2024(e)ko abuztuaren 9(a), ostirala

TXINDOKI - Scarlett O´Lara

 

Telefono bidezko elkarrizketa Whatsappeko mezu zabala irakurri ondoren izan zen. Idazkera jariakorreko testu luzeak, eskaladako artikulu batzuekin batera, jakin-mina piztu zidan eta, luze gabe, zenbakia markatzera bultzatu ninduen. Aparatu adimendunatik nire deiari erantzunez atera zen ahots lasai eta gozoak arreta jartzera behartu ninduen; afaria prestatzeko ordua zen, gailu miragarria sukaldeko entzimera gainean nuen utzia, eskuak lanpetuta neuzkan. Telefonoa eskuetan hartu eta aulkian eseri nintzen, Ikerrek kontatzen ari zitzaidana arretaz entzun nahi nuen. Ez dut ukatuko solaskideak kontatzen ari zitzaidana gustuko nuela, apur bat gorritu ere egin nintzela; ahalegin, ilusio eta kemenez sortu nuen eskalada bide batez ari zitzaidan; aitortza da mendizaleok irabaz dezakegun sari bakarra.
Goierriko eskalada nabarmena ez bada ere, beste edozein tokitan bezain ona da, eta nire eskalatzaile bizitza osoan hori frogatzen saiatu naiz. Ikerrek modu lasaian proposatzen zidanak bide ona irekitzen zidan irabazirik gabeko helburu horretarako. Eskalatzaile Donostiarrak nire eskalada bide bat, Txindokiko Purple Rain, aukeratu zuen filmaketa baterako. 


Larraitzen jarri genuen elkartzeko toki. Sorpresa atsegina izan zen Xabi eta Anttonekin han topatzea, Txindokiko haitzak zituzten Tolosarrek ere helburu, batera egin genuen hurbiltzea.
Hezetasuna handi zegoen mendebal ertz azpiko horma zabalean, bide asko orban beltzak gurutzatzen zituzten, tartean Purple Rain. Honek, eta estetikarekin lotutako beste arrazoi batzuek, Iker desilusionatu zuten.


Positiboki begiratuta, guk aukeratutako bidea eskalatzeko moduan ez egoteak ekarri zuen istorio polit honen hasiera, zeren, desilusioak ez zuen luze iraun, burua gradu batzuk biratu besterik ez genuen egin behar izan eta gure ilusio itzaliak distiratu zuen berriro. Frontoi paretaren erditik doan Escarlett O 'Lara bide ikusgarria agertu zitzaigun begien aurrean.


Arazo bat zegoen, Escarlett eskalada artifizialeko bidea da, eta gu eskalada librerako bide baten bila genbiltzan. Eta zergaitik ez sortu? Ez zen lehen aldia aukera hau burutik pasatzen zitzaidala. < Iker, zer iruditzen zaik Scarlett bidea liberatzen badugu? Horrek behetik berriro eskalatu beharra ekarriko luke. Bere aurpegiaren keinuak hitzak ahoskatu baino lehenago salatu zuten proposamena gustuko zuela. Bosteko batekin lotu genuen tratoa.



Baina, bazegoen detaile bat Ikerrerren gustukoa ez zena, filmaren gidoian agian oztopo izan zezakeena, bidearen izena < Ez gaizki hartu, baina, zer iruditzen bideari izena aldatuko bazenio ?, esan zidan donostiarrak. < Hori ezinezkoa da, erantzun nion, nire emaztea omentzen duen izena da. Naizena Isari zor diot. Nire bizitzaren pilare bat da. Bide hau, sorkuntza hau, denboran iraungo duen maitasun adierazpen bat da, horma sinboliko hau bere lekuan mantentzen den bezainbeste eutsiko diona.



