2023(e)ko abenduaren 13(a), asteazkena

PEÑA MONTAÑESA - Diedro Rancimor / PARED DE BONES - Monsanto, la muerte

 


Krokisa ikusi nuen une berean jakin nuen, eta ezaguera horrek egoera behartu batean jarri ninduen, bi lagun bikote desberdinak bide bera gorteatzen zutela. Kulebroi honen testigua nintzen eta ez nekien nola jokatu; ez ikusiarena egitea eta denborak konponbidea ekartzea izan zezakeen aukera bat, edo, besterik gabe, bi aldeei gertatutakoa azaltzea. Baina, denak diedro xarmagarri horretaz hain maiteminduta ikusten nituen, zein nintzen ni besteen bihotz kontuetan sartzeko. Gainera, sokadatako bat, bide beretik hain zuzen, egoera konprometitu horretatik igaroa zegoen; hau telenobela turkiarraren itxura hartzen ari zen. Erabaki ez oso ausart batean, momentuz, bere horretan uztea erabaki nuen, eta bidea eskalatzea, morboa nuen aurrez aurre ezagutzeko lehen begiradako maitasun horren zergatia.


Azaroan Euskal Herrian euria egiten hasten badu jai dugu eskalatzaileok, edo nik bezala arroka naturalean eskalatzea gustatzen zaigunok, abstinentzia luze batera kondenatuta gaude. Egoera sostenga ezin horri irtenbidea eman nahian pare bat egun Euskal Herritik kanpo joateko moduan naiz, zortez Xabier Artola ni bezala, edo, gehiagoko, gogotan dago eskalatzeko, egun horiek libre ditu.


Nora joan erabakitzeko zalantza estresagarrian murgildurik, udazkeneko lehen elurrak zuritu ditu Pirinioetako eskalada txokoak, Xabierrek krokis bat bidaltzen dit whatsap bidez, Cienfuensen bide batekoa da, ikusi bezain laster hamar ok ikur bidaltzen dizkiot, planak izugarri motibatzen nau. Internetera jotzen dut leku paregabe horretan eskalatzeko bide gehiagoren bila, eta abisu batekin topo egiten dut: Cienfuenseko eskalada debekatuta dago abenduaren 1etik abuztuaren 1era, amorru handia ematen dit, ez bainaiz adi egon, beste urte batez mendi eskaladarako tenplu horretan eskalatu gabe geratzen naiz.




Cienfuenseko planak huts egin ondoren, eta autoa gehiegi ez erabiltzearen logikan, asteburu batean mendiko eskalada egiteko geratzen zaizkigun aukerak ez dira asko, "-beti geratuko zaigu Peña Montañesa".



Hemen ere euria gogoz egina da, Oncinseko errepidea erabat bustia dago, arraroa dirudien arren pozten naiz, uraren eskasia arazo larria gertatzen ari da. Goizean, egun argitan, pareten egoera ikustean, zein bide eskatuko dugun aukeraketa egitea erabakitzen dugu. Gau ilunaren isiltasunean furgonetaren babesean lo egiteko prestatzen gara, lo zakuaren gozotasunean sartu eta denetik isolatzea plazera da.


Gosaltzean, bigarren kafetera sutan jartzen dugun unean, botatzen dut. - kanal mayoreko horma agian lehorra egongo da, nik "Ordesa en montañesa" euritan egina dut, eta gaur eguzkia goxotan egongo gara. Telefonoaren pantailara argazki bat igotzen dut, eta katiluetara egin berria den kafea zerbitzatzen dudan bitartean hasten naiz Xabierri nobela arrosaren lehen kapituluak kontatzen.


Abenduaren lehenetan eguzkia Huescako lautadaren gaineko zeru zabalean oso beheran dagoenez Sobrarbeko Pilar burgoi eta harroak itzala egiten dio kanal mayoreko hormari, eta iluntasun hori, gehi, guk igo nahi dugun diedroa bustia dagoela, daramagun erritmo bizia jaistea eragin digu, denbora eman behar diogu goiza argitsuari bere lan konpontzailea egiteko.


Nondik hasi eskalatzen bi sarrera dituen bide bat? gehien erakartzen digunetik, ezkerretik iristen gara lehen bilera. Hemen, inbutu batean bezala, bi aldaerak elkartu eta diedro nabarmenaren gainean batera isurtzen dira. Txapa distiratsu bat dago lehen bilera honetan, azken harreman sentimentalaren oparia. Ondoan, beste maitasun-aztarna bat, espit kasko bat, harreman zaharrago baten hondarrak; gogoratu nahi dizuet diedro hau inolako opari edo galanteriarik gabe konkistatua izan zela.


Xabierrek diedroaren gainetik hartzen du aurrea. Liburu irekia bezalakoa da, angelu kamutsa. Poliki igotzen doa Tolosarra, oinak hormaren bi aldeetan luzatuta eskalada klasikoaren teknika aplikatuz, plazerez babesten da. Xabierrek, sokaren erdia ia erabili gabe, bilerara iritsi dela oihukatzen du, diedroaren erraietan dago oraindik.


