2025(e)ko urriaren 24(a), ostirala

Aralarri bira eskalatzen

 

Ate arrunta da nire etxekoa, eraikinera sartu eta ateratzen uzten zaituen ohiko irekidura, milaka aldiz gurutzatu dudan muga. Gaur ordea, pasabidea ixten duen zurezko orria ireki dudanean, aurrean agertu zaidana ez ziren ilara zuzenean behera doazen eskilara disdiratsuak. Ez eta igogailuaren ate metaliko zaratatsua. Nire etxeko atea zabaldu dudanean paisaia ireki bat agertu zait aurrean, mendiak, basoak, haitzak, bakea trasmititzen duen inguru ederra. Ez nahiz larritu, kontrakoa, irrifartsu gurutzatu dut baoa, motxila astuna sorbaldan zintzilik nuela, eta murgildu naiz egiazkoa den mundu batean.

Horrela gogoratzen dut urri epel eta lehor honetako ostiral goiz hura, Aralarri bira eskalatzen erronkari ekin geniona, ipuin bat bezala, non ate magiko bat gurutzatu eta txundigarria den inguru natural bizi batean murgildu ginen; pluralean idazten dut nire lagun Izarrekin egin dudalako bidai hau.


Zaldibiari oraindik nabari zitzaion herriko jaien ondorengo ajea, egunsentiko argi lokartuan kalea isil-isilik zeharkatu eta Lazkaomendira igotzen den aldaparantz abiatu ginenean.
Eguna argitua zen San Joan ermitaren atarian dagoen iturrian egarria ase genuenerako. Gogoratzen dut penatuta nengoela, behatoki honetan Txindokiren ikuspegi aparta dago, bidaia hau hasi aurretik idealizatuta neukan une zen hau, erronkaren hasiera betikotu nahi nuen itzuliaren azken etapa izango zenaren argazkia ateraz, ezinezkoa izan zitzaidan mendi ederra hodeiez estalita bai zegoen. 
Bidaiaren lehen tarte honetan, inguruko baserrietan bizi den auzokideren bat edo beste agurtu nituen, leku miresgarri honetan paseatzeko ohitura dut, eta honek kezka txiki bat sortu zidan, hain motxila astunarekin bizkarrean ikustean, eta Izar txakurrak bere zakutoa dinbili-danbala daramala, zer pentsatuko dute nitaz?


Amundarain baserriaren aurretik igarotzean, Amundarain ibaiaren arroa eta Zaldibia herria atzean utzi eta Agauntza ibaiaren haranean eta Ataunen sartu ginen. Bi arro, bi herri eta bi izateko modu.


Topaketa atsegina izan zen, patuaren berezkoa, Mitxel eta Jon Lasa mendizale lagunekin topo egitea, Troskaeta tabernaren kanpoaldean hizketan zeuden. Nire asmoak azaldu nizkienean, ez zen ustekabea izan haien aurpegiek erakutsi zutena, aspalditik ezagutzen dugu elkar, baizik eta horrelako abentura batek bere herria hartzeko aukera. Izar-txakurraren ezinegonak hitzaldia zapuztu zigun, gero bidaian zehar nerbioa asko baretu zitzaion nire lagunari, eta gainera, Ariztz Azkue zain genuen Jentilbaratzan eskalatzeko. Zorte on opaz agurtu ziguten.


Atzerapenarekin nindoan errefereentziarik ez nuen erronka honetan. Besarkada batekin itxaronaldiagatik barkamena eskatu nion Aritzi, eta eskerrik asko abentura honetan eman behar zidan aideagatik. Jarraian, Magnesiorik ez bidea eskalatzeari ekin genion. 
Laurogeiko hamarkadan behetik irekitako bidea da hau, izenean arazo baten iragarpena zekarrena, orban zuriaren gaia. Eskaladako hiru luze ezin hobeek Jentilbaratzako gailurrean jartzen zaituzte.


Duela ez asko, aldi askotan egon naizen leku zoragarri honen irudi bat bidali zidaten, non argazki batean duela zortziehun urte hemen eraikita egon zen gaztelua birsortua agertzen zen, bikaina iruditu zitzaidan, oraingoan beste begi batzuekin begiratu nien Jentilbaratzako gazteluaren hondakinei. Gure egonaldia ez zen asko luzatu garai batean leku estrategikoa izan zen hontan, argazki batzuk egin genituen eta hormaren basera itzuli ginen kanaletik behera, Izar han zegoen gure zain.


Errepidean jarri nuen berriro bizkarrean motxila astuna. Gehiago kostatu zitzaidan Izarri bere zakutoa gainean jartzea, ez du sekula gustuko izan. Irribarre batekin Aritzi agur esan eta Agauntz mendirantz abiatu ginen Erremedio iturritik barrena.
Nostalgia eta misterioa dario izei basoaren itzalean ezkuturik geratu den bainu-etxe izandako Erremediori. Zaila egiten zait irudikatzea landareak inbaditu duten leku hau bainu etxe famatua bezala. Gaur egun pertsona gutxi batzuk etortzen dira eta hori Ataungo Udalak espazioa pixka bat txukundu eta ibilbide bikaina balizatu duela. Guk ez genuen hemen geldialdirik egin, gorago dagoen Aldabarrena aterpea aukera hobea iruditu zitzaidan atsedena hartzeko.
Laiotza da ingurua, hezetasuna dastatu daiteke, Agauntz mendiaren ipar magalean beti bustiko zaizkizu oinak. 
Zalantza sortu zitzaidan aterpeko ataka itxi eta bi norabidetan ateratzen diren bi bideren aurrean aurkitu nintzenean. Egina nuen igoera hau, eta gailurra baso hesiaren atzean kokatu nezaken, baina nahasi nintzen, eta azken zatian, mendi-hegal malkartsuan, sastraka gainean pasatuz, bidea egin behar izan nuen Agauntz mendiko belardi argitsura iritsi ahal izateko. Zein ederra den leku hau, ze behatoki aparta, Ausa-Gaztelutik Gañeta puntara doan bizkar guztia itzela da. Eta Lizarrustiko basoa, Gipuzkoako birikak, udazkeneko kolore lehorra jazten ari dela arrapatu nuen.


Lizarrustiko haitzak ziren nire hurrengo helburua, Gorokarastako horma, hor eskalatu nahi nuen Jendetza guztiaren gainetik bidea. Bakarrik egin beharko nuen igoera hau, eskalada lagun batzuei egin nien telefono deiak ez zuten fruitua eman; erronka hau nola gauzatu buruan bueltaka nuela erabaki nuen lagunei partekatuko niela, era horretara esperientzia aberatsagoa izango zela pentsatuz. Baina noski, jendea bilatzen estresatu gabe, bakarkako eskalada oso gustukoa dut.
Ez zitzaidan kostatu ehun mila proba arrakastatsua nire oinen azpian korritzen ari zirela sortu nuen Jendetza guztiaren gainetik bidea eskalatzea, ondo ezagutzen dut.


