Azaldu nahi dudan azken eskalada honetan hitzak soberan
daudela iruditzen zait. Atera ditugun imajinak ederto islatzen dute zer den,
eta zer egin dugun, Txindoki mendia neguko gordintasunak estaltzen duenean.
Azaldu nahi dudan azken eskalada honetan hitzak soberan
daudela iruditzen zait. Atera ditugun imajinak ederto islatzen dute zer den,
eta zer egin dugun, Txindoki mendia neguko gordintasunak estaltzen duenean.
Aitortu beharra daukat berdin zitzaidala, eszeptiko
nengoela. Baliteke ilusioa pittin bat galdua ere, ohituraren inertziari frenoa
sakatu izan banio bezala. Ohikoena gogo betez egotea izango nuen, noiz iritsiko
desiratzen, eta ez da horrela izan; ezin ukatuko dut honek larritzen nauela.
Xabierren bultzada erabakigarria izan da, bera bai zegoen
gogotsu, Txindokin neguko eskalada probatzeko irrika zegoen nire lankidea. Adore
horri esker igo gara infernu zuri horretara, eta ez diogu hutsik egin Goierriko
negu eskalada hitzorduari.
Zertaz ari naizen saiatuko naiz azaltzen, eskalada hauen
berezitasunak argitzen.
Lehenik;
giroa da garrantzitsua, neguko baldintzak behar dira benetako bizipenak
sentitzeko, eta hau tamalez gure mendietan ez da erraza izaten.
Elurra
egiten ari dela, gehienetan, izaten dira baldintza horiek, hau da, ekaitza
astintzen ari denean. Jakin, egun batetik bestera, edo ordu batzuen bueltan,
pareta zuria egotetik harri gorrira pasa daitekeela. Aizkorrin gehiago irauten
dute neguko baldintzak, gainera oso komenigarria izaten da elurra asentatzen
uztea, elur berritan arriskutsua gerta daiteke Aizkorriko kanaletan eskalatzea.
Beraz, Txindokiko hego-mendebalde horman neguko eskalada
egin nahi badugu arropaz ongi prestatuak joan beharko dugu.
Neguko baldintzetan horma eder honetako bide klasiko asko
daude eskalatuak, baina oraindik batzuk faltako lirateke, aukera dezente daude
gauza berriak sortzeko.
Eta zein bide dira egokiak neguko erremintaz igotzeko?
Udako eskalada bide batzuk dira aproposagoak besteak baino negu giroan
eskalatzeko. Belartsuak diren bideak, edo belar kanal baten ondotik doazenak,
dira negu giroari zuku gehien ateratzen dienak. Elurrak eta hotzak belar hauek
izozten ditu, orduan piolet eta kranpoien puntak egoki heltzen dute,
segurtasuna eta alpinismo sentsazioa hobetuz.
Hauetako bide batzuk dira; Arista, Txema, Huertas,
Petrel… egokiak, eta oraindik aukera anitza da, gure imajinazioaren haina.
Hau da Dora borraskak eman digun guztia. Ezin dezakegu
esan fronte hotz gogor bat izan denik, ipar-mendebaldetik sartu zaigu, hezetasun
askorekin. Nire lagun Kanuk zioen bezala, "Hemen gauzak bere lekuan ipintteko
haiziak Siberiatik jo biharko leke", Oñatiko handia polar-continental
haizeaz ari zen hizketan.
Namaste!!!
Entzun al duzue hitz ederragorik? Ez da soilik bere
ozentasuna atsegina egiten zaidala, hitza laguntzen duten ponpa eta keinuak are
borobilagoa egiten dute: bi eskuak zabalik bular altueran, bata bestea ukitzen
ari direla, burua makurtu eta, hitza apalki aireratzen da, umiltasunez eta
errespetuz, edonor, eta, edozer, agurtzeko asmoz.
Ekialde urrun eta barearekin izan nuen lehen harreman
hura, oraindik, ahaztu ezina dut, txunditurik bueltatu nintzan Euskal herrira.
Eguzkia jaiotzen den lurretan pasatu nituen hiru hilabeteak, oso biziak izan
ziren niretzako, mundu berri bat zabaldu zitzaidan begi aurrean, eta aldaketa
handiak eragin zituen nire izakeran.