“Scarlett O'Lara”, nik orain 25 urte bakarka zabaldutako bidea da. Eskalada artifiziala erabili nuen goierrin mitoa zen horma gainditzeko. Garai hartan, nire nortasuna aurkitzeko borrokan nenbilela, eskalada-bide bat irekitzeko horma baten ezinbesteko beharrean, nire sinadura eramango zuen sorkuntza bertikal baten bila, Txindoki mendiko fronton horma ikusgarria agertu zitzaidan. Dagoeneko eskarmentua hartua nengoen horma handiak eskalatzen, esanguratsuak diren batzuk igoak nituen: Capitan, Paine, Grandes Jorasses, Urriellu, Roca Regina, Ordesa... Eta ez nintzen harritu nire arreta erakarri zuen horma Txindokiko fronton enblematikoa izateak, eta, gainera, egiteko gai ikusten nintzen.


Goierritik kanpo sokakide bat bilatzen saiatu nintzen, hemen alpinismorako oso garai geldoak bizitzen ari ginen, hain gelditasun handia zegoenez, ezinezkoa zen mendian eskalatzeko lagun bat aurkitzea. Gasteizko Iñakitok baiezkoa erantzun zion nire proposamen handinahiari, baina, azkenean, denborarekin, hitzak iraurgituz joan ziren, eta, bakarrik joatea beste erremediorik ez nuen izan.



Oraindik nire oroimenean grabatuta daukat irudi bat, Txindokiko hormara hurbiltzean pentsatzen dudan bakoitzean datorkidana, 98ko uztaileko irudi lausoa; Amitziko belardi aldapatsuan gora, eskalada-trasteen motxila astuna bizkarrean, frontoiko horma desidagarria bakarrik irekitzeko kemena.
Horma handietako eskaladetan ikasitako arte guztia praktikan jarri nituen horma enblematiko hau gainditzeko. Teknika berezia erabili nuen balentria burutzeko, gaur egun apenas erabiltzen dena, eskalada artifiziala deitzen da. Ideia bat egin dezazuen, ez nituen katu-oinak jantzi eskalatzeko, zapatilekin osatu nuen igoera.



Larraitzen Ikerrekin geratu nintzen bigarren aldian Scarlett O 'Lara bidea askatzeko izan zen. Nagore Ezeiza zinegilea gurekin zen ere, eskalada argazkiak atera nahi zituen. Esanguratsua egin zitzaidan gure motxilak bezain pisuak ziren bi motxila ekarri zituela Nagorek, Txindokiko hegoaldeko hormaren oinarriraino igo zituenak.
Hurbiltzeko bide astunean etenalditxo bat eginez, Amitziko belardiko talaia pribilegiatutik Oriako haran osoa begiratzen geratu ginen. Oinetan genituen mendiek askatzen zuten berdetasunak liluratu gintuen. Paisaia gorabeheratsuak egunak zeramatzan lainopean itxita, mantu grisatik estalgabetzea lortu zuenean berdetasunaren eztanda itsugarria izan zen. 
Nagore ez zegoen eskalatua aurretik, baina, Frontoneko paretaren erdian dagoen erlaitz handira igotzera animatu zen, ez zuen eskaladaren xehetasun txiki bat ere galdu nahi. Eskola kantorum bideko lehenengo bileraraino igo ginen ertz zabaletik, gero ezkerretara trabesia egin genuen belarrezko kanala hartzeko, eta, horrela, lehen aipatu dudan erlaitz erosora iritsi ginen. 
Ez nuen denborarik galdu, itzalaren freskura baliatu nahi nuen harkaitz grisaren ukimena egokiagoa izan zedin. 


