2024(e)ko otsailaren 14(a), asteazkena

Dolomitak- Once in a livetime, Hruschka, The Bird, Snowboard


Sileako zerbitzu arean geratu naiz, hemen prestatu nahi dut Dolomitetara egin dudan bidai honen azken etapa, Venezia ezagutzera noa. San Marco plazara iritsi nahi dut, kale eze eta estuetan galdu, bidaiari sentitu.
Kendu ditut aste luze honetan zehar gainean eraman ditudan maila lodia eta lifazko kamiseta, gorputzeko kapa bat ziran, bigarren azala. Jantzi ditut kotoizko kamiseta koloreduna eta bakero frakak, bidai eder hau bukatzeko falta zaidan azkeneko etapa egiteko arropa hauek aproposagoak dira.
Askatasunaren zubitik Venezia uharterantz autoa gidatzen zirrara sentitu dut, Sass Pordoi mendiaren gailur lardaskatua Ino eta Crisekin batera zapaltzeko unean bezala, ilusio bat bete da.
Argazki kamera sutan daramat, izkina bakoitzean xehetasun zoragarriak ikusten ditut, nirekin eramatea gustatuko litzaidakeenak. Iragan zirraragarria irudikatzen dut; portu bat ikusten dut, itsas ontziz betea, leku urrun eta exotikoetatik joan-etorrian. Arraza eta kulturetako arragoak diren kaleak bizirik daude. 

Ez daramat maparik, ez dut piztu telefonoa, karriketatik jendetzak bultzatua mugitzen naiz, elur jauziak mendian behera harrestatzen zaituen moduan, San Marco plazan baretu da anamasa.

Plazari aho zabalik begiratzen diot, ziba bat bezala biratzen ari naiz dena xurgatu nahian, zenbat istorio idatzi dira hemen? Pozik nago bidaia honen azken helmugara iritsi naizelako.




Hegan iritsi naiz Santanderretik Treviso-Veneziara. Bidaia erraza da, azkarra, merkea. Trevison autoa alokatu dut, honen prezioa oraindik barregarriagoa da.Tramite osoa Internet bidez egitean arazo bakarra izan dut: kontzientzia, nire printzipio kontserbazionista ez oso sinesgarria, mila aldiz heriotzaz zauritu dudana, teklari baiezkoa eman aurretik atzamarra dardarka jarri didana.

Bidai motz honen karbono-aztarna ez da nire motxila zaharrean kabitzen, astuna da. Urteak daramatzat zama honen marruskadura jasaten, bekatariak bere oinetan barkamenaren beharra katez lotuta daraman bezala. 

Ez dut inoiz atzera egin, garrantzitsua da niretzat, amildegiaren ertzean aurrera egin dut begiak itxita, XXI. mendeko bidaiaren ajea da. Erortzeko zorian dauden “seracen” azpian ibiltzea bezala da, egunen batean eroriko direla jakitun, egunen batean gainera eroriko zaizkigula ziur. Mundua ez da amaituko, biraka segituko du.




Bihurgunez betetako errepide hestu batetik gidatzen dut. Elurrez beteta daude bide nahasiaren inguruak, kotxearen altura pasatzen dute zati askotan. Hotz egiten du, izotza dago tarteka asfalto beltzean, poliki gidatzen dut. Telefonoaren hitz metalikoak, euskara barregarri batean, orientatzen naute iluntasunean. Inok bidali dit beraien kokapena, Vallungan daude. Cristina eta bera orain hilabete autokarabanaz atera ziran etxetik eta dolomitetatik dabiltza izotza eskalatzen. Asko eskertu nuen Inoren gonbidapena autokarabanaren erosotasuna erabili ahal izatea. Beraiekin egingo ditut otorduak, gosaldu eta afaldu, eskalatu ere, loa kotxean egingo dut, leku okerragoetan egindakoa naiz.

Mila aldiz eskertu diet bikote jator honi beraien eskuzabaltasuna, primeran pasatu dut, oso bidai polita izan da.