Urteen joan etorriak data horretatik aurrera
zenbatzen hasi nintzen, Nepalera bidai egin nuen data ardatz nuen, mila bederatziehun
eta laurogeita bederatzi.
Ordiziako kale estu eta grisak ziren nire
unibertsoa; laurogei garren hamarkada asaldatuan kokatu behar nauzue,
bortizkeria dastatzen zen giro batean, biolentzia politikoaren ondorioz ia
egunero hildakoak burutzen ziren aldi ero batean, gazte askorentzat drogak
askatasun alternatiba ziren garai negargarrian.
Nepalen, hautsez betetako bideren batean geratu ahalko
zen gazte hura, edo Kathmandu hirian, Thamel auzoko ostatu merke batean.
Baliteke Himalayak begi-bistan zuela suertatzea, mendi zuriak aho zabalik
begiztatzen hari zela, Goierritik atera zen mutil-koskor inuzentea ez zen
berriro bueltatu; motxila bizkarrean, bi eskuak elkarturik bularraren altueran,
burua makur baina irriabartsu, topatzen zuen edonor Namaste agurtzen geratuko
zen.
Namaste bidearen testigua jaso besterik ez dut egin nik,
Balerdiko hormetan ohizkoa gertatzen ari zait, paretaren hasiera soilik
eskalatua topatzea normaltzat hartu dut: Ajuju bideak Félix Ubierna bidearen
diedro paregabean du hasiera. Shot the Sheriff bideak berriz, anonimoan geratu
den beste abentura saiakera batean.
Beraz, Namaste bidea sortua zegoen, Balerdi mendiaren
azpiko horma handiaren oinetan dagoen laxan dago, nik soilik pareta handian
gora luzatu besterik ez dut egin.
Aitor Arrieta eskalatzaile Donostiarrak zabaldu zuen
lehen luze hori 1983an bakarkako saio batean.
Laurogei garren hamarkada, eta Balerdiko hormak, eskalada
kontuetan, urte oparoak izan ziren, Araiz bailarako pareta eder honen urrezko
garaiak izan zirela pentsatzen dut nik.
Donostiar talde bat zen Mallozarrera gerturatzen zena, eta hauek ere, gazte guztiak bezala, askatasun eta bizipen egarriz zeuden. Juancar Sanzen
bloggean sarrera bikain bat aurkitu dezakezue garai hauek primeran deskribatzen
dituelarik, estekadura atxikitzen dizuet gozatu dezazuen. http://lakasta.blogspot.com/2020/03/erase-una-vez-balerdi.html
Ni ere bakarka hasi nintzen Namaste bidetik gora, laxa
handiaren ertza ikustearekin jakin nuen goiko pareta ikusgarrirako sarrera
izan beharko zuela.
Lehen egunean Aitorrek zabaldutako beheko luzea eta
bigarren bat gehiago eskalatu nituen.
Nire harridurako, zuhaitz erraldoia, hagin sendo eta
lirain bat zen, denbora eta gizakien begietara ezkutuan egon dena. Behategi
ikaragarri horretatik, jainkoa balitza, Araiz aran guztia agurtzen du.
Umiltasunez, Namaste mutua esan ondoren, kordinoa zintzilikatu genion, apaingarri moduan, enbor sendoa bitan banatzen den tokian, eta
errapelatu egin genuen.
EKI TXIMINIA/CHIMENEA ESTE
Balerdiko Chimenea este, edo eki tximinia bidean
sartu ginan Xabier Artola eta idazten ari den hau.
Deigarria da Balerdiko eki tximinia; zauri sakon eta
zartzakatu bat da, mallozarraren horma handian dago, sakonik gabeko aho zabala balitz bezala zabaltzen da.
Noiz izan zen lehen aldiz eskalatua ez dut garbi, hirurogei
eta hamar garren hamarkadan izango zela ustea dut. Jaso dudan informazio
bakarra, eta hau Jesús Marí Rodríguezen Escaladas en Guipúzcoa liburuan
agertzeari esker da, krokis kaskar batean; bi gazte AUSART, eta ausart hitza
letra handiz jartzen dut, izan ziren pribilegiatuak, naturaren kapritxo basati
hori eskalatzeko. Txalogarria iruditzen zait balentria, txapela kentzekoa,
Ignacio Núñez, eta Jesús Ayestaranek egin zutena.