Arratseko zazpirak inguru izango ziren motxila astuna bizkarrean; Izarrek oraingoan planto egin zidan eta ez zuen inondik inora bere zakutua onartzen, nik kargatu behar izan nuen berak gainean zeraman bere jana. Margotu berria duten Lizarrustiko aterpea utzi nuen, Nafarroan nengoen jada.
Ordua ikusita, ilunabarrerako tarte gutxi zegoela, errepidetik joatea erabaki nuen, eta horrela izan zen ia ilunpetan Lizarragabengoa zubia aurreko ezkerreko pista hartu genuela, errepide bukaezinetik jeitsi ginen. Oso nekatua nengoen baina lehen eguneko helburua betea zegoenez pozik, pistatik metro batzuk aurrera egin eta bazter batean agertu zen orube batean denda muntatu nuen.
Niri baino zakurrari egin zitzaion egoera arrotz, belarriak tente zituela alde batetik bestera zebilen urduri, seguruena galdetzen zer demontre egiten genuen gaua ilunean paraje desolatu hartan. Denda muntatu nuenean barrura sartu eta zokoan kiribildu zen, ez zuen Izarrek asko afaldu gau horretan.


Goiza grisa esnatu zen, laino itxi batek dena estaltzen zuela, ohiko goiz petrala Sakanako haran zabalean. Egun luzea izan behar zen horri lur pistatik aurrera eginez ekin genion. Listoia altu jarria nuen, Sakana osoa zeharkatu behar genuen, tartean, Aiztondo eskalatu eta arratseko hiruretarako Irurtzunen egon, Xabier Artola eta Aitzol Jauregirekin bi aizpetan eskalatzeko geratua bai nengoen. Azkar ibiltzea beste aukerarik ez genuen.

Goizeko bederatzietarako Uharte Arakilen ginen. Ez zitzaidan zaila egin pentsatua nuen ordutegiaren barruan ibiltzea, bidea laua da, pista egokia hartzean dago zailtasuna.

San Migelera igotzen den errepide hasieran utzi nuen motxila bide bazterreko sasi batzuetan ezkutatua, eta soilik eskalada materiala hartuta urbildu nintzen Aiztondora. Ez dakit eskalatu nuen bidearen izena, horma erdian gora doan marra batetik egin nuen aurrera. Behe lainoak ez zidan pareta bere osotasunean ikusten uzten, nagikeria sortu zidan honek, ez zegoen kontenplaziorako betarik.


Eguzkitan bukatu nuen eskalada ia berrehun metro gorago, gozagarria egin zitzaidan nire iritziz hainbeste eskalatzearen erruz labaindua, pasiboa, hila, dagoen haitzean gora egitea.

Sokada gehienak rapel bitartez jaisten direla ikusi nuen ere, oinezko bidea apenas dago markatua, lehen zatian behintzat, beherago errazago bilatzen da errepideraino eramaten zaituen senda. Eskalada materiala berriro alperrik ez igotzearren errepidean utzi nuen eta Izarren bila joan nintzen hormaren basera. Beti egiten duen moduan isatsa mugituz agur beroa egin zidan.


Eguzkia gogoz berotzen hasia zela jarri ginen berriro martxan, Irañeta herria helburu genuen. Ihabar etorri zen ondoren, eta Hiriberri geroago, Sakanako azken herria Irurtzunera iritsi aurretik Egiarreta izan zen. Herri koxkor honetan ermita bat dago, Itxasperriko Santiago du izena, hemendik deitu nituen Xabi eta Aitzol nire bila etortzeko. Herri txiki honetatik GR 20 den Aralarreko bira pasatzen da eta nik bide hori hartzeko asmoa nuen biharamunean.


Bi egun besterik ez generaman ibiltari, baina Xabi eta Aitzol ikusi nituenean denbora gehiago igaro balitz bezala agurtu nituen. Ni baino gusturago Izar sartu zen Aitzolen kotxean, aizpa txikian Txemi bidea zain genuen.

Xabierrek ekarri zidan bokata oraindik dastatzen ari nintzela iritsi ginen aizpa txikiaren basera. Hainbeste ibilgailu utzita ikustea harritu ninduen, ez nago oituta hainbeste arrakastara.

Orain errepide ondoan hasi daiteke Txemi bidea eskalatzen, Joseba Arlegik zabaldu zuen lehen luze bat erabili behar da horretarako, baina prezioa du pribilegio horrek, fin eskalatzea eskatzen du.


Zein ederki pasa nuen Xabi eta Aitzolekin batera eskalatzen, zein giro onean igo genituen apartak iruditzen zaizkidan Txemi bidearen luzeak, konturatzerako gailurrean ginen arratsaldearen amaiera iragartzen zuen argi mehea zaporeatzen.
Irurtzunen bokata bat jan ondoren, gaua itxia zela, bueltan utzi gintuzten Itxasperriko Santiago ermitaren ondoan. Eman zidaten laguntza bihotzez eskertuz agurtu nituen nire lagunak eta berriro bakarrik geratu ginen Izar eta biok.


Igandeak, abentura honetako hirugarren egunak, beste egunekiko berezitasunak zituen. Egun horretarako ez nituen eskaladak planifikatuak, dena ibiltzea zen. Bi elkartze garrantzitsu nituen aurretik, Betelun nire emazte eta alabarekin geratua nengoen, eta egunaren azken orduan Azkaraten Iker Urangarekin, beraz mugitu beharko ginen.
Goizeko bostetan sukalde txikia martxan jarri nuen gosaria prestatzeko, olo katilukada on bat eta kafesnea gaileta parearekin. Trasto denak motxila barrenean jasotzeak denbora gehiago eraman zidan. Goizeko seirak baino lehen, ilargi dizdiratxua lagun genuela, oinez hasi ginen Madoz herrira eramango gintuen malda igotzen.


Oso berezia izan zen igande goiz epel horretako hasiera, egia esanda, egun osoa izan zen aparta. Gau beltzean gordeta, lokartuak zeuden Larraun bailarako herri sendoetatik pasatzea amets polita izan zen, Astiztzera iristen ari ginela argitu zen eguna. Argi berriarekin, hurrunean, Malloak mendien ertzean, Balerdi mendia ikuskatu nuen, izugarrizko poza izan zen, nire zitetara garaiz iritsiko nintzela jakiteak lasaitasuna ekarri zidan. Baraibar herrian egin nuen atsedenaldi luzea, jan eta edan egiteko aprobetxatu nuena. 
Ez nuen inaginatzen hain altu geundenik, Araiz bailara nire oinetan zegoen, Errazkin herrira iristeko jaitsi eta jaitsi ginela oroitzen dut, nekearen eragina izan zezaken ere.
Betelura zita baino dexente lehenago iritsi ginen, Dama iturrian ura edan, gorputza eta oinak garbitu eta kuluxka goxoa egiteko aprobetxatu genuen denbora.


