2021(e)ko apirilaren 4(a), igandea

EGINO - Pared del Queso - Maravillas

 


Bat-batean tristura sakon batek estali ninduen, eta begiak malkoz betetzen hasi zitzaizkidan, hunkitua nengoen. 

Goiza euritsua zen, desatsegina, eta ez nion traza onik hartzen, hain gustuko ditudan nire ohiko jarduerak egiteko aukera.
Etxeko sukaldean nengoen gosarirako erabili genituen ontziak jasotzen. Irratia martxan zen, normalean musika lagungarri izaten dut etxeko lanak egitean, doinuei arreta handirik jartzen ez dieten arren, konpainia handia egiten dit. Eta urruneko xuxurla bat bezala hasieran, garrasi bilakatu zena azkenean, nire negarraren kausa izan ziren akordeak entzun nituen.
Leihotik begira geratu nintzen, musika urratzaileak mugiarazita. Kalea bustirik egotearen arrazoia negar malkoen erruz zela ausnartu nuen, letrak narratzen zuen sufrimenduaren gaitik alegia. Imajinatu nuen kalea bustita egotearen arrazoia abestiaren letrak kontatzen zuen sufrimendua zela, zerutik erortzen zen euri fina milioika emakumeren negarraren ondorio.
Gorka Urbizuren ahots eranskorrak geldo mantentzen ninduen leihoan, Berri Txarrak taldearen Maravillas abestiaren magiaz sorgindurik nengoen. Guda ikaragarrietan bizitza baino gehiago galdu dutenen garrasia entzuten ari nintzan, gupidarik gabe umiliatu dituzten emakumeen salaketa mingarria. Gatazkek sortzen duten kaosaren aitzakian, eta inpunitate osoz, burutu eta burutzen diren jazarpen kriminalen denuntzia.




Maravillas Lamberto hamalau urteko neska gazte bat zen, gizonezko batzuek, gerraren aitzakian, bortxatu eta hil zutena. Hau Larragan gertatu zen, Nafarroan, 1936ko altxamendu militarraren ondorio. 
Basakeria hau isilean egon da hamarkada ilunetan zehar, orain, eta, bat-batean,  bide bazterreko zangetatik hildakoak ateratzen hasi direnean, astakeria hauek azaleratzen ari dira; tamalez ehunka kasu berdinak daude. 

Maddi Mujikak egindako krokisa


-Izan dadila haitz orratz eder hau zure izanaren oroigarri, Maravillas, eta zu bezala, indarkeri matxista sufritu duten emakume guztientzat indar iturri-.


Begiztatze azkar bat aski izan nuen kalitatezko bide baten aurrean nengoela jakiteko, eta honek harritu egin ninduen, ez bai ditut Eginoko haitzak orain 30 urte bezala ikusten. Orduan hasi berria nintzan eskalada gaietan, ikastea zen helburua eta aski nituen monolitoetako kirol bideak horretarako. Ondoren izan nituen eskalada esperientziak Araba lautadako eskalada eskola aparta honetatik kanpo izan ziren, naiz eta tarteka bisitatxoak egiten nituen; eta bat-batean, bigarren aukera bat balitz bezala, Eginon berriro eskalatzen hasi bezain pronto, eskalatzeko aukera piloa ageri zaizkit begi aurrean.


Iñaki Mendizabali komentatu nion ia gura zuen  bidea nirekin batera zabaltzea, gogoz irrikitzen baietz erantzun zidan.

 Eskalatzaile belaunaldi berrikoa dugu Iñaki, ez ohiko taldekoa, minoria. Horma handietan eskalatzea du gustuko Oñatiar honek, estutzen beti ere, eta sormena dauka helburu.
Hiru eskalatzaile gizaldi daude Iñaki eta nire artean, nik Eginoko orratzak ezagutu nituenean jaio zen bera. Baina hori ez da oztopo izan elkar ongi ulertzeko, hizkuntza berdinean berba egiten dugu.

Nondik hasi bidea izan zen elkarren artean hartu beharreko erabakietako bat. Bi aukera genituen begi aurrean; gero ikusi genuen baztertutako linea lehenagoko eskalada saiakera bat izan zela, bigarren luzea izan behar zuen plaka lisoak frenatu ziela zuten sortzeko asmoa.

 

   Bistakoa da, Maravillas bidean, arrakala handia dela bidea markatzen duen ezaugarri nabarmenena, eta noski, horra iristea zen gure lehentasuna. Bi luze behar izan genituen iristeko.



Lehen luzea haitz plaka eder batetik hasten da, parabolta sartu beharrean izan ginan plaka honi segurtasuna emateko. Ondorengo zatia eskalada garbia da.



Bigarrenak, eta hemen ere, bidearekin hasterakoan bezala, nondik tiratu eztabaida izan genuen; haitz plaka izugarri elegantea zabaltzen bai zen gure aurrean. Logikoena ezkerretara jotzea izango zen, baina lehen aipatu dudan bideak okupatzen zuen zati hau, buril eta iltze dezente ikusten ziran. Zuzen gorantz tiratzea ederra izango zen ere, baina oso liso ageri zen, ez posible auto babesteko eta, parabolak sartzea ia ezinezkoa. Beraz eskuinera tiratu genuen. Emaitza, txapela kentzeko luze bat.
Abisu moduan, ez ahaztu fisurero txikiak hartzea jokoan, beharrezko izango dituzue eta, bat bai behintzat.
 

