa ditu, Kanadan hasi eta Mexiko mugan bukatzen da, Estatu Batuetako mendebaldea, iparretik hegora zeharkatzen du. Errepide amaigabe honen zati txiki batean dago Hight Sierra zoragarria.



   Nik, eskalada bidaia hau prestatzeko, Chris MacNamara eta McKenzie Longen “High Sierra Climbing” liburua erabili nuen. Eskalatzaile famatu hauek, oso begi onez, inguru hauetako eskalada bideen aukeraketa bat egiten dute. Berrogei bide proposatzen dituzte mendi zerra osoan. Eskalatzaile baten begietara, gida hau irakurtzea plazera da.

Mount Whitney eta ekialde ertza

   Liburu handi honek proposatutako bi eskalada egiteko aukera izan dut nik; Mount Whitney mendian east buttress ertza, eta Incredible Hulk horman Red dihedral ikusgarria. Bi bide hauek deskribatzen saiatuko naiz.


Mono village campgraund

   Mount Whitney, bere 4421m-ekin, Estatu Batuetako 48 behe estatuetako mendirik garaiena da, hau da, Alaska estatua kenduta. Beraiek horrela saltzen dute.
   Altuena izate horrek, leku denetan bezala, jende andana erakartzen du, mendizale orok mendi garaiena igo nahi izaten du. Hau ikusirik, Sequoia National Park and Inyo National Foresteko buruek, baimen bat ezarria dute mendia igo al izateko, egunero pertsona kopuru batetara mugatua dago sarrera. Imajina dezakezue udan ia ezinezkoa dela baimena lortzea, jakinda gainera denbora dezente aurretik internetez erreserbatu daitekeela. Arazoa da, mendizale askok joan ahalko diren ziurtasun handirik izan gabe eskuratzen dutela baimena eta gero ez dira azaltzen, beraz azken momentuko aukera ere hor dago. 

Whitney eta Needles

   Hori, zorionez, Whitney Trail bidean gertatzen da, ohiko bidean alegia. Eskalatzaileak beste bide bat hartzen dugu pareta ikusgarri hauetara hurbiltzeko, North fork of Lone Pine bidea. Hemen, naiz eta erregulatua egon, beste irizpide batzuk segitzen dituzte Rangerrak, eskalatzaileak ez omen gabiltza hain tropelean. Momentuan atera daiteke baimena. 




Ekialde ertzean

   Errazena, baimena lortu ahal izateko, Mount Whitney mendiaren eskalada egunean egitea da, igo eta jaitsi egun berdinean. Oso indartsu eta altueran ongi egokitua behar duzu egon era honetara eskalada burutzeko. Beste aukera normalagoa horma azpian kanpatzearena da. Baina esan bezala, modu honetan, eta segun ze garaietan, juxtu xamar ibili zaitezke baimena lortu ahal izateko.



Ekialde ertzean

   Nik Mount Whitneyren eskalada urrian egin nuenez ez nuen arazorik izan baimena lortzeko. Kontran, urte sasoi horretan, zorte gehiago behar duzu eguraldiarekin izan. Elurtua topatu nuen nik ingurua, eta emana zegoen eguraldi iragarpena ez zen adore ematekoa.



Ekialde ertzean

  Kontuan izan beharreko beste puntu bat hartzena da. Basozainek oso serio hartzen dute gai hau. Badirudi hartzak jan usainean ibiltzen direla eta edozer egin dezaketela mokadu bat lortzeko. Bitxikeri bezala, Bridgeport herriko Rangerak, Incredible Hulk paretarako baimena betetzen ari nintzela, ea hartzetatik babesteko armarik eraman behar nuen galdetu zidan. Hau guretzako astakeria galanta da, baina, Ipar Amerikan ba dakigu… 
   Ohikoena, hartz erasoen kontra, jana plastikozko zilindro sendo eta astun batzuetan sartzea da, Rangerrak eskuratzen dizkizute tramankulu hauek. Nik zorionez ez nuen hartzekin problemarik izan. 



Mount Whitney gailurrean

   Beleek berriz bai egin zizkidaten bihurrikeriak. Mount Whitney ekialde ertzaren kanpalekuan nengoela, hartzetatik nire burua babestu nahian, jana arroka handi batean zintzilikatu nuen, hartzak iritsiko ez ziren leku batean, eta eskalatzera joan nintzan. Hartza ez zen agertu, beleak bai ordea. Dena jan zuten, ez zidaten ezer utzi, eskalada osteko eta beheko bailarara bueltatzeko nuen janari guztia irentsi zuten. Gau hartako oroitzapenak ez dira atseginak, sabela hutsik nuen eta, gainera, sekulako ekaitzak astindu zuen nire kanpadenda gau osoan, txiki eta ahul senitu nintzan.
   Eskaladaren ikuspegitik, Mount Whitneyko ekialdeko ertza ez da zaila, baina bai ederra eta interesgarria. Oso alpinoa da, egokitu zitzaizkidan baldintzetan esango nuke are gehiago: kanpalekua, Iceberg Lake, elurrez zuritua zegoen, negua ate joka dagoen seinale. Paretan elurtutako pasarte dezente topatu nituen, eta laino fin batek dena estaltzen zuen ere. Jaitsierako bidea, Mointainer bidea, elur kanal bat zen, zortez ez nituen kranpoi eta pioleten beharrik izan, ez nituen eta.
   Asko gustatu zitzaidan bidea eta ingurua. gogotik lan egin behar izan nuen eskalada hau burutzeko, eguraldia apur bat bihurria zegoen eta ez nuen denbora soberan, hartualdi edo uztaldi bat izan zen.
   Bigarren eskalada egiteko tokiz aldatu eta Bridgeport herrira hurbildu nintzen.