Ez ziren Isa eta Libe Betelura esku hutsik etorri. Izarri ontzi bete makarroi eta haragia ekarri zioten, eta niri galtzontzilo garbiak. Beteluko ostatuan bazkaldu genuen zerbitzuan luze bezain ahoan gozagarri izan zen otordua.
Etxera bueltatzeko kotxeko atea zabaldu zutenean Izar salto batez atzeko eserlekura jaurti zen. Ni partitzeko prets, iada motxila bizkarrean nuela, begira geratu natzaion, gure begiak gurutzatu ziran, jokoan zuen etxeko sofan hankaz gora etzana egon eta sukaldean pentsu katilua bete-betea, edo, nekea eta egarria gainetik kendu ezinda mendeetako oinak zapaldu dituzten mendi bideetan galtzea. Kotxean sartu zena baino gogo gutxigorekin berriro nire ondora salto egin zuen eta abiatu ginen Azkarate herriruntz Ikerrekin genuen zita kunplitzera.
Biori nabaritzen zitzaigun nekea pausoan. Gure ganoraren erru asko otordu oparoak zuen, baina nork esan diezioke ezetz bakailu eta gula entsaladari? edo entrekota patatak eta piparrak, beteluko yoghurt krematsuari, digestio pisuaren prezioa arina da hain plazer handiaren aurrean.


Iker besoak zabalik eta irrifar pikaroa ahoan duela ongietorri beroa egin zigun Azkarate elizaren ondoan. Berehala erantsi zidan txantxarako gogoa eta gai batetik bestera, beti humorea aurretik doala, hasi ginen hizketan atsedenik gabe.

Elizaren atariko babesa hartu genuen eta Ikerrek sukaldatzeko tresnak atera zituen, baliabide gutxiekin afari ederra sukaldatu zuen, asko eskertzen diodan egintza.

Lo egiteko prestaketak egiterakoan ez ginen asko mugitu afaldu genuen tokitik, mahai tresnak kendu eta esterilak bota genituen.


Gaua epela zen, hego haize xuabe batek aldiro zeharkatzen zuen Azkarate elizako arkupe barrena. Goizeko ordubatak ziren, gogoratzen dut zeren ordua begiratu nuen, eliza barruan zarata batuz entzuten hasi nintzela. 
Ez zen hots naturala, esate baterako, zura kolpatzen dugunean bezala, beste gauza bat zen. Pentsamendu irrazionalaren eta arrazionalaren arteko burrukan, korrika atera edo zer gertatzen den aztertu, bigarrena gailendu zen, lo zakutik atera eta elizako atera gerturatu nintzen. Belarrira etortzen zitzaidan zarata txinparta elektrikoak ateratzen dutenarekin parekatu nuen. Ez zegoen erre usainik, eta arkupe kanpo aldetik ez zen elizako teilatuan kea ikusten. Honetan ere beste dilema bat sortu zitzaidan, zuzenean emergentzia zenbakira deitu edo ze bilakaera egiten duen hobeto aztertu. Ate ondoan berriro, oraingoan megafonia akoplatzen denean egiten duen hotsa iruditu zitzaidan. Erdi zurrunkan zegoen Iker esnatu eta kanpora nindoala lo egitera esan nion, asuntoa goizera arte itxaron zezaken. Lo-zakua eta esterilla hartuta bikario etxearen atarian etzan nintzen geratzen zen gau apurra bertan pasatzeko asmoz.
Goiz hasten dira Araiz bailaran kotxeak gora eta behera. Horietako auto bat Azkarateko umeak ikastolara eramateko taxia da. Haurra iturri ondoko aparkalekura ekarri zuen lehen amari kontatu nion gauean bizi nuena. Nola konta diezaioke elizako atarian gaua pasatu duen pertsona batek ezagutzen ez duen beste bati gauean eliza barruan zaratak entzun dituela?, eta, burua nahastuta ez duela itxura eman?, zaila da. Azkarateko bizilagunari aurpegiko harridura arindu zitzaionean abisua pasatuko zuela erantzun zidan. Lasaitu nintzen.


Gosariaren errituala ondoren, eta presa askorik nabaritzen ez zitzaigula, Balerdiko horma itzelera gerturatu ginen, Shot the sheriff bidea eskalatzeko asmotan gindoazen. Bakarka zabaldutako bidea dut hau, eta izena jartzearen inspirazioa Bob Marley abeslari Jamaikarraren letra sakon eta erritmo dantzagarria duen abesti borobiletik hasiz, George Bush estatu batuar presidenteari izketaldi bat ematen ari zela Muntazer al Zaidi periodista Irakiarrak bota zizkion bi zapatatan datza; Arabiar munduan zapata jaurtitzea irain handia da. Gerra gizonak arbuiatu behar ditugu, dugun arma bakarra da.


Gozatu nuen eskalatzen, baina are gustagarriagoa egin zitzaidan Iker eskalatzen ari zen bitartean bideari botatzen zizkion laudorioak entzutea. Ez da erraza Balerdiko eskaladaz gozatzea, oso basatia da, hitz beldurgarri horrek adierazten duen ein guztietan.


Ez zen Iker asetu, gehiago nahi zuen, Balerdiko eskalada bukatuta, Larraona igotzen den Ondarreko pistan geratu ginen gaua pasa eta hurrengo egunean Txindokin eskalatzeko.

Urdilleko lepotik pasa ginen Izar eta biok, Nafarroa utzita, Gipuzkoara, eta Bedaio auzo gainetik egin genuen aurrera Larrondo zelaieta. Kuriosoa da leku hau, ikusten da mende luzeetan zehar gizakiak ustiatutako parajea dela, jende askori jaten eman diona, Aralar osoa bezala, bistakoak dira hemen dauden borda eta kortak.
Larrondoko belazea, bat batean, labanaz ebakia balitz bezala, Arritzagako trokara jaisi egiten den punturaino segi genuen. Hemen ezkutuan dagoen bide bat hasten da Artubi mendiaren magal malkartsua zeharkatzen duena, Amezketatik minetara igotzen den bidearte. Harrian landutako eta aire sentzazio handia duen bidea da aipatu dudan hau, ikusgarria, paisaia guztia bezala.


Minetako orubea irabazita, eta Ariñateko bidetik gora, leku honek oraindik artzaintzan duen garrantziaz jabetzen da mendizalea, hemen goian dauden animalien eta pertsonen mugimendua ez dut ikusi Aralarko leku askotan. Iluntzear zegoela iritsi nintzen Ondareko pistatik Muitzera ateratzen den bidearen hasiera, hariztian zegoen Iker nire zain, aurreko egunean bezala, irrifar pikaroa aurpegian marrazten zitzaiola.
Sukaldatzen topatu nuen Donostiarra, kozinako trasto guztiak kotxearen atzeko kapotan zituela, bera kanpoan zen kanpineko nebera gainean eserita.
Hamburgesak frijitzen ari zen zartagi handi batean, Alegiko harakinak eskuz eginak. Sutegiaren emaitza partekatzeko tratoa egin zuten. Gozamen gastronomiko horri hozkada bat ematen ari natzaion unearen argazkia kalitatezko produktu baten zigilua izan zen, begiek plazerrez dir-dir egiten zidaten. Bertan pasatu genuen gaua, hariztian, Izar eta ni denda barruan eta Iker kotxean koltxoia botata.