Behetik eskalatzen hasitako bide bat sortzean, lehen asegurua nahitaez parabolt bat izan behar duenean, eskaladaren unerik delikatuena izan daiteke; “hatzen ukipenaz baliatuz, zimurrak ukitzen ditut harkaitz leunean kako bat jartzeko leku egoki baten bila. Nire gusturako txikia eta ahula den bat aurkitzen dut; normalean horrela izaten da, beti dira beldurgarriro zalantzazkoak. Kako hutsaletik zintzilikatzen naiz urdaila gogor estutuz, oreka-mugimendu delikatuak egitean konturatzen zara zein garrantzitsua den gorputz-atal hau, gure egonkortasunaren erdigunea da. Zulagailua eskatzen diot Ikerri, eta magnesio-orban batekin markatu dudan puntu zehatzean zulatzen hasten naiz. Xehetasun hori garrantzitsua da, ezin da edozein lekutan zulatu; eskalada librean igotzen zaren bitartean, magnesio orbanez markatzen duzu paraboltak non joan behar duten. Ondoren, buruhauste bat da leku horietan zulatzeko modu eroso bat bilatzea. 
Aurrera noa erritmo onean, ez zait zaila egiten bidea eskalada librearen parametroetara egokitzea. Era askean noa aldiro kakoen gainean zintzilikatzen, eta paraboltak sartzen ditut. Ez dut ukatuko ez dudala penarik sentitzen, neure eskuekin desagertarazten ari naiz nire mendi historiaren kapitulu bat. Jabetzen naiz frontoiko horma ikusgarria nik egin nuen bezala igotzea balentria izan zela, ez dago hori islatzen duen graduazio sistemarik. Baina, erabakita dago eta, Scarlett O 'Lara bidea, eskalada libreko bidea da”. Diedro zuriaren aurreko paraboletik jaisten naiz, dagoeneko eguzkiak gogor jotzen digu, gaurkoz nahikoa da.


Maiatza joan da eta ekaina ez da Txindokiko pareta urrunean eskalatzeko aukera asko ematen hasi, euri kontuetan doa udaberria. Ikerrekin igo nintzen azken alditik bi aste luze pasatu dira. Txindokiko harrizko punta laino itxiaren artetik agertu denean, eskalatzera igotzeko plan bat egin dut Xabierrekin, berak frontón bidea egin nahi du, nik berriz Scarlett berritzeko lanak amaitu nahi ditut. Egun zakar hauetan ezin izan dut bide gogor hau burutik kendu, eskalada librean duen zailtasuna ikaragarri altua da. < Eta ezin bada era askean egin? honek loa kentzen dit. Hobeto ikuskatu behar dut.


Direkta Hopkins bidetik frontoi hormako erlaitz erosora iristen gara. Oraindik itzala dugu ordu pare batean. Horma bertikalaren lehen zatitik goratzen naiz diedro zuri harroraino iristea beste asmorik gabe. Pareta leuneko azken txaparen hutsunearen gainean zintzilik korapilo frustante batek estutzen dit arima, azken bide-zati hori ezinezkoa da eskalada librean egitea. Gertaera triste horren jakitun izateak nire jokaleku-aukerak zabalarazten dizkit, eta, bide ezinezkoaren bi aldeetan helduleku txiki posibleak bilatzen hasten naiz. Itxaropen-argi bat pizten da nire baitan, ezkerreko aldetik eskalada-pauso posible batzuk lotzen ditut buruan, ahalegin guztia ez dago galduta. Xabierri metro batzuk jaisteko eskatzen diot, diedro leunaren hasiera, eta ezkerrerantz trabesia mugimendu batzuk eginez hasten naiz harkaitzean gora igotzen. Fronton bidearen eskuineko arrakala ukitu eta pare bat metro igotzen naiz helduleku txikiak dituen haitz plaka bateraino, hemendik eskalada mugimendu gogor batzuk eginez gainetik daukadan diedro zurira irits naiteke. Pozik nago, scarlett bidea libreki egiteko moduaren giltza irekitzea lortu dut, baina gaur beste eginkizun bat dut aurretik, diedro pitzatua librean eskalatzea. 