Hori da bi maitasun-harremanen arteko desberdintasun nagusia, lehenengoak sentipen biziagoen bila, intimitatean gehiago arakatuz, ekintza luzatu zuten, klimaxa gorago eramanez. Bigarren loturan, diedroaren erdian arnasa hartzen da, egintzaren intentsitatea gutxituz. Paraboltez muntatua dago bilera.


Puntu horretara iritsita, maitasun-harreman biek bide desberdinak hartzen dituzte eta gailurreraino paraleloan doaz beren bideari jarraituz; lehenengoak eskuinera egiten du, giro atseginagoen bila. Bigarrena zuzen doa, bete-betean klimaxaren gose. Guk lehen maitaleen bidea hartzen dugu, bigarrena itsusi ageri delako, bustita dago, harreman toxikoa izan daiteke handik joanez gero.


Rapelatzen jaistean, sabai handitik doan luzea hurbilagotik ikustean, harremanak izateko gogoa pizten zait, baina beste baterako utzi beharko dugu, baldintzek uzten dutenerako.


Kontatu dudan ipuin arrosa honen bi kapituluek, idazten ari naizen hirugarren bati ematen diote bidea. Bertan kontatu nahi nuke nola lortzen duten bi maitasun-harreman horiek elkar ulertzea eta elkarri errespetuz eustea. Maitaleekin harremanetan jarri naiz eta, adiskidetasunaren konfiantzan babesturik, nire iritzia eman diet, kasu honetan hiruko harremana posible dela.


Beti mirestu dut Christian duen esploratzaile gaitasunen gaitik, baina oraingoan markak hautsi ditu, Boneseko horma aurkitu, eskalada posiblea zela sinetsi eta “Monsanto, la muerte” kalitatezko bidea ireki, nire miresmena gehitu besterik ez da egin.


Urteak behar izan ditut bide hau eskalatzeko, eta denbora hori ez da alferrik igaro buztin lehorraren koloreko horma honetan, pareta bideez josita dago. Bones hormara etortzeko behar izan dudan denbora horretan zer galdu dudan jakiteko, atentzioa eman didan datu bat aipatuko dut: hareharri hauetan eskalatzen aitzindariek ordu eta erdi behar izan zuten hormaren oinetara iristeko; orain, ordu erditan eskaladarako materiala motxilatik ateratzen ari zara. Arroken gainean margotutako gezi koloretsuek eta bide zabalak artadi-baso itxian zehar zuzen eramango zaituzte eskalada bideetaraino. Baina begietara gehien jo nauena hareharrian paraboltetako txapak nola nabarmentzen diren da; lerro distiratsuak, bata bestearen ondoan, plaka launetan gora, zuzen-zuzen hormaren amaieraraino. Benetan diotsuet, inoiz ez dudala honelako inpresiorik izan eskalada-bideekin, begi-inpaktua oso handia da.


Monsanto, la muerte bidera itzuliz, Xabierrek eta biok primeran pasatu genuen harribitxi txiki hau eskalatzen. Oreka hutseko mugimendu behartuek eskalada sentsazio handia sortzen dute, ez da beharrezkoa gradu altuak gainditzea pozik sentitzeko.



Bidea lau luzetan egiten da, eta zerbait txarra esatearren, hori da duen akats bakarra, motz geratzen da, beste horrenbeste igotzeko gogoz geratzen zara. Gailurreko lautadatik irekitzaileak oinez jaitsi ziren, guk ezkerreko bideko rapelak erabili genituen, eta hemen, goiko perspektiba horretatik hormari begira, gehien ikusten da bereizi gabeko ekipamenduaren begi-inpaktua.


 Baina zer egingo diogu, emaitzek arrazoia ematen diete, transgenikoekin produktuak azkar kontsumitu ditzakegu, artaburua zenbat eta handiagoa izan orduan eta hobeto, munduko gosea kentzeko daude hemen, ala ez?











 















 











 








2 iruzkin:

  1. Eskalatzaileok ipini eta erabiltzen ditugun txapen inpaktu bisuala baina arazo ekologiko askoz larriagoak dauden arren, uste dut hau txikiagotzeko ahal duguna egitea gure egin beharra dela. Material inoxa erabiltzea aukera bat da, arroka askotan gutxiago ikusten da, dexente gutxiago egiten du diztira eta askoz gehiago irauten du. Txapak haitzaren koloreko margo ez diztiratxuarekin margotzea beste aukera bat da, Zion parke nazionalean (Utah) adibidez hau nahi ta nahiezkoa da.

    ErantzunEzabatu

  2. Asko eskertzen dizut idatzi duzun iruzkina. Leku batzuetan gai horiek eztabaidatzen deirela jakiteak, hemendik hamar mila kilometrora bada ere, itxaropenerako lehioa irekitzen dute,

    ErantzunEzabatu