Gogotsu ekin nion bostgarren eta azken etapa zen horri. Erronka bukatzeak poztasun handia ematen zidan. Zalantza askorekin hasi nuen bidaia, baina, aldi berean, helmugara iristea pena ematen zidan, oso ondo pasatzen ari nintzen, aske sentiarazten nauten lekuak dira hauek.
Muitzeko arroilera daraman Ondarreko bideak ez du parekorik, mendi magal malkartsuari zizelkatutako bidea da, harri losaz ondo eraikia, garai batean oso erabilgarria izan zena, gaur egun Muitzeko belazetara bazkatzera doazen ardiak eta mendizale bakan batzuek soilik ibilia.


Egurraleko lepora doan bidexkaren hasieran dagoen iturrian bete genituen ur botilak. Ur ziri mininoa isuritzen zuen kañu zaharrak, zorte ginen, gutxi gaitik ia urik gabe ekin beharko geniokelako eskaladari.
Egurraleko lepo ederrean, harri bloke batzuen babesean, utzi nuen motxila eta eskalada materiala hartuta abiatu nintzen Ikerren atzetik Tximista pilarraren bila.


Orain urte batzuk bakarka zabaldu nuen bidea da Tximista pilarra, izen berdina duen magal pikoaren gainean airoso altxatzen den zutabea.
Erosoa dauka basea, Txindokiko gailurra zeharkatzen duen erlaitz diagonalaren hasiera. Bideak bi luzetan igotzen du Txindokiko gailur horma, baina hauetako lehenak dauka eskaladako interesa, bigarrenak gailurra zapaltzea du helburu.
Egurralen banandu genituen bideak berriro Iker eta biok, etxera zioan Donostiarra. Nik ere etxerako bidea hartu nuen, hori bai, lehenik Ausa-Gaztelutik pasatuta, Aritz zain nuen ertza eskalatzeko prest.


Txindoki eta Ausa-Gaztelu bi anai dira, besarkatuta dauden bi lagun, elkartzen dituen beso luzean zehar gurutzatu nuen anai nagusitik txikienera. Ausoko gainetik beheran nindoala ikusi nuen Aritz Ausa-Gazteluko magalean eserita, bi besoak altxatuta bere izena oihukatu nuen, pozez gainezka nengoen.


Azkar prestatu genituen eskaladarako materialak eta ekin genion itzalaren babesean ertza eskalatzeari. Guk igo genuen línea Ausa Gazteluko eki ertz originalaren paralelo doa. Zailtasunak samurragoak ditu, ertzaren azken zatiarekin bat egiteko logika gehiago dauka.


Eta bat-batean, Olakosaiko atsedenlekuan Aritzeri bere laguntzagatik eskerrak eman eta agurtu ondoren, Izarrekin batera ikusi nuen neure burua Zaldibiara ehundaka aldiz jaitsi naizen errepidean behera, eta zalantzak sortu zitzaizkidan bizitako guztia nire irudimenaren kontua izan ote zen. Abiadura geldoak eta oin minak adierazten zidaten ez zela egun arrunta izan, zeozer handia zegoela atzean. Horrela itxi nuen bost egun lehenago marrazten hasi nintzen zirkulua, etxeko atean, zurezko orria zabaldu eta nire atsedenlekura eramango nauen pasabidea zeharkatzeko gogoz.































































































2025(e)ko abuztuaren 14(a), osteguna

JIRISAHANCA - Tambo, Churros y Amigos

 

Dena hasi zen lekuan nago, orain berrogei urte bidaiarien sukarrak arrapatu ninduen tokian, Huarazen, mendilerro zuriaren oinetan. Nahiz eta zaharragoa izan, eta, beste Peru bat den, orduan irentsi ninduen ilusio berdinarekin nator mendi liluragarri hauetara, guztiari hasiera eman zion parajeetara, azken urte hauetan, mendizale bezala, jakingura sortzen didan galdera bati erantzuna bilatzeko itsaropenez, zergaitik egiten dut alpinismoa?. Ondokoei, familia, lagunei, azalpenak zor diedala iruditzen zait, zergaitik hainbeste eman diot pasio honi?.

Alpamayo orain berrogei urte. Imanol Muruarekin igo nuen Ferrari bidea.

Imanol Lasa Huascaran gailurrera iristen.

Roumaldo eta Txintxu Huascaran bidean deskantsuan.

 Bidaiari sentitu nintzen lehen aldian esperientzia gutxiko gaztetxo bat nintzen, heldutasunik gabeko hemeretzi urteko mutil koskorra. 1988ko udako bidai hartan, nire lehen bidai handia izan zena, hiru hilabete trinko pasatu nituen Andeetako lur basati eta kulturaz arrotza egin zitzaidan Peru ezagutzen. Gipuzkoako Goierritik lagun taldea atera ginen hego amerikako herrialde misteriotsuan elur pikoak eskalatzera. Mendizale horietatik ni nintzen gazteena. Asko eta ongi eskalatu genuen, tartean; Tollaraju, Huascaran eta Alpamayo. Taldekide gehienak hilabete bateko oporraldiak disfrutatzen ari ziren, eta, beraien eginkizunetara bueltatu zirenean, Imanol Murua eta biok Peru ezagutzera eraman gintuen ametsezko bidai batean murgildu ginen, gaur, orduan baino Konszienteago naiz zein zorteko eta aberatsa izan zen abentura hura. Txundituta bueltatu nintzen etxera, mundu osoko mendiak eta han bizi diren kulturak ezagutzeko grinaz betea, ordutik ez naiz geratu, bidaia izan dut nire bizitzako ardatzetako bat.

Huandoy hego horma.

Chemari, Desmaison bidearen eskalada luze batean.

Urte batzuk pasatu behar izan ziren Peruko mendi zurietara berriz bueltatzeko. Ordurako nire eskalatzaile taldea asko zabaldua zegoen, eta, 2005teko udan, Oñatiko Carlos Vieira “Kanu”, eta Jose Maria de Andrés “Chemari” Madrildarrarekin batera, Huandoy hego horma hotz eta intimidatzailera bideratu nituen nire pauso trinkoak. Alpinismoa zer den galdera konplexua oraindik ez nuen planteatu ere egiten, baina, horma beldurgarri horretan bizitutakoak, alpinismoa, esperientzia gogorra eta arriskutsua den gauza bat dela erakutsi zidan.

Rondoy mendebal aurpegia.