Incredible Hulk pareta

   Incredible Hulk paretera joateko ere baimena behar da. Bridgeport herriko Ranger etxean lortzen da. Normalean Mount Whitneynen baino arazo gutxiago izaten dira baimena lortzeko. 


   


   Bridgeport herritik Mono Villagera joan beharko dugu Incredible Hulk hormara iristeko. Herri bitxi honetatik hamabi milatara dagoen kanpatzeko zona bat da hau, auto-stop egitea beste aukerarik ez nuen izan nik Mono Villagera ailegatzeko, ez dago garraio publikorik.




 Mono Village aisialdirako kanpamentu bat da, itsura guztien arabera udan jendez gainezka egoten dena. Izei baso erraldoi baten erdian dago kanpatzeko zona, Upper twin lake lakuaren ondoan, mendi garai eta dotorez inguratua, natura gustuko duenarentzat paradisua da Mono Village.



Incredible Hulk pareta
   Incredible Hulk hormara iristeko ongi begiratu beharko ditugu mapak eta erreseinak, ez bai da bide arrunta bat, ez da seinaleztatutako bidea. Mono Villagetik Robinson creek trail bidea hartu beharko dugu, eta ondoren, belardi zabal bat zeharkatzen ari garela, pinu handi eta bakarti baten ondoan, bide hau utzi eta ezkerreko magalera tiratuko dugu lehen aldapak igotzen hasteko. Motxila astunekin lau edo bost orduko bidea da kanpatzen den leku arte, bibak eder bat dago harri blokez egina.
   Pareta hau izugarria da, oso estetikoa. Azken urte hauetan asko errepikatzen ari dira bertan zabalduak dauden bideak. Asko dira eta zailtasun handikoak gainera. Red Dihedral bidea, nik eskalatu nuena, bide klasiko bat da.



Red dihedral hirugarren luzea

   Arratseko eguzkitan, mendebalde orientazioa du hormak, harria suaren kolorez pizten denean, arrakalak zainak balira bezala agertzen zaizkio granitozko mendi ikaragarri honi. Red diedral nondik igotzen den argi ikusi daiteke orduan, mapa batean marraztua balego bezala. Harrizko blokeko bibaketik garbi ikusi nuen nora joan behar nintzen hurrengo goizean; ez nuen denbora alferrik galdu beharko bidearen bila.
   Urrian eta altura honetan fresko egiten du goizetan. Eta horri gehitu behar zaio gau luzean zehar jo zuen haize bortitza, oraindik ere goizean goiz oso gogor jotzen zuena, ez zidan ondo atseden hartzen utzi. Gosaldu eta bereala martxan jarri nintzen, nire gorputzaren beroa mantendu nahi nuen. Kartak botata zeuden, ez zen egunik onena, baina hala izan beharko zuen. 
  Red diedral bidearen azpian tentuz eta patxadaz jantzi nituen eskaladarako beharrezko nituen materialak. Harriaren ukitua ez zen ona, nire behatzek ez zuten heldulekuen ximurra ongi sentitzen. Zaila ez den harren arriskutsua egin zitzaidan bidearen hasiera, ezin izan nuen nire burua nahi nuen guztia babestu.
   Hirugarren luzera iritsi nintzenean, hau da Red diedral bidearen giltza, konturatu nintzan diedro zoragarri hori bakarka eta librean igotzeko ez nuela material nahikorik. Hirurogei metroko arrakala garbi honek camalot ertain pilo bat eskatzen ditu eta ez nituen. Seguru jokatu nuen, ez nengoen nire burua arriskuan jartzeko egoeran, erorketa handi batekin min hartzeko. Eskalada artifiziala erabiliz gainditu nuen diedro zoragarria.
   Luze horretatik aurrera gehiago gozatu nuen, naiz eta haizeak nire sokari bihurrikeriak egiten segitzen zuen, bufadak pittin bat apalagoak zirela iruditu zitzaidan. 
   Honelako horma bat bakarka eskalatzen denean luze egiten da. Pareta bi aldiz igo behar izaten duzu eta, noski, bi aldiz jeitsi. Sokadaren lana batek egin behar izaten bai du. Atsegin handia eman zidan gailurrera iristeak eta metal laranjazko kaxaren barruan zegoen kuadernoan sinatzeak, bazirudien mendiko ohorezko liburuan idatzi izanak zentzua ematen ziela egindako ahaleginei.