Hirugarrena zeharkaldi batekin hasten da, eskuin-ezker, arrakalaren tetxoa hartzeko. Fisuratik aurrera eskalatzaileen arteko kontaktu bisuala galtzen da, eta hau luze honen ezaugarri garrantzitsua dela esango nuke, isolamendu sentsazio handia. Beste ezaugarri inportantea, ongi babesteko hiru joko friend beharrezko izango ditugula, eta hau zama handia da. Bestela, nire iritziz, luzeak ez du haitzakirik, kriston kalitatea dauka, arrakala eta plaka konbinatzen ditu era ezin hobean.


Azken luzea, laugarrena, harro egoteko tirada da ere, bi parabolt kokatzeko behartuak izan ginan, era horretara oso ongi babestua geratzen da luzea. Konbinazio perfektua dauka tirada honek ere, fisura, plaka, desplomea, ez da makala.

Jaisteko, guk errapelatu egin genuen; haitz zubi on bat da lehen errapela, eta zuhaitz bat bigarrena. Bada ez bada eraman kordinoak errapel hauek aldatzeko. Oinez jaisteko aukera dago ere, baina Azor paretaren erregulazioa dela eta, hau udazkeneko aukera dugu soilik.

2024/09/20


Eginoko monolitoen azpitik, pared de Quesora egin dugun paseoa oso atsegina izan da. Udazken atariko egun bikaina erdi lainotua zen, ez beroa eta are gutxiago hotza, arratsean ekaitzak lehertzeko arriskua zegoen. Monolito zurien azpiko artadian, ohikoa den bezala, lasaitasuna zen nagusi. Soilik, gure elkarrizketa biziaren oihartzuna haitzetako bihurgune izkutuetatik iragazten zen, ez zegoen beste zaratarik. Iker urte asko zeramatzan eskola honetan eskalatu gabe, eta, unkigarria egin zait berriz elkar topo egin dutenean, transmititu dituen emozioen lekuko izatea. Banaka, monolito eder guztiak ukitu eta aztertu ditu, kutsakorra bihurtu da kareharri gris apartak sortzen zion erakarpen sentimendua. Niri orain urte batzuk gertatu zitzaidan bezala, Ikerren begi distiratsuek Egino berri bat ikusi dute. Kanpoan urteak eman eta etxera itzultzen diren seme-alabak bezala, eta beren herria hain txarra ez dela konturatzen direla, itxaropenez beteriko etapa berri bat irekitzen zaie.


Zazpigarren monolito zabala pasatu eta paloma hormara iritsi aurreko kanaleko bidexka ez da inoiz guztiz egingo. Pared del Quesora daraman bide malkartsu hau, naiz eta eskalatzaile gutxi batzuk gora eta behera ibili, beti dago adartxoaz erdi itxia eta egonkortu gabeko harri solteaz beteta, leku isolatu batera goazen sentsazioa handia da.



Hormaren oinarriak ere itxura hori emango digu, handik apenas ibili dela eskalatzailerik pentsako dugu. Hau ez da horrela, baina, naturaren indarra eskalatzaile gutxi batzuen setakeria baino irmoagoa da. Detalletxo hori kenduta, erosoa da horma azpiko oinarria.




Ikerri bidearen lehen luzearekin ni hastea eskatzen diot. Iñakirekin batera Maravillas sortu nuenean luze bikoitiak eskalatu nituen, Ikerri ez zitzaion importa oraingoan bakoitiak niri uztea.
Gustukoagoak ditugun mendi bideetan bezala, maravillas, zailtasunean increchendo doa, hau da, errezagotik zailaragora, bukaeran berriro zailtasunean jaisteko. Sei a plus dotore batekin hasten da deskribatzen ari naizen bidea. Nahiz eta puntu batean kontinuitatea galtzen duen, eta zuhaitz enbor batera igo beharrean garen, mugimendu oso politak ditu lehen honek.



Bigarrenak, itxuragatik bakarrik, finago ibili behar dugula adierazten digu. Plakan eskalatzea da, teknika eskatzen du, hatzekin eta oinekin ondo ibiltzea.




Hirugarrena festa honetako izarra da, Queso hormaren pitzadura markatua eskalatzea. Nik uste, pareta honi bere izen bitxia ematen dion arrazoia pitzadura hau dela, irudimen handiz, gazta-azalaren antza izan dezake. Naturaren mirari hau fisikoa da, indar eta erresistentzia handia eskatzeaz gain, garraiatu ditugun friends guztien gose izango da.


Lehen esan dudan bezala, laugarren tiradan zailtasuna jaisten da. Baina ez edertasuna, eskaladarekin plazerraren klimaxera irits badaiteke, horrelako luzera batekin izan behar du. Pitzadurak bere jarraikitasunean jarraitzen du, gainean dugun horma tenteak ahuldade bat erakusten digun punturaino, arrakala utzi eta mugimendu dotore batzuekin gailur harritsuaren bila irtengo gara. Eta hor, alegiazko gailur baten ertz zorrotzean, Arabako lautada gure oinetan, berriro ere, irribarrea ezpainetan, Ikerrek eta biok eskuak estutu genituen.