Aritza Monasterio ezagutu nuen aipatu berri dudan bidai horretan, eta, Huarazen bizi den Elgoibartarraren gonbidapena jaso nuen hurrengo urtean mendilerro zurian biok batera eskalatzeko. Pentsatu eta egin, 2006ko eskalada tenporaldian Huarazen plantatu nintzen berriro nire motxila bete trastorekin batera. Ulta mendiaren hego horma saiatu ginen bide berria irekitzen, eta, Rondoy mendiaren mendebal magalean dagoen elur kanal zabala eskalatu genuen ertz zorrotzeko elur kornisa beldurgarriek pasoa itxi ziguten arte, Bagabiltza izenarekin bataiatu genuen marra hau. Hiru asteko bidai azkarra izan zen hura, zergaitik egiten dudan alpinismoa galdera transzendentala ernatzeko oraindik denbora behar zuen, eskalada beharrezkoa nuen eta kitto.


Ceviche mikatzaren herrira egin dudan laugarren bidai honetan, kontatu behar dizuedan istorioa gauzatzen den hau, mendizale bezala heldutasunera iritsi naizela eman da, galdera garrantzitsuak planteatzen ditudan momentu batean, ea lortzen dudan zergatik egiten dudan alpinismoa ezinbesteko galderari erantzuna bilatu eta azaltzea.


Iñakik komentatu zidanean Adria Fidalgorekin batera Jirishanca mendira joateko intentzioa zuela; honekin gonbidapena egiten zidan, deskarga bizigarri bat, energia korrentea, zeharkatu zuen nire gorputz nekatua, Huayhuash mendi basatietara berriro bueltatzea zirraragarria iruditzen zitzaidan, puntako alpinismoa egiteko aukerak nire jakin-nahiei irteera emateko aukera izan zezakeen.


Bakarrik egin nuen Bilboko aireportu bildutik Limako Jorge Chavez aireportu estreinatu berri eta handirako bidaia, Iñakik eta Adrik hamar egunetako abantaila eramaten zidaten altuerako egokitzapenean. Eta bakarrik esaten dudanean, biluzik iritsi nintzela Peruko hiriburura esan nahi dut, nire lagun fidela dudan Diamir petate berde handia ez zuen nirekin bidaiatu. Astebete luze kostatu zitzaidan petatearekin berriro elkartzea, eta hori posible izan zen nire emaztea, Isa, Euskal herritik egin zuen gestioa gaitik, hegazkin konpainiaren ahalegina gaitik bazen, ezinbesteko bidai hau Huarazen pasako nuen gainean nituen hortzetako zepilua eta Ander Izagirren liburu batekin batera.

Zazpi egun luze horietan ez nintzen luto absolutoan egon, itsaropen txikia nuen etsipenez oroitzen nuen petatea agertuko zela, eta utzi zidaten mendi material arrunta batekin altuera egokitzapenean aurrera egiteko aprobetxatu nuen.
Churup lakuaren gainean dagoen haitzezko behatoki pribilegiatura, pauso geldoan baina tinkoan, igo eta mendi bakar hauei laguntza eskatu nien, ura eta janaria eskeiniz, burutu nahi genuen erronka zaila ondo atera zedin. 
Pisco mendira ere igo nintzen denbora tarte horretan Markelekin batera, gozatu nuen igoera izan zen. Horretarako mendi bota koxkor batzuk alokatu behar izan nituen Huarazen dauden mendi ajentzia mordoetako batean, salneurri egokia sutsu tratu egiten lortu nuen.


Aritza Monasteriok, Ginebra plazako terraza batean eserita, Cuzqueña dorada zerbeza garratza dastatzen geundela, bere telefono mugikorraren bitartez, antolatu zigun Huayhuasheko irteera. Transportea bilatu zigun lehen deian, petate guztiak eramateko furgoneta. Bigarren deia berriz arrieroak lortzeko izan zen, Hito deitu zuen, Titoren semea, lagun egin genuen mando zain kurtitua. Ez zituen Aritzak telefono dei gehiago behar izan, gure mendi irteera antolakuntzan sinplea zen, estrategian ordea, eta hau gerora etorri zen, lana gehiago izan genuen.
Bidaiaren une horretarako, aste bat joana zen, umorea berreskuratua nuen, nire petatea, eta barruan gordeak zituen Jirishancako erronkari aurre egiteko material baliotsu bezain garestia, nirekin ziren.


Goizaldeko ordu batean, Horazio Zevallos kale aldapatsuan dagoen Central Climbing Hostel ostatutik, irten ginen Queropalca herrixkara eramango gintuen bidaia goraberatsua egiteko. Kilometroetan asko ez izan arren, denbora eta sentsazioak, biderkatu egiten dira oztopoz beteriko bidai honetan. Lehen traba handia, ostatutik ain goiz ateratzeko arrazoia, auto gidarien pazientzia limiteetatik aratago jartzen duena, zazpi urte luze iraun behar duen errepide konponketa lanak. Hiru ordu arteko auto-ilara luzeak itxaron behar izaten dira, lau mila metro pasa dituen goi-lautadan, obra egiten ari den enpresa txinatar baten aginduz.
Bidai neketsu eta bukaezin horretan, distantzia eta denbora distortsionatzen direnak, aurkituko dugun bigarren oztopo sahies ezina, lur errepidearen zulo eta harri koskorren mehatsua da; goizeko zazpirak ziren, egunsentia benetan hotza eta tristea esnatu zen laino gris itxi batek dena estaltzen zuela. Tratu txarrak jasan dituen errepide batetik gindoazen furgonetako gidariak zoru latzeko zulo guztiak aurretik eramaten zituela, Baños herria hogei kilometrora zegoen oraindik. Txoferrak, Kitxua itxi batean bota zituen madarikazioak logaletik esnatu gintuen. Salto batean furgoneta aurrean ikusi genuen gizona eskuak burura eramaten zituela, keinu bat ezer ona adierazten ez zuena. Furgonetaren aurreko ezker gurpila izutzeraino barrura inklinatua zegoen, suspentsioa apurtu zitzaion errepide torturatzailearen eraginez.


Ez dakit zenbat denbora egon ginen hotzaren hurrengoa zen paraje isolatu artan geldirik, tonto aurpegia genuela, mirari bat espero bagenu bezala gurpil gaixoari begira. Segundu batean ordea, adi jarri ginen guztiok, laino lodiaren barrenetik motor hots galkor bat gure belarri izoztuetara iristen zen. Itsaropen izpi bat piztu zitzaigun jelatua genuen animoan. Turista argentinarrez betetako furgoneta bat zen, Huayhuashera trekking egitera zihoazenak, gure aurrean mamu bat bezala agertu zena, eta esku mugimendu frenetiko batzuekin geratu genuena. Ez ziguten oztoporik jarri gure zama furgonetan sartu eta Baños herrira eramateko. Bertatik, behin telefono estaldura egonda, jakinaren gainean jarri genezakeen furgonetaren ezbeharrez, eta guk, gure urbiltzearekin jarraitu ahalko genuen.


