Ezer ez da betiko. Tamalez, gustuko dugun guztiari bere amaiera iristen zaio. Suertez, askotan, jada bukatuta zegoen horri indarrez heltzen diogu, aire berriak ematen dizkiogu, hobetzen dugu. Eskalada
Goierrin izan zen, izan da, orain da, eta hausnartzen dut etorkizunean egongo dela ere. Nortzuk izango diren, eta nola egingo duten, auskalo,
oinordekotza hartua izango dela da garrantzitsua.
Javier Mirallesek komentatu zidan bere garaian, eta Goierriko eskalada pioneroetaz
hari naiz, Txindoki mendiaren ipar magalean dagoen orratza hau ikuskatua zutela. Zazpiturritik askotan begiratzen omen
zioten eskalatzeko gogoz. Beraiek Bonatti orratza izenez deitzen zuten. Suertez,
gure eskalada belaunaldiarentzat, eskalada bidez garbia iritsi da. Kalitate handikoa dugu, eta
eskalada zoragarriak egiteko aukerak eskaintzen ditu.
Oria bailarako behe lainotan murgildurik
Paretara iristen
Bi lagunen laguntza izan dut Bonatti orratzeko bi bide hauek zabaltzeko, Jon Zabala eta Aritz Azkue. Ordiziarrak “Ezin Asetu” tinkoan heldu zidan soka, eta Galdakaoarrak “Izan Zirelako Gara” gupidagabean. Eskalada bide hauek sortzeko dudan guztia eman dudanaren sentzazioa daukat. Haitz konpaktu gris honek ez du autobabeserako aukera handia ematen, paraboltez babestu behar izan dut nire burua igotzen noan eran. Hauetako seguru asko kakoetatik zintzilikatu gabe sartu behar izan ditut, uhin txikietan kokatutako oin-punten eta esker txarreko heldulekuaren artean triangelazio sendo bat eginez. Soberako eskuaz zulagailuari harkaitzaren kontra heltzean, makinaren dardararen ondorioz, airean irteteko mehatxua nabarmena sentitzen nuela. Mugaren ertzetik gertu egon naiz, zihurgarritasun baten barruan egitea posible dudanaren eta ezin dudanan zirkuluan.
Ezin asetu lehen luzea
Aritz luze berdinean
Eskalada-bide hauek sortzean, zerk bultzatu nau horrelako konpromisoak hartzera?, ez da erraza azaltzea, mendiarekin konplizitate handia izan behar da eskakizun hori onartzeko.
Egiten ari zaren horretan sinetsi behar duzu, serio hartu, gailurrera iristea baino garrantzitsuagoa da nola iritsi zaren.
Pena eta amorruaz jaso dut Bonatti orratzean eskalatzeko debekuaren notizia, zentzurik gabeko beste erabaki bat, oraindik ez dakit zer eta norengandik babestu nahi duten.
Bonatti orratza Muitzeko bidearen ondoan dago, egunero mendizale tropela gora eta behera dabilen bidezidorra. Debekua habia bat babesteko hartuta badago, ziurtatzen dut harkaitz trinko horretan ez duela txoririk habia egiten, harriak ez du horretarako aukerarik eskeintzen.
Mamuak ikusten dituzte ez dauden lekuetan. Eskalatzaileen masifikazio bat irudikatzen dute, izurrite bat, eta errealitatea da eskalada mota hau, eskalada tradizionala deitzen duguna, ia ez dela praktikatzen. Bide hauetara denboraldian zehar kordada bat edo bi badoaz, arrakastatsua irudituko litzaidake.
Beraz, orratz paregabe honen informazioari eutsiko diot. Bideak oso onak direlako, sortu izana balentriatzat jotzen dudalako, eta agian egunen batean eskalatzea debekatzen duen arauketa burugabe hau altxatuko dutelako.