Vallunga: Once in a livetime



Goizeko lauretan altxatu gara eskalatzera joateko. Ezin esango dut kotxean lo egin dudan lehen gaua erosoa izan danik, postura bilatzea hain leku estuan ez da erraza, joango naiz koba hobetzen. Gauaz Iritsi nintzen Vallungara eta gaua dela esnatu naiz, ez dut ezer ikusten, ez dakit non nagoen, itsu noa Inoren atzetik. Autokarabanan gosaldu ondoren atera gara elurrez zuri eta zabala den bailara batetik aurrera. Fondoko eskia egiteko pistak daude, eta oinezkoentzako ondo zapaldutako bidea, azken honetatik aurrera goaz. Momentu batean, ordu erdi eramango genuen oinez, eskuinera ateratzen den oinezko traza hartu dugu. Inok komentatu dit arrasto horiek Piovra izotz jauzira eramaten duela. Pinu baso txiki batetatik goaz gora, penditza ez da gogorra. Puntu batean arrastoa berriro bitan banatzen da; eskuina Piovra sektorea doa, ezkerra guk eskalatu nahi dugun, Once in a livetime ikusgarrira. Izotz jauziaren azpira iristen garenean ilun dago oraindik, ur zarata entzuten da soilik, izotz jauzi tentetik behera datorren ura.
Astiro prestatzen gara, denbora dugu, egun argiaz ikusi nahi dugu bidea nondik tiratu erabakitzeko.
Ni hasten naiz soka buru. Lehen bost metroak berotzekoak dira, koba txiki batetara eramaten zaitue, izotz jauzia libre erortzen da hormatik metro pasa separatuta. Harria eta izotzaren tartetik gurutzatzen dut izotz jauziaren ezker aldea hartzeko, eskuin aldea baino etzanagoa dago baina ez da hain ondo babesten. Hor hasten da festa, leunki emandako pioletakada batzun gainditzen, ura darion sabai batetara eramaten zaituen zatia da. Txetxu hau gainditzeak auspoa eta besoak ehunera jartzen dizkit, ondo eskalatu beharra dago airoso ateratzeko, delikatua dago. 
Bigarren luzea izotz zutabe galanta batetik gora doa, zortez, izotza egoera onean dago. Hirugarrena dena baino errezagoa ikusten da. Asko gustatu zait.
Laugarrenak bi aukera ditu; izotz kandela tentetik gora, edo, eskuinetik eskalada mixtoan. Lehenengo aukera hartzen dugu. Kasu honetan hirugarrenaren kontrakoa gertatzen da, ikusten dena baino errezagoa da. Bi zutabe erraldoi daude bata bestearen ondoan, diedro izoztua sortzen dute, teknika horretan igotzeak asko errazten du. 
Beherakoan, rrapela eginez, Inori mixtoari emateko gogoa sartzen zaio. Jaisterakoan zintak jartzen dizkiogu, arrokan parabolak daude, eta Inok behetikan eskalatzen du, M8 bezala graduatua dago, Errioxarrak arazorik gabe gainditzen du, nik nahikoa dut egin dudanarekin.









Colfosco: Hruschka



Errepide ondoko parking batean lo egin dugu. Elurra kentzeko makina batek garbitu duen zati batean. Kotxean pasatzen dudan bigarren gaua lehena baino hobea izan da, iratzargailuak goizeko lauretan jo duenean era bat lo nengoen.

Gosaldu eta, oraingoan hirurok, Cris animatu da ere, nire kotxean, Colfosco herriaren sarreran dagoen hotel bateko aparkalekuan utzi dugu autoa. Muro de Pisciadu mendia Colfosco herriaren aldamenean dago. Ez du destakatzen herri turistiko honen gainean dauden horma Dolomitiarren artean, bat gehiago da; ez da garaiena, ez ta ederrena. Gauaz orienta behar dugu Muro de Pisciadu azpira iristeko. Errepidearen beste aldeko magala hartu behar dugu, horretarako bailara zabala zeharkatu beharra dago, bi edo hiru eski pista gurutzatzen duena. Pista hauetatik kanpo elurra sakona da, neketsua oinez ibiltzea. Eskerrak Ino egun batzuk lehenago gerturatzea ikuskatzera etorri zela, horrek asko erreztu digu lana.