“Ederra ikusten da pitzatutako diedro zuria. Bere oinetan nago totem urdin batetik zintzilik, posizio bitxi honetatik era askean eskalatzen hasiko naiz. Nekez sartzen ditut nire hatz potoloak pitzaduran, arrakala mehe bat da, aldeko, horma osoa zipriztintzen duten oin eskuzabalek eskalada errazten dute. Mugimendu ederrak dira, eskalada klasikoko pauso hauek asko gustatzen zaizkit, non paretari aurre egiten diozun alde batera okerturik, eskuak eta oinak bere bertikalean, eta ipurdiaren horeka metro bat kanpo. Diedro zuriaren erdian gelditu behar dut, eskaladako pauso indartsu batek geldiarazten dit daramaten inertzia. Horma pixka bat tentetu da zati honetan, eta arrakalak marrazten duen jarraitutasuna amaitu egin da; zati laua gainditzean, berriz ere arrakala sortzen da. Helduleku baten bila etengabe haztatzean, harkaitzean zizelkatutako zulo txiki bat aurkitzen dut, eta hau pista bat da duela hogeita hamar urte zati delikatu hori nola gainditu nuen azaltzen duena, nire buriladoreaz kakoarentzako zulo bat zizelkatu nuen. Aurkikuntza honekin argiago ikusten dut, eta lasaitu ere egiten nau; nire oinetan dagoen fisurero txikia oso konprometitua iruditzen zait pauso zail hau egiteko, badakit zein izan behar duen nire portaera, parabolt bat sartzea; ezaugarri oso diferenteetan bada ere, bi kasuen azken emaitza bera da, harria aldatzea.
Diedroaren amaieran, aipatu berri dudan egoera bera gertatzen da, horma zuzendu egiten da eta pitzadurak jarraitutasuna galtzen du. Alde bat dago, hemen, nire eskuinetik, Purple Rain bidea dator, eta honek ezkerrera egiten duen bezala, nik bide hau zeharkatu eta arrakala zabalean sartuko naiz, hori bai, pauso gogor bat gainditu beharko dut. Iltzea dago kokatuta Purple Rain bidearen paraboltera joateko tentazioak ekiditeko. Arrakala zabalaren zati honetan, eta bilerarako bidean, zailtasuna jaisten da. Hemen, arnesean zintzilik garraiatu ditudan friend handiak jarriko ditut. Escarlett O 'Lara bidearen bileran nago, pozik, bide osoa libre egiteko aukera ikusten dut”.


Xabierren ondoan igotzen dut berriz ere aristako zelai malkartsua, denborak zalantzazkoa izaten jarraitzen du. Ni Scarlett aldaera berria probatzeko irrikitan nago, tolosarrari, berriz, fronton bidearen erditik irteten den bideak jakin-mina sortzen dio, trabesian ezkerretara aristako urkilaraino doan aldaerak, Bretxako bariantea izena duenak. Motxilan friends handiak sartu ditugu, lau zenbakiko bi, bost zenbakia bagenu ere hartuko genuke. Fisura-diedro bide zuzena eskalatu nahiko genuke ere; pitzadura zabaltzen denean jatorrizko bidea ezkerretara biratzen da, hor zehar hornituta dago, gu zuzen joango gara ertzaren urkilaraino. 
Gaurkoan frontoi-hormaren oinera iritsiko gara Purple Rain bideko lehen luzearen pitzaduratik eskalatuta. Friend sorta zabala ekarri izana ondo etortzen zaigu pitzadura nabarmenean zehar babesteko.


Xabierrek gogor ekiten dio bere proiektuari, eta azkar eskalatzen ditu fronton bidearen lehen metroak. Aldaeraren sarrera iristen denean inertzia frenatu egin behar du, gauzak benetan ikusi edo paper batean irakurri oso desberdinak dira. Aldaeraren zailtasun fisikoa eta konpromezua goi mailakoak dira. Etsipena adierazten duen isiltasunean hormatik jaisten da. Nik, berriz, kolorea ikusten diot nire proiektuari. Escarletteko bidearen lehen zatia probatu ondoren, librean egiten ditut pauso guztiak, eta horrek zailtasun-maila bat proposatzeko ausardia ematen dit, 8a. Orain bai lasaitasuna hartzen duela nire kontzientziak, ondo eginiko lana dela iruditzen zait, eskalatzaileek ba dute non goza, aurrekoa, oso intimoa zen.
Asetua nago, baina Xabierrek zapore gazia du ahoan, fisura-diedro bideari ekiten diogu, horretarako ekarri ditugu friend handiak. Estetikagatik harribitxi deitzen diogun bide horietako bat da hau, eta, harrigarria dirudien arren, honek bere izaera denboran irautea lortu du, argi dago eskalatzaile gutxik igo dutela. Lehenengo eskalatzaileek atzera egin behar izan zuten haitzezko orri fin hori eskalatzeaz, eta ezkerretara egin zuten; jatorrizko bide horretatik egin zuten berriro ekipamendu modernoa. Zorionez, pitzadurak garbi jarraitzen du. Esan dudan bezala friend handiak beharrezkoak dira erronka honi aurre egiteko; bostekoa, laukoa eta hirukoa.


