Memoriarik gabeko eskalada-gune bat, egilerik gabeko liburu bat bezalakoa da, pertsonalitatea falta zaio. Paper orri zurien gainean inprimatutako letrek istorioak kontatzen dituzten bezala, hormen gaineko trazadura bihurriek istorioak gordetzen dituzte. Narrazioek sinadura behar dute, eskalada guneak sortzaileak, bestela umezurtz, ahul gera daitezke, edozeinek alda ditzake bere nortasuna; eskalada gune bat kirol instalazio bihur daiteke.
Horretaz eta beste hainbat gauzaz hitz egin nuen Josema Berrocosorekin Beasaingo Arrano tabernan trago bat hartzen ari ginela; Goierriko eskalatzaile taldeak, Bhagirathi menditik itzuli nintzeneko eskusarekin, afari bat antolatu zuten Artzai-Enea jatetxean.
Josema, beste eskalatzaile batzuekin batera, asmo handiko proiektu baten parte da, Egino Bizirik. Proiektu horren helburua Arabako eskalada gune apartaren abnesia-sintomak arintzea da, beste gauza askoren artean.
Egoera eztabaidatu eta aztertu ondoren, gehiago egoera emozional batetik, azterketa zorrotz eta zientifiko batetik baino, argi geratu zen, Eginoko sektore nahasienetako bat Torre de la Leze bikaina dela; dorre ikusgarri honen oinetan ibiliz gero, garai, mota, kolore desberdin bateko eskalada aztarna asko ikus ditzakegu. Hori buruhauste handia da sektore honetako eskalada txukundu nahi duenarentzat. Solasaldi biziaren une batean; sinestezina da gai erakargarri batek egin dezakeena, nik, hiztun gutxiko ospea dudanak, orduak eman ditzaket eskalada solasaldi batean. Josemari esaten diot niri ere gustatuko litzaidakeela misterio bertikal horietako asko argitzea. Eguna zehaztu gabe adosten dugu elkarrekin joan behar dugula Torre de la Lezera.
Iñaki Mendizabal 6C+ arrakala lehen luzean.
Kontatu dudan bezala, Torre de la Lezeko eskalada argitzea lan handia zela iruditzen zitzaigun, baina, hori gutxi bada, anabasari beste lerro berri bat gehitzen diogu; Eginoko aparkalekuan Josema eta biok elkartzen garen egunean bide berri bat irekitzeko da.
Torre de la Leze mendebaldeko hormak bere hasieran kanal nabarmen bat dauka eskuin bizkarrera eramaten zaituena, itxura guztien arabera pitzadura zabal hau zabaldu gabea dago. Lepo nabarmen horretatik, oinez, trabesia motz batean, erpinaren azpian jartzen zara berriro, azken luzeari ekiteko.
Goiza hezea zen, gau euritsu baten ondorengoa, eskaladarako desatsegina, nagitasuna eragiten duen goiza. Bosteko bero batekin agurtu nuen Josema Eginoko parkingean. Legazpiarra errioxatik zetorren, Anguianon eguzki goxoa utzita, giro bustia aurkitzeak harritu zuen. Ez genuen eztabaidatu eskalatzera joan ala ez, baldintzak betetzen zituen ala ez, motxilak prestatu eta abiatu ginen.
Iñaki Mendizabal 6c+ arrakala bigarren luzean.
Diedro hau ikusi nuen lehen aldian, horma eder horretara sartzeko atea zela jakin nuen, eta sinestezina dirudien arren, inork ez zuen zeharkatua. Torre de la leze mendebaldeko hormaren oina oso tentea da. Ez dut uste hau berezkoa denik, nabariak dira lehen bost metroetan meatze-ustiapenaren ondorio suntsitzaileak. Kaltzitako beta zuri gutiziatua, zoritxarrez, iraganean, arroka hauetatik kendua, ingurune bakar honen zati bat aldatzea ekarri zuen. Hodei beltzak ez dira desagertu. Duela urte batzuk meatzaritza-enpresa batek kaltzita hori ateratzeko proiektu bat aurkeztu zuen. Zorionez, baina oraingoz, asmoa baztertu egin dute.
Hormaren azpirainoko bidea laburra da, oraindik berotu gabe iristen zara, baina, hala ere, gustura kentzen duzu motxila astuna. Eremu bitxia oso laua da naturala izateko, eta landaredia, dena kolonizatu duena, gaztea eta bizia, Eginoko monolitoak babesten dituen jatorrizko artadi horretatik urrun oraindik. Eskalatzen hasteko prestatzen naiz, milaka aldiz egin dudan erritual bat da; friends handiak arnesaren eskuineko aldean jartzen ditut eta txikiak ezkerrekoan, beti txandakatuz, handia eta gero txikia, ordena garrantzitsua da. Nire fisurero banaezinak ezkerreko atzeko materialea-eramatekoan doaz, eta kontrako aldean fisurero-ateratzekoa. Gainerako materialak ez du berebiziko garrantzia.