Hesi natural sakon eta zuri batek ixten du gure bidea, eski-pistan behera jaitsi beste erremediorik ez dugu. Gure helburua, Hruschka bidea, gero eta urrunago sentituz. Elur sakonean norabide egokian doazen arrasto batzuekin topo egiten dugu, jarraitzen ditugu. Pisciadu haraneko malda aldapatsuak igotzen hastean, elur gogorra dago, kranpoiak janzten ditugu.

Egun eder batek agurtzen gaitu goiko harana irabazten dugunean, inguratzen gaituzten harkaitz-puntak gorriz koloreztatzen dira sortzen ari den eguzkiak laztanduta, eta horrek baieztatzen dit leku paregabean nagoela.

Horma beltzari metroak irabazten hasten gara, elurrezko kanal batetik, zailtasunik gabe. Izotz jauzi tente batek bidea ixten digunean, igoera ziurtatzeko unea iristen da, eskaladarako materiala ateratzen dugu.

Amildegiak ez nau beldurtzen, gatibatzen nau, ederra iruditzen zait. Arrail zabalean txertatutako errekasto izoztua, neure piolet eta kranpoi zorrotzez heltzen naizena, katuaren atzaparrak bezala, ezin hobea da.

Hruschka bidearen azken zatia lehor dago, harkaitz garbian gora igo beharko dugu. Pioletak arnesetik zintzilikatzen ditut eta helduleku txiki eta hotzak esku hutsez heldu. Bosgarren tirada tximinia estu bat da, barrenean kabitzeko motxila kendu behar dudan pitzadura bat; zinta luze batekin arnesetik zintzilik daukat motxila; kontu handiz eskalatu behar da luze hau.

Seigarren tirada ere arroka lehorrean egiten da, baina oraingoan plakan eskalatzeko teknika erabili beharra dago. Eskerrak helduleku onak dauden, babesak ez baitira ugariak.

Itzal beltzek pitzadura hartzen dute, ilunabarrak seigarren bileran harrapatu gaitu, rapelatzeko prestatutako zubi harritsu bat da. Bi aukera ditugu; normalena eta gehien egiten dena bilera honetatik rapelatzea da. Bidean zehar "Abalakofak" aurkitu ditugu izotzean, dena hornituta dago. Bigarren aukera zalantzazkoagoa da, gailurretik pasatzen da, eta ez dugu argi nola jaitsi hortik; azken hori aukeratzen dugu.

Kirol-igoera bat jarduera alpino bihur daiteke gailurrera iriste hutsagatik. Gau ilunean egin genuen jaitsiera abentura bat izan zen, eta ziurgabetasuna nagusitu zitzaigun horma bertikalaren oinetan zeuden elurrezko malda malkartsuetara iritsi ginen arte.














Vallunga: The Bird.


Autoan lo egin dudan hirugarren gaua erosoa izan da, ohitu egin naiz, txantxetan esan dut balizko etxegabetze bat prestatzen ari naizela. Gauez izotzik egin ez izanak atseden hartzen laguntzen du, baina eskaladarako minbizia da, izotz ur-jauzi guztiak oso hondatuta daude eta arriskutsuak dira. Hirurok argi daukagu izotza segurtasun-baldintza onargarrietan bilatu nahi badugu, Hruschka bezalako bide batean izan behar duela, izotz mehartua eta altueran. Vallunga haranean lehenengo baldintza betetzen duen izotz-bide bat aurkitu dugu; The Bird haitzean oso sartuta dago.
Gauza batek eman dit atentzioa txoriaren bidea eskalatzeko orduan; bidearen edertasunaz gain, oso gustuko izan dut ebakera klasikoko bide estu hau; gure kranpoi eta pioletekin haitzari egiten dizkiogun zauri ikaragarriak dira, bide hau oso markatuta dago, nire ustez finago ibil daiteke. Ezin dut esan bidea bere osotasunaren ehuneko ehunean zegoenik, hirugarren luzean oso astiro eskalatu behar zen, mugimendu zakarrik egin gabe, dena zapuzteko benetako aukera zegoen. Hala ere, gozatu dut.