Handinahiezko proiektuak aurrera ateratzeko laguntza beharrezkoa izaten da, eta nik, gustu handiz, Alex Kamerlanderrena jaso dut. Alacanten bizi den nire lagun Kanariarra goierrira egun batzuk pasatzera etorri izana bultzada garrantzitsua izan da eskalada honen azken faseari ekiditeko, Scarlett O'Lararen kateatzea.


Ohikoa den bezela gure lur honetan udak hezeak eta lainotsuak dira, zaila da egun aproposarekin asmatzea, dagoenarekin konformatu beharra dago. Lautan igo naiz Alexekin frontoi paretaren oinarrira, eta ezinezkoa zirudiena saiatzearekin posiblea bihurtu da.
Lehen zatian, lau parabolt dira, pauso teknikoak argitzea dexente kostatu zitzaigun; zehaztasun handiko mugimenduak daude, gorputza, eta batit bat oinak, zehaztasun handiz kokatzea garrantzia handia dauka. Hasierako mugimenduetan inklinatua dagoen erlaitz batera igo beharra dago, eta hori lortzean, forma kamutsak dituen horma tente bati egin behar zaio aurre. Mugimendu iper gogorrak ditu bigarren zati honek, kirol eskalada bidearen ukitu bat ematen diotenak, non pausoak probatu ahala mirariz barneratzen dituzun; ezinezkoa iruditu zitzaidan eskalada librean saiatu nintzen lehen aldian. Lauza irtena heltzen diozunean, pasabide atseginago bat irekitzen da zure aurrean, helduleku oparoak besoetatik gustuz tiratzen uzten dizue. Zati motz hau fisurero parearekin ederto babestua geratzen da. Erlaitz eroso batean zutik diedro eder bat du aurrean, tamalez ez du helduleku egokirik ematen zentzuzko zailtasun batean eskalatzeko. Ezkerretara trabeska egin beharra dago hemen frontoi klasikoa ukituz, eta bere eskuinetik metro parea egin ondoren, haitz plaka dotore batean eskuinera joko dugu. Oin eta hatzen mugimendu tekniko batzuen ondoren, azken txapa ziurtatuta, urrats gogorra dator, indarra eta oreka beharrezkoak izango dira hori gainditzeko. Eta honekin, mugimendu eder hauek eginez, kirol eskaladaren zatia bukatua emango dugu, diedro zurian sartzen gara, eskalada klasikoaren dimentsioan. Zailtasuna jaitsi egiten da pitzadura nabarmen honetan, eta honek bistaz kateatzeko aukera handia ematen dio eskalatzaileari, horrelako eskaladetan espezialista bazara, gozamen handienera irits zaitezke. Parabolta eta iltzea dira material fixo bakarrak.