Kontu handiz sartzen naiz arrail harritsuan barrena, Lezeko dorrearen dimentsiora daraman atean. Noizean behin Josemari harriren bat botako dudala jakinarazten diot, bloke ezegonkorrak daude lehen zati honetan, baina eskalatzeko eremu erraza da, ez du zailtasunik. Pareta tentetzean, ederragoa bihurtzen da; aurrez aurre dauden bi paretak angelu zorrotz bat osatuz estutzen dira, eta angelu horrek, bere erpinean, pitzadura luze batean hautsi, non friend-ak nahi bezala jar ditzakegun. Gora igotzeko, oinak paretaren bi aldeetan jarri behar dira. Posizio klasikoa da, tipikoa, eskaladaren erromantiko garaikoa, beste teknika batzuen gorakadagatik gutxiagora etorria, baina ni ez naizena eskalatzen nekatuko.
Bideak ez du galerarik, diedroa jarraitzea besterik ez du. Puntu batean soilik galtzen du kontinuitatea pitzadura honek, pantza moduko pareta tente bat, hau gaindituta berriro diedroan sartzen gara.
Bigarren luzea egiteko lekuz aldatu beharra dago. Diedroaren irteeratik bigarren luzea hasten den puntura hamar metro desplazatuko gara, ez du inungo zailtasunik, oinez egiten da. Naiz eta bigarren hau ere diedro batetik hasi, bata eta besteak ez dute zer ikusirik. Bigarren hau oso tentea dago, eta estua da, ez du autobabeserako aukerarik ematen. Heldulekuz oparoa den zatia gainditu ondoren haitz plaka tente baten azpira iristen gea. Oso mugimendu ederrak ditu zati honek. Monolitoaren azken zatian eskalada errezten da. Gora goazen eran ezkerreko tendentzia hartu behar dugu ertza utziaz. Ertz honetan bloke handi bat dago ezkerrera trabeska eginez saiestuko duguna, gero zuzen gora.
7a+ bidean. Aritz Azkue argazkia.
Behin Egino Bizirik bidea irekita, proiektu honen muinarekin hasteko unea iristen da; horma dotorean zer bide dauden ikertzea. Askotan txantxetan esan dut aditua naizela eskaladako arkeologian; inolako erreferentziarik gabe, denborak ahaztutako eskalada baten arrastoa jarraitzea zirraragarria egiten zait. Beharrezkoa ere ba dela esango nuke. Eskalatzen ez diren bideez betetako eskalada eskola batean bide berriak sortzea ez da iraunkorra. Agian bide horiek erreseinatu beharko dira, eta zaharberritu, berriz ere abiapuntu on bat izan ahal izateko.
7a+ bidean. Aritz Azkue argazkia.
Trastez betetako motxila batekin iritsi naiz Torre de la Leze Dorreko hormaren azpira, friend eta fisureroez gain mailua eta iltzeak ekartzen ditut. Asmoa behealdean dagoen pitzaduratik eskalatzen hastea da, eta behin bilera gaindituta, goiko horma tenteetara iristen saiatzea; biderik balego hor egon beharko luke. Aipatu dudan pitzadura hogei bat metroko bide eder bat da, parabolt oxidatuez hornitua, laurogeita hamarreko hamarkadan asko eskalatu zena.
Hau gaindituta, burdinezko mosketoi zahar bat zintzilik duen bileratik gora ezezaguna da niretzat, bada ez bada friendak eta fisuak daramatzat arnesean, edozer gauza espero dut. Bilera gainditu eta ezkerrera jarraitzen dut, plakan mugimendu tekniko eta gogorrak eginez. Iltze zahar batekin topo egiteak ez nau harritzen, aipatu dudan plaka gainditzean dago kokatua, bai ordea ondoren dagoen zortzi milimetroko parabolta, hau ez nuen espero. Kanal zabal baten hasieran nago eta hortik dela bidea ez dut zalantzarik, tarteka parabolt finak agertzeak baieztatzen dit ongi noala. Ez da zaila, horrek ez du esan nahi azkar joan daitekenik, seguruen arteko distantzia eta terrenoa ez ain noblea izanik tentuz joan beharra dago. Kanala tentetu eta estutzen denean erlaitz erosoa dago, hor dago bilera, iltzeaz eta espitaz hornitua.
7a+ bidean. Aritz Azkue argazkia.
Bigarren luzeak eskuinera egiten du puntu horretan, kanala utzi eta espoloi elegantea hartzen du. Hau niretzat ere aurkikuntza izan da; bidea dagoela ziurtatzen didalako, eta ekipatua dagoela ere. Baina anklaje hauek espitak dira, nahaste borrastea sortzen duena; hamarreko paraboltez hasi naiz, zortzikoak ondoren, espitak orain, egongo dira sorpresa gehiago? Eskaladan zehar materiale diferentzia honek esaten dit, momentu eta esku diferenteak ibili direla horma honetan zehar. Eta bai egon dela sorpresa bidearen azken zatian, azkeneko hiru seguruak hamarreko paraboltak dira txapa beltzarekin; beste esku hartze berria.
