2015(e)ko ekainaren 27(a), larunbata

ANSABERE - Borrokan aske



   Munduan dauden gatazka armatuen berri ematen duten kazetariak guda korrespontsalak dira. periodista hauek diote Heredoto Greziarra izan zela lehen guda kronista. Heredoto, orain bi mila eta bostehun urte jaio zen Grezian. Historialari eta bidaiari amorratua izan zen, ikusten zuen guztiaz idazten zuen. Berak utzitako bederatzi liburuetatik, "historia" izenekoak, dakizkigu garai korapilatsu haietan gertaturikoak. Bi mila urte igaro diren arren gizarteak berdin jarraitzen du, jendeak arazo berberak ditu, gatazka armatuak eta gosea ez dira gure garaitik kanpo geratzen. Gaur egun, kazetari ausartei esker, berehala izaten ditugu gatazka horien berri, beren krudelkeria guztiarekin kontatzen dizkigute.

Linzako parajeak  
   
  Ofizio noble honen omenez, beti erakargarri nau kazetaritzak, saiatuko naiz Ansabereko orratzetan gertatu zen borrokaldia deskribatzen. Kontuan hartu behar duzue, ni, sasi idazle bat naizela, hatzak harriari heltzeko eginak ditudala, ez ordenagailuko teklak sakatzeko. Spigolon gertaturiko bataila kontatzea merezi duenez, ostiral honetako guduaren kronika duzue "Borrokan aske" bidean.
 

Goiz jarri ginen martxan  
    
  Goizeko zazpi eta erdietan Linzako aterpeko aparkalekuan geratuak ginen Arkaitz Iurrita eta biok. Egun argitsua zetorren, beroa. Erritmo bizian hasi ginen maldan gora, egunari denbora irabazi nahian. Motxilak ez ziren beste borroka batzuetara eramaten ditugunak bezain astunak, arin gindoazen. Ordu eta erdi exkaxean Petretxemako lepoan ginen. Azkar, eskaladako materiala soinean jantzi genuen denbora galdu gabe, puntu horretan dago Pirinioak banatzen dituen irudizko muga.

Petretxemako lepora iristen

   Ez generaman eskalada material asko: soka sinplea, hamalau zinta espres, joku bat mikrofriend, eta frienak soilik 0,5 eta 0,75, Ekaitz eta Asierren krokisak adierazten duen bezala
.
 

Paretera gerturatzen

   Motxilak Petretxemako lepoan utzi genituen, jaisterakoan erosoago izango zelako, Linzako aterpera itzuli behar genuenez Espigoloko horma ez zitzaigun eskura geratzen.
   Horma itzalean zegoen, Petite aiguille d´Ansabere bikainaren pareta zati horretan itzala eguerdiko ordu batak arte hedatzen da. 



   Lehen luzeak 7a gradua du, tirada horretan egin behar izan genuen borroka ere horrelakoa izan zen guretzako, oso luze delikatua da. Haitza hautsia dauka eta seguru fixoak urriak dira, frienaz babes batzuk bilatu daitezke baina ez dira kokapen onak. Borroka mota honen abisu argia zen. 

Arkaitz lehen luzean

   Bigarren luzeak 7c gradua du, okerrenerako prestatuak gindoazen eta ongi eutsi genion erasoari, guk 7b edo 7b+ proposatzen dugu. Zoragarria, mundiala, ederra... kalifikazio gehiago ere baditut. Plaka eskalada da, haitz oso onean. Eskalatzailea kapaz bada bere emozioak menderatzeko, beldurrari heusteko, goza egin dezake tirada honetan. Hirurogei metro luze ditu. Seguroak oso urruti daude. Mikro pare bat sartzeko aukera dago tarte batetan. 


Bigarren luzea

   Hirugarren luzeak 8a gradua du, hemen bai hartu genuela jipoia, ez genuen usaindu ere egin. Bloke paso gogorra dauka hirugarren eta laugarren txaparen artean. Pasatzeko asko estutu beharra dago.

