miércoles, 6 de julio de 2016

PEÑA MONTAÑESA-Apriet€xit



   Sarritan hitz berriak egokitzen ari gara gure hiztegira. Gehienak ingeles jatorrikoak dira. Azkenengoa “Exit” dugu. Irten esanahia du. Gure ahora, Europa zaharrean ditugun arazo sozial eta ekonomikoei esker erantsia dator. Lehen aldiz Grezian entzun zen, Grexit-a. Urrena Britanian  Brexit-a. Bi egoera desberdin, bi emaitza ere desberdin.  Nortzuk izango dira urrenak?
   Logikak dio, leku batetan deseroso gaudenean, hoberena, alde egitea dela. Doazenak, pertsonak edo taldeak, asmoak eta zergatiak adieraziz, lasai hanka egiten dute. Ulergarria eta errespetagarria ehuneko ehunean. Hau ez da horrela izaten interes ekonomikoak tartean sartzen direnean.
   Aurreko sarrera batetan, Greziarren exit-a alegiña, historia klasikoko odisea baten moduan marraztu nuen, epopeia batetan.
   Britainiarrek beti harridura sortu didate. Sarrera onetan ez dut Exit-era eraman dituen arrazoiaz jardun nahi. Adierazi dudanez, nire iritziz, ekonomia tarteko sartzen denean gizarte balioei errespetua galtzen diegu. Ausardiaz mintzo nahi dut, Britainiarrek beti erakutsi duten doiaz, baloreaz.
   Eskoziarren Exit alegina, “Scexit”, Britaniarren oniritziz burutu zen. Guztiz ezinezkoa Iberiaren penintsulan. Aipatu besterik ez ditut egingo, Britainiarrek Europako historia odoltsuenetan izan duten paper erabakarria; Espainiako inperioa suntsitu zuten, Napoleon egurtu, Nazien asmoak trukatu zituzten.
   Mendi jardueraz jardun nahi dut. Logiko.
   Britainiarrak eskalada estilo propio bat gauzatu eta ezarri dute. Bai goi mendietan, alpine style climbing, bai haitz eskaladan, trad climbing. Hizotz eskalada Eskoziarrei uzten diet, scottish mixed climbing. Beraiek izan dira haitzetatik igotzea erronka duen kirol onen asmatzaileak. Eskalada egiteko leku apartarik izan gabe, eguraldia lagun gutxitan izan da, Britainiako eskalatzaileak ongi trebatzen dira munduan zehar dauden mendi eta hormetan beraien marka uzteko.
   Haitz eskaladan ez zuten sistematikoki Frantziatik zetorren kirol eskaladaren tendentzia hartu, guk erabat onartu genuen. Beraiek bereari eutsi zieten, zailtasuna eta konpromisoa bat egiten duen eskalada batetan. Nire iritziz ez zuten oker jokatu. Britainian badaude paraboltaz ongi hornitutako bideak, noski, baina trad eskalada oso errespetagarria da. Bi eskalada mota hauek batera elkar banatzen dute eskalada espazioa.
   Beraz, ni ez naiz batere harritu Britainiarrek, Europako Ekonomi Elkartea, uzteko hartu duten erabakiarekin. Gai dira hori eta gehiago egiteko. Duzunaz eta zarenaz arro bazaude, zeni izan behar diozu beldur?
   Hiru urte behar izan ditugu Apriet€xit zabaltzeko, urte zailak gainera. Chemarik eta Fernando Peralta hasi ziran bidea zabaltzen. Hirugarren luze arte iritsi ziren lehen tentaldi hartan. Ondoren Chemak eta biok ekin genion proiektuari. Saiakera batetan,  Chemak min hartu zuen, eta, ebakuntza-gelatik pasa behar izan zuen. Ia osatua eta indarrak berreskuratuak, bidea bukatzea lortu dugu.
   Urrun geratzen da Libro abierto-ko pareta. Bi ordu luze behar dira horma azpira iristeko. Udan, hain estimatua dugun hitzala, motz geratzen da beroak astindu aurretik, arratseko ordu-biak arte ez du eguzkiak jotzen. Neguan, hotz handia egiten du goizeko itzaletan. Eguzkiak jotzen asten denean egun argi gutxi izango dugu gorantz segitzeko.
   Apriet€xit, Txingorra baino lehen zabaltzen hasi ginan. Bi bideak pareta berdinean daude. Azken hau bi egunetan zabaltzea lortu genuen Arkaitz, Eneko eta hirurok.
   Apriet€xit azken luzea ezik, denbora gaitik librean bai baina kateatu gabe utzi behar izan genuen, behetik kateatua dago. Horregatik azken luzeari 7C ¿? jarri diogu.
   Horma honetatik jaisteko bi aukera ditugu. Oinez kanal mayor aldetik, eta errapel eginez Txingorra bidetik.
   Pareta honetatik ateratzeko ondo estutu beharra dago, eta, gure gizarteak galtzear duen ausardi pittin bat ere beharrezko izango da. Azkenean hau bizitza modukoa da, hemen ez da ezer oparitzen.