Red dihedral bostgarren luzea


   Jaitsiera ez da zaia, baina bai kontuz ibili beharrekoa. Ehun bat metro eskalatzen jaitsi beharra dago lepo batetaraino. Harria oso ona da eta honek konfiantza ematen du. Lepotik behera kanal bat segitzea da kanpamentu arte.


Incredible Hulk gailurretik




   Egun batzuk nituen oraindik High Sierra gozatu eta ezagutzeko. Tamalez eguraldi txarra sartu zen. Udazkeneko ekaitzak elurtu zituen berriro Sierra Nevadako gailurrak. Aukerak aztertu nituen eta Bishop inguruan dauden Bulder zona famatuak ezagutzea erabaki nuen.
   Benetan txunditurik geratu nintzen leku honekin. Blokeen kalitatea aparta da, mundu osoko jendea etortzen da bloke egitera, baina, batik bat, inguruaren edertasunak txunditu ninduen: elurtutako gailur zorrotzen magalean ehundaka granito bloke basamortuan zehar sakabanatuak daude.

Buttermilk bulder zona

   Bi zonatan ibili nintzen estutzen. Buttermilk famatuan eta Happy Bulders ez ain ezagunean. Mugitzeko autorik ez nuenez, ostatu hartu nuen California hostelekoek bizikleta bat utzi zidaten eskalatzera joan ahal izateko.


   Lehen tokia Buttermilk izan zen. Leku txundigarri hau aspalditik da oso ezaguna. Hirurogei garren hamarkadan Yosemite aranean bizi ziren eskalatzaileak egin zituzten harri koskor hauek famatu. Neguan, Yosemite elur geruza zuri batez estaltzen zenean, eskalatzaileak trasteak biltzen zituzten eta honuntza etortzen ziren hotzaldia pasatzera. 
   Blokeek harri granito kalitate ezin hobea dute. Azpiak oso garbiak dira ere, harea fin bat dago, segurtasuna ematen die erorketei.
   Aipatu dudan moduan txirrinduz egin nituen bloke zonetara hurbilbideak, eta Buttermilk kasuan iristea ez zen makala izan. Hogei bat kilometro aldapatsu dira, azken zatia pista, hostelekoek utzi zidaten bizikleta koskorrarekin oso neketsua egin zitzaidan iharduera.


   Harri bolkaniko blokeak ditu Happy Buldersek. Arrakalak eta sapaiak oikoak dira. Blokeen azpiak ez dira Buttermilk bezain onak, beraz bakarrik ibili ezkero eta koltxonetarik gabe, nire kasuan bezala, kontu gehiagorekin ibili beharko dugu. 
   Zona hau askoz gertuago dago Bishopetik, bizikletaz txango atsegin bat da.
   

   Bidaiaren datu batzuk pasatzen ditut agian norbaitek baliagarriak ditu eta:
   Garraio publikoa erabiliz eta auto stop eginez burututako eskalada bidai bat da hau; 
   Ordiziatik trenez Donostiara joan nintzan lehenik, urriaren bosta zen. Ondoren Gipuzkoako hiriburutik Madrileko aireportura autobusez. Hegazkina San Franziskora eta autobusez berriro Renora, urriaren zazpia zen. Reno hirian urriaren bederatzian hartu nuen autobusa Bishopera joateko, eta High Sierra aranean auto stop eginez ibili nintzen. 
  Guztira hamabost eguneko bidai bat izan zen.

 
California Hosteleko lema

   Norbaitentzat lagungarri izango delako, aiba bidai kostu batzuk:
Hegazkina Madrildik - San Franciscora  600€ ateratzen da +-
Metroa San Franziskon, aireportutik Greyhound autobus geltokira joateko 8,5$
Autobusa San Francisco - Reno  36$
Renon Motela edo Kasinoren bat 40$
Autobusa Reno - Bishop  53$
Hostelak Bishop, Lone Pine  28$
Campground-ak  22$
Erosketa normalak, jana, etxean baino garestiagoak dira.
Diru kanbiorik hoberena, txartelarekin egiten da.
Estatu Batuetatik bidaiatzeko, erosoena, kotxea alokatzea da. Merkea eta erraza da egiten.
   Nik ordea beste egoera bat bilatzen nuen...




5 iruzkin:

  1. Bikaina Mikel!! Inguru ederra benetan. Ametsetaki koadernoan apuntatua. Horrela segi!!

    ErantzunEzabatu
  2. Bikaina Mikel!! Inguru ederra benetan. Ametsetaki koadernoan apuntatua. Horrela segi!!

    ErantzunEzabatu
  3. Hola Mikel, coincidimos en la base del incredible hulk, fue muy inspirador verte escalar la via Red dihedral en solitario con el viento que hacia!!!

    ErantzunEzabatu
  4. Aupa Sergi. Gracias. Una pena no haber coincidido mas tiempo. tal vez en otra ocasion.

    ErantzunEzabatu