2022(e)ko irailaren 24(a), larunbata

TXINDOKI - Jaiotze basatia + Iparra galdua

 



   Lehen begiratuan lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan, inguru basati eta malkartsu honetan sobran. Zahartzaroaren atarian zegoen gizona balantzaka zetorren maldan behera, malkar gaiztoan orekari ezin eutsi. Bere osotasunaren kezka izan nuen, mina hartuko zuenaren beldurra. Gu ikustean aurpegia aldatu zitzaion gizasemeari; gu ere lekuz kanpo geunden seinale, eremu isolatu honetan gurekin topo egiteak alaitu zuen, lasaitu. Xabier eta ni berriz harriturik geratu ginen, ez genuen alakorik espero;- Azken hamar urte hauetan ez zen hemendik inor ibiliko eta gaur ara tipo hau topatzen dugu, esan zuen nire lagunak. 





Urteetan sartua zegoen pertsona bat zen guregana zetorren hura, sendoa, kilo on batzuk hartua. Ez naiz ausartzen adin bat botatzen, zituenak baino gehiago ezarriko nizkiolako, leku arrotz hauek ez dute barkatzen, adina beste parametro batzuek neurtzen dute, fisikoak alegia. Urduri hasi zitzaigun hitz egiten, zalapartan, gai batetik bestera atsedenik gabe salto eginez; paraje basati honetatik gora Txindokirako biderik ba al zan galdetu zigun lehenik, desorientatua zegoela. Gorago, iristea lortu zuen puntu altuenean, arriskuan ikusi omen zuen bere burua eta lan handiz buelta hartzea lortu zuela. 





Jubilatu berria zen eta behartuta erretiroa hartua zela, orain hiru urte bihotzekoak emanda. Bizitzak bigarren aukera bat eskaini ziola zioen eta aprobetxatu nahian zebilela, mendira joaten hasia zen. Eskalatzaileak inbidia ematen genion, bere garaian, gaztetan, pauso hori ez omen zuen eman eta orain damu zen. Segurtasunez eta zuhurtziaz hautatu zuen bideak ez zuen orain asebetetzen, eta bizitza biziagoa eta basatiagoa faltan botatzen zuen.



Gu, egia esan, ezagutu berria genuen gizon hau bezala, nora gindoazen ere ez genekien, gure ipar orratza ere aspaldian hondatu zan. Gure norabidea markatzen zuena ilusio bat besterik ez zen, ezer materiala ekarriko zigun ahalegina. Gizona agurtu bezain pronto galdu genuen bistaz amildegi berdean; - ba al dago Txindoki puntarainoko biderik?. Galdera etorri zitzaidan burura, - ez dago, sortu egingo dugu-, izan zen nire erantzuna.




Xabier eta biok bat gatoz esatean iaz sortu genuen Iparra galdua bidea errepikatzeko hobe litzatekeela kateatze batekin egitea, beste bide batekin batera. Zortez Txindokiko hego hormak eskalada bideetan eskaintza handia du; arista hasieratik frontoiko hormaren azken bideraino doazen edozein bideekin konbinatu ahal izango litzateke. Baina guk aspalditik geneukan eskuetan bide berri baten krokisa, Jaiotze basatia; Joseba, Unai eta Enekoren sorkuntza, eta hura eskalatzeko gogoa eta beharra.
Baso malkartsutik oinez iristeko aukera ere ba du Iparra galduak, eta ez da itsusia; modu hori, kateatzearena, dotoreagoa iruditzen zaigu ordea.




Gure eskaladaren xehetasun batzuk emango dizkizuet, ondorioak atera ditzazuen: Jaiotze basatia Urdaburu bidearen eskuinean hasten da eta lehen luzean paralelo doaz plaka konpaktuan sabai handira iritsi arte; Urdaburu, sabaia baino lehenago ezkerretan dagoen bilera batean geratzen da eta, Jaiotze basatia sabaia eskuinera zeharkatzen du frontoi pareta aldera. Azken zati honetan, zeharkaldian, bloke zalantzagarri batzuk daude, ez da zaila baina bai delikatua. Beheran, bidearen hasieran, gu hormaren puntu baxuenetik hasi ginen, Urdaburu bidearen lehenengo bi txapak hartuz, era horretara hasierako tirada hau oso luzea geratzen da, 60m, bilera juxtu iristen zara. 


 
Lehen begiratuan, bigarren luzearen hasiera oso teknikoa izango dela sumatzen da, blokekoa. Txapa ilara batek forma apetatsuko horma trinkoan jarraitu beharreko bidea markatzen dizu, ederra da tarte hau. Era berean, zaila da mugimenduak ikustea, metodo ezberdinak probatzen azkenean lortu nuen era askean egitea, kateatzea beste une batean izan beharko da.


Jaiotze basatiaren hirugarren luzea ez genuen egin. Gure proiektuarekin jarraitu ahal izateko, aristaren hirugarren bileratik basorantz rappelatu genuen , 50 metroko rappela, eta “bira” bat segi; bira, eskalada hizkuntzan, horma zeharka zeharkatzen duen erlaitz luze bat da. Bira bat baino gehiago dago hemen, beheragokoa hartu behar da, nabariena ardi eta ahuntzen joan-etorria gaitik. Bidearen hasierara iristeko bira utzi eta tarte txiki bat igo beharko dugu erlaitz eroso bateraino.



Lehenengo luzeak zuzen tiratzen du bloke handi batek sortzen duen sabaira, eta saihestuko dugu ezkerretara zeharka jiratuz belaze eseki baterantz, hemen egingo dugu bilera. Soka finko bat dago belaze horretara igotzeko mugimenduak ziurtatzeko. Bigarren luzea bloke erraldoiaren hondoan sartzen da eta inurri baten tamainara bihurtzen gaitu bloke eseki honen dimentsioak aurkitzean. Tximinia-teknikan gainditzen da luze labur hau eta bilera eroso bat muntatuko dugun puntu batetaraino eramaten gaitu. Fisurero eta friendez egiten da bilera.


   
Hirugarren tirada bide honetako harribitxia da; bloke handiaren gainean zutik, hormari atxikiko gatzaizkio helduleku on batzuei esker. Oso bertikala da hasiera hau, beso onak eskatzen ditu. Luzearen amaierak ere aipamen bat eskatzen du; pitzadura perfektuak bidea eragozten digu, babaresaren teknikan gaindituko dugun eta mugimendu ederrak eskaintzen dizkigun arrakala. Laugarren eta azken tirada trantsizio hutsa da, aristaren azken bilerara garamatza. Hemendik rappelatuko dugu.




Ez dakit Jaiotzez basatiak garen edo Iparra galduta gabiltzan, egiten duguna gustatzen zaigula besterik ez dakit ziur.