Bigarren luze hau deskribatzeko garaian, kilimak egin didala esan dezaket, ezaugarri bereko eskalada-bide askotan lortzen zaila den sabeleko zirrara. Agian oinen azpian neukan hutsune-sentsazioagatik, edo bakarrik eta babesgabe nengoelako horma eder horren aurrean. Ikaragarri ona dela diot, mugimendu bikainak dituela, eta giroa aparta dela, oso tentea, arroka onekoa. Beraz, niretzat, linearen sortzailea ez izan arren, harrotasun puntu bat daukat eskalatzaileentzat oso ona den erronka bat ezagutaraztea lortu dudalako eta, gainera, gozatzea lortu dudalako.
Iñaki Mendizabal bidea errepikatzera eraman dut, eta Oñatikoak nire hitzak berretsi besterik ez ditu egin.
Esan besterik ez zait geratzen, eta nahiz eta bide hornitua izan, lehen luzean oso ondo datorrela totem berde bat eramatea bilerarako sarrera babesteko, eta batez ere bigarrenean, totem beltz bat azken aurreko txapara iristeko.
7c lehen luzea. Aritz Azkue argazkia.
Deskribatzen dizuedan hurrengo bidea bi aldiz igoa nuen lehenago. Bigarren aldi hartan, bere garaian blog honetan kontatu nuen istorio bat sortu zen. Aritz Azkuerekin batera "elkarte" izeneko aldaera txiki bat sortu genuen eta horrela 7c eta 7b-ko bi luze eskalatu ahal izan genituen.
Oroitzapenetan atzera eginez, duela urte asko eskalatu nuen lehenengoz, gogoratzen ez dudan soka-lagun batekin, baina gogoan dut eskalatu genuen bidea originala zela, eta hori da orri hauetara ekarri dudana.
Banekien lehen luzea garbitu beharko nuela, sarrera ikusi besterik ez zegoen jakiteko denbora ez dela alferrik igaro, natura geldiezina dela. Lehen luze hau polita da, tonu klasikoa du, baina tramite hutsa dela esan behar dut, ondoren etorriko den festarako beroketa:
Sabelean korapilo bat duzula horma tentean gora igotzen hasiko zara, urduri, itxuraz oso zaila dena gainditzeko gai izango zaren zalantzan. Esperientziak esaten dizu hormak pixkanaka igotzen direla, pausoz pauso. Aurrera jarraitzen duzu. Zure hasiera urduritik hiru edo lau txapatara aurkitzen zara lehen oztopo serioarekin, bertikalagoa den sekzio leun bat; ezkerreko eskuko hatz garatuekin zulo kamuts bat hartzen duzu. Oinen posizioa zehaztea are zailagoa egiten zaizu, ezer ez da agerikoa, dena hain da leuna, eta benetan faltan botatzen duzu zure eskuineko oinari mugimendu luze bat egiten lagunduko dion erlaitz bat, zure eskuineko eskuak erliebe urrun bati heltzeko behar duen bultzada emango dion propultsatzaile bat. Gainditu ahal izateko uste handirik gabe pausoa frogatzen duzu; izan ere, lehenago, haserrealdi batean, porrotaren beldurrari aurre egitea beste irtenbiderik ez duzula erabaki duzu. Ezinezko mugimendua hortzak estututa eta begiak zabal-zabalik dituzula erasotzen duzu.
Lortu duzula ospatzeko tarterik ez dago, ahalegin guztia desiratutako heldulekua zure esku minberatutik ez irristatzeko da. Gainera, berehala datorkizu beste pauso bat, hau baino zailagoa dirudiena, eta ondoren beste bat, eta beste bat... zein ederra den bide hau.
7b bigarren luzea. Aritz Azkue argazkia.
Iker Artola 7b bigarren luzean.
Ez dur erremediorik, bide bat bukatu eta ondoan beste bat ikuskatzen dut. Lasaitu egiten nau sortzen ditudan lerro berriak krokis batean marrazten aritzeak, eskalada-proposamen gisa artxibatuta geratuko direnak. Agian batzuk ez dira inoiz berriro eskalatuak izango, horietako batzuen estilo zehatzak mugak jartzen ditu, baina, gutxienez, paretaren azpira eskalatzeko gogoz gerturatzen denak jakingo du han ze ibilera gertatu diren.
Josemari erakutsi nahi dizkiot egin ditudan aurkikuntzak. Torre de la Leze bezalako horma bat ezagutarazi behar da, kalitate handiko eskalada-bide hauek ezin dira desagertu. Garrantzitsua da beraien proiektua, niri ala iruditzen zait behintzat. Oso lan zaila da Eginoko aitzindarien eskalada epikoak eta gaur egungo ibilbide hiper-seguruak argitalpen berean uztartzea. Ulermena zaila da, bi hizkuntza desberdin hitz egiten dituzte eskalada hauek. Lehena hizkuntza minorizatua da, ia ez du hiztunik, eta besteari arrakastak gainbehera dakarkio; hiper-seguroak diren bideen arteko antzekotasunak kolapsatzera eramango du eskalatzailea, asperdurara.
Baina, denok espazio berdina eta izen bera erabiltzen dugu, eskalada, beraz, elkar ulertzera kondenatuta gaude. Animo Egino Bizirik ¡¡¡¡
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina