2014(e)ko azaroaren 19(a), asteazkena

PEÑA MONTAÑESA - Piztu da Piztia




   Denok daramagu barruan “Mr Hyde” bat, lozorrotik esnatu daitekeen munstro bat. Ni lekuko naiz, egun hauetan askotan ikusi dut eraldaketa hau Peña Montañesako hormetan. Nik ikuskatu dudana metamorfosia izan da, errealitatetik haratago doan zerbait: Arroka ukitze hutsarekin, eskuak atzapar bihurtu zaizkie Eneko eta Arkaitzi. Harrigarria dirudi arren, agian argiaren efektua izan da, taladroaren sokarekin batera buztan luze bana igarri diet, alde batetik bestera mugitzen zuten isats berdea. Une batzuetan, begiradan ere zerbait basatia zuten, aberekoia den zerbait. Eta nire harridurako, grabitatearen legeak beregana erakarri dituenean, errealitatera eraman nahiean, erraietatik infernuko ohiu bat atera zaie, airearen zapore mingotsa dastatzen zihoazen bitartean. Nik ikusi dudana Peña Montañesako hormetan, piztiak izan dira, benetako bi pizti handi.




   Eskaladoreak etengabe bide berriak sortzen ari dira, eta egite hori bera dute izanaren ardatz nagusia. Mendizaletasunaren enborretik jaio diren ardaxkak; Alpinismoa, eskalada … zuhaitz egin dira. Zuhaitz hauek aldiz beste zuhaizka batzuk ernaldu dituzte. 
   Eskaladaren basotik, horma handitan eskalatzeko zuhaitza hartzen badugu, ardaxka gazte berri bat sortu dela ikusiko dugu. Haitz eskalada klasikoaren eta eskalada deportiboaren arteko lotura fruitua da. 
   Bide nabarmenetatik kanpo, diedro eta arrakalak, harri trinkoko plaka estetikoak eta tenteak dira joera berri honen helburu. Taladroa beharrezko herramienta dute, segurtasun minimo bat bilatu nahian, haitza zulatzea derrigorezkoa denean bakarrik egiten dutelarik. Al izan ezkero seguru flotanteak erabiliko dituzte eta, luze garbia eta zaila bada, hobeto. 
   Teknika honekin sorkuntza azpimarragarriak emateko bi baldintza bete behar dituzte eskalatzaileek: Lehena, kirol eskaladan zailtasun handiko eskalatzaileak izatea, eta bigarrena, zabaldu behar duten marra oso ongi ikuskatua izatea. Bestela, arriskua dago, zabaldu nahi duten proiektua beren mailatik gora gera daiteke, taladroaren erabilera ez egokia eman, eta pareta beraien asmoetara behartu. Garrantzitsua da gauzak ongi egitea, bestela gure oinordekoei ez diegu beraien ardaxka sortzeko aukera emango.
  
 


Haitz eskalada bide ikaragarri honen proiektua ez zen nirea izan, Eneko eta Arkaitz hasiak ziren harri plaka leun eta tente hauetan gora. Lehen bi luzeak irekiak zituztela jaso nuen sorkuntza abentura honetan parte hartzeko gonbidapena, beti eskertuko dieten detailea. Eta ez nuen aklimatatzeko hastirik izan, eskaladarekin aurrera segitzeko aukera eman zidaten, hirugarren luze bikaina sortuz, non asko ahalegindu nintzen altueran egoteko. 
Bosgarrena ere ireki nuen, baina gero ibilbidea aldatu genuen. Nire proposamena bilera berera iristen zen, haitzezko plaka lauak saihesten zituen, leku gizatiarragoen bila; emaitza, graduan, ez zen nahikoa izan, beste trazadura bat bilatu behar izan genuen proiektuak behar zuen zailtasunera iristeko.



















Harro nago emaitzarekin, zailtasun handiko eskalatzaileentzat bide bat sortu dugu, beste liga batean dauden kirolarientzat. Eskalada-eskoletan eskalatzaile asko ikusten dira zailtasun handiko bideetan, behin eta berriz probatzen, setioaren punturaino. Hemen ez da horrelakorik gertatuko, datorren eskalatzaileak benetako maila izango du, bidearen parean egon beharko du, ez dago tranparako lekurik.