Pordoi: Snowboard


Jarduera bat bost aldiz jarraian errepikatzen denean, ohikoa eta egunerokoa bihurtzen da, errutina deitzen diogu.

Esterilla puzgarria jartzen dudan leku estuari “nire ohea” esaten diot. Dagoeneko gela muntatzea oso mekanikoa da, bizitza osoan gauza bera egingo banu bezala. 

Opor labur hauek amaitzear daudela, eskaladarako azken bideari ekin diogu. Oraingoan bai, lehen aipatu ditudan bi baldintzak betetzen dituen bide batera goaz; harkaitzaren barruan eta altueran dago; Sass Pordoi mendia eta estilo klasikoko bide bat aukeratu ditugu, "Snowboard" bidea.

Sass Pordoi mendatea errepide-pasabide garrantzitsua da, eta, Dolomita-errepideen barruan, ondokoa baino zertxobait altuagoa da, passo di Sella ospetsua. Hemen lauzpabost hotel daude, eta gerra handiari buruz; lehen mundu gerra, museo bat. Panorama osoa inbaditzen duen teleferiko erraldoiak Pordoi mendira igotzeko aukera ematen dio edonori.

Snowboard bidera hurbiltzea bitxia izateaz gain, zirraragarria da: Oinez arazorik gabe hasten gara Pordoi mendiaren hegoaldeko isurialdeko malda leunetan barrena, elur gogorraren gainean eroso mugitzen gara. Bistak zoragarriak dira, gure bizkarrean dagoen Marmoladaren kare-moleak gure arreta erakartzen du. Pordoi mendiaren harresi harritsuaren azpira iristean, ezkerrerantz egiten dugu, mendebalderantz. Hemen sentsazioak bat-batean aldatzen dira; hego-mendebaldeko isurialdea zeharkatuta, mendi magal leunek amildegi itzelei ematen diete paso. Malda izoztu horretatik mugitzen gara, elurretako arrastoei jarraituz, eskuan gogor eutsiz gure segurtasuna, pioleta.

Snowboard izotz-bidea gure aurrean dotore agertzen denean, uste dut hurbiltze-ahalegina justifikatuta dagoela; kareharri gorri eta garbian, arrail zabal batetik, errekatxo izoztu bat erortzen da. Naturak eskalatua izateko sortu du.

Bide eder honek dituen sei luzeetatik lehena, zaila ez bada ere, delikatuena egiten zaigu; arratsaldeetan eguzkiak laztandu egiten du eta, Europa osoan jasaten ari garen tenperatura altuen laguntzaz, mehea geratu da, tentuz eskalatu behar da. Luze guztiak deskriba nitzake, baina oroitzapenak azken tiradaren zirrarara narama; haitz hutsean eskalatutako lehen metroek horma tente baten azpian garamatzate, haitz honek zulo txiki bat erakusten du, begi bat bezalakoa, hortik sartu behar da, tunel bat da, eskalada amaitzeko modu bikain bat.











Lau haizeetara begiratzen dut Pordoi mendiko talaiatik, behatoki aparta da, Dolomiten handitasuna eskura daukat, zorionekoa sentitzen naiz. Baina apur bat atsekabetuta ere banago, hau da nire azken eguna, eta oraindik hainbeste leku ditut ezagutzeko. Espero dut hurrengo aldia izatea, gauak auto batean igaro behar baditut ere.

















































 

















 

2 iruzkin:

  1. Me estáis maravillando con esas fotos de Dolomitas.
    Hielo SudTirolés, gran desconocido y siempre a la sombra de esas maravillosas interminables rutas dolomíticas.
    Cómo habrás disfrutado!

    ErantzunEzabatu
  2. Sí, Albert, ha sido todo un descubrimiento. Lo conocía de haber escalado por aquella zona en primavera y verano; vias magníficas e interminables, en un ambiente incomparable. Pero al ver ese mismo paisaje en invierno, me ha fascinado aún más, las Dolomitas son únicas.

    ErantzunEzabatu