Tito eta bere anaia Carlos arrieroen txantxa eta algarak, pittin bat leundu zuten arrotza egin zitzaigun haize gordinak etengabe astintzen duen Queropalca herria. Kale harriztatuak hotzak egin zitzaizkigun, hutsak zeuden txapa izortu galbanizatuzko teilatuak dituzten etxeen arteko karrika zabalak. Berehala hartu zuten bi Peruarrek gure zamaren kontrola, beraiek erabaki zuten zenbat asto beharko genituen gure petateak Chaclanta kanpamendura igotzeko, eta zama guztia asto sendoen bizkarrean jarri baino lehen abiatzeko agindua eman ziguten, bide luzea da kanpamenduraino, bost orduko ibilbidea, ilundu baino lehen iritsi nahiko bagenu irteteko ordua genuen, haiek ordea ez dute arazorik, azkar ibiltzen dira zaldien gainean.


Carhuacocha lakuaren harroa, nekazari bordaz betetako haran zabal eta luzea, segitu behar da hamahiru kilometro izango dituen urbiltzearen zatirik handienean, ondoren, magal malkartxuagoetan sartzen da segitzea zaila egiten den bidea. Oparia, 4.500 metroetara dagoen Jirishanca kanpalekua, Chaclanta izenarekin ezagutzen dena, Chaclantacocha, ur ilun eta hotzeko lakuaren alboan, inguru natural aberatsa bezain txundigarria.


Nahigabeko, eta aipatzea derrigorrezkoa egiten zaidan, gertakari tamalgarri batetan sartuak ikusi ginen deskribatu berri dudan bidaiako zati horretan; Huayhuash mendietan laborarien komunitateak daude, eta denak dituzte ondo ezarriak beraien arteko mugak. Huayhuash mendilerroaren zeharkaldian hauetako zazpi gurutzatzen dira, eta muga hauek pasatzeko tasa bat pagatu beharra dago. Guk ibilbidearen hasieran Queropalca nekazari komunitatearen tasa pagatu genuen, berrogei sol; tarifa honetan espedizioa ginela sartzen zen. Tiketa eman zigun emakumeak esan zigun ez genuela gehiago ordaindu beharko.
Carhuacocha lakura iristean, bere edertasunarekin txundituta, ezker magalean kanpamendu bat ikusi genuen, eta bertara iristeko egurrezko zubi tibetarra. Ez jakinak zubia gurutzatzea eraman zigun otsoaren ahoan sartzen ginela pentsatu gabe. Lakuaren ezker ertzean oinak jarri eta berehala, hau da, Queropalca komunitateko lurrak utzi eta Querocanchakoan sartzearekin bat, tasa kobratzea etorri zitzaigun emakume bat. Honek gure harridura ikusiz, susmo txarra hartuko zigun, gizon gazte baten laguntza eskatu zuen oihuka.
Alperrikakoak ziren gure ezjakintasunak akatsa egitera eraman zigunaren argudioak, barkamena erregutzeak belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zitzaien, metro eskas batzuengandik beraien lurretan ginen eta pertsonako hogeita hamar sol pagatu behar genituen.
Egoera desatsegin hori bizitu beharra dago, Querocanchako bi bizilagunen gorroto begiradak sentitu, txantxetako gauza baten aurrean ez geundela jakiteko. Gu, tinko, gurean mantentzen ginen, ez geunden estorsio horretatik pasatzeko prest, baina, liskarra zen guretzako azkena.
Ez dakit nondik, ez dakit nola ere, egoera eztanda egitear zegoela, aingeru bat agertu zen. Hito, gure arriero Titoren semea, ausart, liskararen erdian sartu zen eta pixkanaka zubiruntz bideratu gintuen irain guztiak berak eta Queropalcako bizilagunak jasotzen zituzten bitartean. Oinak eskuin ertzean jarri bezain pronto, magal malkartsuko bide estua hartu genuen, eta ez genuen atzera begiratu bi ordu geroago Jirishancako kanpalekura iritsi ginen arte. Gehiago esango dut, ez nuen atzera begiratu espedizioa amaitutzat eman genuen arte, baina, hau, beste kontu bat da.


Chaclanca zelaian, izen berdineko errekatxoak sortzen duen meandro ederraren ertzetan, kokatzen dira kanpamentuak, eskuin eta ezker. Guri azken hau tokatu zitzaigun, eskubiko ertza okupatua zegoen, baziren hamabost egun Europa erdialdeko espedizio bat zegoela. Hitzak erabiliko ditut bi kanpamenduak deskribatzeko; errekaren eskuin aldeko kanpaleku koloretsua ezker ertzekoa baino sendoagoa, antolatutakoa, serioagoa, ikusten zen. Bi denda handi zituen sukalde eta jangela lanak egiten zituztenak, eta ondoan, eskalatzaileen hiru denda eroso. Ezker aldeko kanpalekua berriz, sinpleagoa agertzen zen. Denda handi bat zegoen, sukalde, jangela eta logela lanak egiten zuena. Alboan, bi denda arin eguraldia aldekoa izan zen arte iraun zutenak, elurretan hasi zenean denda txiki hauek bildu eta denda handira konfinatu ziran eskalatzaileak. Prekarietate horretan, Chaclanca errekaren ezker ertzeko kanpalekuan, Iñaki, Adri eta hirurok geunden, txantxa, barrez eta harrotasunez gure alpinismoa defendatzen.


Kanpaleku txiroa bere osotasunean zegoela, eguraldi eguzkitxuaren laguntzaz loratua, hau da, paradisu natural horretara iritsi eta lehen egunetan, Jirishanca horma azpira eskalada materiala eramatetik aratago, lehen zatiko haitz plaka gris leunean lau luze sokaz fixo uzteko aukera izan genuen.


Adrik izan zuen Tambo, churros y amigos bidearen lehen luzearekin hasteko ohorea, horrela esan badaiteke atzerantz botatzen duen horma batean lurrez betetako arrakalak garbitu behar izateari, eta, gizakiaz gaindiko ahaleginean igotzen den metro bakoitzeko zaurgarriago sentitzeari. Hiru ordu kostatu zitzaion ia hirurogei metro luze dituen tirada gainditzea, baina, itxaronaldi amaigabe hori denboraren parametroetan sartzea, zenbakietan izendatzea, mendi garaietan agintzen duen errealitatetik kanpo egotea bezala da, lehen egunetik itzalaren mugimenduak, hotza eta beroaren arteko distantzia dinamikoak, neurtu zituen gure pausoak.


Bigarrengo luzea ere, itxaronaldian, amaigabea izan zen. Diferentzia, itzal ilun eta hotzaren mantupean eskalatu zuela Iñakik, eta honek, denboraren sentzazioa handitu zuen. Ez da bigarren hau atzera botatzen duen horma zati bat, haitz plaka leun eta etzana baizik, Oñatiarra era askean, zuzen, gainditzen saiatu zena. Konpromezu hain handia hartu zuen Iñakik atzera egin eta bilerara bueltatu behar izan zuela. Gainean geratzen zitzaion arrakala estu eta zikinera joatea beste aukerarik ez zuen izan, lurraz garbitu, seguru parea sartu, eta segurtasun parámetro honargarrigoetan aurrera egitea lortu zuen.
Ez zuen gehiagorako eman eskalada lehen egun honek, gainditutako bi luzeak eskalada sokaz fixo utzi, horma itzela eskalatzeko genuena eta genekiena eman beharko genuela konsziente izan eta, kanpamendu bidea hartu genuen glaziar gozotik behera.