Alexen laguntzaz Scarlleterako nire hirugarren igoeran, ilusio handiz joan ginen kateatu ahal izateko. Goiz mugitu ginen freskura pixka bat aurkitzeko. Fronton horma eguardiko ordubiak arte itzalean egoten da, denbora mugatua da baldintza egokietan probatu ahal izateko. Gaurkoan gainera bero egiten du, eguerdirako Zaldibian 36º aurreikusiak daude. Izerdiaz blai iristen gara fronton hormaren azpira, kamiseta bustia aldatzen dugu eta azkar prestatzen gara eskalatzeko. Lehen zinta espresak jarriak aurkitzea kemena ematen du kateatze ahalegin batekin topera hasteko. Mugimenduak ondo ezagutzen ditut, nire gorputzak ahalegin fisikoa onartuta dauka, kanpoko alderdiak dira nire kontroletik kanpo geratzen diren bakarrak. Harkaitzak beroa dario, gorputzak gehiago nabaritzen du irradiazioa atzamarrek harriaren ukipenean baino, ez didate eskuak izerditzen, ikus dezagun tenperatura horrek katu-oinen aderentzian eraginik ez duen. “Azkar kateatzen hasten naiz mugimendu akrobatikoak, ez dago apaingarrietarako tarterik, nork bere estiloa du. Bigarren eta hirugarren txaparen arteko tartean oina ondo kokatzen dut haitz ordekan, belauna diedroan sartzean gorputza orekatzen dut eta postura erosoan, sabaia azpiko helduleku alderantzikatuaren laguntzaz, hirugarren txapatik arazorik gabe soka pasatzen dut. Postura horretan ondo kokatu ezkero arnasa berreskuratu dezaket. Eta beharko dut, zeren hurrengo zatia benetan da zaila. Hiru behatz sartzen diren helduleku bertikala hartzen dut eskuin eskuaz, eta oin bera erlaitz txiki makur batean jarri, bulkada batekin, forma biribilak dituen horma zatira sartzen dut. Aurreko heldulekuak askatu gabe, ezker oina sabaiaren azpiko ordeka txiki batean kokatzen dut, eta ezker eskua bitzadura mínimo bat hartuta eskuin oina igoko dut zulo luze orizontal batera; puntu honetan katu-oinak ondo koska egitea derrigozkoa da. Eskuin oinan gorputzaren pisu guztia jarrita ezker eskuaz hurrun dagoen erregleta batera iritsi behar dut, eta, hartu bereala, ezker oina sabai azpitik atera eta ordeka on batean jarri. Horrela, ezker eskua erregletatik atera eta gorputza pittin bat okertuta pitzadura txiki bertikal batean jartzen dut. Orain bai hiru behatz heldulekua askatzen dut ezker eskuaren gainean kokatzeko, helduleku kamuts bertikala da, behatz lodiaren laguntzaz pintza eginez bere betebeharra egingo duena, sabaia azpira ezker eskua eraman. Bi helduleku horiekin, eta ezker oina ordekan dugula, eskuina asko luzatuta katu- oinaren punta hurrun dagoen zulo bertikalean kokatzen dut. Laugarren txanpan soka pasatzen da posizio honetan. Azken mugimenduekin ekiteko ez dago meniarik, eskuin oinean eskaladaren arrakasta deskargatzen dut, eta salto txiki batez ezker oina haitz plaka biribileko koxka batean kokatu. Eskuin eskua eta bi oinen arteko triangulazioa erabiliz ezinezkoraino luzatzen naiz ezker eskua oso hurrun dagoen helduleku kamutsa hartzera. Helduleku on baten egarri diren hatzak erlaitz leunaren zimurrak hatzamarkatzen ditu, ez dagoenari gehiago atera nahiez. Mirakuluz grabedadeari eusten diot, eta pentsatu gabe, ezker oina hiru hatz gainean dagoen mailu oker batean kokatzen dut. Eskuin eskua libratu behar da ezker eskuaren gaineko bere helduleku bixkian kokatzeko. Oso luzatua dut gorputza, horrek orekari eustea lortzen duten lau puntuei eraginkortasuna galtzea ekartzen die. Tentsioan dauden hagak bezala, eskuin oinak zigorkada jotzen du airean bere kokalekutik askatzen denean. Ez dago margenik zuzentzeko irristada, ain da dena lurrunkorra, airean naiz erraietatik ateratzen zaidan amorru garrasiarekin batera, penaz askatzen ditudan hitz horiek leuntzen dute nire zorigaiztoko erorikoa.
Alex bere eskalada txandan zela laino potoloak agertzen doaz hegoaldeko zeru zabalean, trumoi hotsak laguntzen dute mantu ilunaren ibilera. Ezinezkoa zait bigarren aldiz bidea probatzea, zeru ilunetik erortzen diren euri tanta lodiak bustitzen dute horma leuna. Penaz alde egin beharrean gara.