Zailtasun hau gainditu ondoren, berezko bideak zuzen
tiratzen du, ez zitzaidan batere erakargarria egin, eta eskuinean ikusten zen
arteka handi batetan egin nuen bilera.
Gure kalkuluen arabera, Namaste bidearen hagin handia
gertu behar zuen egon. Arrokaren kapritxo ikusgarri bat aprobetxatuz, erlaitz handi eta nabarmena, eskuinera
egin genuen trabeska batean. Hogei eta hamar metro luzea ondoren,
zuhaitz ederraren magaletan geunden. Namaste bidetik egin genuen errapel.
Tximiniek kanporatzen dituzten kea zuriak teilatu gorrien gainetik zehar
ihesean doaz, haize hotzak urrutira daramatza, zerua belzten duten laino ilun
eta lodiek irensten dituzte.
Aste luze bat euritan pasatzea gehiegi da, nik argitasuna eta giro lehorra
behar dut, Goierriko zuloa utzi eta hego aldera jaistearekin nahikoa izaten dut
gehienetan.
Valderejo natur parkearen inguruan dago mendi eder hau. Ipar aldeko horma
ezaguna nuen, aspaldiko kontuak dira hauek. Iñakitok eraman ninduen behin, oroitzapen
ederrak gordetzen ditut garai horietatik, baina ez genuen deus eskalatu,
eskalada askea zen gure nahia, ez genituen gauzak garbi ikusi.
Irakurria nuen hegoaldeko hormetan bide batzuk bazeudela, ekipatuak
gehienak. Bideak osorik ekipatuak egoteak maiz hozten dizkit eskalada hauek
burutzeko nire gogoak, horma handietan gehiago gustatzen zait trad estiloan
aritzea, nahiko parabolt txapatzen ditut kirol eskalada egitean.
Sorpresa atsegina izan da horma hau, Retxolaria bidea asko gustatu zait ere,
zintzo jokatuz esango dut, ez nuela kalitate hori espero, gozatu egin dut.
Hasiera kuriosoa du bideak,
egitura bitxi batetik hasten da, naturaren kapritxo zoragarria.
Bigarrenak hantzeko joera du, plaka gris eta konpaktua da hasieran,
hormaren zailtasunak saihesteko luzeak eskuin alderako joera hartzen du.
Hirugarrenak ez du helburu handirik, metroak irabazi eta zulo ikusgarrira
iristea ez bada.
Laugarren eta azken luzea horma tente elegante batetik doa, eskuzabala
heldulekuetan, eskalada ederra eskaintzen du.
Gogoz iristen zara Peña Karriako ertz zorrotzera. Behin baino gehiagotan
pentsatu izan dut mendiak eta hormak igotzeko nire afizioa, paretaren beste
aldean zer dagoen, edo, han goitik zer ikusiko dudanaren jakin minean dagoela.
Oraingoan ere nire kuriositatea asetzeko egin nituen ahaleginak merezi izan
zuten, behatoki aparta da hau.
Araba eta Burgos arteko mugan galdua dugu mendi harritsu hau, eta ez dut
garbi irudizko marra horren zein aldetan kokatu gailur zorrotza; agian trafiko
seinaleak eta kartelak bi hizkuntzetan idatziak dauden zonaldean, edo, baliteke, hauen bizilagun direnen aldean lekutu, hizkuntza bakanean aritzen diren horien mundu kontrajarrian. Bost axola, naturaz gozatzeko ez da geografia politikoa
menderatu behar.
Lau haizetara begiratu dezakegu gaindegi pribilegiatu horretatik, eta zin
egiten dut hor goitikan, paisaia aldetik behintzat, ez dagoela aitzakiarik.
Baso nahasia da gehien bat begi aurrean azaltzen zaiguna; piñu, haitz, eta
arteak osatzen dute orokorrean naturaren aldarria izendatu dezakegun ingurunea.
Eta noski, hortik zehar sakabanaturik herrixka bakan batzuk agertzen dira, bizi
irauten mendeak daramatzatenak, denbora luze eta geldo hori inguruarekin bat egiteko
baliatu dute.