viernes, 3 de agosto de 2012

BRAKK ZANG - INSURGENTE




Marra naranja lehen saiakera. Marra urdiña bigarren saiakera.
Marra gorria Insurgente.



BALTISTANGO ERREKAK
   Eskalalada bidai baten planteamendua, eta objektiboa, taldea osatzen dutenen izaeran, eta alpinismo mahaian kokatu beharra dago arrakastatsu ateratzeko. Bidaia ondo atera dela esateko, gutxienez hiru baldintza hauek bete behar badira, orden hau segituz; etxera onik itzuli, lagun bueltatu eta gailurra zapaldu.
   Raul Gonzalez, Avilako Santa Cruz del Valle herrian jaiotakoa da. Gredoseko haitzak izan ditu eskalada ikas leku. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Patagoniako Paine erdi dorrean Intsumisioa bidean parte hartu zuen 1996 urtean. Naturazale amorratua, basozaintza du ogibide.
   Bizitzaren gorabeherak direla eta, urteak generamatzan elkarrekin atera gabe. Aurten behar zuen izan. Pakistango haitzak izango ziran berrelkartze tokia. Ideia garbia generaman, bidaia arina eta askea izan beharra zuen.  Ez genuen nahi eskalada baimenik behar zen tokirik, honek bidaia asko baldintzatzen bai du. Nagma bailarak biltzen zituen guk eskatze genituen baldintzak.Baltistango  Ganche eskualdean, Kanday bailaran, Kande herriaren gainean dago Nagma. Inguru irekia “ open zone “ bezala dago sailkatua lekua. K6 mendiak hartzen du bailara bukaeran ohorezko tronua. Amin Brakk, Changui tower, Hashun tower, Singu Charpa, Brakk zang… daude bertan. Mendi kontuetatik kanpo, inguruak garrantzi handia dauka Kande herriaren ekonomian, bertan ehunka behi larre hartzen dute.
   Ingurugiro bezala, lekua aparta dela esango nuke. Naturaren edertasuna apartekoa da. Eskalada aldetik ez zait hain erreza egiten sailkatzea. Haitza ez da kalitate osokoa. Granitoa erraz “ deskontsatzen “ da. Hemen ahaztu beharra ditugu etxeko ohiturak. Kontu asko atera beharra dago gorantz hasi orduko.  

Raul laugarren luzean
Mikel bostgarren tiradan

LEHEN SAIAKERA
   Saiatu gara Brakk Zang hego paretan bide berri bat sortzen. Derrigorrezko aklimatazio desatsegina igaro, eta paretara serio sartzeko unea zela pentsa genuen. Petate batekin sartu ginen, jana, ura eta lotarako erropeekin hornitua. Eskaladarako bi soka generamatzan, eta petatea igotzeko 5,5 mm auxiliarra. Bidea 6c luze batetik hasten da. Luze hau zabaldua zegoen, lau txapa topatu genituen tiradan. Jon eta Fixe markakoak direnez, espainiako talde batek zabaldua izango zela pentsa genuen. Hortik aurrera ez genuen material eta arrasto gehiagorik aurkitu. Bigarren luzean Raulek hiltzea eta parabolt bat utzi zituen jarriak. Parabolta sartzeko bi ordu pasa behar izan zituen. Hemendik haurrera ez genuen material gehiagorik utzi. Gaua zazpigarren erreunioan egin zitzaigun. Vivac oso deserosoa igaro genuen. Egun horretan zehar bitan egin zigun euria, gauean ere bustialdi ederra hartu genuen. Goiz hasi ginen eskalatzen hurrengo egunean. Petatea zortzigarren bileran utzi genuen, puntu horretatik aurrera sokada arin bat bezala mugitzeko asmoarekin. Hamargarren bilerara iristeko, diedro eder bat eskalatu beharra dago, 6C+ on bat. Bileran hiltze bat topatu genuen. Gailurra bide berri batetik zabaltzeko asmoa zapuztua. Hurrengo tiradan, plaka batetan espit bat zegoen. Guk eskumatara utzi eta zuzen jotzen dugu arrakala perfektu batzuetara. Artifizialean bi luze motz eskala eta gero, non topatzen dugun beste bilera bat, espit bat fisurero eszentriko batekin. Irteerarik gabeko puntu batetan geunden. Gorantz liso. Ezkerretara pendulu bat eginez diedro itsu batetara iristen gera. Handik aurrera tiratzeko bilera bat munta behar genuen parabolta sartuz.Erramienta guztia petatean utziak geneuzkan. Rapel egiten dugu plakako espiterarte. Eskumatara tiratzen dugu eta soka fijo batzuekin topo egiten dugu. Haitz pañoaren itxura ez zen polita, ez zigun asko motibatu hortik aurrera segitzeak. Bertan behera utzi genuen gorantz joateko saioa, eta rapelatzen hasten gara igotako bidetik. Rapel guztiak harkaitz pikoetatik egin genituen, kordino eta zintak utziaz.

Singu Charpa

EGURALDI ALDAKETAREN ZAIN
   Beste garai batetan gaude. Dirudi denboran bidaiatzea posible dela. Fairek esker onez  Balti ogi bat eta Rosti “ txapati prejitua ” oparitu digu. Guk eskerrik beroenak emanez hartu dizkiogu.
   Goiz abiatu gara gaur. Egunsentiarekin Fairen behi ernalduaren bila ibili gara glaziarreko morrenatik gora eta bera. Azkenean errekaren beste aldeko basotxoan topa dugu ezkutatua. Pozik eraman du bere behia Fairek Kande herrira.
   Atzo ezagutu genituen Faire eta bere lehengusua karin. Behietara etorri ziran eskopeta hartuta. Hiru uso bota zituen Kariñek. Irribarretsu gerturatu zitzaizkigun beraiek dastatzeko gonbitearekin. Guk adi segitu genuen otorduaren prestaketa. Gauza sinple hori festa bat zen guretzako.
   Fairek gure sukaldeko plastikozko toldoaren azpian lo egin du. Arropa pixka bat utzi genion gaua pasatzeko. Ederki lo egin duela esan digu. Berandutu egin zitzaion atzo eta ezin zuen jaitsi bere behirik gabe.Beste gau bat ere egingo zuen plastikoaren azpian bere behiarengatik. Bihotzez eman digu ogia. Gogoz hartu diogu oparia.

Mikel bederatzigarren tiradan
Gailurrera iristen

BIGARREN SAIOA
   Bide berri bat zabaltzeko aukera oraindik or genuen. Lehen saioan zortzi luze berri eginak genituen. Orduan, eskuinera hartu genuen diedro markatu batetik bloke liso batetara iritsi ginen arte. Oraingoan, zortzigarren bileratik ezkerretara jotzeko asmoa geneukan.
 Arratseko hiruretan azken puntu horretan geunden berriro. Oraindik argi dezente genuen aurretik. Eguraldia ona zen. Zertarako biharko utzi, nork daki zer eguraldi izango dugun bihar. Paraje hauetan eguraldiak ziurtasun gutxi dauka. Lotarako gauzak bertan utzita, arin gorantz jo genuen. Bederatzi garren bilera, haitz piko batetan muntatzen dugu. Hurrengo tirada hasi orduko ikusten dugu beste bilera bat zegoela muntatua bost metro ezkerrerago. Guk segitu nahi genuen aukera hau ere zabaldua zegoen. Zer egin behar dugu, saiatu ginen behintzat. Gailurra zen oraingoan garrantzitsuena. Pozez iritsi ginen puntara. Ilusio handia egin zidan bloke malkor ura ukitzeak. Pakistanen proiektuak bukatzea ez da erreza. Ain da gogorra dena.
 Azken argiarekin iritsi ginen bibakera. Gaua luzea izan zen. Goizarekin ekin genion jaitsierari. Aurkitu genuen bidea ezagutu ez arren, bere rapeletatik jaitsi ginen. Damutu giñan. Nahiz eta bilerak espit eta mosketoiaz hornituak egon, sarritan trabatu zitzaizkigun sokak bloke eta arrakaletan.
Gure marra bariante bat da. Ikusirik zer bide dauden inguruan, aukera polita da gailurrera librean igotzeko. Egunen batetan animatze bazarete paraje haietatik eskalatzea, kontuan izan bide hau.

  BIDEEN KOKAPENA
Pareta honetan dauden bidei buruzko informazio gutxirekin joan ginan. Arrasto hauek topatu genituen batit bat bideen hasierei buruz. Zailtasunei buruz nork daki.
1-Czech start...5.10/A2 450m 2- Ganyips A3/6a 540m 3- Crakistan 5.12d/A3 500m 4- ¿?
5- ¿? 6- ¿? 7- ¿? 8- Variante insurgente 7a/A1 400m 9- ¿?

2012-ko PREZIOAK
Hauek dira 2012-ko uztailan topatu ditugun prezioak. Orientatibo moduan hartu, hemen gehiena negoziagarria izan daiteke.
·         Kanbioa 1€-------------112 rs
·         Taxia Aeroportua- pirwarahi bus station ------ 700rs
·         Autobus Islamabad- Skardu-------------- 2200rs
·         Hotela Concordia Skardu gela bikoitza------------ 1400rs
·         Jeep Skardu- Kande------------ 8000rs
·         Porteadorea Kande- Nagma------------ 560rs eguna. Hiru egun daude estipulatuak. Bi gora eta bat bera------------------ 1680rs. Guk 2000rs eman dizkiegu bakoitzari.