Bukatua suposatzen nuen Alexekin batera Txindokira igotzeko aldia, familiarekin oporreta nindoan eta Kanariarra lanera sartzekoa zen. Hainbat gertaerek gure aisialdi irteera atzeratzea dakarte, eta horrela, Txindokira igotzeko beste aukera zabaltzen zaigu.
Alexekin goierriko mendirik ederrenean eskalatzeko laugarren aldian lainoak estaltzen dute frontoi pareta. Larraitzeko aparkalekuan motxila astunak bizkarrean eskegitzen ditugunean gure nekea agerikoa da, azken hilabetean gora eta behera ibili gara zervino txikian. Alde batetik Iker Urangaren proiektua zen, eta, bestetik, Scarlett bidearen kateatze ametsa, ez gara Txindokitik atera. Gupigabeko eguzkitik babes, ez dugu presarik horma azpira iristeko, ibili lasaiean aristara daraman zelai xarmantan gora goaz ixilik eta buru makur.
Lainoak kezkatzen gaitu, gas-lurrun zuriak ezetasuna dakar, eta hau gure kateatze asmoetarako ez da egokiena. Purple Rain lehen luzea eskalatuz iristen gara Fronton hormaren azpira. Ez dut denbora galtzen, lehen zatia eskalatzeko falta den materialea hartzen dut; bost zinta espres, totem gorria, fisu bat; hau lehen aldia izan da nire eskalatzaile bizitzan eskalatu nahi dudan bide batean zinta enpresak kokatuta uzten ditudala. Soka lagungarria arnesaren atzekaldean zintzilika daramat, zati zaila eskalatu ondoren, diedro zurian sartzean, Alexek beharrezko izango ditudan materialeak pasako dizkit. Arnas sakon bat hartu ondoren hasten naiz horma lisotik gora. Mugimenduak hain dira zehatzak aurreko saiakeran erabilitako textoa balizkoa dela. Baina, aldaera bat dago aurrekoan bizi nuenarekin, oraingoan eskuin oinak zulo bertikalean eusten dio, eta eskuin eskuaz helduleku kamutsera iristen naizela. Baina ez dut gozatzen erlaitz leuna, behatz puntetan nabaritzen dut ezingo diodala etekinik atera, eskua irristatzen ari zait, grabitatearen krudeltasunak iresten nau. Frustazio ilun batek estaltzen nau. Alexi behera jaisteko eskatu aurretik, zati gupidagabe horretako helduleku kamuts guztiak magnesio zaplada batez lohitzen ditut.


Alexen animoak indarrak ematen dizkidate beste behin probatzeko. Deskantsu txiki bat egin ondoren berriro noa horman gora. Oraingoan ere mugimendu guztiak aurrekoak bezalakoak dira, zehatzak, denbora geldirik dagoela dirudi, salbuespen batekin, eskuin eskuak helduleku kamutsa hartzean sentsazio on batek animatzen nau indar bateratua egin eta eskuin oina zulotik ateratzeko. Nire gorputz dardartiaren ondoan dagoen zimur luze batean kokatzen dut eta, eskuekin batera egiten dudan indar koordinatuak gorputza luzatzeko aukera ematen dit ezker eskuaz alderantzizko helduleku oparora iristeko. Harri blokea gogo biziz heltzean gorputza ezkerrera balantzatuz eskuin eskua helduleku salbatzailearen ondoan kokatzen dut. Poztasun garrasi batek sorprenditzen dit, ez dakit ni izan naizen edo, hamar metro beherago dagoen Alexen eztarriak, Kanariarra ni bezain pozik dago. Erronkaren zati bat egina dut, baina osoa izateko asko falta da oraindik. Erdiko haitz plakak, diedro zuriaren aurrekoak, eskalada pauso gogorra ezkutatzen du. Horman gora segitzen dut sabelean korapiloa dudala, nire poztasuna bertan bukatuko da? Finak dira epaiketa zorrotzera daramaten pauso teknikoak, oinak ondo kokatzea garrantzia handia dauka. Behin aipatu dudan patibuluan oinak desagertzen dira, eta, ez dagoen lekuan baliozko zeozer ateratzea da aske aurrera jarraitzeko koartada. Nire argumentuak epaile irmoari konbentzitu dute, erori gabe aurrera jarraitzeko kapaza izan naiz. Diedroaren sarreran, totem ori baten babesean, Alexi eskatzen diot beheran dauden friend eta fisurero guztiak soka laguntzailera lotzeko. Esku baten eta ahoaren laguntzaz nire ondora igotzen ditut gailu txintxarriak.
Arnesa materialez beteta dudala prest nago bide ikaragarri honen azken zatiarekin lehiatzeko.



