Josemak argitaratzear duen Egino eskalada gida berrian idatzi dut Eginora gehienetan bakarrik joaten naizela eskalatzera. Eta ez da soilik bakarzalea naizelako, nire eguneroko eskalada zirkuluan Egino aukerak jendea atzera botatzen duelako baizik. Gaurkoan hori gertatu da ere.
Goizean, telefonoz nora joan erabakitzen ari ginela; Goierri aldean hego haize indartsua zebilen, horrelako egunetan ez da erraza babesean egon daitekeen leku bat aukeratzea, gutxiago abenduan. Aritzi eskalada leku posible bezala Egino proposatu diodanean zein motako motibazioa sortzen zion jakiteko ez dut bere aurpegia ikusi beharrik izan, zalantza zaila da ezkutatzea. Ez dut gustuko jendea arrastatzea, beraz, Eginora etortzeko ez zuela inongo konpromezurik esan diot, lasai esateko, zazpiturrira ekipatzera joango zela erantzun dit.
Etzegarate gaina laino beltz itxiak itxusiarazten zuen, goierrin goiz argitxua utzi eta ilunpe horretan sartzea erabaki okerra izan dela pentsatzera eraman dit. Altsasu arte zalantza horren pisuak iltzatu du nire animoa. Olaztin nabarmena zen muga klimatikoa, nafarroako herria itzal hotz baten menpe zegoen, aurrerago, arabako lautada, eguzki herabe batek goxatzen zuela, agian asmatu dut, pentsatu dut.
Lezeko aparkaleku handian hiruzpalau auto zeuden utziak, hauetako bati presa gutxi somatzen zitzaion, aleman furgoneta bat, takoen gainean ondo nibelatua zegoen, gelditzeko etorria zela bistakoa zen.
Autoaren maletategian prest izaten dudan eskalada motxilari friend sorta gehitu diot, Torre de La Lezera nindoan eskalatzera. Jakin minez gerturatu naiz oinarri bitxia duen pareta itzel horretara. Azken aldiz egon nintzenetik, abuztua izango zen, aldaketa batzuk egon dira. Hauetako bat eskalatzeko asmoa buruan neraman, direktisima bidea. Aintzinako marra, 1978an Juanjo Amezgarai eta Juan Mirandak zabaldutako linea, Egino Bizirik taldekoek eguneratu dute, eskalada askerako jarri dute kirol eskalada moduan.
Kalzita mineralaren lauki geometriko zuriak agerikoak dira ehun metro pasa duen horma puska honen oinean, honutza etortzen naizen aldiro galdera bera egiten diot nire buruari, zein arriskuan egon zen orratz lirain hau jendearen diru gose asezinak bultzatuta dinamitaren basakeriaz suntsitua izateko.
Eskalatzaileak, bata bestearekiko, oso desberdinak gara. Lehenago aipatu ditudan aldaketak oso bistakoak dira, eta zintzilik dauden sokak adierazten dute oraindik ez direla bukatu.
Aurtengo abuztuan, Egino Bizirik bidearen lehen luzea bakarka eskalatzen ari nintzela, Kroma, Gasteizko eskalatzailea, agertu zen ustekabean. Motxila ondo zamatua zekarren. Goiza pasa etorria nintzen ni torrera, eskalatutako Egino Bizirik bidea berotzekoa nuen, beste pare bat bide gehiago eskalatzea zen nire asmoa. Kromarekin hizketan hasi nintzenean asmo horiek bertan behera geratu ziren. Luze joan zen gure solasaldia, urteak ziren Gasteiztarra ikusten ez nuela, gazte-gaztetatik ezagutzen gara. Gauza askotaz berba egin ostean pareta honetan zituen asmoaz komentatu zidan, kirol eskaladako linea batzuk ireki nahi zituen. Kromak eta biok izan genuen ustekabeko topaketa patuari dagokiona dela esan daiteke, eskerrak gertatu zela. Honek, nik sortutako bide batzuen parabolt jarraitasun falta, behetik eta klasiko estiloan sortuak, ez bukatutako bide moduan kontsideratu zituen. Bide horien informazioa, jakin nahi ezkero, interneten dagoela aipatu nion, denon eskugarri. Gasteiztarra aurrez-aurre nuenez, oraindik lanean hasteko, bideak nondik nora doazen azaldu nion.
Ilabete luze horien ondoren, torreren oinarrira itzulita, inbasio bat egon dela sentsazioa daukat, txapak non nahi agertzen dira, bat eta beste estropezuka.
Direktisimaren lehen luzea askotan egin dut, oso gustuko dut, Egino Biziko kideek bilera pittin bat igo dute irizpide onarekin. Lehen luzea artea zuhaitz ederraren ondoan dagoen bileraino egin dut nik. Baita ere elkartu ditut hurrengo hiru luzeak, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena, bakarkako eskaladak abantaila hori dauka. Aipatu behar dut, hirugarren luzea, zailena dena, behetik kateatzea lortu dudala. Oso lagungarri izan ditut aurretik pausoak probatzen ibili zirenen magnesio orpanak, oinak eta heldulekuak argi markatuak zeuden. Gustura geratu naiz, aspaldian ez nuen eskalada bat hain gogobetetasunez ospatzen, eta behar nuen. Laurogehi metroko soka neramanez, bosgarren bileratik zuzenean laugarren bilera jaitsi naiz, hemen soka bildu eta lehen bilera arte segiz. Azken rrapel batek berriro lurrean utzi dit. Zintzilik dagoen soka bota eta bildu ondoren egin dudan lehen gauza Josemari zorion mezua bidaltzea izan da, pozik eta harro nago.
Goiz da oraindik, eskalada azkar egin dudanaren sentsazioa daukat, beste bat egiteko prest naiz, direktisima bidearen eskuinean dagoen 8a bideari txanda iritsi zaio. Aipatu ditudan bi bide hauen erdian Kromak parabolt linea zulatu du, zenbat eragiten dien jakin nahi dut. Ez dut 8a librean egitea lortu, baina artifizial mugimendu oso politak ditu bide honek, kako bat tarteko, gozatu dut. Bide honen bigarren zatia, txapa beltz batzuk segiz, hamabost metro gehiago, luzatzen dut nik, oso interesgarria geratzen da horrela, bestela beherago Koromak berritu duen bilera batetik jaistea gago. Bigarren zati honetan, txapa beltzak segika, kromaren lan batzuk linea hau erasotzen dute, inongo zentzurik ez duten pare bat parabolt daude hogeita hamar zentrimetrora, bortitza egin zait, zeozer komentatu behar diot. Gaurkoan ere, lehen aldiz eskalatu nuenean bezala, itzela iruditu zait marra.
Orokorrean, gustu kontuen detaile batzuk kenduta, ondo geratzen ari da lekua.