Hirugarren luzea kamara eguzkitik babesten

Hirugarrena goitik

   Laugarren luzeak 7a+ gradua du, guretzako 7b. Oso ona. Espigolo eta Zutopistes bideekin partekatzen du bilera. Azken bide honekin, Zutopistes, lehen hamabost metroak komunak dira. Ekipamendu aldetik ongi dago, zutopistes bidearen identitatea erabat errespetatzen du partekatzen duten zatian. 

Laugarrena. Zutopistes bidearekin komunean

   Bostgarren luzeak 7a+ gradua du, guretzako tirada honek ere zailtasun gehiago dauka 7b+. Ongi eutsi genion erasoaldiari eta airoso atera ginen borrokalditik. Oso luze polita eta gogorra da.

Bosgarren luzea

   Naiz eta bidearen estiloa deportiboa izan, sortzaileek abentura bide baten sentsazioa lortu dute tarte askotan. Oso bide ona dela deritzogu Arkaitzek eta biok. Trazatu ausarta eta espektakularra lortu dute Ekaitz eta Asierrek.

Pirineoak bere osotasunean agertzen zaizkigu gure aurrean.

   Eta egoera zail guztietatik zeozer ikasten delako hemen Espigolon jasotakoa;
   Borroka mota hau librea da, norbanakoa. Batak ez du bestea gainditzen, ez bai dago galtzailerik, ez eta irabazlerik. Pertsonala da, norberaren borroka bere gaitasunen kontra, mendizaletasuna kirol bat baino gehiago delako, horrek egiten du liluragarri. 


!!! Aupaaa ¡¡¡  !!! Gora Mendia ¡¡¡

2015(e)ko ekainaren 21(a), igandea

ORDESA - Heroina



   Ez da berdina zinemara bakarrik joan, edo, konpañian egitea. Baina, aretoaren argia itzaltzen denean, eta, filma proiektatzen hasi, bakarrik zauden sentsazioa desagertzen da, pelikularen istorioak arrapatzen zaitu. Ez da berdina sexua bakarrik, edo, bikotean egitea. Baina, larruaren egarriak estutzen zaituenean bakarrik egoteak ez du garrantzirik, plazerrera iritsi dezakezu, sexu egarria asetu.  Ez da berdina bakarka eskalatzea, edo, sokadan egitea. Baina, erronka batek itsutzen zaituenean, eta, sokakidearen falta gahinditzeko kapaza bazara, satisfazioaren tamaña izugarria da, askatasun pertsonalaren jabe zara. 


Ur jauzia bere osotasunean dago



   Bakardadea bilatu daiteke, ez da nire kasua izan irtera honetan. Etxetik atera aurretik telefono dei pilo bat egin ditut sokakide bila, pazientzia agortu zait, eta, orduan, B planera pasatu naiz. Azken irtera honetan bi plan nituen, B eta A.

Luichy-ren croquisa

   Ordesan beti dago zer eskalatu. Berdin dio estutzeko bideren bat aukeratu, edo, inguruaz gozatzeko linea lasaiago bat, emaitza bera da, disfrutatzen duzu. 


Pareta azpian, bidearen hasieran

   Heroina bidea hautatu nuen nik. Urte asko pasatu dira bide hau lehen aldiz eskalatu nuenetik, Txata Lazkaotarrarekin egin nuen, laurogeita hamarreko hamarkada hasiera zen. Tamalez ezbeharra izan genuen: Txata bidearen azken pausoan zen, soka goitik zuela, iadanik eskuak belazean, eta erorketa txiki bat izan zuen, txorkatila bihurrituz. Bizkarrean jaitsi behar izan nuen Txata Gallinerotik parkeko parkingeraino. Odisea bat izan zen, Greziar heroitasuna modukoa.

Orokorrean harria ona du bideak

   Bide on bat da Heroina, erraza zailtasun aldetik, konpromisozkoa segurtasunetik. Oso ongi zabaldua dago, garbia bai dago material fixo aldetik, ez dagoz paraboltik. Pentsa behar dugu Galvez eta De Pablosek zabaldu zutenean frienak eta katu oinak asmatu berriak zirela.


