martes, 27 de septiembre de 2011

ANDASTO- Belladonna, Sapua ta Zikuta bidea

Andastoko pareta
   Gogor jotzen zuen eguzkiak gaur Andastoko paretan. Baina azkenean igo dut Belladonna Sapua ta Zikuta bidea. Urte mordoa pasatu dira Karmel-ek bide honen berri eman zidanetik. – Josebak bide berri bat zabaldu du Anboto aldean. Bost luze ditu eta materialea eraman beharra dago.- Gutxi gora behera honela esan zidan. Aurrekoan interneten saltzeatzen nengoela krokisarekin topo egin nuen, eta gogoratu nintzan karmel-ekin izan nuen solasaldiaz. Ezin nuen aukera pasatzen utzi. Gaurkoan eskalatu dut.
   Polita eta interesgarria iruditu zait. Harriaren kalidadea oso ona da. Graduazioa ere ondo dago orokorrean. Eskalatu beharra dago pausoak ateratzeko. Konturatu naizenez bidea errepikatzen da. Magnesio aztarnak zeuden helduleku askotan.
   Inguratzea Aramaiotik egin dut.Herrian sartzen zara eta Gatzaga auzorantz hartu beharra dago. Hiru kilometro dira. Ni Gatzaga bertan utzi dut furgoneta Zabalandira dioan pistaren hasieran. Kartel batek kotxeak pasatzea debekatua dagoela esaten du. Nire zalantzak izan ditut, baina isunaren arriskuak urduri jartzen nau, beraz oinez abiatu naiz. Azkenean ikusi dut jendea kotxez igotzen dela goiko langa arte, bi kilometro igoera aurrezten da. Lau bat kotxe zeuden bertan. Zabalandiruntz segitu dut pista Andastora markatzen duen postera iritsi naizen arte. Bide hori hartu dut. Gailurra egin da gero, pixka bat aurrerago segitu dut. Kordala hasten den lekuan, pareta azpira dioan zelaitik behera segitu dut. Ordu eta erdian bertan jartzen zara. Bide hau paretaren behe partean hasten da. Hasierako luzea trepada bat da. Bigarrenak plaka etzan batzuk hartzen ditu. Hirugarrena tente jatzen da eta lehen pausoa egiteko saiatu beharra dago. Laugarrenak diedro fin bat hartzen du, tetxu txiki batetik ateratzen delarik. Bosgarrenak arista segitzen du gero ezkerretara joateko diedro baten bila. Seigarrena motza baina interesgarria da. Diedro eskalada klasikoa.
  Gustora gelditu naiz. Zorionak hemendik Joseba Aldanondo eta Ibrari. Lan ederra egin zuten.    


Krokisa eta mapa


Hirugarren luzea

Laugaren luzeko diedro fiña

miércoles, 21 de septiembre de 2011

Pico de los Infierno 3.073 m- Garmo Negro 3.051 m


   Ez zen izan mendi buelta hau nire lehen asmoa. Goizeko bostetan altxa nintzen Peña Telerako ipar paretan Soledad bidea eskalatzeko. Bide hau Fredi Parera eta Antonio Garcia Picazo zabaldutakoa da. Diedro Serenidad bidearen ezkerretik doa. Igoak ditut Diedro Norte eta Diedro Serenidad bideak. Biak ere Soledad eskalatzeko asmoa nuen teknika berdinean, bakarka. Neguan ere pareta alpino hau eskalatua nago, Rabada- Navarro bidea segitzen Natxo Fenandezekin.
   Gauaren bakardadean, frontalaren argiak bidea markatzen zidalarik, buruan dudak sartzen hasi zitzaizkidan. Ez nioan eroso, zalantzak ez dira lagun onak honelako mobidetan. Zer topatu behar nuen gutxi gora bera bai nekian. Eskalada materialez ondo nioan. Dudak batik bat harriaren kalidadearen gaitik zetozen, eta zer motatako bilerak topa nitzake. Bakarka eskalatzen denean, soka bileran lotu eta rapel egin beharra dago materialea errekuperatzeko. Honek suposatzen du bilerak egokiak behar dutela izan. Krokisean ez du ezer zehazten, marra bakan batzuk besterik ez dira ageri zailtasunarekin batera. Beraz, Gran Diagonaleko aldapa igotzen hari nintzela buelta hartu nuenean, ez zen inongo drama izan, alderantziz, askatasun bat izan zen nire buruarentzako. Lasai beherantz hasi nintzen,egoera berriaz disfrutatzen. Eguna non pasatu behar nuen pentsatzen. Beste ideia guztiak baztertu nituen.
   Panticosako Banearioan nengoen goizeko zortzi erdietan. Pico de los Infiernos 3.073 m mendira igotzeko asmotan gerturatu nintzen paraje hauetara. Bizkarrak eta oinek gustura hartzen dute motxila arin bat. Eskaladako ekipoak asko pisatzen du, eta askotan ezin dugu gozatu ibilaldiaz. Bachimañako ibona iristen ari nintzela pareja batekin topo egin nuen. Motxila astun batzuk zeramatzaten. Pico de los Infiernos igo nahi zuten. Ibon de Pondiellos-en gaua pasa, eta hurrengo egunean Garmo Negro 3.051 m igo. Ondoren Panticosako Balnearioa jeitsi. Beraiek agurtu eta gero, gorantz noala, aukera hori interesgarria iruditu zitzaidan. Entzuna nuen trabesi  honetaz, eta orain aukera suertatu zitzaidan burutzekoa.  Ibones Azulesera iristen, bakarka zihoan beste mendizale batekin egin nuen topo. Edadetua zen, erretiroa aspaldi disfrutatzen ari zenaren itxura zeukan. Bai edadeagatik, bai egoera fisikoagatik. Atzerritara zen. Tebarrayko ibona ikusi nahi zuela esan zidan. Pico de los Infiernoseko azken maldetan nekea sumatzen hasi nintzan. Altuerak ere izango du horren erru. Hiru mila metroetan presioaren eskasia nabaritzen hasten da gorputza. Nireak bai behintzat. Gailurrean mokadutxo bat egin nuen bistaz disfrutatzen. Han urrunean itzaletan Peña Telerako ipar pareta zegoen. Ezin dut uka amorru pixka bat sentitu nuela. Baina garrantzitsuena disfrutatzea da, eta nik Pirineismoa egiten gozatu egiten dut. Berehala martxan nintzen berriro. Infiernos punta guztiak zeharkatu eta Pondielloseko ibonetara jaitsi nintzen. Lepora iristear nengoela, garmo negroko puntan bi mendizaleen figura ikusi nituen. Trepadatxoa erakargarria egin zitzaidan. Bati bat azkeneko zatian granitoa dagoelako. Nik granitozko arestetan ibiltzea gustuko dut. Eguerdiko ordu biak ziran gailurrera iritsi nintzenerako. Pantikosako balnearioa nire azpian zegoen, mila eta laurehun metro berago. Hankak apurtzen ditu jaitsiera honek. Xamurragoa izaten da neguan eskiak jantzita. Orduan bai gozatzen dugu aldapa latz honetaz. Laurak pasatxo nintzen berriro furgonetan. Guztira ia zortzi orduko buelta izan zen.      
Ibon Bachimaña eta Pico Muga




Pico de los Infiernos eta Tebarray lepoa eskumata





Ibones de Pondiellos eta Garmo Negro