Beste eskalada egun bat beharrezkoa izan genuen Jirishanca horma izugarrian oinarriko muru gris konpaktua eskalatzeko, hiru eta lau luzeak, beste bi sokekin fixo utzi genituenak, guztira lau soka. Eskalada material guztia soken goi muturrean zintzilik uztea lortu genuenean arrakasta txiki bat bezala ospatu genuen, eman beharreko derrigorrezko pausoa. Nire partetik gozatu nuen hirugarren luzea eskalatzen. Frantses askea teknika erabiliz; igo ahal duzun bezela, gainditu nuen, eskuinetik-ezkerrera, arrakala eten batean, bi bilera garbiak aldentzen dituzten hirurogei metroak.


Une garrantzitsu horretatik aurrera, eguraldia desegonkortzen joan zen, eta horrekin, kanpalekuaren zimurtzea etorri zen, denda handian sartu ginen hirurok oso luze egin zitzaizkigun sei egun igarotzeko. Konfinamenduan etorri zitzaidan berriro Perura ekarri ninduen galderaren erantzun konplexua argitzeko grina, arima bat banitz bezala paseatzen nuen kanpaleku ondoko bazter natural ezin aberatsagoetatik azaleratzen zitzaizkidan sentimenduak interpretatu nahian.

Chaclanca 2025/07/20
Ez dakit noraezean doan
baltsa honetatik salto egin
eta igerian lur geldora iritsi,
edo, korrentearen menpe segi eta
gehiago aldentzen joan
itsaso ezezagun honetan.

Alderrai bueltaka nabil 
kanpamentuaren inguruan.
Sukalde karpa dut erdigune,
planetek eguzkia duten bezala,
orbitan nabil denbora ulertu nahian.

Zergatik egiten dut alpinismoa? Zer da alpinismoa?. azken galdera hau erantzutean, agian, lehenaren giltza asmatuko dut.
Alpinismoa mendi batera igotzean naturak jartzen dizkigun oztopoak gainditzean datza. Beraz, traba hauek zenbat eta handiagoak izan alpinismoa hobeto ulertzen da. Eskalada bat, igoera bat, erraz egiten badugu, leku horren muga alpinistikoa ez dugu ezagutuko. Kontran, elementuak gure alde ez daudenean, igoera hori latzagoa bihurtzen da, alpinistikoki aberatsagoa bihurtuz.
Orain, lehen galderari erantzun nahian, zergatik egiten dut alpinismoa?, erantzun errazena, sentsazio batek bultzatuta egiten dudala esatea da, oztopo natural hori gainditu eta honek sortzen didan satisfazioagaitik. Baina, hori, harrotasunaren ondorio dira. Benetan alpinismoa zergaitik egiten dudan ulertzeko sentimendu gizakiar horiek baztertu behar ditut, eta gauzak datozen moduan onartu. Alpinismoa egiten dut naizena aurkitzeko.
Azken momentuko elurte bat, itsaropen faltsuak zapuzten dizkiguna, sei eguneko itsaronaldi luze baten kondena, eta, oraindik eskaladarekin saiatzeko gogoa izatea da alpinismoa.
Urte luze hauetan zehar hona ekarri nauen inertzia ulertzearen giltza hor aurrean daukat, gaur zuria eta bustia agertzen den horma basati horretan. Atzera egitea posible dut, oinen azpian ditudan haran berdeetara jeitsi, zibilizaziora iritsi. baina nik, oztopo hauek gainditu nahi ditut, edo, besterik ez bada, saiatu. Zeren, ni, betidanik, alpinista izan nahi izan dut.

 Eskalatzen dut denboraren igarotze monotonoa arintzeko,

 alpinismoa egiten dut denboran irauteko.




Iritsi zitzaigun azkenean hormarekin saiatzeko eguna, uztailaren 21tean, goizeko ordubietan atera ginen kanpalekutik hurrengo hiru egunetan Jirishanca eskalatzeko asmotan, eta pare bat ordu geroago, fixatuak genituen eskalada soka finetatik gora gindoazen. Sabelean korapiloa genuela irabazten genizkion metroak hormari, aste luze batean mugimendu asko egon daitezke horrelako horma batean, eta sokak ondatuak gertatu, zortez, soilik izotz kapa gogor batekin topatu genituen lau soka meheak.


Denbora on bat behar izan genuen, lehenago aipatu dudan puntu goren horretan, materiala organizatzeko, petatean sartu genituen eskalada egunean zehar beharrezko izango ez genituen gauzak, eta besteak gainean hartu; petatetik aparte bi motxila ere eraman genituen arropa eta janarekin, aurrean zihoan eskalatzaileak ez zuen pisu estrarik eramaten, atzekoak berriz bi zaku hauek. Horrela sartu ginen horma eder honen sabelean, eguneko eginkizuna Italiarren bibaka iristea zela, krokisak zioenez lau luze gorago, gerora sei izan zirenak, gure iritziz, oso soka luzeak erabili zituzten frantsesak, krokisean agertzen diren luze hauetako batzuk ehun metrora iritsi daitezke.
Aipagarria ere, hormaren bigarren zati honetan, haitzaren aldaketa da, eta horrekin eskalada arinagoa bihurtzea; beheko zatiko haitz plaka leunak harri zimurtsuagoko eremu batera pasu ematen du.


Itsaropen handia nuen jarria Italiarren bibakean, gaua erosoa eskeiniko zigula pentsatzen nuen, ez zen horrela izan. Denda arina jarri genuen erlaitza estua izatetik aparte ez zen zuzena, oker zegoen, eta horrela zaila da lotarako postura ona bilatzea, luze egin zitzaidan gaua, eta, nekatuagoa esnatu nintzen, ez nuen batere deskantsatu. Ez nuen hotzik igaro gaua jelatuan, denda txiki hauen tela fina nahikoa da goxotasun giroa sortzeko.


Horma erraldoi honek duen ekialde orientazioa bentaja da, lehen orduko eguzkiak goxatu egiten du gaueko giro hotza eta ez da hain gogorra egiten katu-oinak jantzi eta eskalatzen hastea. Bi luze ederrekin eman nion hasiera bigarren eguneko saioari, eskalada oso polita eskeintzen duen haitz oneko diedroa, eta, botak eta kranpoiak oinetan jarrita, eta, pioletak eskuetan hartuta, eskalatu behar izan nuen tximinia jelatua.
Aipagarria ere luze honen bilera, garai hobeak ezagutu dituzten bi buril ziztrin, Japoniar espediziokoek sartutakoak; bi seguru hauek, zutik nengoen elur puntatik, hiru metrora zeuden, mantu zuriak garai hobeak ezagutu duenaren seinale ere.