Kateatua daukat diedro erakargarria, baina ez naiz fio, txaparen pausoan erortzea posiblea bezela kontemplatzen dut. “ Eskuin eskua bi hatz hartzen dituen pestaña batean daukat, ezker eskua diedroaren ertzean dagoen zulo hiruko bertikalean, tríceps moduan heldua, eta ezker oina diedroaren bertizean ikusi ezina den koxka batetan. Hiru puntu horietan indar bateratua eginez eskuin oina erlaitz estu batera igotzen dut goranzko indarra egikaritzeko. Libratzen dudan ezker eskua urrun dagoen erlaitz eskax batera iristen da, eskuin oinaren gainera gehiago altxatzeko aukera baino ez dit uzten zimur honek. Hau lortua berriro sortu den arrakalean sartzen ditut hatz zigortuak. Metro batzuk gora beste zati oker batek itsaroten dit, loriatik banatzen nauen azkena dela jakiteak kemena ematen dit ekiteko. “ Bi mikrofriend sartu ondoren bertikaltasun gehiago hartzen duen hatz pasarte batean sartzen naiz, arrakalak kontinuitatea segitzen du, oinak ez aldiz, haitz zimur parean kokatu beharko ditut hoberik ez dagoelako. Baina hau ez da deigarriena eskalada pauso aldrebes honetan; aipatu dudan posizio egonezinean egonda begi aurrean totem urdina sartzeko arrakala dut, baina nire burua babesteko tentaldia aukeratzen badut helduleku ona galtzen da pauso zail bat egiteko. Totem beltz on bat nire oinen azpian dudala, eta ezker eskua totem urdina egoki kokatuko zen arrakalean, ekiten diot mugimendu erabakigarriari. Eskuin eskua iltzea kokatua dagoen erlaitz oparoa hartzean, eta soka honetatik pasatu ondoren, Scarlett egina dudanaren uforia etortzen zait. Purple Rain gurutzatu eta pitzadura handitik gora segitzea besterik ez zait geratzen istorio eder bateri amaiera emateko.



Nork esango zidan niri duela 25 urte eskalada sortzeko nire premia larri horrek hain gauza polita haziko zuenik? Zeren harro eta kontent nago garai urrun haietan egin nuen bilaketak eman duen fruituaz. Maitasunak, adiskidetasunak, ezinezko zirudiena egia bihurtzea ahalbidetu du. Lagunen laguntzaz hobetu ahal izan dut bakarrik sortu nuena, eta horrek izugarri pozten nau. Nire emazte Isari eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, bere ulermena eta maitasunagaitik. Ikerri, bere bultzada funtsezkoa izan da istorio honen bilakaeran. Xabierri, aparteko kordada-laguna delako. Alexi, bere animorik gabe ezin izango nuen Scarllet librean eskalatu. Eta guzti honek ozenki esatera bultzatzen nau, maitasuna eta adiskidetasuna besterik ez dugu behar.