Zazpigarren luzeko tetxuaren azpian

   Sei ordu behar izan nituen eskalada burutzeko. Ordesan, bide bat bakarkako eskalada teknikan egitea ez da lan erraza, horman zehar gora eta behera ibiltzeko beste lekuetan baino neurri gehiago hartu beharra daude. Ezinbestekoa da soka ondo babestea harri blokeen kaos horretan, nik behera egiten dudanean eta sokak arroka ukitzean, frakzinamentua egiten dut. 
   Oso pozik geratu nintzen erronka pertsonal hau betetzeaz, nire buruarekin bakean.

Hormak bizirik daude


   A planari paso emateko momentua iritsi zen ere. Arkaitzek ostiralean jai zuen eta eskalatzeko prest zegoen. Kondizio bakar bat zuen, Ansaberera joatea, Borrokan aske bidea saiatzera. Baietz esan nion.
   Laino mehe bat zegoen, haize hotzak alde batetik bestera mugitzen zuen izara zuri bat balitz bezala. Hurbiltzean, batzuetan Ansabereko orratzak zeru urdinaren kontrastean ikusten bagenituen ere, normalean lainoek gure begien aurrean izkutatzen zituen. Goruntz gindoazen eran eguraldia hobetu partez okertzen zijoan. Hormaren azpira iristsi ginenerako lainoz inguratuak geunden, ez zen metro batera ikusten. Hezetasun handia zegoen, eta, tarteka xirimiri finak bustitzen gintuen. Eskalatzen hasi ginen, nahiz eta jakin ez zela bide gogor hau egiteko eguna. Benetan bustitzen ari ginela ohartu ginenean, gauzak bildu genitun eta, jaisteko beste aukerarik ez genuen izan. Enbidoa botata utzi zigun Ansabereko Spigolok, guk hartu besterik ez genuen egin, oraindik partida ez da bukatu.




2015(e)ko ekainaren 1(a), astelehena

PEÑA MONTAÑESA - Txingorra




   Kazkabar, harriabar, babazuza, hitz horiek guztiak dira txingorraren sinonimoak. Denak batera, ekaitz moduan, erori zitzaizkigun gure gainera libro abiertoko paretan bide berria zabaldutzat jo genuen momentuan. 
   Peña Montañesako azken pareta birjina zen libro abierto. Ezkutuan zegoen altxorra. Ikustearekin soilik  zirrara sartzen duen horma tentea.
   Chemari izan zen libro abierto hormarekin ausartu zen lehena. Bi proiektu desberdin ditu paretaren ezker eta eskuin aldean, bi bide horietan parte hartzen hari naiz. Gora-bera askoren gaitik, tartean istripu bat, ezin izan ditugu  bi bideak oraindik amaitu. Eta ez genuen zalantzan jartzen hormaren erdialdea zeharkatuko zuen hirugarren bide pòsible bat. Dudak paretaren goiko zatian zeuden, plaka leun eta tente horietan; zer zailtasun izango zituzten? eta garrantzitxuena; bide on bat zabaltzeko gai izango ginen? Chemak hirugarren marra posible hau bere gainetik egongo zela pentsatzen zuen, ez zuen nahi kapritxo baten gaitik parabolez josi pareta. Ezezkoa esan zion eskalada honi. 
   Niri libro abiertoko erdiko horma zeharkatzen zuen bide posible honek asko motibatzen ninduen, brutala iruditzen zitzaidan haitz trinkoko plaka horietatik igo ahal izatea. Eneko eta Arkaitzi komentatu nien, eta nire poztasunerako, interesatu ziran. Piztiaren esperientzi ona ikusirik eta, goiko hormaren zailtasunak kontuan hartuta, hirurok batera zeozer duina egiteko aukera genuen.



   Maiatzaren azken astean Oncinseko herrixkan ginen berriro. Hiru egun genituen proiektu honetan aritzeko. Agian, zortez, nahikoa izango lirateke horma ikusgarri hori zeharkatuko lukeen lehen eskalada bidea sortzeko.
   Paretaren azpira iristea kostatu egiten da. Bi ordu luzeko martxa da, harri solteko lur oso ezegonkorretik igo behar da, espel baso itxiak zeharkatu, eta, soka finko bati helduta harkaitzezko irtengune bat gainditu. 
  Lehen luzearekin hasi aurretik, beti bezala, zozketa egin genuen tiradak banatzeko. Enekori hastea tokatu zitzaion, Arkaitzek segiko zion bigarrrenarekin, eta hirugarrena nirea izango zen.

Eneko lehen luzean


 
   Lehen bi luzeak mundialak atera ziren, kalitate handikoak. Hirugarrena berriz motz xamarra atera zenez, laugarren luzearekin segitu nuen ere. Hau guztia lehen egun baterako ez zegoen gaizki. Sokak hormara itsatsita utzi eta Oncinsera jaitsi ginen lotara.

Arkaitz bigarrenean

Hirugarrena

Laugarena


   Motxilak pisuz arinak ziren arren, egun horretan hormaren oinarrira iristea kostatu zitzaigun ere. Aurreko egunean egindako ahaleginak bere kostua dauka.
   Soka finkoetatik igo ondoren Arkaitz hasi zen bosgarren luzea zabaltzen. hemen hasten zen ainbeste zalantza sortzen zizkigun pareta zatia. Aurreko bi arrakala luzeek harri trinkoari bide eman zioten.
Enekok segitu zuen seigarren luzearekin, eta gure harridurarako, tirada hau, oso eskuzabala suertatu zen heldulekuetan.

Arkaitz bosgarrenean

Eneko seigarrenean

Arkaitz luze berdinean

Niri tokatu zitzaidan pareta gainera iristeko luzea, azkena. Hemen kokatzen dira bidearen zailtasun handienak, hiru edo lau pauso gogor horma tente batetan. Zati hau gainditu ondoren ezkerretara pasatzen da bidea diedro etzan batera.

Azken tirada

   Pozik eman nituen eskalada azken pausoak. oso atsegina egin zitzaidan gailurraren lehen irudia: lorez betetako zelaia, nekez bizitzari eusten dioten zuhaitzak eta grabitatea desafiatzen duten harri bloke erraldoiak. Mendeak zutik eta adoretsu pasatzea lortu duen haritz erraldoi bat eroria dago amildegiaren ondoan. Ekaitz bortitzek borroka irabazi diote azkenean zuhaitz izugarriari. Zainak lurretik aterata ditu, ihartzen dijoa pixkanaka. Errealitatea itzultzean ohartzen naiz ekaitza sortzen ari zela gure gainean. Peña montañesako azken pareta igo izanak ama lurra haserretu zuela zirudien, ez zitzaiola batere gustatu berjela honetara iristea.
Ez nuen denborarik galtzeko, hormaren amildegira gerturatu nintzen berriro eta parabolt batez bilera bat muntatu nuen. Eneko eta Arkaitzek jaisteko esan zidaten, ez zegoela betarik beraiek luze hori eskalatzeko. Beheko bilerara errapelatu nuen.
Bi ordu luze pasatu genitun azken aurreko bileran zintzilik. Susmatzen genuen bezala hondamendia askatu zen. Ekaitzaren erdian geunden, txingorrak gogoz kolpatzen gintuela, gorputza bero mantentzea ezinbesteko beharra zen. Ongi zuritu zituen bazterrak. Naturaren haserrea pittin bat baretu zenean errapelatzen hasi ginen.


Txingorraren azpian  "Calor Humano"

   Eskalada aldetik, Txingora bidea, oso ona dela esango nuke. Estilo aparta du. Berrehun metroko pareta batean progresiorako hamabi parabolt soilik erabiltzea asko esaten du eskaladari buruz. Ez zaio karakter alpinoa falta, naiz eta tarte askotan arroka trinko plakak izan. Zailtasun aldetik ez dituzu gradu handiak bilatuko. Hori bai, Txingorra bidea eskalatzeko auto aseguratzeko materialarekin prestu ibili beharko zara.