Hurrengo luzea da bidearen giltza, 7a/A2 ematen dioten hori, ezker-eskubi egiten den trabeska luze bat. Ederki burutu zuen Iñakik soilik maldizio sorta eder bat botaz. Honekin Japoniarren bibakean jarri ginen, erlaitz karratu estua, hor gaua pasatu zuten Japoniarrak ez ziren oso handiak izango, eserita ere nahiko lan.


Bide zail honek zalantza gehien sortu zigun zatian ginen. Genuen krokisa ez da batere zehatza, argazki batean eginiko marra, ez ditu detalleak erakusten. Gure aurrean haitz gris eta lehuneko itsaso bat zegoen. Japoniarren bidea da soilik nabarmen agertzen dena, harrokari bortxaz zintzelatutako altzairuzko burilkada. Ondo aztertu genuen pareta zati lisua, eta ez zen beste aukerarik sumatzen, Japoniarren bidea segitzea agertzen zitzaigun zati hori gainditzeko alternatiba bakar bezala. Bi luzeetan Colerettes erlaitz elurtu luzean jarri ginen, non, izotz eskaseko bi luze egin beharrean izan ginen, egun argiaren azkenetan, frontalen laguntzaz, bigarren bibakara iristeko.


Ez dago hemen denda jartzeko lekurik, erlaitza estua da. Sakabanaturik, ahal dugun lekuetan, bilatu genituen etzateko leku deserosoak. Nik, eta aipagarria iruditzen zait azaltzea, petatearen laguntza beharrezkoa izan nuen gaua pasatzeko. Aukeratu nuen haitz losa motza eta okerra zen, beraz, oinak lonazko zakuaren barruan sartu nituen, eta hau, tope egiteko lokarri batzuekin estututa, hankak luzatzea utzi zidan. Asmakizunak, sinestu nazazue, funtzionatu zuen, gau horretan lo egin nuen, eta atsedena hartu ere.


Hirugarren eguna ildo berdinetik hasi zen; gau ilunean hasi ginen prestatzen, eta, egunsentirako, eguzkiak goxatzen hasi zenerako, eskalatzen hasteko prest geunden. Haitzezko hormaren azken zatia geratzen zitzaigun Tambo, churros y amigos bidea bukatzeko, krokisak zionez hiru luze. Ni hasi nintzen hirugarren egunean ere soka buru, eta Iñakik segitu zuen hurrena oso onak iruditu zitzaizkigun eskalada luzeetan, batit bat eguneko bigarrena, txundigarria zela adostu genuen.


Eguerdirako haitzezko pareta handiaren gailurrean ginen, Tambo, churros y amigos bidea gure oinetan genuela. Jirishanca gailurra berriz metro dexente gorago ikuskatzen zen, izotz sabai eta elur arista baten atzean. Errealistak izan behar ginen, hamar egun lehenago gailur preziatua eskalatzen saitu zen sokada Italo-Aleman-Suizo potenteak, huts egin zuen, oso arriskutsua zegoela komentatu ziguten, bizitza jokatzerainokoa. Base gabeko elur pala tenteak, eta progresioa babesteko puntu eza, erortzeko hasperen bat soilik falta zaien kornisak. Zertara joan behar ginen gu horrutza, selfi baten bila? Mendi eder honetara ekarri ninduten arrazoiak kunplituak zeuden, haitz bide itzela egina zegoen, eta, esperientzia alpinistikoa sobran lortua. Gailurra, gainean sumatzen genuen puntu desiratu hori, beste parametro batzuen barruan kokatua, errusiar erruleta jokuan ibili nahi zuenak hor zuen. Gailurra garrantzitxua da, eskalada bide guztiak gailurrean bukatu beharko lukete, baina ez da alpinismoan garrantzitxuena, bidea da inportanteena. Gailurrerako jokoan ibili bagina, beste bide batekin saituko ginen, bide italiarra adibidez, askoze arinagoa, gailurraren lasterketan jartzen zaituena. Beraz, irrifar batekin, oso pozik, hiruen arteko besarkada batean pilatu ginen, eta, eskerrak emanez bizitzari, horrelako momentuak eskeintzen dituelako, amaitutzat eman genuen gorako ahalegina, orain behera egiteko bidea bilatzea zen garrantzitxua, zeren mendi baten eskalada ez da goran bukatzen, beheran baizik, kanpalekuan kasu honetan, taldekideak berriro besarkada batean elkartzen direnean.


Zabaldu berria den rapel linea batetik egin genuen behera, Alex Hubber, Dani Arnold eta Simon Gietl handiek zabaldu duten Colibri bidetik hain zuzen. Ez zitzaigun zaila egin linea bilatzea, Frantziarren Tambo, churros y amigos bideak, Toni Egger eskalatzaile italiar ospetxuak, 1957ko lehen igoerako, mendebal aurpegi elurrez zuritik gora, linearekin bat egitean topatzen dira rapelak, izotz sabaia handiaren oinetan. Azkarra eta segurua da rapel linea, paraboltekin hornitua dago. Ilunabarrean beheran geunden, arratseko seirak inguruan. Glaziarrean, zama guztia bizkarrean garraitzen ari ginela, piztu genituen argi frontalak. Eta horduan bai, arratseko zortzirak izango ziren, denda handi bakartia gure zain zegoen kanpamendura iritsi ginenean, lotu ginen berriro benetako besarkada batean, pozik, eskalada itzel horren parte izan ginelako. Eta honekin, jabetu ginen, ordurarte itxia izan genuen beheko haran berdeetara jaisteko atea ireki zitzaigula, alpinismoaren eragiteagatik, etxera eramango gintuen irteera zabaldu zitzaigun.


Eskerrak emateko ordua iritsi da:
Aritza Monasterio eskertu nahiko nuke, bere laguntzarik gabe eskalada hau posible ez zen izango.
Omar, Central Climbing hostel ostatuko jabea, petatea berreskuratzeko eman zidan laguntzagaitik.

Alex, Dani, Simon eta Dionisio, Italiar-Aleman-Suizo talde eta beraien sukaldaria, eman zizkiguten janaririk gabe oraindik gogorragoa izango zen gure eskalada. Jamac herrian bizi den Dionisioren telefonoa gehitzen dut, Huayhuash mendietan eta espediziotan esperientzia handia duen gizona da, nahi duenak hor dauka laguntza bikaina. Dionisio Basilio Huaranca +51961538935.

Tito eta Carlos arrieroak ere agurtu nahi ditut. Queropalcan bazkaltzen ari ginela esan nien bezala, beraien lana, mendizaleentzat, ezinbestekoa da. Zuen bizitza nomadaren inbia dut.
Isa, nire bikoteari, gestioak egiten aparta delako, eta, maite dudalako.