Hasiera nabarmena du Izarren bila bideak, diedro arrakalatua. Fisura honek argi asko markatzen du Fetaseko ezker ertza igo nahi ezkero nondik hartu beharra dagoen. Ikusi eta berehala Ekaitzi eskatu nihon niri uzteko aurretik joaten erakargarria egiten zitzaidan luze hori. Ez da erraza, besoak bero-bero jartzen dizkizu, mugimendu asko egin behar dira pitzaduratik kanpo erregeletak eta zulo ederrak hartuta. Ondo babesten da friend eta fisurero bidez. Iltze bat jarri behar izan nuen mugimendu konprometitu bat babesteko, piton hori kenduta arrakala guztia garbia dago. Pitzadura hori erlaitz batean amaitzen da, hogeita bost metro oinarriaren gainean, harkaitzezko plaka leun baten hasieran. Horma ikaragarri honetan zulo bat nabarmentzen da, esku-pilota baten tamainako hutsune bat, hatzak bertan sartzea lortzea sekzio ikusgarri honen hasiera da. Bigarren asegurua sartu nuenean, zulo ederrean kokatutako kako batetik zintzilik, erreleboa eskatu nion Ekaitzi.
Ekaitzek, arnesean materiala nola kokatzen zuen ikusteak, xehetasun txikiari ematen zion garrantziaz jabetuta, esperientzia handia adierazten zuen, nire oinarrizko teknikaren 2.5 bertsioa. Ziztu bizian iritsi zen bilerara, Treparriscos bidearekin bat datorren erlaitza, leku egokia zela erabaki genuen, erdi zutik egon daitekeen puntu bakarra. Bere ahotsaren tonuagatik, eskaladari buruz aritzean sortzen zuen asalduragatik, eskalatutakoa zerbait eszepzionala zela adierazten zidan, edertasun handikoa; geroago nik egiaztatuko nuen, maila falta badut ere.
Izarren bila eta Treparriscos bideak bat egiten dute bigarren luzearen hasieran, hiru txapa, ondoren, zuzen jarraitzen du apur bat eroritako horma batetik. Zalantzarik gabe, Ekaitz pertsona egokiena zen bigarren luze honen hasieran buru izateko, eskalada maila baxuago batek alternatiba kontserbadoreago bat bilatzera eraman zaitzake, ez hain bikaina; Ekaitz horma itzel batetik zuzen tiratu zuen. Nafarrak erreleboa eskatu zidan horma honen gainean zegoenean, nik gustura hartu nuen, eta eskalada garbian abiatu nintzen bilera baten bila.
Hirugarren luzeak lerro bera izan zuen ardatz, eskalada garbia, eta haren helburua, ertzaren edertasuna ez uztea, soka amaitu arte aurrera jarraitu bainuen.
Hamar metroko zeharbide erraza batek Punta Fetas gailurrean utzi gintuen. Pozik geunden, nahiz eta hotzez dardarka egon, hego haize bortitz batek astintzen gintuen, Minoria Absolutuaren bidetik rapelatu genuen.
Distira bat zegoen
horma ederraren gailurrean,
argi hori segitu genuen
ilusioz beteriko ahaleginean.
Eskalada bikainaren ondoren
haitzaren gorenean,
asetuta besarkatu ginen,
argi sorta distiratsuaren iturrian.
Ahaztu genituen
hotzaren erremina,
nekearen zalantza,
oinazea,
jakitun izan bai ginen,
argi eztanda hortan,
izarra gurekin genuela
bi adiskiden alboan.
Inoiz ez da izar bihurtuko aurpegia argirik gabe duena.
( William Blake)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina