Nork
ez du bizimoduaz aldatzeko gogoa izan, eguneroko ohiturekin bukatu eta beste
zeregin berri batzuekin hasteko beharra sumatu. Dena utzi, lana, konpromisoak, lagunak…,
eta Pirinioetako herri txiki ahaztu batean bizi berri bat hasteko ametsa eduki.
Zuetako batzuk seguruena bai.
Rebe, Rosa eta Diegok beraien gogoa bete
dute. Proiektu serio batekin Pirinioetako herri txiki ahaztu batetara joan dira
bizitzea. Herri honek garai batean izan zuen bizi itxaropena berreskura al
dezan lan egiteko asmoarekin joan dira dena utzita, Senderos del Teja du izena
proiektu honek.
Aragoiko Artieda herrian ezarri dute beraien egoitza, udal ostatua kudeatzen dute, laster kanpina martxan izango da ere.
Gu izugarri ondo tratatu izan gaituzte beti, etxean bezala sentitu gara beraiekin. Asteburu honetan ere han ginen, hau izan dut nire oinarrizko eremua burutu dudan azken eskalan.
Aritz
Azkuek bidali zizkidan argazki batzuetan bere anaia Alain ageri zen izotz kanal
bat eskalatzen, harrigarria egin zitzaidan, oso egoera onean agertzen zen
kanala. Aritzi galdetu nion zein leku zen hura, Pico Olibon ipar kanala zela
esan zidan. Interesa piztu zitzaidan.
Goizeko bostetan jaiki nintzan igande
goizean, Lizara aterpera ordu bete beranduago iritsi nintzen. Berehala motxila
bizkarrean nuen, eskalada materialaz hornitua zegoen. Barranco de los
Castillones zeharkatuz eta, bi ordu pasa ibilia ondoren, Pico Olibon ipar
horma azpian nintzen. Aho zabalik ikuskatu nuen zirkua, paisaiaren edertasunaz
txundituta nengoen, lehen aldia zen bertan nengoela.
Pico Olibon ipar kanala nabaria da, oso zabala, eta orokorrean inklinazio gutxi dauka, azken erresalteak ematen dio zutitasun apur
bat. Erresalte honek ez du luzera gehiegirik, motza da, gainditzeko estutu
beharra dago ordea, iltze bat dago kokatuta.
Kanalak ez dizu Pico Olibon gailurrera eramaten, Ruabe de Bernera gailurrera baizik, bi mendi hauek lepo eder batek bereizten ditu.
Jaitsiera
buruhauste txiki bat izan zen, nik zuzen jaitsi nahi nuen Bernerako lepotik Barranco de los Castillones aldera, ez nuen posible izan, errapel bat egitera
eskatzen zidan, nahiago izan nuen buelta hartu eta collado del Bozotik Lizarako
aterpera iritsi.
Arratseko hiruretan Artiedako hostatuan nintzan berriro, erabat gose, bazkari
ederra zerbitzatu ziguten Ostatuko lagunak.